MENDETAKO HISTORIAREN GALERA

Izan zitekeena eta izango ez dena. Horixe da Gazteluko Plazako arkeologi lanetatik atera daitekeen ondorio nabarmenena. Ondorio larria, atzera pausorik gabekoa eta Iruñeko eta Euskal Herriko historiaren ezagutzan kalte ikaragarria eragin duena. Edozein herriren historian daude hutsune handiagoak edo txikiagoak, eta Gazteluko Plazako indusketa arkeologiko zentzuzko batek argi handia eman zezakeen Iruñeko k.o I. mendetik XVI. mendera arteko garaiaz, nagusiki lehenbiziko hamar mendeez, gerokoez ezagutza handiagoa dagoelako. Hasieratik, ordea, indar handiz hedarazi zen Gazteluko Plazaren azpian ez zela balio handiko gauzarik aterako. Agertu da, ordea, bai agertu ere, eta orain bestelako iritzi asko ari da plazaratzen, esaterako Alfredo Jaime UPNko Iruñeko alkate ohiak joan den martxoaren 1ean foru parlamentariek indusketa lanei bisita egitean aipatutakoa: «Gure garaian ez ginen ausartu aparkalekuarekin, azpian zer egon zitekeen pentsatzen baikenuen».

Orain arte azaldutako aztarnek lagunduko dute historiaren pasarteak osatzen, baina seguruenik hutsala izango da jakin zitekeenarekin alderatuz. Jadanik aukera hori galdu da; eta galdu da, azken finean Gazteluko Plazan aparkaleku baten eraikuntza beste edozelako helbururen gainetik jarri delako. Era askotako interesak daude Gazteluko Plazako lur azpiko aparkalekuaren inguruan, baina guk arkeologia eta historia esparruei heldu diegu erreportaje zabal honetan. Larriak dira ARGIAk egindako ikerketetatik ateratako ondorioak eta dioguna arkeologian prestigio handiko pertsonekin hitz egin ondoren adierazten dugu. Ez da erraza arkeologoekin Gazteluko Plazako lanari buruz hitz egitea eta gurekin hitz egin dutenek nahiago izan dute anonimatotik hitz egitea. Nafarroan ondare historikoaz arduratzen den Principe de Viana erakundeak badaki gauzak gaizki egiten ari direla eta babes bila ere aritu da. Otsailaren bukaeran, prentsan argitaratuta agertu den moduan, bilera bat egiten saiatu zen Nafarroako zenbait arkeologok erakundearen jokaera babestu zezan. Ez zuen emaitza positiborik lortu, eta ez da gutxi arkeologoek emandako ezetz hori kontuan hartuz gero jaten ematen dien erakundeari eman ziotela ezezkoa. Horrek berak ere adierazten du egiten ari diren astakeriaren tamaina.


HASIERATIK GAIZKI.

Euskal Herrian erromatar garaiko aztarna handienak Iruña Oka (Araba), Andionen eta Iruñean bertan daude. Andionen (Andelos hiri erromatarra, Nafarroako Mendigorrian) egindako aurkikuntzen aberastasuna bere kontserbazio maila onean datza. Gazteluko Plazan egindako aurkikuntzetan, ordea, topatu den aztarna kopurua da garrantzitsua eta oso garai desberdinetakoak direla. Adituen arabera, ez zen gaitza pentsatzea Gazteluko Plazaren azpian arakatuz gero aztarnak agertuko zirela. Gazteluko Plazan ez da eraiki XVI. mendetik hona eta datu hori bakarrik lan arkeologikorako oso garrantzitsua da. Edozein eratan, halako lanen aurretik, arruntena laginak (lurra zulatzea) egitea da eta horietatik ateratzen da lehenbiziko informazioa; arkeologian egin daitezkeen aurkikuntzak bezain informazio aberatsa ematen du lurrak berak. Hobeto esanda, aurkikuntzak eta inguratzen duen lurrak bere osotasunean ematen dute informazioa. Lagin horiek egin ondoren, lurraren geruzak ikusten dira eta geruza horiek aztertuta antzeman daiteke lur horrek izan dezakeen aberastasun arkeologikoa.
Gazteluko Plazaren kasuan logika historikoa hor dago -inguru guztia aztarna historikoz josia dago-; horrez gain, Trama enpresa arkeologikoak egin zituen hasierako laginak daude eta horiek jada eman behar zuten azpian aurki zitekeen aberastasunaren informazio maila bat, informazio hori primario samarra izanik ere. Aipatu beharra dago, halaber, Iruñean eta Nafarroan historiaz eta arkeologiaz arduratzen direnen artean oso zabaldua dagoen irudia: Nafarroako Gobernuak edo beste edozelako agentek arkeologia lanek eraikuntza zibila ez oztopatzea nahi dutenean, Tramari ematen zaizkio aldez aurretik egin beharreko arkeologia lanak. Zurrumurru honen inguruko daturik, dena den, ez dugu eskuratu eta arkeologo eta historiagileen artean entzundakoa prezio berean saltzen diogu.


PRINCIPE DE VIANA.

Indusketak egiteko Trama enpresa kontratatu eta hau Principe de Viana erakundearen zaintzapean jarri bazen ere, Iruñeko Udalak muzin egin dio ondare arkeologikoari eta hortik egin zitekeen irakurketa historikoari, eta horren froga da aparkaleku proiektua urtebetean gauzatu nahi zuela, gutxienez Gazteluko Plaza oinezkoentzat erabilgarri egoteari dagokionez. Mezu hori behin eta berriro zabaldu du Yolanda Barcina UPNko alkateak: 2001eko San Fermin jaien bukaeran hasiko dira eraikuntza lanak eta 2002ko San Ferminetarako plazako zorua erabilgarria izango da oinezkoentzat. Nola egin daiteke MENDETAKO HISTORIAREN GALERA

baieztapen hori halako indarrez ondare arkeologikoaz benetan arduratu izan balira, jakinik arkeologia lanek akaso urteak irauten dutela? Harrigarriena da, zeregin horretan Iruñeko Udalak eta UPNk -UPNren arazoa bihurtu baita jadanik- Trama enpresa eta ondare historikoaren zaintzaz arduratzen den Principe de Viana erakundearen babesa izan duela.
Principe de Vianak, ondare historikoaren babesaz egiten duen kudeaketa aitzindari gisa agertzen du Espainia osoan. Errealitatea, ordea, egoera horretatik oso urruti dago. Nafarroa oso lurralde emankorra da arkeologikoki, baina babes mailan eta batez ere babes hori gauzatzeko aurrekontuei dagokienez, ez dago aitzindari izateko moduan. EAEk, adibidez, 1990ean egin zuen Euskal Kulturaren Ondarearen Legea; Nafarroan babes hori Espainiako Ondare Artistiko-Historikoaren Legearen garapenaren bidez egiten da. Ulergarriago egiteko: Gipuzkoako arkeologoek Nafarroakoen baliabide bikoitza dute. EAEn Jaurlaritzak lurrak kalifikatzen ditu -arkeologiarako emankorrak diren ala ez- eta gero diputazioek dirua jarri eta kontrola eramaten dute. Principe de Viana erakundearen independentzia da behin eta berriz azpimarratu nahi izan den mezua, baina mezu horren indarra oso kolokan dago kontuan hartzen badugu erakunde honetako zuzendaria -Juan Ramon Corpas- UPNk izendatutako kargu politikoa dela. Gipuzkoan, adibidez, erakundeek Aranzadi elkartearen eskuetan uzten dute arkeologiaren zaintza lana, eta hau bai, instituzioetatik erabat independentea da.


SALAKETA JUDIZIALA.

Iruñeko Gazteluko Plazako indusketa lanak desegokiak zirela berehala ikusi zen. Erabiltzen ari zen metodologia eta lan moldeak arkeologiaren oinarrizko printzipioen erabat aurkakoa ziren: hondeamakinak aztarnen inguruan -eta gainean- lanean, tona handiko kamioiak hara eta hona lur geruza desberdinak nahastuz, aztarnak beren inguruneetatik ateratzen ziren, Beriaingo zabortegian aurkitutako aztarna ugariak eta deskribatzea luze joko lukeen hamaika halako. Prentsan zabaldutako albiste eta iritzi artikuluek kezka hori aspaldikoa dela adierazten dute. Oraindik ez dena ongi sozializatu galdutako aukera historikoaren tamaina da.
Egoeraren larria ikusita, Ondarearen Defentsarako Herri Ekimeneko sei pertsonek 2001eko urrian prebarikazio salaketa jarri zuten Iruñeko Lurralde Auzitegian Yolanda Barcina alkatea, Juan Ramon Corpas eta Iruñeko udaleko beste lau pertsonen aurka. 1985eko Espainiako Ondare Historiko-Artistikoaren Legean eta 1949ko Gazteluaren Defentsarako Legean oinarritu zen seikotea. Erreportaje honetako argazki gehienak Herri Ekimen honen bidez lortu ditugu, Txema Aranaz Pamielako arduradunaren eskutik, hain zuzen.
Salaketa hau dela eta Iruñeko Auzitegiko 3. Instrukzio Aretoak Aranzadi elkarteari Gazteluko Plazako indusketa lanen peritaia egin zezan eskatu zion eta jadanik Aranzadik eman dio bere txostena epaileari. Peritaia Juan Jose Agirre Mauleon Aranzadiko kide eta EHUko arkeologia irakasleak egin zuen eta honek epaileari emandako txostenaren zati luze bat ‘Diario de Noticias’ ek argitaratu zuen otsailaren 17an. Bertan oso argi ikusten da Agirre jaunari Gazteluko Plazako indusketa lanak bisitatzeko behin eta berriz jartzen dizkioten oztopoak, nagusiki Principe de Viana erakundearen aginduz gainera. Horrez gain, UPNtik Aranzadi elkarteari irudi eskasa bizkarreratzeko ahalegina ere oso nabarmena izan da azken bizpahiru hilabeteetan.
Salaketa jarri, komunikabideetan datuak agertu eta Gazteluko Plazan aztarna berriak azaldu ahala -etengabe gertatu dena- Iruñeko Udala eta UPNko goi karguen erreakzioan gero eta artegatasun handiagoa nabaritu da. Goreneko unea otsailaren 28an eman zen, Iruñeko Udaleko oposizioak -UPNren aurkako botoekin- arkeologi lanek bakarrik jarrai zezaten aparkalekuaren eraikuntza lanak behin-behinekoz geldiaraztea erabaki zuenean. Orain Principe de Vianak erabaki beharko du eraikuntza lanak berriz noiz hasiko diren.
Edonola, Trama enpresa, Principe de Viana eta Nafarroako Gobernua oso ukituta atera daitezke auzi honetatik, gutxienez ondare historikoaren babesari dagokionez. Euskal Herria eta Espainia osoko arkeologoen artean urteko eskandalutzat jo da Gaztelu Plazako indusketa. Gasteizen otsailaren 18, 19 eta 20an egin zen Arkeologia Kongresuan hitzetik hortzera ibili zen gaia. Kongresu horren gainean ETBk emandako informazioan ere hori azaltzen zen: Gazteluko Plazako indusketa, egin behar ez deneko eredu. Interneten, halaber, Espainiako arkeologoek duten gune garrantzitsuenean (www.arqueohispania.com) agertzen da Aranzadik epailearentzat egindako peritaiaz ‘Diario de Noticias’ ek argitara eman zuena. Galdutako aukera eta informazioa, ordea, galdua da betirako. Beste aukera batzuk ere, dena den, hor dira eta aurki izango da Nafarroako historia eta erromatarrei buruz dakiguna alda dezakeen aurkikuntza berrien albisterik. Erantzukizunei dagokienez: alea jacta est

Estratoak: arkeologiaren oinarria, hutsaren hurrengo
Metodologia arkeologikoan estratigrafia oinarrizkoa da, funtsezkoa. Alegia, aztarnategi bateko geruza estratigrafikoak kontuan hartzea ezinbestekoa dela Gazteluko plazakoa bezalako indusketa bat burutzean. Aurkitutako piezak ikusgarriak izanda ere, bere ingurutik ateraz gero, ez dute, ikuspuntu arkeologiko eta historikotik, ezertarako balio.

Aztarnategi bateko lurrean goitik beherako ebaki bat egingo bagenu hainbat geruza topatuko genuke (beheko irudiko eskuinaldean ageri den moduan), bakoitza garai jakin bati dagokiolarik. Ebaki hau Iruñeko aztarnategian eginez gero, garbi ikusiko litzateke, adibidez, geruza ilunago bati esker, III. mendean hiria suntsitua izan zela.
Indusketan aurrera egiteko, geruzaz geruza joan behar da, topatutako materiala bere geruzan, topatu den toki zehatzean, kokatuz. Demagun geruza batean hezurrak, zeramika zatiak, metalezko piezak, ikatza... topatu ditugula. Ikatza material organikoa izaki, Karbono 14 azterketa bat egin eta emaitzak, adibidez, XII. mendeko lehen urteetakoa dela esaten digu. Bada, geruza horretan agertutako gainerako materiala datatua dago modu horretan. Pieza horiek bere testuingurutik kanpo ateraz gero (Beriaingo zabortegira botaz gero, esaterako) edo sekuentzia estratigrafiko hori ez bada errespetatzen eta geruzak suntsitu eta nahasten badira (hondeamakinen lanarengatik, esaterako) nekez burutu daiteke aztarnategi batean arkeologia lan txukuna.
Adibidean tamaina txikiko materiala aipatu dugu. Baina gauza bera esan genezake egitura arkitektoniko handiagoez hitz egiten badugu: hormak, harresiak, dorreak, arkuak, zoruak... Egituraren inguruko informazio ugari emango digu harekin kontaktu zuzena duen sekuentzia estratigrafikoak. Egitura inguratuz lubaki bat egingo bagenu ezinbesteko harreman hori hautsiko genuke eta aurkitutakoa behar bezala aztertzeko aukera galdu. Eta horixe da hain zuzen Gazteluko Plazan egin dutena. Goiko argazkian garbi ageri da Luis Hutinen gazteluko harresi eta dorrearen aztarnen inguruko lubakia.
Orohar, orriotan bildu ditugun gainerako argazkietan ikus daitekeenez, erabili diren metodoak ez dute lur geruzen sekuentzia errespetatzen, arkeologi metodologian funtsezkoa den elementua alboratua izan da kontzienteki eta, beraz, inongo zalantzarik gabe esan daiteke indusketa lanak oso gaizki egin dituztela

Tramaren atzeko trama
Nolatan burutu da ondare historikoaren espolio larri hau inpunitate osoz? Zergatik ez dute bertako arkeologoek lan profesionala behar bezala burutu? Zer dago honen guztiaren atzean? Interes politikoa, ardura arkeologiko eta historikoari gailendu zaio, zalantzarik gabe. Azpian, zuzenean edo zeharka Gazteluko plazaren indusketekin lotura duten pertsona batzuen jarduera deskribatu dugu, Nafarroan arkeologiak duen funtzionamenduaren argigarri izango delakoan.

Juan Ramon Corpas: Principe de Viana erakundeko zuzendaria eta UPNko kidea. Gazteluko plazako indusketak erakunde honen «zaintzapean» egiten ari dira.
Mercedes Unzu: Trama arkeologia enpresako arkeologoa eta indusketa hauen zuzendaria. «Bere bizitzako indusketa» izan zitekeen, eta adituen artean desprestigioa besterik ez du lortu.
Maria Angeles Mezquiriz: Historialaria, Pompaelo inguruko ikerketen egilea eta Nafarroako Museoko zuzendari ohia. Erretiroa hartu eta Trama arkeologia enpresan dago egun. Alberto Catalan UPNko bozeramalearen ama.
Javier Zubiaur: Nafarroako Museoko zuzendari berria (arkeologiaren esparrua Nafarroan Museoaren ardurapean dago). UPNko fundatzaileetako baten semea eta UPNko afiliatua. Iazko euskararen dekretu polemikoaren ondorioz, bera izan zen Museoan euskarazko errotulazioa kentzeko agindua eman zuen lehena, hizkuntz politikako saileko errotulazioa bera aldatu baino lehen.
Maria Amor Beguiristain: Javier Zubiaurren emaztea. Nafarroako Unibertsitateko Arkeologia irakaslea eta Euskal Gaien arduraduna. Opus Deiko Historia fakultateko ikasleak berak bideratzen ditu Tramara. UPNko afiliatua

Atzera egiterik bagenu...
Gazteluko Plazako hondamendiak dagoeneko ez du bueltarik. Baina atzera egiteko aukera izanda, nola egin beharko litzateke? Garbi dago aurtengo San Ferminetarako egitea ezinezkoa litzatekeela. Indusketa zaila da. Gutxienez 5 urteko kanpaina beharko litzateke indusketa minimoa egiteko. 25 arkeologok jardun beharko lukete bertan eta horrek 6.000.000 euroko aurrekontua eskatuko luke, profesionalak ordaintzeko soilik. Indusketa lasai eta sakon batek 15 urte ere har zitzakeen erraz.

Gasteizko katedralean burutzen ari diren indusketekin alderatuz gero, lehenik esan behar dugu Gazteluko Plazako aurkikuntzak askoz garrantzitsuagoak direla eta bertako 6.500 metro koadroek Gasteizko indusketa orubea hirukoiztu edo laukoiztu egiten dutela. Eta Santa Maria katedralean 8-9 urtetako lanak aurreikusi dira. Gainera, tarte horretan eta fase bakoitzean bisitarientzako programa bereziak antolatu dituzte. Gazteluko plazan ere halako zeozer egin zitekeen, plaza guztia hainbeste urtetan itxita izan gabe, sektoreka industen joan eta bitartean museo mugikor moduko baten bidez-edo, herritarrei kultur zerbitzu bat eskainiz


Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude