argia.eus
INPRIMATU
Maialen Zubeldia
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 28a
Noiz hasi zinen zu idazten?
Txikitan. Idazlanak egitea beti atsegin izan dut. Behin edo beste irabazita neuzkan eskolan izaten genituen sari batzuk ere, eta denek animatzen ninduten jarraitzera. Orduan, etxeko giroak eta bereziki aitak pixka bat bultzata, literatur lehiaketa batzuetara aurkeztu nintzen. «Orain honako hau dago», abisatzen zidan aitak. Eta niri ipuina idaztea eta lehiaketan aurkeztea zegokidan.

Zenbat lehiaketa irabazi dituzu orain arte?
Bost-edo. Resurrección Maria Azkue saria, bi aldiz; Tene Mujika, behin, eta Ordiziako Kimetz lehiaketa, beste bitan.

Beti hain gai gogorrak islatu al dituzu zure ipuinetan?
Bai. Niri, idazterakoan, intriga bat mantentzea gustatzen zait. Iruditzen zait, jendeak irakurri behar badu, punturen batean atxiki egin behar duzula, eta ez dut bilatu oraindik beste gai arruntagorik irakurleak atxiki ahal izateko. Gainera, gaztetan asko irakurri izan ditut Stephen King, Dean R. Koontz, Ken Follet eta antzekoen lanak, eta beharbada haietatik hartuko nuen joera.

Alegia bizitzaren alderik ankerrena agertzearena?
Nahi baduzu bai. Gai errazena iruditzen zait jendearen atentzioa harrapatzeko. Ez dut asmatzen kolore politekin intriga bat sortzen. Gogorrak direla? Beno, niri horrela ateratzen zaizkit... ez daukat oso garbi zergatik.

Eta hemendik aurrera, zer?
Egia esan, une honetan idaztearena pixka bat alboratuta daukat. Jendeak animatzen nau jarraitzera, baina ez nuke nahi berriro ipuin motz batean gelditzea, zerbait handiagoa egitea gustatuko litzaidake… Eta horretarako asko pentsatu beharra dago!