Egungo gizartean askok emakume liberatutzat joko du bere burua. Azken hamarkadatan emakumeek eskubide asko lortu dituztela ikusiko du, lan merkatuan sartu dela eta instituzioen aldetik ere emakumea babestuta dagoela.
Beste batzuek, zenbait puntutan egindako lorpenak ukatu gabe, gizartea oraindik patriarkala dela ikusten dute. Eta benetako aukera berdintasuna lortzeko borrokatu behar dela.
Nola erabaki feminista zein den eta zein ez? Gaur egun feminismo kontzeptuarekin zer ulertzen dugun zehaztea zaila da, baina garbi dago emakumearen inguruko jardueraren instituzionalizazioa medio, berdintasunaren aldeko borroka ahuldu egin dela gizartean. Kontzientzia galdu egin da neurri handi batean eta emakume askok eska dezakeena ematen diotela eta zer aldarrikaturik ez duela pentsatzen du.
Hori da, behintzat, beste emakume batzuek garbi ikusten dutena. Eta eraikuntza nazionala bezalako kontzeptuak denon ahotan dabiltzan koiuntura hau Euskal Herriko emakumeen aldeko borroka berbideratzeko garai egokia dela pentsatu dute. Horren lekuko azken hilabeteotan ezagutu ditugun eta orriotan azaldu ditugun bi elementu daude. Batetik hainbat egileren artean osatutako «La mujer en Euskal Herria (hacia un feminismo propio)» lana eta bestetik «Berdintasunean oinarritutako Euskal Herria eraikitzera goaz ekimena».
Iragana etorkizunerako.
Basandere argitaletxearen eskutik Marta Agirrezabala, Xabier Amuriza, Miguel Angel Barcenilla, Arantxa Erasun, Isaure Gratakos, Nekane Jurado, Ann-Marie Legarde, Roslyn M. Frank, Alizia Stürtze eta Zirrilda sexu ikerketarako eta heziketarako kolektiboaren lan bana biltzen ditu «La mujer en Euskal Herria (hacia un feminismo propio)» liburuak.
Basandereren helburua euskal identitatea lantzea izaki, emakumeak ere bere tokia behar zuen hor. Baina beste arrazoi batek ere bultzatu zituen gai hau jorratzera, Alizia Stürtzek azaldu digunez: «Egungo feminismoa oro har lerro berriak jorratzen hasi da. Garai batean feminismo unibertsalista zen nagusi. Orain identitateari garrantzi handiagoa ematen zaio». Beti ere emakumeari lotuta, baina alor desberdinak jorratu nahi izan dituzte lan honetan: Marta Agirrezabalak emakume nekazaria du hizpide; Arantxa Erasunek aldiz, euskal presoen emakumezko senideen inguruan hitz egiten du; Amurizak hizkuntzaren ikuspuntua erantsi du...
Baina lan honen ezaugarri bat azpimarratzekotan, gure iraganari, Euskal Herriko historiari egiten zaion erreferentzia aipatu behar da. «Gure erroak ezagutu behar ditugu gure identitatea berreskuratzeko, - dio Stürtzek- eta horrek ez du esan nahi XIV. mendean bezala bizi behar dugunik. Gure historian emakumeak izan duen garrantzia ezagutu behar dugu». Horrela, hizkuntza, legeak, mitologia eta beste hainbat alorretan, garrantzia horren arrastoak topatzen saiatu dira egile desberdinak lan honetan. Euskal Herria, historia eta emakumea elkartuz gero, «matriarkatu» famatua datorkigu gogora. Garai batean defendatua, gerora adituek aho batez ukatua, «matriarkatu» horretatik ritsi zaiguna berreskuratu nahi du lan honek. Baina «matriarkatu» diotenean, ez dira patriarkatuarekin parekatzen ari, hots, ez da gizona emakumearen mende zegoenik esaten, gizarte molde horizontalago bat zela baino.
Azkenean, etorkizunean gizarte eredu berdinzaleago bat eraikitzeko iraganeko erroak ezagutu behar direla da lan honek proposatzen duena.
eragile nazional feministaren bila.
«Berdintasunean oinarritutako Euskal Herria eraikitzera goaz» ekimenaren eskutik, Emakume Abertzaleen Topaketa Feministak burutu ziren Leitzan iragan abenduaren 14, 15 eta 16an. Bertan egoteko aukera izan zuen Alizia Stürtzek ere, eta jardunaldion balorazio positiboa egiten du, jorratu ziren edukiez gain, emkume gazte asko ikusi zuelako bertan. «Belaunaldi berri bat txertatzeko aukera polita izan zen» dio, baina kezka bat ere agertzen du: «Jarraipena izan dezala. Ekimen hau mamitu eta gorpuztu egin behar da».
Berez, ekimena iragan urteko martxoaren 8aren inguruan sortu zen. Feminismotik zein beste eremutatik zetozen 15 emakume bildu ziren emakumearen aldeko borrokan alternatiba berri baten beharra ikusita. Egun 50 bat ari dira lan honetan.
Lehen pausoa atxikimenduak bildu eta manifestu bat plazaratzea izan zen. Hautetsiak, irakasleak, sindikalistak, artistak, etxeko andreak, tabernariak... gizarte esparru guztietako emakumeak bildu nahi zian zituzten bertan.
«Baina ezin genuen manifestu hutsean geratu, -dio ekimenean diharduen Izaskun Guarrotxenak- «alternatiba bat nahi bagenuen lehenago ezinbestekoa zen hausnarketa bat egitea». Horrela, bigarren fasera jo zuten, topaketak antolatzera alegia. Bi helbururekin: batetik, beharrezkoa zen diagnostikoa egitea; bestetik, emakumeen arteko komunikazioa eta elkarlana bideratzea, emakumeen alde ari direnak oso atomizatuta daudela ikusten baitzuten.
Orotara 350 emakume bildu ziren Leitzako topaketetan, gehienak 20-35 urte bitartekoak. 40 tailer burutu ziren eta une batez, 10 hitzaldi eman ziren batera. Edukiak lau sektoretan banatuta landu ziren: sektore sozioekonomikoa, hezkuntza, komunikabideak eta kultura. Balorazioa positiboa izan zen: «Egia da emakumearen aldeko borrokarako kontzientzia falta dagoela orokorrean. Baina han lan egiteko gogoa badagoela ikusi genuen», dio Guarrotxenak. Alizia Stürtzek zera dio zentzu honetan: «Euskal Herrian borroka kolektibo ederrak eta batzuetan arrakastatsuak egin izan dira, ekologia mailan esaterako. Leitzako topaketek Euskal Herrian emakumeen inguruan mugimendua dagoela erakutsi dute». Stürtzek bezala, topaketekoek ere garbi zuten jarraipena behar zuela horrek eta horretarako eragile nazional feminista berri bat osatu behar zela. Guarrotxenaren esanetan, «emakume bakoitza bere inguruan eragile izatea lortu nahi dugu eta hori artikulatzeko ez dugu betiko emakume taldea sortu nahi. Sare bat osatu nahi dugu». Sare horek bi egitura izango ditu: batetik, eskualdeka antolatutako gutxieneko egitura bat, dinamizatzaile lana egin, kontzientzia sortu eta euren inguruan jende gehiago bildu eta artikulatuko duten eragileez osatua; bestetik oraindik hobeto definitzeke dagoen dokumentazio eta ikerketa zentru bat, formakuntza, ikerketa, informazioa, bideratze eta behatoki zerbitzuak eskainiko lituzkeena.
Egitura eragile horretan jardungo dutenak formakuntza beharko dutela eta, horretan ari dira une honetan. Guarrotxenaren aburuz, «militante baino gehiago ‘teknikari’ izan behar dute».
Bestalde, topaketetan sektorialki aritu ziren emakumeak sektore bakoitzean proiektu praktikoak prestatzen ari dira. Lehenik mahai gainean lehentasun eskema bat jarri eta ondoren, esparru bakoitzeko profesionalekin kontrastatuko da berau. «Azken finean haiek jarri behar dituzte proiektuak martxan. Guk ezin dugu bakoitzaren esparru profesionalera kanpotik sartu zer egin behar duten esatera».
Apirilaren 20an aurkezpen nazionala burutuko dute. Orduan aurkeztuko dira esparru bakoitzean zehaztutako lehentasunak. Egun sarea hurbilen dituztenekin osatzen hasi dira, baina handik aurrera sarea zabaltzeko asmoa dute. Gero, irailetik aurrera-edo, proiektu zehatzei ekin nahi diete.
Finean emakumeen alde egiteko tresna bat eskaini nahi dute. Izaskun Guarrotxenaren hitzetan, «guk laguntza eskainiko dugu, baina gero norberak, esparru jakin batean diharduenak, eman beharko ditu aldaketak».
Ilusioz heldu diote proiektuari, baina errealismoa ere ez zaie falta. Dena astiro doala onartzen dute, zailtasun asko dituztela eta emaitzak ikusteko luzera begiratu beharko dela.
erabateko aldaketa abertzaletasunetik.
«Berdintasunean oinarritutako Euskal Herria sortzera goaz» lelopean biltzen den ekimenak eta Basandereren lanak oinarri berbera konpartitzen dute eta horrela laburbil genezake: emakume talde instituzionalek (Hegoaldean, Emakunde eta Nafarroako Emakumearen Institutua) egiten dituzten lan puntualak ondo egon daitezke. Baina benetako berdintasuna lortzeko gizartearen baloreak irauli behar dira lehenago gizarte berri bat eraiki behar da, oraindik gizarte patriarkalean bizi baikara. Horren kontzientzia falta dela ere badakite eta garrantzitsua dela berau berreskuratzeko ahalegina egitea, eztabaida berpiztea. Zentzu honetan, instituzioek emakumearen egoeraren erantzukizuna hartzea kritikatzen du Alizia Stürtze historialariak: «Gizarteak aldaketarako borrokari utzi dio eta orain soilik puntu jakin batzuk eskatzera jotzen du Estatuarengana, ‘aita’rengana. Orain Estatua ez da etsaia, babesle bihurtu da. Eta emakumeak mendean jarraitzen, gizartea aldatu beharraren kontzientzia galduta gainera».
Bat datoz berdintasun faltsu bat saldu digutela esatean. «Azkenean gizonekiko berdintasuna lortu duten emakumeak, gizonen rola hartu dutelako izan da», dio Izaskun Guarrotxenak. «Eta berdintasun hori ez dugu nahi, nik ez dut gizon baten berdina izan nahi. Argi dago ezberdinak garela. Guk aukera berdintasuna eskatzen dugu, bakoitzak bere berezitasunekin, baina denak aukera berberak izatea».
Argi duten beste puntu garrantzitsu bat emakumeen aldeko borroka abertzaletasunetik egin behar dela da. Garai batean, feminismo unibertsalista nagusi zenean, nazionalismoa eta feminismoa uztar zitezkeenik ukatzen zuen askok. Bietako bat, edo feminista edo abertzalea zinen. Baina munduko emakume guztien arazoak ez dira berdinak eta Stürtzeren ustez, «koiuntura honetan, ondo uztar daitezke nazio menperatu baten borroka eta borroka feminista». Hala ere, autodeterminazioaz hitz egitean eta eraikuntza nazionalaren eztabaidan, emakumeari buruz ez dela hitz egiten onartzen du eta elementu hau txertatzeko ahalegin bat egin behar dela.
Euskal Herriko feminismoaren birplanteatze hau abertzaletasunetik egiteak ez du esan nahi hala ere atzerriko feminismoarekin harremanik izan behar ez denik, eta arazo komunak ez daudenik.
Eta gizartea aldatzeko borroka feministak ez du esan nahi, noski, borroka horretan gizonek tokirik ez dutenik. Orain arte emakumeak izan ditugu hizpide, emakumeek hartu behar dute kontzientzia, emakumeen arteko komunikazioa hobetu behar da... baina gizarte osoa baldin bada aldatu behar dena, gizonak ezinbestez hartu behar dira kontuan. Euren parte hartzea zaila izango da hala ere, Stürtzeren ustez. «Pribilegio batzuk dituzte (askotan eurek pentsatzen dutena baino gutxiago, esleitzen dizkieten elementuak ez baitira beti eurentzat hain onak) eta horiek emakumeekin konpartitu behar dituztela jakinda kosta egingo zaie eztabaidan sartzea»