Aurrezkoan aipatzen nuen Udalaitz azpikaldeko lagunak martia deitzen dio gure amonaren epailari. Landarezaleen artean hilabete garrantzitsuenetakoa: hostoa galtzen duten landareen azken landaketak, udazkenagatik soina soiltzen ez zaienen landaketak antolatzeko txanpa, udaberrirako lurrak prantatzea, ereintzak, landaketak eta epaiketak. Lehen ez zuten alferrik epaila bizitzen!
Epaila. Guretzako martia, martxoa, mars, eta abar. Egia badirudi ere asko aldatu dira bai gauzak, aldatu direnez, neguaren amaierako egun eder hauetako lanetan. Lehen edozertarako premiazkoa zen neguko azken ilargia, zura urte guztirako izateko zuhaitzak eraisteko . Amona haren seme, nere ustez jantziak, esaten duen eran: zuhaitzari epaia eman eta eraitsi. Zuhaitz jendeaz gain, arbolak, zuhaiskak eta abar epaitzeko, puska bat kenduz mozteko, inausteko garaia da.
Orain, ordea, udazkenean aritzen gara inausi eta inausi; modernoena bailitza, urrutiko errege handi haien lorazainengandik heredarazitakoak, babalore moduan errepikatzen ditugu, atzerakoiok. Ez zuen alferrik kristauentzako jaso Duvoisinek 1898an "Ebanjelio saindua eskuaraz"-en "loreak agertu dira gure lurraldean, ethorri da ephai-aroa". Martxotu dugu epaila. Martxotuta gaude
mandiozerain.com