AMATXO, NOIZ JOANGO GARA ANTZERKIRA?


2021eko uztailaren 27an
Antzerkia jolasa dela esan izan da askotan, irudimenaren bidez pertsonen sentimendu eta gogoeta ezkutukoenak azaleratzeko gai den adierazpen artistikoa. Haurrek, jolaserako helduek baino gaitasun handiagoa izaki, antzerkiaren munduan murgiltzeko muga gutxiago dutela esan daiteke, hortaz. Haurraren eta antzerkiaren arteko harremana, ordea, iraganean ez da hain erraza izan eta oraindik ere gure herrian gorabehera handiak dituen arloa da.

Euskal Herrian haurrentzat eginiko antzerki profesionalak hogeita hamar urte baino ez dituenez oraindik etengabe hazten ari den adierazpide gaztea da, ia eredurik gabe ekinaz ikasi duen antzerkia, alegia.
Haurrei zuzendutako antzerkiak helduenaren baliabide berak erabiltzen ditu. Honetan ere, lan bakoitzaren xedeen arabera genero ezberdinak lantzen dira: kale antzerkia, aretokoa, musikalak, txotxongiloak, pailazoak eta abar. Txotxongillo Taldean 32 urte lanean daramatzan Enkarni Genuaren aburuz, maiz kontrakoa pentsatu izan bada ere, haurrekin edozein gaiez hitz egin daiteke: "Kontuan hartu beharreko bakarra gaia komunikatzeko duzun modua da, eta hein handi batean ikuskizunaren iraupena ere bai, ordu betetik gora haurrak aspertzen hasten baitira". Gijonen otsailaren 24tik aurrera burutuko den FETEN 2002an -Europa mailako haur antzerki azoka garrantzitsuenetakoan- parte hartuko duen Gasteizko Panta Rhei taldekoen iritziz, drama beraren baitan ere badago ezberdintasunik haur eta helduen antzerkiaren artean: "Helduentzako ikuskizunetan dramaren oinarria ekintza izaten da, akzioa. Haurrentzat, aldiz, ekintzaz gain irudimena ere oinarrizkoa da". Kukubiltxokoentzat, berriz, haurrentzat aproposa den antzerkia publiko zabalarentzat ere egokia den hura da: "Haurrentzako antzerkiak ez du izan behar eurentzat soilik egindako lana, eta are gutxiago hizkuntza degradatua erabiltzen duena".
Haurrentzat eginiko antzerkia helduenaren alboan gutxietsia dela ere esan ohi da maiz. «Mambrú» edo «Kartoibiraka» bezalako lanengatik Euskal Herritik kanpo sari mordoa jaso duen Markeliñe taldeko Jon Kepa Zumaldek, esaterako, gutxiespen hori nabaritu du, baina batez ere ikuslearen eta kultura arduradunen aldetik: "Batzuetan haurrentzat edozer gauzak balio duela uste izaten da. Hala ere, talde gehienok oso serio hartzen ditugu beraientzako egiten ditugun lanak". Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazo taldeko Jose Mari Agirretxek gutxiespena baino arazoa beste bat dela iritzi dio: "Oro har, egungo gizartean haurrekin lotura zuzena ez duenak hauen munduari ez dio kasu handirik egiten, edozein arlotan. Ez dut uste bereziki haur antzerkia gutxietsita dagoenik".

Antzokira helduen eskutik.

Haurrei zuzendutako antzerkiak badu beste ezaugarri berezi bat: haurrak antzerkira joateko heldu baten laguntza behar izaten du eta, beraz, gehienetan bigarren honek erabakitzen du noiz eta zer ikustera joan. Eskoletan ere hezitzaileen esku gelditzen da aukera hau. Enkarni Genuaren hitzetan gurasoek askotan ez dute benetako ahaleginik egiten haurrak antzerkira eramateko: "Herri oso folklorista gara. Azken batean gehien gustatzen zaiguna ibiltzea da: Kilometroak-en, Nafarroa Oinezen... denok euskal kulturaren alde! Baina gerta daiteke hurrengo igandean herrian euskaraz antzerki lan bat antolatzea eta inortxo ere ez joatea".
Haur antzerkian ere administrazioaren aldetik hutsune handia dagoela uste du talde askok, batez ere adierazpide honekiko politika kultural zehatz bat falta dela argudiatuz. Oso gutxi omen dira haurrentzako programaketa berezia duten herriak. Ez dira egiten ez eskolara begira, ezta herriari zabalduta ere. «Honek, oso garrantzitsua den adierazpen kulturala baztertzeaz gain, antzerkiaren zaletasuna desagertzeko arriskua ekarriko du", dio Markeliñeko Jon Kepa Zumaldek. Helduentzat antzerki eskolen eskasia dagoen bezala haurrek ere ez dute antzerki eta gorputz espresioa bezalako gaiak lantzeko apenas aukerarik euren herrietan, ezta eskolan ere. Hala, haurrek antzerkiaren munduarekin duten harremana hutsaren hurrena da sarritan.
Euskal Herrian egiten den haur antzerkiak diru laguntza publikoaren beharra izaten du, helduentzako antzerkiak bezalaxe. Diru laguntzak batez ere taldea sortzeko garaian behar direla azpimarratu nahi izan du Joxe Mari Agirretxe pailazoak: "Guk ere, duela hamabost urte sortu ginenean, arazoak izan genituen: ez genuen inongo diru laguntzarik jasotzen eta irabazitako guztia materiala erosten erabiltzen genuen. Horregatik uste dugu proiektuak hasieran babestu behar direla batez ere, talde berriak sor daitezen". Diru laguntzen ordez haur antzerkian jarduten duten taldeei bestelako erraztasunak eman behar zaizkiela iritzi dio Panta Rhei taldeko Emilio Fernandezek: "Diru laguntzak politika kulturalak jarritako partxe batzuk besterik ez dira. Ikuskizunak egiteko zirkuitu berriak sortu beharko lirateke eta gaur egun daudenak hobetu".
Heldu zein haur antzerkiaren ekoizpenean esperientzia duten Markeliñe taldeko kideentzat haurrentzako antzerkia, oro har, formatu txikian ekoizten delako merkeago kontratatzen da. Taldeek ba omen dakite produkzio handientzako diru laguntzak lortzea oso zaila dela. Ondorioz, haur antzerki munduan produkzio txikiak egiteko joera nagusitu da. Eta era berean, programatzaileek kalitatearen arabera egin ordez formatuaren tamainaren arabera egiten omen dituzte ordainketak. Kukubiltxokoek ere antzerki mota honetan inbertsioak orokorrean baxuagoak direla aitortzen dute: "Orokorrean ez autoreek, ez ekoizpen konpainiek, ezta programatzaileek ere ez dugu inbertsio bera egiten haurrentzat diren lanetan eta nagusientzat direnetan".

Ereindakoaren uzta.

Hobetu beharreko gauza mordoa badago ere, euskal haur antzerkiak etengabeko hazkundea bizi du. Kasik haur antzerki talderik existitzen ez zen basamortuan Txotxongillo Taldea, Txirri, Mirri eta Txiribiton edo Eterno Paraiso bezalako taldeak izan ziren jardun honetan aitzindari. Gaur egun, berriz, antzez teknika eta adierazpide askotarikoak darabiltzaten taldeak daude. Ugalketarekin lanen kalitateak ere gora egin du Jon Kepa Zumalderen aburuz: "Orain arte Euskal Herrian haur antzerkiko ikuskizunen estetika, gaiak eta tratamendu orokorra nahiko sinpleak ziren, haurrak inozoak balira bezala tratatzen ziren. Egoera hori erabat aldatuz doa, eta ikusleari garrantzia emateaz gain antzezteko era berriak ikertzen dira eta betiko topikoetatik aldentzen saiatzen ari gara". Panta Rheiko Emilio Fernandezek dioenez, dena den, azken urteetan sortutako taldeen artean kalitate ezberdineko lanak daude. Haur antzerkiak eskari handia du, eta ondorioz «kalitate txarreko ikuskizunak ere onartzen dira".
Antzerkiak berak aurrera egiteko dituen zailtasunen gainetik, euskal haur antzerkiaren etorkizuna "korapilotsua baina itxaropentsua" dela uste dute Markeliñeko kideek: "Gure erronka nagusia taldeek haur antzerkia maila txikiagokoa denaren ideia desager araztea da. Goi mailako produkzioak gero eta ohikoagoak izatea nahi dugu, haurra ikusle duen kalitatezko antzerkia eginaz". Panta Rheikoak haruntzago doaz: "Gure lana duin dadin europar kultur korronteak gure herrira sartzen joan daitezen nahiko genuke".
2002. urtean Euskal Herriko labean egositako antzerki ekoizpen berriak ikusgai izango dituzte bertako haurrek eta hain haurrak ez direnek. Urte hasieran estreinatuko diren lanen artean dira Txamuskinaren «Txintxa Rapiña», Kukubiltxoren «Ekidazu. Lehoiek ez dakite bibolina jotzen», Dar Dar-en «Eta Zer?», eta Txotxongillo Taldeak uda baino lehen taularatuko duen «Kuku, aitonaren erlojua»

Hamaika pertsonaia autore bila
Beste literatur generoekin alderatuz antzerki testu gutxi idazten bada, esan daiteke egun Euskal Herrian ia ez dela haur antzerki testurik argitaratzen. Hori dela-eta, antzerki taldeek batez ere euskal kondairetan, ipuin klasikoetan, literatura unibertsalean edo taldean bertan sortutako testuetan oinarritutako lanak taularatzen dituzte. Testuak idazteko joera sustatu nahian, Nafarroako Antzerki Eskolak haur antzerki testuen lehiaketa antolatzen du urtero, euskaraz eta gazteleraz idatzitako lanentzat. Lehiaketak gero eta arrakasta handiagoa badu ere, oraindik partehartze kopurua oso baxua da (hamar testu baino gutxiago).

Egungo testuen artean aipatzekoak dira Alfonso Sastre antzerkigileak idatzitako «Teatro para niños» («Haurrentzako antzerkia») eta «Muñeca 88» («88 panpina») antzezlanak. Hiru argitaletxeak plazaratutako bi liburu hauetan, gainera, Sastrek haurrei zuzendutako antzerkiari buruzko gogoetak idatzi zituen

«Betiko konpromisoei eutsi nahi diegu»
Larrabetzuko Kukubiltxo taldeak aurten 25 urte bete ditu eta ospatzeko ikuskizun berria estreinatuko du martxoan. Euskal ipuingintza tradizionalean oinarritutako hainbat muntaia egin ostean -«Bazen behin», «Kukubel» edo «Txirrikiz», kasu- Mikel Zarateren ipuin batean oinarritutako «Ekidazu. Lehoiek ez dakite bibolina jotzen» ikuskizuna aurkeztuko dute.

Zertan uste duzu nabari dela taldearen heldutasuna?
Taldekideon bizkarreko minetan asko nabaritzen da hogeita bost urte pasa direla. Bestalde, urte horietan guztietan eskuratutako esperientziaren isla da gaur egun egiten duguna. Laster estreinatuko dugun «Ekidazu» lanean erabiliko ditugun teknika, panpinak, eszenografia, musika... guztiak urtetako esperientziaren isla dira.

Zein abantaila dituzte txotxongilo eta maskara teknikek?
Beste pertsonaia mota batzuk taulara eraman ahal izatea ahalbidetzen dute. Gure ikuskizun berrian, esaterako, astoak izango dira protagonista eta, beraz, mozorroaren bidez nahi duguna lor dezakegu. Fantasiaren munduari kolore eta bizitasun gehiago emateko aukera duzu. Guretzat, dena den, teknika horiekin lan egitea hasieratik egindako hautu bat izan zen.

Bidean une gazi zein gozoak bizitzea egokitu izango zitzaizuen...
Une gozoen artean urte hauetan egin ditugun harreman guztiak aipatuko nituzke. Lekeitioko lehen antzerki jaialdian, esaterako, Suediako Odin Theatre-ren lana ezagutzeak mundu berri bat zabaldu zigun: animazioaren, zankoen eta koloreen mundua, hain zuzen. Ondoren Karraka, Ramon Barea, Erramun Landa, Mikel Diaz eta Estefa zein Oskorrirekin izandako harremanei esker Kukubiltxo gaur egun dena izatera iritsi da.
Memento txarrei dagokienez, berriz, Mikel Diaz eta Estefa gure lagun eta lankideak zendu zirenekoa oso gogorra izan zen taldearentzat. Gaur egun oraindik ere bi urtero Zugarramurdin beraien omenez txotxongilo jaialdia egiten da apirila aldera. Bestalde, duela lau urte gure kide bat atxilotu egin zuten eta oraindik ere kaiolatuta daukate. Hau ere kolpe gogorra izan da guretzat.

Zein dira taldeak aurrerantzean dituen erronkak?
Erronkarik handiena orain arte izan ditugun konpromiso berberekin jarraitzea da, hau da: haurrak, txotxongiloak eta euskara. Horiexek dira beste hogeita bost urtetarako mantendu nahi ditugun konpromisoak


Azkenak
2024-10-31 | Leire Ibar
Korrikaren karbono isuria nola murriztu daitekeen ikertu dute lehenengo aldiz

Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.


2024-10-31 | Justus Johannsen
ANALISIA
Öcalan gabe ez dago konponbiderik Turkiaren eta PKKren artean

Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]


2024-10-31 | Julene Flamarique
Energia konpainien gaineko zerga berezia bertan behera uztea adostu du Espainiako Gobernuak, EAJ eta Juntsekin

Enpresek presio handia egin dute azken boladan eta “inbertsio estrategikoak arriskuan egon daitezkeela” mehatxu egin zuten. Iberdrolako presidenteak ordea, zerga honek bere kontuetan “oso gutxi suposatzen duela” adierazi zuen duela aste bi. Bankuen... [+]


2024-10-31 | Euskal Irratiak
Baigorri-Tafalla egunak ospatuko dituzte asteburuan Baigorrin

Baigorri eta Tafalla herrien arteko senidetzea ospatuko dute asteburuan Baigorrin. 1978an hasi ziren lehen harremanak, baina hautetsien aldaketarekin pixka bat galdu zen ondotik. Haatik, duela hiru urte Tafallakoak berriz Baigorrira hurbildu ziren.


2024-10-31 | Iñigo Satrustegi
Bizitza ez da esateko erraza

MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.

----------------------------------------------

Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]


2024-10-31 | Nicolas Goñi
Zuhaitzen migrazioa dugu oihanek klima larrialdiari aurre egiteko soluzioetariko bat

Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]


Murrizketak, bazterkeria eta negozio interesak: hondamendi batentzako koktel hilgarria Valentzian

Valentzian denboraleak eragindako hildakoen eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia litzateke. Generalitateak larrialdia nola kudeatu duen salatu du askok, baita multinazionalen negozio egarria lehenetsi dela ere. Eta gune pobreenak kaltetu... [+]


2024-10-31 | Jon Torner Zabala
“Eskolak ezin dio heriotzaren gaiari bizkarra eman”

Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan... [+]


Komun idorrak instalatu dituzte Hendaiako San Bixente ikastetxean, trantsizio ekologikoaren izenean

Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta guzia baliatzen dute ikastetxean duten baratze pedagogikoan, Hendaiako... [+]


Nafarroako Gobernuak 2025eko aurrekontuen proiektua aurkeztu du, EH Bilduren oniritziarekin

EH Bilduk seigarren urtez jarraian Chivite lehendakariaren aurrekontuak ahalbidetuko ditu, abstentzioaren bidez. Egungo akordioa mantenduz gero, abenduaren 19ko Osoko Bilkuran gauzatuko da proposamena.


Kontzientzia kritikoa existitzen al da egungo gizartean?

 Wikipedia.org-en arabera, Gish gallop (Gish-en lauhazka) edo falazien metrailadorea "eztabaida teknika bat da, aurkariari ahalik eta argudio gehienekin eraso egiten diona, argumentu horien zehaztasuna edo sendotasuna kontuan hartu gabe", eta albo-ondorio gisa... [+]


2024-10-31 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (I)

Terminoaren jatorria XIX. mendearen hasieran kokatzen da. Garai hartan, liberal ingelesen asmo inperialistek errusiarrekin talka egin zuten, Errusia Asian zabaltzen ari baitzen eta Ingalaterraren kolonizazio nahiak oztopatzen. Beren interesak babesteko, Ingalaterrak errusiarren... [+]


Aurrekontu akordioa sinatu dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk

Hitzarmenak 1.035 euroko gutxieneko errenta bermatuko du eta euskara, osasuna eta etxebizitza izanen ditu konpromiso estrategiko nagusi. Hamargarren urtez jarraian, UPNk ez du batere eraginik izanen aurrekontuetan, urteroko legerik garrantzitsuenean.


2024-10-31 | ARGIA
12 urtez azpikoentzat garraio publikoa doakoa izango da EAEn

Garraio publikoa dohainik erabili ahal izango dute 12 urtetik beherako EAEko haurrek. Administrazio gehienek babestu dute neurria, eta datorren urteko urtarriletik aurrera sartuko da indarrean.


Eguneraketa berriak daude