Miarritze-Angelu-Baiona (BAB Mankomunitatea)
Bidarte zeharkatu ostean, errepidean ezkerrera egingo dugu Miarritzeko erdigunera iristeko, handik 4 km. ingurura. Hau Ipar Euskal Herriko turismo gunerik garrantzitsuena da eta ospea ongi merezia du: Ama Birjinaren haitza, portu zaharra, Itsasoaren museoa, arrantzaleen portua, Basta haitza, Hondartza Handia, Du Palais hotela, Clemenceau plaza, kasinoa, gazteluak, jauregiak... edertasuna, glamourra eta luxua.
MIARRITZE
Miarritze Ipar Euskal Herriko hiriburu turistikoa da. Haitz ikusgarriz zipriztindutako itsasalde zoragarriak bere garaian Europa osoko errege-erreginak erakarri zituen, eta hauen atzetik elite diruduna, batez ere Belle Époque izeneko urrezko garaian.
Naturak eskaini dion ingurune izugarria nahikoa ez balitz, gaur egun lehenbiziko turista horiek utzitako jauregi dotore eta luxuzkoak miresteko aukera ere badugu. Miarritze Ipar Euskal Herriko "harribitxia" da eta hiri garesti samarra bada ere, bertatik paseatzea doako gozamena da.
Historia
Historiaurrean populatua zegoela badirudi ere, bere historia ofiziala balearen arrantzarekin batera hasten da, portu zaharraren inguruan bizi ziren itsasgizonen eskutik. Baleak urritu ahala herrixka krisian sartu zen eta batzuk Ternuaraino arrantzan joaten ziren bitartean, korsario bihurtu zirenak ere baziren.
Turismoaren hasiera XVIII. mendean izan zen, bainuetxea zabaldu zenean eta urrezko garaia Napoleon III.ak udako gortea bertaraino aldatu zuenean. Lehen pauso hauei Europako gorte askok eta pertsonaia garrantzitsu ugarik jarraitu zioten eta gero, Belle Époque garai zoroan, bestelako turismo diruduna iritsi zen kostako herri honetara. Bi garai hauen artean Miarritzeko eraikin dotore gehienak altxatu ziren.
Gaur egun, bertaratzen den turismoa masiboagoa da, batez ere udaran, baina hiriak ez du horregatik bere glamourra galdu.
Erdigunetik Euskal Kostaldera
Miarritzeko erdigunea Clemenceau plaza dela esan genezake. Hemendik pasatzen dira hiriko bide nagusiak eta honen inguruan kokatzen dira zerbitzu ofizial gehienak.
Itsasorantz joan beharrean Verdun etorbidea hartu eta ezkerrerantz, lorategi batzuetan dagoen turismo bulego handitik hurbil Txokolatearen museo bitxia bisita dezakegu. Plazara Edouard VII etorbidetik itzul gaitezke, Herriko Etxe eta komisaldegi ondotik pasatuz.
Plaza ezkerrerantz zeharkatuz, Broquedis karrika dugu, eta bertan Miarritzeko Museo Historikoa, turismoa etorri aurreko hiriaren bizimodua erakusten duena. Zabalik dago egunero (astelehen eta igandetan ezik) 10:00etatik 12:00etara eta 14:30etatik 18:00etara.
Kale honek zuzenean eraikin interesgarriak dituen (Grand Hôtel esaterako) Gambetta karrikara eramango gaitu. Honek zuzenean hiri honetako bitxikerietako bateraino zuzenduko gaitu: errotonda baten atzean ikusiko duzuen horma-irudi erraldoi bezain harrigarrira. Harrigarria da zeren gerturatzen ez bazarete benetako paisajea dela pentsatuko duzue, erreala baitirudi.
Hemendik jada, surflarien gustukoa den Euskaldunen Kostaldea hondartza (Plage Côte des Basques) eta itsasoko lehen bista ederra duzue.
Portu Zaharra eta Ama Birjinaren Haitza
Kostaldearen gainetik, eskuinean jada hiriko miraririk handienetakoa ageri zaigu, portu zaharra (port vieux) babesten duen lurmuturra. Itsasoan barneratzen den mutur honen inguruan, batez ere Hondartza Handiari begira duen aldean, haitz ikusgarriak (batzuk askeak eta besteak lurrari lotuak) barreiatzen dira, zein baino zein ederragoak.
Antzina, baleak portu zahar txiki honetaraino ekarri ohi ziren, bertan zatitu asmoz. Gaur egun batik bat hondartza txiki eta lasaia da. Bertatik hiriko erdigunerantz jatetxe eta hotelez beteriko izen bereko kalea ateratzen da.
Itsasoaren gaineko pasealekuari jarraikiz, bi Mundu Gerretan hildakoei eskainitako monumentuaren aurrean Itsasoaren museoa dago, hiriko interesgarriena. Museo moderno honek era atseginean itsasoaren mundura hurbilduko gaitu, euskaldun eta itsasoaren gaineko harremana jorratuz, hainbat animalia eta tresna erakutsiz, itsasoaren gaineko geologia, meteorologia eta etnografiari buruzko gelak bisitarien argigarri izanik.
Baina bisitariek batik bat (bereziki haurrek) arrantzontzi handietaz gozatuko dute, zetazeoak, marrazoak eta batez ere fokak ikusteko aukera baitago. Egunero zabalik dago 9:30etatik 12:30etara eta 14:00etatik 18:00etara. Jai eta asteburuetan ere zabalik dago eta udan 24:00ak arte. Helduen sarrera 6,86 euro da.
Aurrean dugun Ama Birjinaren haitzak (Rocher de la Vierge), lurmutur honen punta zoragarria osatzen du. Lurrera 1881eko burdinazko zubitxo batek lotzen du (aurrekoa egurrezkoa zen). Haitz luzean Ama Birjin zuria nabarmentzen da, kondairaren arabera, bizitza salbatu zien bertako itsasgizon batzuek jarria. Azken muturrean itsasoaren indarra zuen oinpean sentituko duzue.
Arrantzaleen Portua eta Basta Haitza
Itsasgaineko ibilera segituz, itsasoaren gaineko harkaitzen ikuspegia gero eta ikusgarriagoa bihurtzen da, batik bat pixka bat gorago dagoen talaiara (XVIII. mendean itsasargia izandakoa) igotzen bagara.
Honen inguruan lorategiz inguratutako bidezidorretan zehar ibil gaitezke. Bidezidor horietako batetik arrantzaleen portura (port de pêcheurs) jaitsiko gara. Kai txiki honek xarma berezia du, bere etxe zuri eta txikiek ez dutelako zerikusirik hirian zehar ikusgai ditugun jauregi handiosoekin. Dena den, gaur egun gehienak turistentzako jatetxe edo dendak dira.
Pixka bat harantzago, Sainte-Eugénie eliza neogotiko eta ikusgarriaren azpitik igaroz Basta haitzera iritsiko gara. Hau ere, Ama Birjinarena bezala, lurrera zubi batez lotua dago, baina oraingo honetan zubi hori higatutako itsas harrizkoa da, itxura polita hartuz. Barnealdera goazela, edozein lekutara begiratuz bistak zoragarriak dira: Hondartza Handia, itsas haitzak, Ama Birjinaren haitza, ozeano zabala, hiriko eraikinak, iparraldeko itsasargia...
Hondartza Handian zehar
Miarritzeko Hondartza Handia edo Grand Plage orain arteko guztiarengatik eta bere luzeran zehar altxatzen diren eraikin dotoreengatik, Euskal Herrian dugun dotoreenetakoa dela esatera ausartzen naiz, Donostiako Kontxa ahaztu gabe.
Betidanik hondartza nahiko aristokratikoa eta lasaia izan bada ere, azken urteetan surflari asko ere ikus daiteke bertako uretan. Bestalde, Du Palais hoteletik aurrera Miramar hondartza izena hartzen du.
Segituan gure eskuinera, hondartzaren gainean, Bellevue kasinoa ikusiko dugu, jokoaren aspaldiko urrezko garaiak noiz itzuliko zain. Kasinoaren ondoan eta hirian pixka bat barneratuz oinezkoentzako Mazagran merkatal kale animatua dugu, zerbait erosteko leku egokia.
Hondartzaren pasealekua segituz, aurrerago eta bata bestearen alboan Udal kasinoa eta igerilekuak ditugu (bien artean ekipaien gordelekua). Azkenik, Hondartza Handiaren amaierara helduz, Hôtel du Palaisen eraikina bisitatuko dugu eta baita berau inguratzen duten lorategiak ere.
Palais Hoteletik Itsasargiraino
Eugenia de Montijok Villa Eugenia izenarekin altxarazia, 1855ean bukatu zuten, baina 1903an sute baten ondoren handitu eta hotela bihurtu zen, luxuzko hotela, noski. Seguraski hiri osoko eraikinik ederrena da (nahiz eta lehiakide asko izan), eta tonu zuri-gorriek oso ikusgarri bihurtzen dute.
Berriz ere hirian barneratuz, hotelaren ondoko Victoria Erreginaren etorbidean laster 1864ko Guadalupeko kapera inperial neobizantiarrarekin egingo dugu topo. Ezkerrerantz eginez, oso hurbil sinagoga geratzen zaigu eta berriz ere Palais hotelerantz itzuliz, kupula urdin ikusgarria duen errusiar eliza ortodoxoa.
Hotel Palais igarota, hondartzaren alboko lorategietan Eugenia enperatrizaren beraren estatua dugu ikusgai, beste batzuen artean. Toki honetan egonda, Enperatrizaren etorbidea hartzea gomendatzen dizuegu, kalearen bi alboetan sekulako etxe eta jauregiak ikusiko baitituzue. Horietako bat aipatzearren, arreta jar ezazue Disneylandiakoen itxurako gaztelu bat irudikatzen duen eraikin horixka ikusgarrian.
Azkenik, kale osoa igo ostean San Martin muturreko itsasargira iritsiko zarete, ibilera honen azken geldiuneraino (segitzen baduzue Angelun sartuko zarete). Bertatik, zer esanik ez, ikuspegia oso ederra da, baina gainera 1834. urteko faroaren 44 metrotan 248 eskailerak igotzeko aukera baduzue. Zabalik dago maiatzaren 1etik irailaren 30era arte 10:00etatik 12:00etara eta 14:00etatik 19:00etara. Eskolako oporretan 14:00etatik 17:30ak arte dago zabalik. Sarreraren zenbatekoa borondatezkoa da.
Bere azpian, lurrean, eguzkiko erloju bitxi bat aurkituko dugu (ordua gure gorputzaren itzalak seinalatuko du), eta nahi badugu bidezidor eta eskailera batzuetatik itsasoaren gaineko haitzulo bateraino ere jaitsi gaitezke (itsaso zakarra denean kontuz ibili behar da). Itsasargiaren beste aldean, dagoeneko Angelun, Chambre d´Amour hondartza ikus dezakegu.