Bi foro oso ezberdin eta kontrajarri, Munduko Foro Soziala (MFS), pobreak eta herri zapalduak eta hirugarren mundukoak ordezkatzen dituena, eta Munduko Foro Ekonomikoa (MFE), kapitala eta aberatsen gizartea ordezkatzen dituena, oraindik orain bildu dira, egun beretan, Porto Alegren (Brasil) eta New Yorken, hurrenez hurren. Orain arte, azken horri Davosko Foroa deitzen zitzaion, baina, irailaren 11ko atentatuak gertatu eta gero, egoitza New Yorkera aldatu dute. MFSn organizazio antikapitalistetako ordezkariak bildu ziren, beren patriketatik ahalegin handia eginda planetako bazter guztietatik Brasileraino iritsiak; MFEn, berriz, ordezkari korporatiboak, politikoak, erlijiosoak eta sozialak bildu ziren, bakoitzak 25.000 dolar (ia 30.000 euro) pagatu behar izan eta gero hara joateko. Lehen multzokoak, MFSkoak, Seattle, Washington, Praga, Genoa eta hainbat hiritako mobilizazio popular eta dagoeneko historikoetan parte hartu izan dutenak dira. Bigarren multzokoak, MFEkoak, Davosko eta beste hiri batzuetako hotel handietan eseri izan direnak, Munduko Fondo Ekonomikoko, Munduko Bankuko, Merkataritzako Munduko Organizazioko eta enpresa handi eta multinazionaletako ordezkariak dira.
Bi kolektiboek globalizazioaren gainean eztabaidatu dute, baina alderdi bakoitzak oso konklusio ezberdinak atera ditu. Batzuentzat, gaur nagusi dugun globalizazio kapitalista kapitalaren, multinazionalen eta herrialde aberatsen zerbitzura dago; besteentzat, berriz, globalizazioaren aldeko apustua egin behar da atzeraldiari, pobreziari, segurtasunari eta gizabanakoaren askatasunei irtenbideak bilatzeko -irtenbide kapitalistak, gutxi batzuen interesen zerbitzura eta beste askoren pobreziaren lepotik-. Porto Alegren, euskaldunen ordezkaritza oso oparoa eta askotarikoa izan da (Hirugarren Mundua Ta Bakea, ELA STV, LAB, Batasuna, EA, Udalbiltza, Elkarri eta abar).
SOZIALDEMOKRAZIA AZPITIK SARTU DA PORTO ALEGREN.
Bi kolektibo horiek, ordea, ez dute bereiz jardun. Izan ere, Davosko kolektiboaren interesak gehiago defendatzen dituen sozialdemokraziak Porto Alegren azpitik sartu nahi izan du. Hala, sozialdemokrazia horretakoak diren hainbat politikarik, ministrok, alkatek eta parlamentarik kamerak berentzakotu nahi izan dituzte; errealitatean, ordea, beren erakundeetan, ez dituzte defendatzen mugimendu sozialen politikak, planetako pobreen eta herri zapalduen zerbitzura egongo den globalizazio alternatiboa bilatzen dutenak. Han izan ziren Garzón, Borrell, Bartzelonako alkatea, Erromako alkatea eta beste hainbat politikari eta intelektual, globalizazioaren eredu kapitalistaren defendatzaileak eta gerraren aldekoak, beren posizioen lekurik hurbilena Davosen dutenak, edo, aurtengo kasuan, New Yorkeko Walford Astoria luxuzko hotelean, han egin baita Munduko Foro Ekonomikoa. Globalizazio kapitalistaren kontrako hurrengo batzarrek edo gailurrek oso kontuan izan beharko dituzte "kamera zurrupatzaile" horiek inolako protagonismorik ez izateko moduko formulak.
Porto Alegren bildutako mugimendu sozialek gauza asko eztabaidatu dituzte, eta oraindik goizegi da ondorioak ateratzeko. Konklusio nagusiek zerikusia dute atzerriko zorrarekin, erabat deuseztatzea bilatzen baitute, eta espekulazio finantzarioarekin. Garabidean dauden herrialdeek jasaten duten zama finantzarioaren zenbateko guztizkoa apenas da munduko zor osoaren %5, eta Ameriketako Estatu Batuetako zorra baino 30 aldiz txikiagoa. Beraz, Porto Alegren esan zutenez, sistema finantzarioak porrot egiteko inolako arriskurik gabe barka liteke. Espekulazio finantzarioa iruzurtzat jotzen dute, kontrol orori itzurtzen zaizkion kapital fluxuetatik etekina ateratzen duen fraudetzat. Horregatik, berriz ere zerga global baten alde mintzatu dira, kapitalen mugimendu hori kontrolatzeko. Hori da "Tobin tasa" esaten zaiona. James Tobin ekonomiako Nobel saridunak egindako proposamena da, eta transakzio espekulatiboei %0,1eko zerga ezartzea gomendatzen du, eta horrek planetako beharrak asetzeko balioko luke. Beste batzuek, berriz, enpresa multinazionalen mozkinak zergen bidez zigortzea proposatzen dute. Testuinguru horretan Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) eta Garapeneko Bankuaren jokabide hertsagarria eta sektarioa, Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) hipoteka globalizatzaileak eta abar salatu dituzte.
Eztabaidakizun izan diren beste gai batzuk honakoak dira: nazioarteko merkataritzan aldaketak egin beharra, bidezkoagoa izan dadin; elikadurako subiranotasuna, gosearen alternatiba moduan; elikagai transgenikoak; laneko eskubideak eta emakumeen berdintasuna; ura eta lurra lortzeko bidea; atzerriko zorra kitatzetik haratago joan beharra; oinarrizko errenta globalizatzeko moduko onura sozial gisa berrikustea; demokrazia parte-hartzaileaz gozatzeko aukera; globalizazioa arrazionalizatuko duen munduko gobernu baten beharra; eta komunikabideen kontzentratze eta uniformatze suntsitzailea konpentsatuko duen askatasun kultural eta informatiboa.
Porto Alegre orobat hainbat kultura eta herri zapalduren topagunea izan da eta haien eztabaidetan, euskaldunek parte-hartze garrantzitsua izan dute. Bakerako proposamenen foroaren eta globalizazioaren kontrako autodeterminazioaren foroaren barruan, euskaldunek, beste herri batzuen proposamenak entzuteaz gain, beraienak azaltzeko aukera izan zuten. Horrela, euskaldunek Palestinako intifadako, Quebec-eko herriko, Chiapasko (Mexiko), Venezuelako eta beste lurralde batzuetako indigenen ordezkariekin batera egoteko aukera izan zuten. Herri askoren biziraupena, han esan zutenez, globalizazio kapitalistak edo, orain esaten zaion bezala, neoliberalak porrot egitearen baitan dago.
DAVOSKO FOROA POBREZIAGATIK "KEZKATUA".
Davosko Foro ezaguna ere, New Yorken bildua, "kezkatua" dago pobreziagatik, baina horrek sorrarazten duen errebolta sozialaren beldurrez eta, areago, pobrezia horrek nahiz "gatazka erregionalek" munduan "terrorismoa" elikatuko ote duten beldurrez... Eta, egoera hori "leuntzeko" neurriak bilatzen badituzte ere, ez da pobreziaren sustraietara joateko eta errotik kentzeko, baizik eta mundua eta haren aberastasuna lasaitasun eta sosegu handiagoz menderatzen jarraitu ahal izateko. Aburu horiek islatu dira Davosko Foroan, oraindik ere txunditurik eta harriturik irailaren 11n New Yorken muin ekonomiko, politiko eta militarraren kontra izandako atentatuengatik.
Foro horretan egungo krisi ekonomikoa ulertzeko modu ezberdinak hauteman badira ere, krisia gainditzeko errezeta kapitalistak ez dira aldatu. Hala, Wall Streeteko guru famatuenek, Ameriketako Estatu Batuak errepresentatzen dituztenek, aurtengo urte bukaerarako espero dute hazkunde ekonomikoaren susperraldia (%4an jarri dute); Europan eta mundu industrializatuko beste zona batzuetan, berriz, susperraldia motelagoa izango dela uste dute.
Krisia gainditzeko errezetak, ordea, betiko errezeta kapitalistak dira: ekonomiaren hazkundea produktibitatearen hazkundearen bitartez etorriko da. "Langile gutxiago eta produktiboagoak". Horrela definitu zuen foro horren aurrean Sammuel Dipiazza kapitalistak, PricewaterhouseCoopers kontsultore enpresako presidenteak. Tradizioz eta irizpide kapitalistekin kalkulatu izan denez, hazkundeak %3koa edo handiagoa izan behar du langabezia handituko ez bada: zenbat eta produktibitate handiagoa, orduan eta handiagoa izan behar du hazkundeak, langileak bereganatzeko. Oraingo tasekin (%0 eta %1 bitartekoa Ameriketako Estatu Batuetan), langabeziaren gehitzea ziurtatua dago. Eta, ondorio moduan, esan zuten ezin dela espero izan gauzak oso bestelakoak izatea Europan edo beste eskualde ekonomiko batzuetan