GERRA ZIBILEKO BIZIPENEN SOINU BANDA

  • Joseba Tapiaren «Agur Intxorta Maite» (1936-37ko gudako kantuak) diskoaren sarreran paraturiko hitzak dira, Koldo Izagirre idazlearenak. «Gaztelupeko Hotsak»en eskutik kaleraturiko lan hau oilo-larrua jartzeko moduko lekukotasun historikoa da. Guda garaiko agiri grafikoak dokumentu soinuduna bihurtu du «Tapia eta Izagirre» bikoteak. Poetak -Izagirrek, kasu-, bizia eman lezake adjektibo berri batengatik. Musikariak, berriz, -Tapiak, kasu- poetak aurkituriko hitzei nota egokiak jartzeagatik. «Trikitixa beste arma bat izan zen» guda hartan. Idazlea eta trikitilariaren lana lekuko.

2021eko uztailaren 19an
Gudak iraun zituen hamabi hilabete haietan herritarren mobilizazio izugarria gertatu zen Euskal Herrian. Garai hartan, idazle kultuez bestera, idazle anonimoek eta herrikoiek idatzi zuten gerraz eta gerrak sortutako sentimenduei buruz. Etxean, erretagoardian nahiz frontean: «Kantutegi antifrankista bat dago, izugarri aberatsa, guk uste ez genuena. Hori paperean dago. Horretan bertsolaritzak laguntza handia ematen digu, idazteko molde bat da. Idatzi nahi duenak, eskolatu ez den batek, badauka molde herrikoi bat idatzi ahal izateko, poesia egin ahal izateko. Horretan bentaja handia izan eta horregatik hain da aberatsa, jende asko derrepente bihurtu zen bertsolari; paperean, noski», azaldu digu Koldo Izagirrek.
ARTXIBOKO LAN ARTATSUA. Guda garaiko testuak bilatzerakoan, bereziki, artxiboetara jo dute egileek; garaiko publikazioetan arakatu dute, besteak beste. Alderdika sailkatu beharko balitz, EAJ-PNV, ANV-EAE eta Alderdi Komunistaren testuak nagusitzen dira:«Batzuetan alferrik, beste batzuetan, gutxi uste ez genuela, gauza interesgarriak aurkitu ditugu. Esaterako, Alderdi Komunistaren ‘Euskadi Roja’ aldizkarian eta beronen ‘Herri’ gehigarrian hainbat testu aurkitu dugu. Komunistak euskaltzaleak ziren, oso ale gutxi topatu dugu, baina interesgarriak. Logikoa denez, gerra garaia izaki, kontzentrazio nazionaleko espirituz idatzia, erresistentzia giroan, poema asko ez dago, baina maila handikoak; anonimoak denak».
Alderdien aldizkarietatik at ere hainbat testu aurkitu dute, lehendik idazle zirenenak: Juan Ezenarro eta Joxe Mari Lopetegi irundarrarenak edota Telesforo Monzonenak. Beste zenbait idazle kulturen testuak ere bildu dituzte. Xabier Iratzeder orduantxe hasi zen idazten -diskoan ez da bere testurik ageri, baina ba ditu gudari buruzko testuak; «Gernika» sonatua, kasu-. Salbatore Mitxelenak «Gorputz dago gudaria» kantuan Lauaxetari (Esteban Urkiaga) gorazarre egiten dio, kasu. «Diputatu fiña» testua Ibarnegarairi zuzendua da, Hegoaldeko batek idatzia liteke. Gure solaskideek ez dakite nor izan zen egilea, testua anonimoa da. Horrek era berean, gerra hark Hego eta Iparraldea hartu zuela erakusten du.
Euskal Herriko artxiboetan sakabanaketa handia omen dago, eta batetik bestera ibili behar izan du bikoteak. Lantegi horretan Koldo Izagirre aritua da bereziki, liburutegiko «sagua» izaki; badaki nor izan daitekeen egile hau edota zeri erantzun diezaiokeen beste testu horrek. Berak burutu du lan hori nagusiki, lan artatsua:«Mikrofilmak ikusteko tresnak ez dira ibiltzen beti, eta erreprografiek ez dute beti funtzionatzen; esperientzia behar da. Kanpoko lana dago bestalde, zaharrekin hitz egitea, bertsioak batekin eta besteekin kontrastatzea, eta abar. Horretan Josebak nik baino lan gehiago egin du».
Orain arte bildu duten materialarekin liburu bat osa zezaketen. Hau da, liburu batean bildu eta argitaratu izanez gero, guda zibil garaiko testuen dispertsioa bildu zezaketen neurri handi batean. Hala ere -solaskideen iritziz- testuak liburuan argitaratuak izaki, zaletu edota elite batengana baino ez ziren iritsiko:«Beharbada, egun batean liburu batean aterako ditugu, corpus osoa eskura eduki ahal izateko. Diskoko testuak topatu dugun materialaren mostra bat besterik ez dira. Kanpo utzi duguna ere hau bezain anitza da. Exilioko kantuak, gutunak, egunkariak... Ordea, testuentzako hoberena kantatzea dela pentsatu genuen, kantuak bihurtzea. Testuak ezagutarazteko tresna egokiena musika zela erabaki genuen».
Maila oneko bertsolariak eta idazleak topatu dituzte. Garaian eta egoeraren presaz idatziagatik, idazle hauek kantu hilezkorrak egin zituzten; onak eta ulerterrazak. Toki ezberdinekoak dira testuok eta ondo transmititzen dutenak tentsioa eta egoera:«Alde horretatik, testuek ustekabean harrapatu ninduten, zein gaurkoak diren harritu ninduen, bertsoen hizkera freskoak, alegia», dio Koldok. Baita hau ere gehitu:«Zenbait testuk orraztu beharra izan dute, berrinterpretatu beharra ere bai, kontu handiz, noski. ‘Kajistek’ ez zekiten euskaraz, erdaldunak ziren. Eta ez bakarrik ‘u’ eta ‘n’ arteko akatsak, larriagoak ere badira, eta interpretatu behar izan dugu zenbait unetan. Orduan ez zen euskarazko prentsarik, euskara atal tixki bat zen, pentsa nazionalista erdarazkoan»
«ELGETA»RENGANDIK JASOAK. Joseba Tapiari gaia asko interesatu zitzaion. Bere aburuz, -Gipuzkoa eta Bizkaiko trikitilarien munduan bereziki- trikitiaren aita bat baldin badago, huraxe «Elgeta» da: Jazinto Rivas Sanz. «Elgeta»k 31 urte zituen gerra etorri zenean; milizianoa izan zen:«Trikitilari heldua zen orduan, gerra garaian ere joko zuela pentsatzen dut. Zirrara eta intriga handia sortzen zidan zer joko edo kantatuko ote zuen jakiteak. ‘Elgeta’ri buruz, gerra osteko garaian baserriz baserri ibili zela kenduta, ezer askorik ez dakigu».
Tapiak bere osabarengandik ikasi zuen trikitixa jotzen. Osabak, berriz, ‘Elgeta’rengandik. Garai hartako melodia errepertorio bat ikasia zuen aspaldi, eta orain ‘Elgeta’ren melodia eta obra areago aztertu izanak berebiziko poza eman dio Lasarteko trikitilariari.
Joseba Tapiak dioenez, «Elgeta»rengandik jaso zituen doinuak eta melodiak barnebilduta zeramatzan gazte-gaztetik. Dantzan aritzeko melodia hauek ez ziren Euskal Herriko berezko musika tradizionala. Jose Maria Garatek idatzitako «Berun konpittak» kantua izan dugu hizpide, musika herrikoiaz joa eta kantatua: «Hori Gaztelako jota bat da seguruenik, tradizionaltzat jotzen ditugun horietako bat. Ebrotik behetik etorri zaigun horietakoa iruditzen zait. Jota hauek antza izugarria dute Gaztelako jotarekin, eta jotzen ditugun pasarte asko berdin-berdinak dira».
Musika horren eragina sartzea egokia iruditu zaio Tapiari, entzuteko eta kantatzeko moduko erritmoak dira, erraz kantatzen direnak; hori bilatu omen du. Kontzertu batzuk eman ditu honezkero eta jendea gogoz lotzen da kantuari, «transmisioa zen inportantea, ez esperimentu armonikoa». «Elgeta» espetxean egon zen eta giro hartan zer joko zuen jakinmina sorrarazi dio:«Elgetak zer joko zuen imajinatu nahi izan dut, doinuak horrelakoak izango ote ziren nago...». Musikalki, tradizioaren alde garrantzitsu bat ekarri du Tapiak, eta diskoa bilduma modura ulertzen du,«Normalki, tradizioko kantuak XVII. eta XVIII. mendeko kantuetan kokatzen ditugu, eta kanpoko doinuen eraginak ez ditugu tradizionaltzat jotzen. Hala ere, jendeak erritmo hauek urte askotan kantatu eta dantzatu ditu Euskal Herrian». Izagirre zorrotz tartekatu da:«Gerra honetan dantza libre eta dantza lotuaren arteko ‘gerra’ izan zen, bestalde, dantza lotua debekatua zegoen eta pasodobleek eta tangoek bikoteak batzen zituzten».
Ez omen da samurra izan diskoa egitea, egindakoan erraz ikusten da, baina, hasieran kokatzea kosta omen zitzaion Tapiari. Oro har, bertso doinuak izanik, erraz antzean egokitu ditu trikitilariak, koplen eta bertsoen neurrian lan egiteak erraztasun bat eman dio. Zailtasun gehiago izan ditu egitura libreak musikatu behar izan dituenean:«Tamalez, erritmo libre horiek ez zaizkigu iritsi, lau baino ez dira doinu herrikoak ‘Berun Konpittak’, ‘Mola eroria’, ‘Gernika’ eta ‘Gerrako gure ibilerak’. Batzuetan, ironiak tonu maiorretara eraman nau eta kalejira moduan jotzera, beste batzuetan oso doinu tristeak dira eta hobeto deskribatzen dira».
Tapiaren ahotsaz gain, Sebastian Lizasorena «Gernika» eta Mertxe Oliden-ena «Len amar lagun giñan etxean» entzun ditzakegu:«Pentsatu nuen Sebastianek bertso horiek behar duten zirrara ezin egokiago emango zuela. Mertxe Oliden Oriokoa da, 55 urte ditu; gure lagun baten ama da. Lehenengoen modura kantatzeko beste erregistro bat du. Emakume honen ikuspegia aproposa iruditu zaigu tentsioak deskribatzeko, kantu hori bere ahotsez tratatzeko»
Ahotsa da kantarien arma, trikitilariena, berriz, trikitia. Gerra garaian, trikitia gerra arma izan zen. Argazki batean , trikitilaria tiratzeko jarreran dago -Berun konpittak-edo-, gudariei hauspo ematen. Beste argazki batean, soinua daraman gudaria kaskoarekin dagoen bakarra da, «musikaria sukaldaria bezalaxe zaindu behar dela esan nahi du horrek» gehitu du ironiaz Joseba Tapiak

«Kaskoa daramana trikitilaria da»
Trikitixa zeraman gudaria, diskoan agertzen den baino argazki gehiagotan agertzen da; askotan, kaskoa daraman bakarra trikitilaria da. Trikitixa, Europan gertatu zen iraultza baten erdian agertu zen orduan; soinuak hartu zuen lekua Europan. Instrumentu inportantea zen, orkestra baten lana egiten zuelarik. Gerra suertatu zen eta guda kantuak laguntzeko eta armonizatzeko izugarrizko funtzioa bete zuen, guri guda arma bat izan zela gustatu zaigu esatea. Egoera zailetan kantatu egiten da, soinua tartekoa zen orduan eta orain niri egokitu zait jotzea

"Trikitiak ez dira aldatu"
Elgeta’rengandik jasotako melodiak aztertu ditut, dantzatzekoak. Ez zen, berez, Euskal Herriko musika tradizionala, baizik memento hartan festak egiteko erabiltzen zituzten modako kantuak, ziurrenik, irratietan entzungo ziren tangoak, pasodobleak... Tradizio zaharragora jo baino, garai hartan zer erabiliko zen imajinatzea eta asmatzea pentsatu dut. Egokiago iruditu zait erritmo horiek lantzea. Garai hartako trikiti zaharrak erabili ditut, suertez eskura ditudanak. Trikitiak ez dira aldatu, berdinak jotzen ditugu; akordeoi kromatikoak aldatu dira. Trikitian berrikuntzak egin dira, baina jotzeko sistema berdina da oraindik. Donostian egindako soinu zaharrak erabili ditut, 1900ko hasierakoak, eta imajinatu dut halako doinuak joko zituztela

«Deskubritzeko beste atal bat»
«Deskubritzeko beste atal bat»
Posible ote da Donostian gerra garaian oso ezaguna zen pertsona bat, alegia, «El Día» egunkarian kronika politikoa egiten zuena -euskaraz-, San Lorentzo kalean jostundegi bat zeukana, inork ez jakitea nor izan zen? Kronika mordoa utzi zuen. «La Constancia» aldizkarikoekin -integristak- izugarrizko eztabaidak izan zituen. «La Constancia»ri esker dakigu jostuna zela, integristek salatzen baitute berean. «Atarrene» EAJkoa zen, «El Dia»n egurra ematen zien espainol integristei. Berak idatzia du «Nere dendatxo txiki maitea / dutela dena lapurtu...». Halako pertsona inportantea 1935-36an, halako kantak egin zituena, eta ez dakigu nor den! Hor badago deskubritzeko beste atal bat, «Atarrene» nor zen aztertzea. Ea zaharrek gogoan ote daukaten aztertzea, alegia. Maria Dolores Agirre idazleak ezagutuko zuen, baina hila da

«Oso interesgarria da testu literarioen eta tresna herrikoien arteko konbinazioa»
Zer dago, bada, Koldo Izagirre eta Joseba Tapiaren artean? Koldoren hitzak dira hauek:«Komunikazio on bat. Joseba niregana etorri zen, estiloz aldatu nahi zuela, bakarkako lan batzuk egin nahi zituela, esan zidan; aspaldiko asmoa zuela. Ohore bat izan zen Tapiaren mailako musikari bat niregana hurbiltzea eta letra batzuk eskatzea. Hor sortu zen bion arteko harremana».

Orainokoan landutako harremana emankorra izan da, agidanez. Izagirreri biziki gustatzen zaio kantagintza:«Literatura egiten dugunok, idazleok, gure letrak pianoz eta txeloz interpretatu behar liratekeelako ustea daukagu, kamarako tresna kultuetan entzun nahi izaten ditugu. Hala ere, nire ustez, trikitixa oso baliabide interesantea da kantuak egiteko; testuak derrigor ‘patxangeroak’ izan gabe. Testu literarioen eta tresna herrikoien arteko konbinazioa oso interesgarria zait», gehitu du Koldok.
«Nik ez nuen Koldo pertsonalki ezagutzen, berak egiten zuena irakurtzen nuen, poeta nahiz artikulugile bezala. Bere ironia eta bere jarrera kritikoa gustatzen zitzaizkidan. Gehiago ezagutu gabe hurbildu nintzen Koldorengana», dio Tapiak, beren arteko ezagutza artistiko nahiz pertsonala agertuz.
Konexio artistiko ona sortu zuten. Harreman horren lekuko «Apoaren edertasuna» eta «Quebec» diskoak dira; eskainitako ikuskizunak tarteko. Aurreko disko horien zuzeneko hainbat agerraldi elkarrekin burutu izan dituzte:«Konturatu nintzen literaturak izugarrizko ahalbideak ematen zizkigula musikarioi, edo guri trikitilarioi, esaterako. Alegia, soinu txikiak ez duela bakarrik kopla zaharrak kantatzeko balio», dio Josebak.
Komunikazioa eta desioak bizirik mantendu dituzte. «Agur Intxorta Maite» diskoa, lekuko. Disko hau beste emaitza bat da, ordea. Koldo Izagirreren ibilbidea ezagututa ez da harrigarria diskoa gauzatzeko motibazioak imajinatzea. Idazle honek hainbat arrazoi dauka testu mota hau ezagutzeko, testu zaharren zale da oso. Gerra aurreko literaturaren kritika eta garai ilunak ondo ezagutzen ditu Izagirrek:«Nik banekien hor bazegoela altxor bat, uste ez zena, izugarrizko interesa daukana, gerra garaiko poesia da. Gerrako 11-12 hilabete horietan sortu zena. Oso interesgarria da, gaia berriak dakarzkielako gure poesiara»


Azkenak
Donostiako kaleratzeak Stop plataformak iruzurrezko alokairuen aurkako kanpaina bat abiatu du

Plataformak gida bat aurkeztu du maizterrek iruzurrezko kontratuak dituzten ala ez egiaztatu dezaten.


2024-10-21 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Eibarko lehen final-laurdena
Lehen final-laurdena izan da larunbatekoa. Saioa irabaztearekin batera, finalaurrekoetara sailkatu da Martin. Igandean izango da hurrengo saioa, Errenterian.

2024-10-21 | Behe Banda
Barra warroak |
Eutsi, banarama eta

Ez galdetu zergatik, baina sarritan pentsatu izan dut kalte egiten diguna onartzeko erraztasun handia dugula. Erraztasuna, edo agian, beharra. Azken batean, dikotomia nabarmena planteatzen duen auzia da beharrarena: bere kausaren aurka egin dezakezu, ala hezur eta guzti irentsi... [+]


Txaro Marquínez, Zaintza Araba-ko kidea
“Alarma soziala sortzea leporatu digute; ez, alarma egon badago, ez dugu guk sortu”

Arabako zahar egoitzen egoera lehen planora pasa da berriz ere azken asteetan. Zaintza Araba elkarteak Gasteizko Arabarren eta Laudioko San Roque erresidentzietako egoiliarrei ematen zaien tratua salatu dute, hainbat senideren testigantzak jaso ondoren. Langileen lan-baldintza... [+]


Euskal Herriko tomate agroekologikoek %38,6 CO2 gutxiago isurtzen dute Almeriako tomateek baino

EHNE Bizkaiak bultzatutako azterketaren emaitzek baieztatu dute eredu agroekologikoan ekoiztuak diren tomateek berotegi efektuko gasen isurketan, eta batez ere energia kontsumoan, inpaktu txikiagoa dutela eredu agroindustrialean ekoiztuak diren tomateekin alderatuta. Honetan,... [+]


Une baten eternitatea

Atal honetan behin baino gehiagotan aipatu izan dugu izaki txikien munduan (gurean bezalaxe) itxurak okerrera eramaten gaituela, sarritan. Eta gaur dakarkigun laguna horren adibide garbia da, animalia gutxi izango baita Lurrean itxura ahulagoa edo kalteberagoa duenik. Horrez... [+]


2024-10-21 | Garazi Zabaleta
"Haziak" liburua
“Liburuarekin jendea animatu nahi dugu haziak ekoizten hastera”

Hazien munduan buru-belarri ari dira urte askotatik Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal, Haziak liburuaren egileak. Hazien ugalketari buruzko azalpen praktikoez gain, elementu historiko, ekonomiko, politiko eta kulturalak jaso dituzte; beraz, baratzerik ez dutenentzat ere... [+]


2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


Beldurra espazio komun gisa

Herritarren segurtasunik ezaren kezka gero eta handiagoa da gure auzo eta hirietako elkarrizketetan, batez ere kalean bizirik dirauten Magrebeko gazteek eragindako lapurreten eta gatazken inguruan. Badirudi egoera horiek areagotu egin direla azken hilabeteetan, eta alarma eta... [+]


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Sinwarren hilketaren ondoren, gerrak bere horretan jarraitzen du

Yahya Sinwar Hamaseko burua hil ondoren, Ekialde Erdiko gerrak nola jarraituko duen aurrera mintzagai da hilketaren biharamunean. AEBek, Joe Bidenen ahotik, berehala iragarri dute orain su-etenak bidea libre izan dezakeela. Bide beretik jo dute Mendebaldeko hainbat buruzagik... [+]


2024-10-18 | Ahotsa.info
Azken hiru urteetan altueratik erorita Nafarroan 10 langile hil direla salatu dute

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dituzte Nafarroan altueratik erorita hil diren hamar langileen kasuak.


Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea
“Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”

Galiziako Estatistika Institutuak galizieraren egoeraren inguruko inkestaren azken datuak ezagutarazi ditu. Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez... [+]


Eguneraketa berriak daude