argia.eus
INPRIMATU
Oscar Alvarez Gila: EHUko Amerikaren Historiako irakaslea.
Oscar Alvarez Gila: EHUko Amerikaren Historiako irakaslea.
2021eko uztailaren 16a

Argentina aberatseko ametsa bukatu da. Hausnarketa hau edonon entzun da, Argentinako gizarte leherketen estreinako berriak heldu zirenetik. Eta kaleko jendeak, oraindik emigrazioen garaietako oihartzunak gogoratzen dituenak, harriduraz hartu du. "Hain herri aberatsa izanik_". Orduko euskaldunentzat, Argentina eta oparotasuna sinonimoak ziren. Eta gaur, komunikabideek krisiaren nondik norakoak argitzen dizkiguten bitartean, aiton-amonen ixtorio zaharrak berreskuratu ditugu: panpa amaigabeetako zelai zabalak; estantzietan hamar milaka kontatzen ziren abere taldeak; eta, nola ez, diruz josita itzulitako amerikanoak. Nonbait paradisu bat bazen, euskaldunentzat -beste milaka europarrentzat bezala- Ameriketan egon behar zuen.
"Nola dira posible, beraz, oraingo pobrezia eta gosea?_ hain herri aberatsa izanik_". Egia da. Zaila zaigu, bai, Argentinaren bat-bateko erorketa honen arrazoiak ulertzen (eta baita ulertarazten ere). Faktore asko eta desberdinak elkartu baitira, egoera honetara ailegatzeraino.
Epe luzera, Argentinan XIX. mendean eratu zen nazio proiektuari begiratu behar diogu. Modernitatearen izenean lurrak indiarrei kendu zizkieten, herri industrializatuentzat lehengaiak ekoizteko. Lan indarra Europatik ekarri zen, gehienbat euskaldunak, espainiarrak eta italiarrak. Oligarkiak esportazio-ekonomia ezarri zuen, bere interesekin bat zetorrelako; ondorioz, Argentinak industrializazioari uko egin zion. Hasieran sistema ondo ibili zen; baina 1929ko krisiak eta gerra osteko protekzionismoak ateak itxi zizkieten produktu argentinarrei. Oligarkiak ez zuen egoerari aurre egiteko gai izaten jakin (ezta nahi ere): merkaturik gabe, Argentinako ekonomiak oreka galdu zuen. Orain arte.
Ezegonkortasun politikoak ere ez zuen askorik lagundu. Klase politikoa populismo eta diktaduraren artean ibili da XX. mendean zehar. Azken kolpe militarrak, Malvinetako desastrea eta desagertuekin batera, herentzi astunago bat utzi zuen: kanpo-zor izugarria, gehienbat gastu militarretan erabilita. Demokrazia berreskuratu eta gero, zorra kendu ezean, handituz joan zen, 80. hamarkadaren bukaeran lehertu arte: hiperinflazioa. Hilabetero %1000 inflazioekin, dolarizazioaren errezeta saiatu zen, pesoa dolarrari lotuz. Prezioak gelditu eta ekonomiak konfiantza berreskuratu zuen. Baina sendagai guztiak arriskutsuak dira, ez badira neurriz eta epe laburrez hartzen. Dolarizazioa, beldurrez edo, ez zen ezabatu komeni zenean: 1996tik aurrera, esportazioak garestitzean ia desagertu ziren; inportazioek, aldiz, barneko industria akabatu zuten. Ondorioz langabezia etorri zen, Argentinan inoiz ezagutu ez den bezalakoa, babes sozialik ezarekin.
Azkenengo faktorea ustelkeria da. Politikariek gorenera igo badute ere, gizartearen eskala guztietara hedatu den gaitza da. Klientelismoak burokrazia erraldoia sortu du, ñoqui-z beteta -soldata kobratzera baino ez direnak etortzen-. Mendebaldeko presio fiskalik txikienetako batekin, Estatuak ez du diru nahikorik lortzen, eta funtzionariek coimak eskatzearekin borobiltzen dituzte beren sarrerak. Alabaina, txarrena azken bi urteotan etorri zen, Estatua zuzenean argentinarren dirua lapurtzen hasi zenean: hasieran aseguru sozialak, gero jubilazio-fondoak; eta De la Rua-k, azkenean, bankuetako aurrezkiak.
Baina honek guztiak ez dio kaleko jendeari bere harridura kenduko. Oso iragan gertu batean, erkide asko Argentinara etorkizun bila joan ziren, eta baita aurkitu ere. Denborak ez digu oraino memoria hau kendu. "Hain herri aberatsak bere onera itzuli behar du noiz edo noiz". Aurreko krisialdietan, argentinarrak ere nahi horri atxikitzen zitzaizkion: "une txarrak bukatuko dira, igoko gara berriro". Oraingo honetan, aldiz, ez; corralitoarekin diruaz gain, ondasun garrantzitsuago bat galdu baitute argentinarrek: esperantza.
Eta non du etorkizuna, bere hiritarrek ere sinisten ez duten nazio batek?
Ez, ametsa ez da oraindik amaitu_ amesgaizto latza bilakatu baita.