Nrork ez du gurean senitartekoren bat, urruna bada ere, Argentinan? Bertan bizi diren euskal jatorriko argentinarrek, Euskal Herriko biztanleak bikoizten dituzte. Horregatik, azken asteetan Argentinatik datozkigun berri ilunak interes bereziz jarraitu ditugu hemen. «Corralito»a, «cacerolazo»ak, harrapaketak, debaluazioa... horren guztiaren atzean dagoen errealitatea azaltzeko, berau ederki ezagutzen duten jatorri euskalduneko hainbat argentinarrengana jo dugu. Inguruan topatu ditugu denak, Bermeon, batzuk, Hernanin besteak, Tolosan, Gorraitzen... Aspaldi etorri ziren batzuk, geratzeko asmotan etorri dira beste batzuk duela aste gutxi eta badira lerro hauek argitaratzerako berriro Argentinan izango direnak ere. Guztien artean herri nekatu baten irudi ezkorra margotu digute.
Mar de Plata-tik Bermeora.
Bermeoko alde zaharrean alokatuta duten pisuan topatu ditugu Rodolfo Jaca Madariaga eta Valeria Ominetti. Eskola eguna da baina Maite eta Argi, euren bost eta bi urteko alabak ere etxean topatu ditugu, bronkitisak jota. Duela 9 hilabete alde egin zuten euren jaioterritik, Mar de Plata-tik, Argentinako kostaldeko 600.000 biztanleko hiritik. Ez dituzte zuzenean azken asteotako iskanbilak bizi izan, baina garbi dute egoera ez dela gauetik egunera sortutakoa.
«Hona etorri baino lehenxeago Mar de Platako ‘villa miseria’tara joan ginen» diosku Valeriak. Brasilen fabela deitzen zaionari esaten diote Argentinan «villa miseria». Azken urteotan Argentinako hiri handi guztietan izugarri ugaldu dira. Hirigunera bizibidearen bila sartzen dira, zaborretan bilatzera edo lapurretara. 40ko hamarkadan Argentina nekazaritzaz bizi zen nagusiki. Orduan hasi zen hirirako exodoa. Baina garapen industriala ez zen behar bezalakoa izan eta ordutik hona, nekazaritzari uko egindakoak hiriaren ateetan pilatzen joan dira, inolako aukerarik gabe. «Bertan ikusi genuena ez da sinestekoa: txapazko, kartoizko txabolak, 15 pertsona 10 metro koadrotan bizitzen, ez dute hezkuntzarik, ez osasun zerbitzurik, 14 urterekin arma bat eskuan dutela ibiltzen dira... Hiri berean bizi zara baina errealitate hori ez da zurea, ez duzu bertara iritsi arte ikusten».
«Baina orain jendea konturatzen hasi da egoera horretan ezin daitekeela inor ondo bizi», erantzuten du Rodolfok. «Zuk nahi ez baduzu ere konfrontazio egoera batean zaude. Zuk 500 milioi dolar dituzu; bada, alferrik dauzkazu, ezin duzu kalera lasai irten, lapurtu edo beste edozer egingo baitizute zure Mercedesarekin pasatzen ikusten zaituztenean».
Eta «villa miseria»tako biztanleek ederki dakite gainera Mercedes hori ordaintzeko dirua ez duela jabeak garbi lortu. Argentinan korrupzioa «villa miseria»k bezainbeste edo gehiago hedatu baita, estatutik hasita. Argentinako funtzionari kopurua ikaragarria da. Rodolfok horrela azaldu digu fenomeno hori: «Edozein kargu politikok nahi adina lagun edo senideri eskaintzen dio postu bat administrazioan, euren soldataren zati baten truke normalean. Hauek, era berean euren ezagunak sartzen dituzte funtzionari gisa eta horrela piramide egitura izugarria sortzen da. Egunen batean, esaterako, Kongresuko langile guztiak bertan egotea nahi bazenu, ez lirateke inolaz ere sartuko, ezta bata bestearen gainera igota ere, eta Kongresuko bobedak altuak dira, gero!». Urte askoan estatuak bere diru sarrerak baino kopuru handiagoak xahutu ditu horrela. Diferentzia hori kanpotik ordaindu diote urtetan. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) ederki daki Argentinarentzat ezinezkoa dela kanpo zor izugarria ordaintzea. Zergatik jarraitzen du, ordea, dirua eskaintzen? Garbi du Rodolfo Jacak: «Batzuei dirua ematen jarraitzea interesatzen zaie, baina hori da Argentinari egin dakiokeen mesederik kaxkarrena. Edozein diru sarrera berdin-berdin irentsiko du. Dirua bukatzen denean hasi beharko dute benetan lanean argentinarrek».
Baina egungo egoeraren errua ez da estatuarena, politikoena. Ez soilik eurena, behintzat. «Errua argentinar guztiona da eta erantzukizun gabezia izugarria dugu. Bereziak garela uste dugu, unibertsoaren zentrua, eta mundu guztiak gu lagundu behar gaituela, NDF zeozer abstraktua dela, dirua etengabe eman behar digun iturria». Soluzioak, teorian erraza dirudi: 100 ekoiztu eta 150 gastatzea bada arazoa, bada, 100dik behera gastatzea. Rodolforen esanetan, ordea, «argentinarrek ez dute hori ikusi nahi. Magian, parasikologian eta horrelako gauzetan asko sinesten dute eta irtenbidea zerutik etorriko zaien zain daude».
Baina ez ziren arrazoi ekonomikoak izan familia hau Argentina utzi eta Euskal Herrira etortzera bultzatu zutenak. Bazekiten hemen zailtasunak izango zituztela. Han, Mar de Platan, Rodolfok informatika denda bat zuen. Hemen bederatzi hilabete daramatza lan bila eta oraindik ez du ezer lortu. Rodolforen gurasoek beti izan zuten gogoan Euskal Herrira itzultzea eta bera ere askotan etorria zen oporretan Bermeora. Dirua aurrezten denbora asko pasa zuten, baina beti gertatzen zen zerbait (1972ko Rodrigazoa, 80ko krisia...) ahalegina alferrikako bihurtzen zuena. Baina azkenean segurtasun faltak eman zien azken bultzada. Rodolfok pistola bat zuen, 9 mm-ko bat. Etxetik metro gutxira, zaborra ateratzera, irteten zenean ere gerrian eramaten zuen. Baina Valeriaren egoera ere ez zen batere segurua, bi alaba txikiekin bakarrik kalean, haurren bahiketak gero eta ugariagoak ziren kale haietan... «Errebolber bat erosiko dizut, 38 bat» esan zion Rodolfok. «Orduantxe esan nion Rodolfori etortzeko garaia zela, eta etorri egin ginen. Horrela ezin da bizi». Euskal Herrian geratzeko asmoa dute, ez dute Argentinara itzultzeko gogorik, «oraingoz ezta oporretan ere. Nolabaiteko expulsio sentipena dugu, hangoak ez bagina bezala».
Argentinako arazoei ez diete epe laburrean irtenbiderik ikusten, «ez baita alderdi batekin edo bestearekin, edo neurri politiko jakin batzuekin konponduko den arazoa. Argentinarrek euren burua ispilu aurrean jarri beharko lukete, erantzukizunak onartu eta euren izaera, mentalitatea, goitik behera aldatu».
Hernanin oporretan.
Necochea 80.000 biztanleko Argentinako hiri txikia da. Bertako egoera sozialak ez du zer ikusirik Buenos Aires erraldoiarekin, baina duela gutxi, hiriaren kanpoaldean lehen txabolak agertzen hasi dira. Intendente peronista du udalerriak. Baina gure solaskide gazteei hori ez zaie gehiegi axola. Maite Bilbaok 23 urte ditu eta Biologia ikasten ari da. Bere anaia Josebak 18 ditu eta ez daki zer ikasi nahi duen. 16 urteko Juantxi Ortek ere zalantzak agertzen ditu etorkizunaz galdetzean. Azken honen lehengusu Aitor Ibargurenek 24 urte ditu, Turismo ikasketak amaituak dauzka eta Kanariar Irletan bizi eta lan egiten du egun. Duela pare bat urteko Euskal Astean ezagututako lagun batzuen bitartez opor batzuk pasa dituzte Hernani eta inguruetan.
Esan bezala, ez ditu gehiegi kezkatzen euren jaioterrian, Necochean, peronistek edo erradikalek agintzen duten. «Ez batzuk ez besteek ez dute ezer eraikitzen eta korrupzioan parean dabiltza». Argentinan iraganean hain indartsua izan den klase ertaina desagertzen ari dela diote eta Maitek eta Josebak euren osabaren adibidea jarri digute: 25 urtetan kirol denda batean inolako arazorik gabe lan egin ondoren, kalean geratu da. Euskal Herrira etortzekotan da.
Argentinaren etorkizuna ilun ikusten dute: «Oraingo iskanbila guztia hemendik pare bat hilabetera isiltzen bada ere, egoerak berdin jarraituko du, argentinarrak konformista hutsak direlako» dio Maitek. «Orain leherketa hau egon baldin bada zuzenean klase ertainari eragin diolako da. Ez dakit noraino ote den benetakoa jendearen batasun hori».
Aitorrek dio ikasketak amaituta lana bilatzea ia ezinezkoa dela gazteentzat. Berak Argentinatik kanpo bilatu du lana. Maitek han ikasketak amaitu eta masterren bat-edo egitera etorri nahiko luke Euskal Herrira.
Argentinako gazteriak ez omen du gauzak aldatzeko ahaleginik egiten; nazkatuta omen dago bertako egoerarekin. «Badakizu non topatuko duzun gaur egungo Argentinako gazteria?» dio Aitor Ibargurenek, «Espainia eta Italiako enbaxaden ate pareko ilaratan. Baina jarrera hori ulertu behar da, bizi ere egin behar dugu».
14 urte eta gero.
Carlosek bere izen osoa ez argitaratzeko eskatu digu; bere iritzia emateko ez du, ordea, arazorik izan. Ingeniari hau Tolosan bizi da duela 14 urte Argentinatik etorri zenetik. Argentinako arazoak aspalditik datozela eta azken gertakizunak «sumendiaren kraterra» besterik ez direla dio. Duela 14 urte egungo arazo beretsuengatik erabaki zuen Argentina uztea: «Gure etorkizuna eta gure seme-alabena han garatzea oso zaila izango zela ikusi genuen». Bere senitartekoak Cordoban bizi dira, herri txiki batean. Duela gutxi izan da han oporretan eta Buenos Aires bezalako hiri handietan bizi dena eta herri txikietako giroa oso desberdinak direla dio eta herrietakoak gutxiago sufritzen ari direla krisia. Hori bai, oro har ilusio falta eta nekea topatu ditu Argentinan, baina berrikuntza batekin: «Lehen errua beti beste alderdiari egozten zitzaion; orain desilusioa orokorra da».
Krisiari irtenbide bat ematekotan garbi du zer egin behar den: «Bakoitzak gogor egin behar du lan, joan den mendean joan ziren euskaldunek bezala» eta hala ere, galdera batzuk erantzuteke daudela dio. Bata, sistema demokratiko bati eutsita, nola alda daiteke interes pertsonalak interes orokorren gainetik jartzen dituen gizarte politiko korrupto bat? Bestea, nola egiten da bankuei ez daukazuna itzultzeko?
buenos airestik iruñerrira.
Miren Aranoak bere Gorraitzeko etxean hartu gaitu. Argentinarra da bera, baina 23 urte daramatza hemen. Bere lehengusu Iñaki, ordea, iazko Urte Zaharretan iritsi zen, duela hilabete eta gutxi. Mirenek Iñaki ez dela etorriko dio, Aoizen zerbait egin behar zuela eta haren emaztea, Claudia, eta Cecilia arrebarekin hitz egiteko aukera izango dugula. Iritsi dira Claudia eta Cecilia, eta haiekin batera berri ona: Iñakik ezin izan du etorri Aoizko fabrika batean lana topatu duelako. Gaur zuen bere lehen eguna. Ceciliak hilabete batzuk gehiago daramatza hemen eta bere senar Gonzalo, Argentinan ere sukaldari gisa aritzen zena, Europa jatetxean ari da lanean etorri zenetik.
Claudia Rodriguez eta Iñaki Antolin bete-betean harrapatu zituen «corralito» famatuak. Hona etortzeko etxea, altzairuak, autoa... dena saldu zuten, baina orain ezin dute euren dirurik erabili.
Hiru emakumeek etengabe aipatu digute korrupzioa, politikoengandik hasi eta gizarte guztian zabaltzen dena. Zinemarako edo antzerkirako sarrera soil batzuk lortzeko ere «eskupekoa» eman behar omen zaio leihatilaren beste aldean dagoenari.
Baina hauentzat ere segurtasun arazoek eragin handia izan dute euren erabakian. Erabaki gogorra, beste herri batean hutsetik hasi behar duenarentzat. «Nik idealista izaten jarraitzen dut» dio Claudiak, «bakoitzak bere lurraren alde borrokatu behar duela uste dut. Argentinaren alde ekarpenen bat egitea gustatuko litzaidake, baina seme-alabak ditut eta haien alde borrokatu behar dut».
Claudiari berari pistola bat jarri zioten buruan bere seme-alaben aurrean, Ceciliari behin auto barruan sartu zitzaizkion lapurrak... «Hemen topatu dugun lasaitasunak, haurrak jolasean korrika eta aske ibili ahal izatea, horrek ez du preziorik».
Eurak ere bat datoz, arazoa, klase politikoan ez ezik, gizarte osoan dagoela esatean. Garbi dute, «cacerolazo»a bezalako manifestaldien arrazoia zein den: klase ertainaren patriketan eskua sartu izana. Eta hala ere, Claudiak bera benetan hunkitu zela onartzen du. Ziur aski Diktadura Militarraren garaiko beldurraren ondoren argentinarrak kalera irten ziren lehen aldia izan zelako. Eta Argentinako politikoen zein gizartearen errua aipatu dituzte orain artean, baina nazioarteko interesek ere eragina dutela uste du Ceciliak. Argentinari horrenbeste diru ez zaiola, besterik gabe eman behar dio.
Orain artean osatu dugun Argentinako irudi ilun honetan argi izpi txiki bat ere ba omen da Cecilia eta Claudiaren ustez: solidaritatea zabaltzen ari da, behar dutenei laguntzeko elkarte eta erakundeak (gobernuz kanpokoak, noski) ugaltzen ari dira. Etorkizuneko bidea argitzeko nahikoa ote. Baikor izateko arrazoi gutxi eman digute gure solaskideek, baita ondorio garbi bat ere: «Argentinak denbora asko eta heldutasun handia beharko du egoera hau aldatuko bada»