argia.eus
INPRIMATU
PRINTZA
2021eko uztailaren 19a
Xabier Kintanak «Jakin»en idatzitako artikuluan adierazitako iritzietako batzuk dira hauek:
« (...) Azken bolada honetan (...) batzuek hor ari dira, jo eta ke, euskalkiak berpiztu guran, bizkaiera bereziki, berau dialekto bat barik, hizkuntza oso, beregain eta aparta balitz bezala. Jokabide hori berez lauzpabost txotxoloren keria litzateke, eragin praktikorik gabea, baldin eta beren inguruan bozgorailu sistema bikaina eratu ez balute, non eta ‘Euskaldunon Egunkaria’n. Ondorioz, euskara batuak frantses eta espainol hizkuntzekin zeraman sokatira desorekatua berez aski latza ez balitz bezala, orain, etxe barruan, bere barruko euskalkien kontra ere borrokatu beharra dauka. (...)
Horrela uler daiteke, adibidez, Bizkaiko museoetan, bai eta Enkartazioetan ere, idazki guztiak bizkaieraz ipintzea; Zornotzako jendea alfabetatzeko eta herriko berriak emateko omen den aldizkaria ‘Arkalaz’ izen aberranteaz bataiatzea, bizkaitar gehienek horrek zer esan nahi duen jakin ez arren, guk hori normalean ‘alkarregaz’ esaten dugulako; (...) Balmasedan, Barakaldon edo Bilbon dauden euskaldun gehienak de facto euskara ikasitakoak direnean, bertoko berriak ‘Egunkaria’n dialektoz eskaintzea, horiek euskara ikasi edo hobetzeko egindako ahalegin guztia kontuan izan gabe; eta guztia ez batua ez bizkaiera behin ere irakurriko ez duten bizkaitar analfabeto hipotetikoen mesederako».