Heldu den irailean hogeita hamar urte beteko ditu Hazparneko Ikastolak. Alta, bada, Ikastolako partaideak urte hastapenetik beretik hasiak dira 30. urteurrena ospatzen. Donamartiri herrian buruturiko bertso jardunaldi batekin abiatu zuten ospakizuna iragan urtarrilaren 20an. 100en bat bertsozale inguruk Txomin Ezponda, Jon Maia, Amets Arzallus eta Miren Artetxe bertsolarien jarduna profitatu ahal izan zuten. Hazparne eskualdeko euskaltzaleek Karlos Aizpurua irakasleak gidatzen duen bertso eskolarekiko atxikimendua erakutsi zuten. Ospakizunak hasi besterik ez dira egin alabaina. Otsailaren 3an, kantaldi bat izanen da Aiherran, Elaudi eta Belardi musika taldeen parte hartzearekin. 30. urtemuga kari, ugari izanen dira aurten euskaltasuna sustatze aldera burutuko diren ekitaldiak.
KANTONAMENDUKO IKASTOLA.
Hazparneko Ikastola erraitean Hazparneko kantonamenduaren ikastola dela kontuan hartu behar dugu. Ikastolan, kantonamendu honetako Aiherra, Makea, Lekuine, Lekorne, Mehaine, Donostiri eta Donamartiri herrixketako ikasleak biltzen baitira. 1972an, 6 ikasle eta irakasle batekin ireki zen ikastola honetan, 7 irakasle eta 107 ikasle ari dira gaur egun, Ama Eskolan nahiz Lehen Mailan. Hastapeneko egoera eta gaur egungoa ez dira alderagarriak, jakina, baldintzak nabarmen hobetu dira-eta. Hala izanik ere, Hazparneko Ikastolak ez du egoitza propiorik: «Zazpi urte dira Herriko Etxearekin harremanetan ari garela ikastola berria eraiki ahal izateko; dosier bat landua da, alta, orainokoan ez du deus ekarri», adierazi digu Jeanne Pochelu irakasleak. Ikastola eta Herriko Etxearen arteko harremanak ez dira hain onak, itxura batez; edo aski hotzak dira bederen. Klaseak toki eskasean eta gela prefabrikatuetan ematen dira oraindik ere. Mantenimenduko gastuak (ura, argindarra, garbiketa eta abar...) gurasoek ordaintzen dituzte. Udaletxearen aldetiko diru laguntza, eskola libreei ematen dien bera da: 240 euro urtean Hazparneko haur bakoitzeko. Kantonamenduko herri ttipien laguntza arrunt gutxiago da: 60 euro haur bakoitzeko. Ikastola honetako aurrekontua urteko, 50.000 euro ingurukoa izaki.
LAPURDI ETA NAFARROA BEHEREAn.
Hazparneko kantonamendua Lapurdi eta Nafarroa Behereko eskualde administratiboa da. 7.800 biztanle dira guztira; 6.800 lapurtarrak: hazpandarrak, lekondarrak eta, makearrak. Baxenafarrak, berriz, 1.000 biztanle inguru: mehaindarrak, aihertarrak, donamartiritarrak eta donostiritarrak. Eskualdea euskalduna da, alabaina, familia bidezko euskararen transmisioa galduz joan da eta ikastola da euskararen gunerik bizi bakarrenetariko bat. Hazparneko karriketan frantsesa nagusitu da azken hogeita hamar urteetan, inguruko herrixka eta auzoetan biziago badago ere.
Ikastola honek inmersio edo murgiltze sistema erabiltzen du ikasleen irakaskuntzan:«Ikasleak inmersio deritzan sisteman ari dira. Frantses eledunak sartzen dira Ama Eskolan, baina gutxi. Funtsean, euskara nagusitzen da ikastolan. Gogor egin behar da hala ere, frantsesak indar handia baitu kanpoan eta ikasleak aise lerratzen dira frantsesera», erran digu ikastolako Maite Erdozainzi zuzendariak.
IKASLEAK, IRAKASLEAK ETA GURASOAK, DENAK BATEAN.
Ipar Euskal Herriko ikastolek bere historia idatzi dute engoitik. Tokian tokiko ikastola bakoitzak bere nortasuna du, berezko nortasun eta arrenkurekin. Hazparnekoak egoitza berri baten mentura eta beharra aldarrikatu nahi du bere urteurrenean. Ikastolako Nathalie Paroix lehendakariak honela erran berri du publikoki:«Hogeita hamar urte hauek euskara hogeita hamar urte gure artean izan dela islatzen dute. Ikastolak euskararen bilakaeran begi bistako lana egin baitu». Hiru hamarkada hauek ez dira alferrik iragan Hazparneko kantonamenduan, ez horixe. Gaur egun, naski, euskarak presentzia publikoa du ikastolak daudelako. Zerk edo nork ziurta lezake hori bestela?
Frantziako Hezkunde Nazionalaren programari jarraikiz betetzen dituzte ikasketak. Irakasleak, programak tokiko beharretara egokituz, bere edukinak landuz, ikasleen gaitasunak garatzen ari dira. Gurasoek orpoz orpo segitzen dute seme-alaben jarduera. Ikasleek Eguberrietan ikuskizuna eskaintzen diete gurasoei. Ikasturtearen amaieran, berriz, gurasoek prestatu eta protagonizaturiko ikuskizuna gozatzeko parada ukaiten dute seme-alabek. Artean, inauterien karietara ikasle, irakasle eta gurasoek eramango dute euskara Hazparne kantonamenduko herri eta auzoetako karriketara