EUSKO LABELDUN JANTZIAK


2021eko uztailaren 28an
Atzerriko diseinatzaileek egindako arropak eta oinetakoak erosten ohituta gaude, eta dagoeneko makina bat marka ezagutzen ditugu. Batzutan, gainera, geure egiten ditugu eta marka horien erosle amorratu bihurtzen gara. Diseinatzaile horien artean gehienak atzerrikoak dira, baina euskal disenatzaileek ere marka propioak sortu eta merkatuan tokia bilatu eta aurkitu dute. Kukuxumusu, Loreak Mendian, Tartalo, Q con E eta Fosco euskal markei buruz aritu gara orriotan.


Nafarroatik arkakusoen musuak.

Euskal Herriko hiri nahiz herri askotan ikus daitezke egun Kukuxumusu izenaz ezagutzen diren dendak. Izen arraro honek arkakusoaren musua esan nahi du eta kolorezko kamisetak, mahuka luze nahiz motzekoak, jertseak, galtzak… denetarik egiten dute arropa etxe honetan. Arropa hauek guztiek ezaugarri bat dute: marrazki originalak eta oso dibertigarriak dituzte estanpatuak.
1989. urtean Gonzalo, Koldo eta Mikelen asmo bakarra zerbait dibertigarria egitea zen eta San Ferminetan basoerdi batzuk zurrutatzeko sosak ateratzea. Sanferminetarako entzierroetako marrazkiak zituzten elastikoak saltzen hasi ziren, garai hartan saltzen ziren beste elastikoen marrazkiak oso itsusiak baitziren (hirukotearen ustez, noski). Basoerdi ugari edan zuten Sanfermin haietan, diseinu eta marrazkiak oso arrakastatsuak suertatu baitziren.
Ondoko herrietan ere marrazki berriekin egin zuten proba eta berriz ere arrakasta izan zuten. 1996. urtean, Kukuxumusuren ekoizpenak saltzen zituen lehen denda ireki zuten eta jada hamar bat dituzte, Baionan, Bilbon, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Barakaldon.
Gaur egun Kukuxumusuren ekoizpenak Euskal Herrian nahiz bertatik kanpo eros daitezke. Merkataritza sare zabala dute Europa hegoaldean, 1.000 saltoki baino gehiago, eta Karibeko zenbait uharteetaraino ere iritsi dira Kukuxumusuren marrazkiak. Diseinu hauek arropaz gain, beste hainbat euskarritan ere saltzen dira: posta txartelak, zeramika, giltzariak... Hiru nafarrek ordea, ez dute ibilbidearen hasiera eta Sanferminekiko maitasuna ahaztu eta jaia da logotipoen oinarri, zezenak ez baitira haien marrazkietan falta.

San Ferminetatik Loreetara.

Arkakusoen musuetatik Xabier Zirikian donostiarraren loreetara goaz. Loreak Mendian izeneko arropa marka Donostian sortu zen. Hasieran ez zuen arroparekin zerikusirik. Xabierrek dioenez, unibertsitateko ikasle zenean, Donostian graffitiak egiten hasi zen. «Graffitilaria nintzen ni ez arropa diseinatzailea". Denbora aurrera joan ahala marrazki haiekin serigrafia egiten hasi zen Xabier. Lehenengo kamisetak egin zituzten, eta arropa hark zuen arrakasta ikusirik, 1995. urtean denda irekitzea erabaki zuen. Bazkide berri batekin marka bezala mundu osoan zehar zabaltzen hasi zen Loreak Mendian. Gaur egun, Iruñean, Bilbon eta Donostian dituzte dendak eta, Euskal Herritik kanpo, Madrilen. Horrez gain, Espainiako 160 dendetan saltzen dituzte galtza, alkondara, nahiz mota guztietako produktuak. Portugalen, Frantzian eta Japonian ere saltzen dira Loreak Mendian markaren produktuak eta orain, munduaren beste aldean, hau da, Australian, dute erronka berria. Hala ere, salmenta nagusiak Euskal Herrian eta Katalunian egiten dira.
Urtean bi kanpaina egiten dituzte eta bakoitzean hamar logotipo inguru marrazten dituzte. Zirikianek marrazkiak eskuz nahiz ordenagailuz egiten ditu eta ondoren, makinen ordua da. Ohikoena kanpaina bakoitzean arrakastatsuenak izaten diren logotipoak mantentzea da. Diseinuak sortzeko orduan, Xabier Zirikianek urduri samar jartzen dela onartu du, logotipoak arrakastatsuak izango diren edo ez inoiz ez baita jakiten. Hala ere ez du uste ideiak eta duen ahalmen sortzailea amaituko zaizkionik.
Euskal marken arteko harremanei buruz galdetuta, Zirikianek ez du uste euskal marken artean erlaziorik dutenik: "Bakoitzak bere estiloa du. Ez daude euskal labela duten arropak. Hala ere kanpoko norbaiti galdetu beharko genioke, ea Euskal Herrian sortutako markek elkarren artean antzekotasunik duten ala ez jakiteko".

Q (Cuca) con E (Esther) donostiarrak.

Cuca eta Esther donostiarrak dira eta bazkideak baino lehen, lagunak ziren. Modaren munduan murgildu ziren biak eta poliki-poliki gauzak egiten hasi ziren. 1996. urtean ekin zioten negozioari. Arropa diseinatzen hasi ziren eta ostean, osagarri ugari egin zuten: poltsak, txapelak, berokiak…
Denda bakarra dute, Donostian, baina handizkariak ere badira eta produktuak toki ugaritan saltzen dituzte: "Kantabrian, Gipuzkoan, Bizkaian, Asturiasen, eta Madrilen saltzen ditugu gure produktuak besteak beste, eta orain ari gara gure salmenta tokiak zabaltzen", dio Cucak, bi bazkidetako batek.
Diseinua egiteko mementoan, modaren tendentziak kontuan izaten dituzte, modak garrantzi handia baitu. "Irudimena beharrezkoa da, baina era berean, behatzea oso garrantzitsua da. Kalean dagoena, telebistan… Edozer gauza izan daiteke baliagarria, azken finean, ideiak edonondik sortzen baitira".
Q con E-ren arropa eta osagarriak gaztetxoei zuzenduak daude batez ere, nahiz eta hauen amek ere gauza ugari erosten dituzten. Gizonezkoentzat ez dute ezer egiten.
Cucaren ustez, ezin esan daiteke euskal moda dagoenik baina guztiek tendentzi eta influentzia berdinak dituztela aitortzen du. "Frantzia bertan dago eta eragina nabaria da. Hala ere, gauza ezberdin ugari egiten dira eta ezin esan daiteke estiloa bakarra denik".

Zapata euskaldunen arrakasta.

Fosco zapata denda ezagunak ere euskaldunak dira. 1991. urtean sortu ziren Oiartzunen. Bilbao anai-arreben ekimenez jarri zen abian, 1946. urtean sorturiko Hernaniko zapata denda zahar bat zuelarik oinordeko. Hamar urtetan, 210 denda ireki dituzte bi komertzio motatan, Fosco eta Mercalzados hain zuzen. Denda hauek guztiak sendiarenak dira eta 72.12 milioi euro inguruko fakturazioa dute urtero. 700 langile dabiltza talde komertzialeko dendetan lanean eta harreman zuzena ez duten, baina nolabaiteko lotura duten beste 1.200 lanpostu inguru sortu dituzte. Urtero gainera 25 denda berri inguru zabaltzen ditu zapata denda taldeak.
Negozio honen sekretuetako bat irabazi guztiak inbertitzen dituztela da; 3.61 milioi euro inguru denda berriak irekitzeko eta beste 6.01 milioi euro produktuen diseinu eta ekoizpenean inbertitzen dira. Bilbao anai-arrebek jarraitzen duten enpresa irizpidearen arabera, haien gain hartzen dute negozioaren atal guztien garapena: diseinua, fabrikazioa eta salmenta. Diseinua Oiartzunen egiten dute eta salmenta beren dendetan egiten dute zuzenean. Zapata pare bat bera ere ez da haien dendetatik kanpo saltzen

«Bertako ekoizpena gehiago zaindu beharko genuke»
Oihana Ugarte 27 urteko tolosarra da. Marrazki bizidunak egiteko ikasketak burutu zituen eta zuen sormen gaitasun hori kanporatzeko nahia eta beharra zuela konturatu zen. Duela bost urte inguru hasi zen Tartalo arroparen diseinuak egiten. Estanpazioak egiten hasi zen eta hanka sartuz ikasi zuen; froga ugariren ostean, arrakastaren ateak iragan ditu Tartalo arropa markak.

Nondik ateratzen duzu inspirazioa marrazkiak egiteko?
Nik ez diot nire bururari marraztu egin behar dudala esaten. Konturatu gabe hasten naiz margotzen. Telefonoz ari naizela, adibidez, boligrafoz edo arkatzez zirriborroak egiten ditut eta hortik ideiak sortzen zaizkit. Ideia edo bozeto hauek garatu eta horrela sortzen dira diseinuak. Marrazki ezberdinak egiten saiatzen naiz, guztien gustuko izan daitezkeen marrazkiak egiten.

Nork erosten du Tartalo arropa?
Jende mota oso ezberdinak eramaten ditu arropa hauek: helduek, gazteek, neskek zein mutilek. Azken finean, kamisetak edonork janzten ditu.

Nola da arropa hauek merkaturatzeko prozesua?
Lehenengo marrazkiak egin behar dira. Diseinu politak eta egokiak egin eta era berean, kamiseta nahiz jertse, nahiz estanpatu nahi duzun hori erosi behar da. Handizkariei erosten diet jeneroa, merke izaten baitute eta kolekzio txiki bat sortzeko adina arropa lortzen dut horrela. Ondoren arropa horietan frogak eta estanpatuak egiten ditut eta dendaz denda joaten naiz arropa erakustera. Adibidez, udarako marrazkiak prest ditut. Diseinuak prestatzerakoan besteak baino lehen aritzeak badu hemen bere garrantzia, besteak baino lehen dendetara iritsi eta zure produktuak saltzeko aukera baituzu.

Zuen salmenta zein lurraldetara zabaltzen da?
Batez ere Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan saltzen dira Tartalo produktuak. Nahiko mugatuak dira nire salmenta puntuak. Hedatzeko dirua behar da, inbertsio handia egin behar da eta hau apustu arriskutsua izan daiteke. Tartalo ezaguna da Euskal Herrian, baina ez bertatik kanpo. Huescan eta Sorian ere pixka bat saltzen da, baina batez ere hemen. Hala ere, arroparen mundua konpetentziak eta norgehiagokak zuzentzen du eta handiak txikia zapaltzen du beti. Euskaldunok daukaguna, gurea dena, zaindu beharko genuke, jendeak ez baitu beti behar bezala gure lana baloratzen.

Arropa dendetan soilik saltzen duzu?
Erosle finkoak baditut, baina horrez gain, artisau azoketara ere joaten naiz. Bertan jendearekin harreman zuzena duzu eta nahiko arrakastatsua izaten da. Ondarrun egiten den Euskal Herriko kamiseta azokara ere urtero joan izan naiz eta lau urtez lehen saria irabazi dut. Honek aurrera jarraitzen laguntzen du, indarra eta animoa ematen baitit. Dendak oso beteta daude, beti dute arropa piloa eta saltzea ez da batere erraza izaten. Denetatik izaten da dendetan eta horregatik ekoizpen berriak egitea ere pentsatu izan dut behin baino gehiagotan. Ekoizpen berria egiteak ordea, lan asko dakar eta bakarrik aritzen naizenez, ezin naiteke guztia egitera iritsi. Tartalo marka komertziala bilakatzeko apustua arriskutsua da eta jende gehiago eta dirua beharko nuke. Ez dut hala ere, ezezko borobilik esango, baina aukera hori izango banu zerbait egingo nuke, beti ere, aukera heltzen bada. Oraingoz Euskal Herrian nabil eta pozik nago. Jateko adina ateratzen dut eta orain ez dut gehiago espero.

Euskal diseinatzaileen artean loturarik badela esango al zenuke zuk?
Ez dut uste loturarik dutenik, azken finean, marrazkiak norbanakoak eginak dira


Azkenak
1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Irakasle baten jazarpena eta ukituak
EHUk baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela

EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]


Tabakoaren kea irensten duten haurrek erretzaile aktiboen antzeko arrastoak dituzte DNAn

Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.


2025-02-12 | Hala Bedi
Maren Lazpiur (Ikasle Abertzaleak): “Gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionario horretan, unibertsitatea ez da salbu gelditzen”

Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]


Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada

"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]


2025-02-12 | Euskal Irratiak
Marieniako lurren aldeko militanteen epaiketa, irailaren 9ra gibelatua

Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]


Adimen artifizialean 200.000 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du Europak

Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


2025-02-12 | Iñaki Barcena
Aroztegiaren silogismoa

Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.

Tesia: Baztango... [+]


Antzinako hegaztien gidaliburua

Poloniar ikerlari talde batek Sevillako Italica aztarnategiko Txorien Etxea aztertu du, eta eraikinaren zoruko mosaikoak erromatar garaiko hegazti-bilduma xeheena dela ondorioztatu du. 

Txorien etxean 33 hegazti daude mosaikoetan xehetasun handiz irudikatuta. Beste... [+]


Despremu deprimituaren ondarea

Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]


2025-02-12 | Edu Zelaieta Anta
Gainbabesaren desbabesa

Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben... [+]


Harreman publiko-komunitario-kooperatiboak eraikitzeaz

Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]


Eguneraketa berriak daude