ACB-K 45 LANGILE GEHIAGOREKIN BERE EKOIZPENA BIKOIZTUKO DU


2021eko uztailaren 20an
Egun hauetan betetzen dira ehun urte gaur egun desagertuak diren Bizkaiko Labe Garaiak sortu zirenetik. 1902. urteko otsailean jaio ziren hain zuzen ere. Inori ez zitzaion burutik pasatzen orduan enpresa izugarri hura, geroago Hego Euskal Herrira eta Estatuko beste lekuetara ere zabalduko zena, eta Europan ere adarrak izan zituena, desager zitekeenik. Europako Batasunako arazo ekonomikoen eta Espainiako Estatuko arazo politikoen bateratzeak Labe Garaien desegitea ekarri zuen, PSOEren gobernuaren garaian egin zen burdingintzaren birmoldaketa basatiaren ondorioz. Era berean, inori ez zitzaion bururatu, ekoizpen sistema berri baten alde eginez, aldaketa izugarria zetorrela laster.

Birmoldaketa gogor haren ondoren, Labe Garaiak egon ziren lurren parte txiki batean ezarri zen haien ondorengo izango zena, Bizkaiko Altzairutegi Trinkoa, ACB. Enpresa berria zen, 1987an Labe Garaietan ziharduten 8.000 langiletatik 330 baino gorde ez zituena. Baldintza teknologiko berrien eraginez, ezin sinetsizko moduan hazi zen langile bakoitzeko ekoizpena. Aski da 1987an Labe Garaien langile kopurua 8.000koa zela gogoratzea, eta berotan egindako 1,4 tona banda ekoizten zituztela; gaur egun, ACB berriarekin eta 330 laguneko talde txikiarekin, 1,050 milioi tona baino gehiago ekoizten dira jada. Bilakaera hori, berez ikusgarria izanik ere, are ikusgarriagoa izango da 2003. urtean, instalazioen zabalkundea, hasia dagoeneko, bukatu eta lanean hastean.

INSTALAZIO BERRIAK GEHIAGO EKOIZTEKO.

Hala, Barakaldon, gaur egungo euskal altzairutegiaren lurretan eraikitzen hasi diren instalazio berriei esker, 45 langile gehiagorekin, ez besterik, 2000. urteko ekoizpena, 1,050 milioi tonakoa, 330 langilerekin lortua, 1,8 milioi tonakoa izatera igaroko da, 375 langilerekin. Horrek esan nahi du ACBren aurreneko ekoizpena (860.000 tonakoa), duela urte batzuk hasi zenekoa, bikoiztu baino gehiago ere egingo dela. Argi dago instalazio berri hauek sortuko duten ekoizpen/langile ratioaren hazkunde handia. Dudarik ez dago hainbesteko aldaketa ez zitzaiola inori bururatu ere egingo altzairutegi berria ibiltzen hasi zenean.
Izan ere, ACBk ekoizpen linea berri bat sortzea erabaki du, bigarrena, eta horretarako hiru enpresari esleitu zaizkio obrak, SMS, LOI eta Ingelectric-i. Enpresa horiek, bestalde, inguruko enpresak eta lantegiak azpikontratatuko dituzte. 90,15 milioi eurokoa da zabalkunde proiektuarentzat aurrez ikusten den inbertsioa. Kopuru horren %70 azpikontratazioetarako erabiliko da.
ACBren ahalmena handiagotzeko lanak bi alditan egingo dira. Aurrenekoan gaur egungo 1. labea, 145 tonakoa, berriztatuko da. Berriztapen hau bere kideko 2. labean antzeko berritze lanak burutu ondoren egingo da, ganga eta estalki batez hornitu eta galdaragintzako beste lan batzuk egingo dira. Bigarren aldian, ijezketako zazpigarren kaxa muntatzeko eta ezartzeko lanak egingo dira, eta bobinatzeko makina berri bat ere ezarriko da, aurreneko banda 2002ko lehen lauhilekoan bilduko duena.
Bigarren ekoizpen linea hau lanean hasten denean, ACB ia 601 milioi euro fakturatzera irits daiteke, eta era horretan 2000. urteko fakturazioa, 240,40 milioi eurokoa izan zena, bikoiztuko du. Eta fakturazio bikoitz hori, ekoizpenaren bikoizteari ere badagokiona, langile taldea 45 lagunetan bakarrik gehituz lortuko litzakete. Erabateko aldaketa da beraz.

ACB, BURDINGINTZAREN ARO BERRIA.

ACB sortu zenean, ziklo historiko bat itxi zen eta burdingintzaren aro berri bat abiatu zen Euskal Herrian. Atzean geratu ziren, suntsiturik, Labe Garaietako instalazio historikoak, eta atzera geratu ziren halaber milaka langile, aurrez jubilaturik, eta milaka familia; haien seme-alabek ezin pentsatu zuten jadanik beren gurasoen lana jarraitzerik, euskal burdinola beraren Aprendiz Eskola jada desagertu ondoren. Labe Garaietako milaka enplegatutatik, 330 langile bakarrik ari dira gaur lanean ACB berrian, 2003. urtean beste 45 langile gehiago izango dira.
ACB aurrenekoa da Europan bere ezaugarriak dituztenen artean. 360,01 milioi euroko inbertsioa behar izan zuen, eta 1996ko uztailean inauguratu zen, bere lehen lehendakari gaur egun erretiratuta dagoen Javier Perez Agote izan zen. ACB berri honek sei aurrekari ditu, lau Estatu Batuetan, bat Mexikon eta beste bat Korean.
ACBk fabrikazio sistema berritzaile bat erabiltzen du, C.S.P. (Compact Strip Production) deritzana. Prozedura horri esker ekoizpen ahalmena eta energia kontsumoa hobe daitezke, eta asko murrizten dira eraldaketa gastuak. Azkenean, ACBk bobina beroak ekoizten ditu. Bobina horren ezaugarriak honakoak dira: 790tik 1.560 milimetrorako banda zabalera dute 1,5tik 12,7 milimetrorako gutxieneko loditasuna dute, eta 28 tonako gehieneko pisua. Bere lehen ekitaldi osoan, 1997an, 600.000 tona ekoitzi zituen ACBk, 168,20 bat milioi euro fakturatu zituen eta lortu zituen irabaziak 12,02 milioi eurokoak izan ziren.
Hasieran, 18 ekonomia eta finantza talde ziren ACBko akziodunak, eta horien artean Corporación Siderurgica, Socade, Gonvarri, BBK, BBV, Urquijo Bankua, BCH, BEX eta Nafarroako Aurrezki Kutxa zeuden. Gaur egun, hasierako akziodun askoren partaidetzak erosiz joan da Aceralia, eta elkartearen %70 inguru kontrolatzen du. Parte bat burtsara atera du. Euskal erakunde batzuk akziodunen artean jarraitzen dute ordea: BBK, Socade eta Nafarroako Kutxa.
Aceralia, talde horretakoa baita ACB, aldizkari honetan adierazi zen bezala, Usinor eta Arbed-ekin bateratzeko prozesuan dago joan den urteko urriaz geroztik, eta halaxe sortu da munduko lehen siderurgia taldea, guztira 110.000 langile izango dituena. Erraldoi berri honek urtean 46 milioi tona ekoitziko ditu, salmentak 30.041 milioi euro ingurukoak izango dira (5 bilioi pezeta), eta Luxenburgon izango du egoitza.

ACB Bilboko ezkerraldean edukitzeaz gainera, beste hamairu lantegi dauzka Aceraliak Euskal Herrian, eta langileak guztira 5.300 dira. Bizkaian, Etxebarrin (latorri ijezketa eta galbanizatzea) eta Basaurin (Laminados Velasco, banaketa) ditu lantegiak. Gipuzkoan beste bost lantegi dauzka: Zumarragan (barrak eta alanbre trefilatua), Azpeitian (eraikuntzako biribila), Zestoako Lasao auzoan (sarea), Olaberrian (eraikuntzako habeak) eta Bergaran (profil txikiak). Araban beste bi lantegi dauzka: Gasteizen (Galycas SA, trefilaketa) eta Agurainen (Laminados Velasco, banaketa). Lapurdin, lantegi bat dago Baionan, eta, azkenik, Nafarroan, beste lau lantegi dauzka, Bera (Zelain), Lesaka, Legasa eta Berriozarren

Euskal burdingintzak Espainiako sektore honen %45 ekoizten du
Euskal burdingintzak sektore honen %45 ekoizten du Espainiako Estatuan, 1999 eta 2000ko azken ekitaldietako datuek agertzen dutenez. Ildo horri berorri jarraitu zion 2001. urtean. Era horretan, Espainiako Estatuan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, 2001eko lehen lauhilekoan %6,2 hazi zen altzairuaren ekoizpena. Fabrikazio garbia altzairu gordineko 5,617 milioi tonaraino igo zen urtarrilaren eta apirilaren artean, eta 1999. urteko hilabete beretan berriz, 5,290 milioi tona burdinurtu ziren, Burdinaren eta Altzairuaren Nazioarteko Institutuak eskainitako datuen arabera. Burdingintzako euskal enpresek altzairuaren ekoizpenaren kuota %45ean mantendu zuten, 2,530 milioi tona baino gehixeago ekoitzi baitzuten, hodi enpresetako altzairutegien jarduera ere kontuan hartuta.

Unesiden (Burdingintzako enpresen elkartea) datuen arabera, Espainiako Estatuko altzairu ekoizpena, 2000. urtean, 15,844 milioi tonara heldu zen, hau da, aurreko ekitaldiarekin konparatuta %6,5 hazi zen. Euskal altzairutegiek izan zuten parte hartzea ere -Baionako Marcial Ucin taldeko lantegia kontuan harturik-, ekoizpenaren osotasunean, %45koa izan zen, eta azken ekoizpena 7,100 tonakoa izan zen. Gogoratu beharra dago euskal altzairugile nagusiak, eta ekoizpenaren arabera ordenaturik, hauek direla: ACB (Aceralia), Aristrain (Aceralia), Marcial Ucin taldea, Nervacero (CELSA), Sidenor, GSB (lehengo Afora eta beste batzuk), Aiosa (Roda), Tubos Reunidos eta Tubacex. Aurreneko hirurei dagokienez, tona milioia gainditzen du jada bakoitzak, hurrengo biak milioitik hurbil dabiltza, eta gainerakoek ez dituzte 400.000 tonak gainditzen.
Inportazioak (9,343 milioi tona) %1,6 hazi ziren, eta esportazioak berriz %13,1 (6,115 milioi tona). Inportazioen kostua 413,18 milioi eurokoa izan zen, eta esportazioena berriz 377,02 milioi eurora heldu zen.
Espainiako Estatuko burdingintzaren sektorearen fakturazioa %20 hazi zen, prezioak hobetu egin baitziren, eta 7.500 milioi euro erdiestera heldu zen (1,5 bilioi pezeta). Enpresek egin zituzten inbertsioak 48,36 milioi euro ingurukoak izan ziren, eta 1999an baino %30,4 murritzagoak, haiek errekorra izan baitziren. Enpleguak sektore honetan ez zuen aldaketa handirik izan 2000. urtean: 402 lanpostu gehitu ziren, ez gehiago, eta, hortaz, 2000. urtearen amaieran, Espainiako Estatuko burdingintzako langileak 22.400 lagun ziren, sektore honetako azken birmoldaketen aurretik lanean ziharduten 60.000 lagunetatik oso urruti dagoen kopurua


Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Osasunbideak erizain lanpostu bat kendu du Erronkariko bailaran

Amparo Viñualesek, Erronkariko alkateak, salatu du Erronkariko, Burgiko, Gardeko eta Bidankozeko kontsultategiek arreta txikitu beharko dutenez prebentzioan eragingo duela.


Ernaik Berriozarren egingo du Gazte Topagunea, apirilaren 17tik 20ra

Berriozarren (Nafarroa) egingo da Gazteon eskutik lelopean, antolakundearen ustez gero eta gazte gehiagok egiten dutelako bat independentziaren aldeko borrokarekin. Topagunea "ekimen soil bat" baino gehiago dela aldarrikatu dute: "Euskal Herriko txoko... [+]


Eguneraketa berriak daude