MUNDURA EGIN DU JAUZI «BERTOKO» GARAGARDOAK


2021eko uztailaren 12an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Gezurra ematen badu ere, egia da. Bertoko Gar, eskulangintzazko garagardoa, Arratiako ibarreko herri txiki batean, Barazarko gainean, Zeanurin, egiten dena, urritik, Ameriketako Estatu Batuetara esportatzen da, eta abian dago dagoeneko Australia, Txile eta Ukrainara esportatzeko proiektua. Lehenago, ekainean, zabalkunde planari ekin zitzaionean, garagardoaren tradizio bizi-bizia duten bi herrialdeetara, Errusiara eta Letoniara, eraman zen Bertoko Gar.
Bertoko Garrek Barazarko gainean, Zeanurin, du lantegia eta duela gutxi sortu bada ere, badauzka bi produktu merkatuan: Bertoko Sue eta Bertoko Leizuri. Lehena "kobre kolorekoa da, azidotasun eskasekoa, leuna da aho-sabaian eta edalontzian irauten duen aparra du", ekoizleek deskribatzen duten moduan. Bigarrena, Bertoko Leizuri, "oso garagardo freskagarria da, hartzidura handikoa, urre kolore bizi eta distiratsukoa. Aurrenekoari "xigortua" esaten diote, eta bigarrenari "horaila". Joan den maiatzean ekoiztetxe honek Eusko Jaurlaritzaren Elika berme zigilua eskuratu zuen, eta garagardoaren ekoizpen prozesua guztiz naturala dela bermatzen du agiri honek.
SEATTLEKO DASTALDITIK ESPORTAZIORA. Seattleko hirian egin zen dastaldi batean Bertoko garagardoak izan zuen arrakastaren ondorioz, hartu zen Arratiako ibarrean ekoizten den garagardo hau Ameriketako Estatu Batuetako hainbat hiritara esportatzeko erabakia. Izan ere, oso gogo onez hartu zen produktu hau berez garagardo hiria den leku honetan. Era horretan, Bertokoko arduradunek, joan den ekainean zabalkunde plan bat egin zutelarik, eskulangintzazko beste euskal produktuen egileek ere parte hartzen duten talde batean sartzea deliberatu zuten, eta era horretan AEBtako hainbat hiritara esportatu beren garagardoa. Bi garagardoen, horailaren eta beltzaranaren 30.000 litro esportatu dituzte, beste hirien artean, New York, Washington, Idaho eta Kaliforniara. Ez da ahaztu behar hiri hauetan guztietan dagoela halaber euskal diasporaren parte handi bat.
Garagardoa Estatu Batuetara esportatzen hasi aurretik, Bertokoko arduradunek, uda baino lehen, garagardoa esportatu zuten Letoniara eta Errusiara. Esportatzen zuten lehen aldia zen, eta batean zein bestean oso harrera ona izan du euskal garagardo honek, Bertoko enpresaren arduradunen arabera. Era berean, balitekeela beren produktuak Australiara, Txilera eta Ukrainara esportatzea iragarri dute. Esportazioa dela-eta, alabaina, Barazarreko ekoizleek ez dituzte ahaztu ez euskal barne merkatua ez ingurukoa. Duela bi urte baino gehiago sortu zen enpresa, eta ordutik hona ekoizpenaren %85etik gora Bizkaian merkaturatu da. Enpresako kudeatzaile eta zabalkunde plagintzaren arduradun den Juan Izetak adierazi du banaketa bideak ugaltzea dela enpresaren beste helburu garrantzitsuenetako bat, eta orobat Euskal Herri osoko merkaturatzea berdintzea eta bateratzea.
Inguruko eremuak ere ez dituzte ahaztu. Zentzu honetan, gaur egungo banaketa sarea Madril eta Kantabria aldera hedatzea da zabalkunde plangintzaren beste helburu pisuzko bat, eta orobat penintsularen hegoalderantz eta Frantziako Estatura zabaltzea, badira-eta bertan euskaldun talde garrantzitsuak.
Bizkaian ekoizten den garagardo honen iraungitzearen ikuspegitik, enpresaren arduradunek diotenez, garagardoaren bizitza luzatzea lortu dute, horretarako fabrikazioaren prozesu naturala aldatu gabe ordea. Hala bada, sei hilabeteko epea du euskal garagardo honek. Garagardo lantegiak, hala diote euskal ekoizleek, aldez aurretik hautaturiko garagar malten hartzidura kontrolatua erabiltzen du. Pasteurizaziorik gabe eta gehigarririk gabe botilaratzen da likidoa, eta hotzaren katea hautsi gabe kontserbatzen da; era horretan iraungitze epea mugatzen da.
Bertoko Garrek laboratorio berri bat ipini du duela gutxi bere enpresan, eta Susana Etxeberria kimikaria da laboratorio horren arduraduna. Laboratorio honetan egiten ari diren ikerketei esker, bertako arduranek diotenez, garagardo horailaren gustua hobetu ahal izan da, Leizurirena, eta freskoagoa, distiratsuagoa eta horailagoa da orain. Garagardoaren euskal etxe hau produktu berrien sorreran ari da une honetan lanean, eta apirilerako ISO 9002 agiria lortzea espero du.
HEINEKEN, MERKATUKO LIDERRA ESPAINIAKO ESTATUAN. Bertoko Gar euskal enpresa oso urruti dago oraindik Espainiako Estatuko garagardoaren ekoizle handienetatik, nahiz eta bere lekuaren bila dabilen 2000. urtean guztira 26.413.557 hektolitro garagardo egin zituzten ekoizleen artean. Horregatik, komenigarria da sektore honek gaur egun duen egoeraren berri izatea, testuinguru egokian kokatu nahi bada.
Heineken holandar taldea ezin eztabaidatuzko liderra da Espainiako Estatuko garagardoaren merkatuan, Aguila eta Cruzcampo marken bitartez. Bost fabrikazio gune ditu, Nafarroan horietako bat, Madril, Valentzia, Jaen eta Sevillan daudenez gainera. 2000. urtean guztira 10.386.235 hektolitro ekoitzi zituen, hau da, aurreko urtean, 1999an baino %0,2 gutxiago. Merkatuko kuotari dagokionez, %39,3koa da. Urte horretan, guztira 739 milioi pezeta fakturatu zituen. Mundu osoan, bigarren ekoizlea da, 97,7 milioi hektolitrorekin. 110 fabrika dauzka berrogeita hamar bat herrialdetan, eta 170 herrialdetan merkaturatzen ditu bere produktuak. 2000. urtean, mundu osoan, 8.100 milioi euro fakturatu zituen, eta 621 milioi euroko irabaziak izan zituen.
Holandar talde hau Aguila enpresaren bitartez ailegatu zen Espainiako Estatura, 331 milioi euroko inbertsioa eginez. Geroago, 1999. urtean, Cruzcamporen %88 erosi zuen, 871 milioi euro ordainduz. Espainiako Gobernuak erosketa hori egiteko baimena eman bazuen ere, Madrileko eta Valentziako bi lantegi uztera behartu zuen, monopoliozko egoerak saihesteko. Horregatik, gaur egun, langileen berregituratze eta egokitze prozesuan dago.
Holandar talde honek akzio eskaintza publiko bat kaleratu du enpresaren %100eko jabetza lortzeko, bertako bazkide batzuk, gutxi izanik ere, enpresaren %15,2ren jabe baitira, eta eskuak libre eduki nahi ditu Espainiako Estatuan izan dezakeen etorkizuna nolakoa izango den erabakitzeko.
Ondoko koadroan ikus daitekeen bezala, hauek dira Espainiako Estatuan Heinekenen ondoren datozen garagardo talde nagusiak, 2000. urteko datuen arabera: Mahou-San Miguel Taldea, %33,4ko merkatuko kuota duena; Damm Taldea, %16,6ko merkatuko kuota duena; Cia Cervecera de Canarias SA, %3,8ko merkatuko kuota duena; Cervecera Alhambra Taldea, %2,6ko kuota duena; Hijos de Rivera SA, %2,6ko kuota duena; La Zaragozana SA, %1,5eko kuota duena; eta Coors Brewing Iberica SA, %0,3ko kuota duena

Garagardoaren ondorio osasuntsuak
Sinestezina dirudien arren, duela sei mila urte jadanik edaten zen garagardoa. Horren lekukotasuna ematen dute hainbat arkeologia aurkikuntzak. Garagardoari buruz jaso diren lekukotasunen artean, "Hammurabiren Kodea" delakoan ageri dena aipatu behar da, edari honen prezioan iruzur egiten zuena zigortzen zuen Sumeriako araua. Gaur egun, gibeleko arazoak dituztenek edota hiatuko hernia edo ultzera gastroduodenala dutenek bakarrik dute galarazia.

Milaka urteko historia duen arren, duela gutxi hasi dira egiten garagardoaren ondorio osasuntsuei buruzko azterketa zientifikoak. Edari diuretikoa da, eta kalorien ekarpena ez du handia. Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak egin duen ikerlan batean ageri denez, garagardoaren alkohol eduki txikiari esker, onuragarria da gorputzarentzat neurrizko kontsumoa; bestalde, elikadura ezaugarriak garagardoaren osagaiekin daude lotuak: garagarra, legamia eta lupulua.
Ehun gramo garagardok 43 kilokaloria dauzka, gutxiago beraz kolazko freskagarri batek baino, eta B saileko bitamina garrantzitsu guztiak dauzka bere baitan, A, D eta E bitaminak izateaz gainera. Era berean, zuntz disolbagarria du garagardoak, kopuru aski handian, eta azido folikoa dago osagarri dituen eta organismoari eransten dizkion bitamina eta mineral esentzialen artean. Bitamina hau funtsezkoa da zelulen bizitzarako, anemiari aurrea hartzen dio eta homozisteina, bihotzerako arrisku faktorea dena, gutxiagotzen du, Rosario Hellín doktoreak zuzentzen duen Garagardoa eta Osasuna informazio zentroaren azterlan batek dioenez. Garagardoaren alkohol edukiari dagokionez, eta osasunean izan ditzakeen ondorio kaltegarriez, honela diote azterlan horretan elikaduran doktore diren Rosa Ortega eta Ana Requejok: "… kontsumo neurrizkoa, ez bakarrik onargarria, defendagarria ere izan daiteke". Laburtuz: gaixotasun koronarioen arriskua txikiagoa da alkohola zuhurtasunez kontsumitzen dutenen artean (eguneko edari alkoholiko batetik hirura), batere edaten ez dutenen artean baino.

Garagardoak gizentzen duelako topikoa dela-eta, esan behar da 33 zentilitro edateak 156 kilokaloriako ekarpena egiten duela, eta horren herena besterik ez du alkoholik gabeko garagardoak. Alegia, garagardoa, zuhurtasunez kontsumitzen bada (eta, bereziki, alkoholik gabea), ezin da loditasunarekin lotu, eta oraingoz ez da agertu baieztapen hori ukatzen duen azterlanik


Azkenak
5.000 ‘erlezain’ lortzeko kanpaina nazionala abiatu du Herri Urratsek

Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.


8 urteko ume bati biluzik argazkiak egiteagatik ikertzen ari dira gizon bat Ortuellan

Gizonak ustez Ortuellako Jendea futbol taldean zuen posizioa baliatu zuen umeari argazkiak egiteko. Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta aurretik antzerako salaketak zituela jaso dute.


2025-03-03 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Karbonoa ez da neutroa

Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]


PKK-k su-etena deklaratu du, buruzagiaren agindua onartuta

Abdullah Öcalan buruzagiak PKKri otsailaren 27an eskatu zion armak uzteko. Taldeak egin duen adierazpenean babes osoa agertu dio buruzagiari eta Öcalanek eskatutakoa betetzeko konpromisoa adierazi du.


Istilu handiak Grezian, 57 lagun hil ziren tren istripuaren bigarren urteurrenean

Poliziaren eta manifestarien arteko talkek atxilotu eta zauritu ugari utzi dituzte ostiralean herrialdeko hiri nagusietan. Herritarrek gertatukoaren erantzuleak zigortzea eskatu diote gobernuari, ez baita oraindik istripuaren inguruko epaiketarik ireki. Greba orokorra deitu... [+]


Frantziak eta Erresuma Batuak Ukrainarako su-eten plan bat aurkeztuko diete AEBei, Trump Zelenskiri oldartu ostean Etxe Zurian

Hala iragarri du Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Londresen eginiko goi bileran. Etxe Zurian Trumpek Zelenskiren aurka egin ostean, izandako eztabaidaren aurrean, Europako buruzagiek babesa adierazi diote Ukrainako presidenteari.


Elizako sexu abusuen biktimei kalte-ordaina emango die Iruñeko Artzapezpikutzak, “laster”

Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.


Nafarroako armarri historikoaren erabilera debekatu du Castejoneko alkateak

Karbankulu pomelatua "garai batean gure bizilagun Francisco Casanova hil zutenen ideiak babesten dituztenek erabilitako ikurra" dela, adierazi du  Noelia Guerra UPNko Castejoneko alkateak, eta sinbolo "ez ofizialak" udalaren espazioetan erabiltzea... [+]


Larhunen dabilen otsoaren presentziaren “ondorio larriak” salatu ditu ELB sindikatuak

Mendizale batek asteburuan ikusi du animalia Lapurdiko Azkaine herrian, eta otsoa dela baieztatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. ELB lurraldean "harraparien presentziaren kontra" agertu da.


Pagolarren gainean eolikoak jartzearen aurkako aldarria, plazara

Elkarretaratzea egin zuen Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak atzo Laudioko Lamuza plazan, Mugagabe Trail Lasterketaren testuinguruan. 


2025-03-03 | Ahotsa.info
Iruinkokoa, Iruñeko iñauteri euskaldunen bersignifikazioaren aurka

Martxoaren 2an igandea Iruinkokoak berriz ere Iruñeko karrikak hartu ditu.


Erabat doan izango da Hondarribian euskara ikastea

EH Bilduk sustatuta, Hondarribiako udalak euskara sustatzeko diru-laguntzetan aldaketak egin eta laguntza-lerro berri bat sortu du. Horri esker, erabat doakoak izango dira euskalduntze ikastaroak, besteak beste.


Martxoak 3tik 49 urte
“1976ko Gasteizko greben mugimendua eskola politikoa izan zen”

Martxoak 3ko sarraskiaren 49. urteurrena beteko da astelehenean. Grebetan eta asanblada irekietan oinarritutako hilabetetako borroka gero eta eraginkorragoa zenez, odoletan itotzea erabaki zuten garaiko botereek, Trantsizioaren hastapenetan. Martxoak 3 elkartea orduan... [+]


Memoria bala bat da buruan

1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]


Eguneraketa berriak daude