Dolarea eta egitura, etxea eta tresna. Dena bat da Igartubeiti baserrian. Beranduxeago egindako eranskin batzuk baditu ere, XVI. mendeko baserria da, gotiko estilokoa. Garai hartakoa da dolarea ere. Bere egituran oinarrituta, bere indarrez egiten da sagardoa. Dolare sistema hau geure begiz, oso-osorik ikus dezakegun bakarra da Euskal Herrian. Garai hartako baserrietako dolareak suak erre zituelako edota denborarekin baserriaren barneko espazioa eraldatu egin zutelako desagertu egin dira. Gipuzkoako Ezkio-Itsaso herrian dago Igartubeiti, Ormaiztegi eta Zumarraga arteko errepide nagusitik Ezkiora bidean, kilometro batera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen 1993an. Geroztik, zahar-berritze lanak egiten aritu dira Alberto Santana historialari deustuarra buru dela. Iazko azaroan baserriko ateak ireki zituzten lau haizetara, dagoeneko museo bihurtuta. K6 Kultur Gestiorako Enpresak kudeatzen du baserria. Ordubete hutsez bada ere, bertara hurbiltzen denak euskaldunon arbasoen bizimodua arnastu, usaindu dezake.
Baserria piezaz pieza askatu, egurra garbitu, tratatu eta berriro eraiki dute baserria. Askatu zutenean, indusketak egin zituzten lurrean eta Erdi Aroko etxola baten aztarnak aurkitu zituzten. Bizilekuak mila urte baino gehiago izan ditzakeenaren ustea dago, beraz.
Alberto Santana historialaria eta UNEDeko irakaslea da. Lan ugari egin du Euskal Herriko baserrien arkitektura eta dolareak aztertzen. Honi lotutako argitalpen ugari ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik Bertan bildumaren barruan "Baserria" izeneko tomoa argitara eman zuen 1993an. Bere azken lana "Euskal Herriko Baserriaren Arkitektura" izenburupean argia ikusi duen hiru tomoko liburu sorta da. Beste hiru lagunekin batera idatzi ditu liburukiak: Donostiako Arkitektura Fakultateko Juan Angel Larrañaga, Alberto Loinaz eta Alberto Zulueta irakasleekin. Berak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Sailak eta mendez mende bertatik pasa diren bizilagunek egindako ahaleginari esker, gaur zutik eta sendo ikus dezakegu Igartubeiti.
Den dena egurrezkoa.
1530ean eraiki zuten baserria. Egitura osoa egurrezkoa da, haritzezkoa hain zuzen, XVI. mendean halaxe egiten baitziren baserriak Euskal Herrian. 250 haritz handi behar izan zituzten baserria jasotzeko. Honekin batera egin zuten sagardoa estutzeko tresna ere. Garai hartan, dozenatik gora kidez osatutako familiak logela bakarrean elkarrekin lo egiten zuen. Logela hau ikuiluaren ondoan zegoen eta bertako ganaduak botatzen zuen hats beroarekin egiten zioten aurre neguko gau hotz krudelari.
XVII. mendean beste zati batzuk erantsi zizkioten. Ordurarte baserri asko suak erre zituen, egurrez egindakoak zirelako. Arrazoi honexegatik harria erabiliko zuten geroago. Eraiki zutenetik ehun urte pasa ziren etxean lehenengo eraldaketak egin zituzten arte. 1630ean baserria handitu egin zuten lau aldeetatik, bere jatorrizko egitura errespetatuz. Garai hartakoa da zurezko aurrealdea ere. Artoa lehortzen uzteko erabiltzen zuten. XVII. mendean harria erabili zuten lehenengo aldiz hormak egiteko, eta bide batez, hiru logela ere egin zituzten.
Ezagutzen diren lehenengo bizilagunak Pedro de Igartua eta Pedro Iñiguez de Igartua dira, Urretxu herria sortu zutenak. Denbora luzea egin zuten Igartuatarrek bertan. 1630ean, bertako azken oinordekoa, Katalina de Igartua auzoko mutil batekin ezkondu zen, Domingo Arregirekin, alegia. Honek ekarritako diruarekin egin zituzten etxea zabaltzeko lanak.
Bi mende osoz egon ziren Arregitarrak baserrian, azken oinordeko gisa berriro emakume bat geratu zen arte. 1920an Frantziska Arregik Juan Ignacio Mendiguren ekarri zuen auzotik etxera. Hauek izan dira baserrian gure garaietaraino bizi izan direnak. 1944an Frantziska Bereziartu eta Jose Mendiguren ezkondu ziren eta bertan jaio ziren euskal literaturgintzan eta itzulpengintzan hain ezagunak diren Iñaki eta Xabier Mendiguren Bereziartu. Euren haurtzaroko oroitzapenek, bihurrikeriek barne, Igartubeitin dute bere sustraia.
Baserriaren definizioa.
XV. mendearen bukaeran koka dezakegu baserriaren sorrera. Erdi Aroan bizilekutzat zituzten etxola haien ordezko gisa arkitektura eredu moderno bat gailendu zen, baserria, alegia. Garai hartako baldintza sozial, ekonomiko eta teknologiko berrien erantzun gisa sortu ziren. Euskal Herriko baserririk zaharrenak bostehun urte baino ez ditu, beraz.
Baserriaren berezitasunak arakatzen hasiz gero, ia denek izen propioa dutela ohartuko gara. Gehienetan topografiaren, landarediaren eta geologiaren inguruko alderdiak adierazi ohi ditu izenak.
Gipuzkoar erako baserria.
"Euskal baserriaren arkitektura" liburuan baserrien deskribapen, definizio eta tipologia ezberdinak erakusten dizkigute Alberto Santanak eta bere lankideek. Baserrien arkitektura, baserrien bizkarrezurra erakusteaz gain, barneko zatiak eta zati bakoitzaren funtzioak zehazten dituzte. Eurek egindako lana ezinbestekoa izan da baserriari buruzko datu hauek idazteko.
Gipuzkoar erako baserri guztiak dolareari lotuta egin zituzten XVI. mendean. Baserri hauen sorreran etxea eta makina lotuta zihoazen, unitate bakarra osatzen zuten. Dolareko pilare eta ardatz bertikalek, eta luzekako habe handiak baldintzatu egin zuten espazioaren aprobetxamendua, eta oro har, eraikinaren egitura. Honen ondorioz, baserriaren goiko solairuko espazioa zatitzea ez zen posible, eta gainera, mandioa eta ataripea sortzea ere zaildu egiten zuen. Tipologia honen barnean koka daiteke Ezkio-Itsasoko Igartubeiti.
Gipuzkoatik kanpo, beste probintzietan ere egin zituzten tipologia bereko dolare baserriak. Lapurdin eta Nafarroako ipar-ekialdean aurki ditzakegu tarteka dolarea zuten baserrien aztarnak. Araban, Aramaioko haranean ere bakarren bat bada. Bizkaian, berriz, Ibaizabal ibaiaren haranean topa ditzakegu, Zornotza ingurura arte. Baita Orozkoko eta Zeberioko inguruetan ere.
Igartubeitiren erraietan.
Sarrera nagusia zeharkatu bezain pronto, gure aiton-amonek behin baino gehiagotan sutondoan kontatu izan dizkiguten istorioen leku batean sartzen da bisitaria, denboraren makinak mendeetan atzera eraman balu bezala. Sartu eta berehala, parez pare ikuilua dago. Begirada eskuinaldera bideratuz gero, dolarearen zurezko torlojoa ikus dezakegu, harritzar baten gainean pausatuta. Norabide berean, pixka bat haratago sukaldea dago. Bertan mahaia eta pertz handi bat, bere laratz eta guzti. Sukaldearen ondoan XVII. mendean egindako logelak, banakakoak. Handik XVI. mendean familia osoak elkarrekin lo egiten zuen logela bakarra. Hortik ikuilura dago pasabidea.
Ate nagusitik eskailera batzuk hartuz gero, goiko solairura hel gaitezke. Hantxe dago dolarearen zatirik ikusgarri eta pisutsuena, bederatzi metro eta erdiko luzera duen palanka horma, alegia. Honi baserriaren beste atal batzuk gaineratu behar zaizkio.
Dolarea eta upategia.
Dolare izenez ezagutzen da sagar patsa estutzeko tresna. Sagar puskak dolareko askan beratzen edukitzen dira ordu batzuetan. XVI. eta XVII. mendearen lehen erdialdeko baserrietan, baserri gotikoetan, dolareak baserriaren ia bi solairuak hartzen zituen. Tresneria honek garai bateko erromatarren dolareetan zuen oinarria. Dolareak libre uzten zituen txokoetan bizi ziren baserrikoak.
Ia 12 metroko luzera zuen zeharkako habe lodi bat zuten. Habe hau, dolare haga, alegia, baserria eusten zuten dolare habeen gainean zegoen: bi dolare habe (edo pilare) erdialdean eta beste bi izkin batean. Dolare haga honen beste muturrean 8 metroko ardatza -zurezko torlojoa- zegoen; beheko solairuraino iristen zen eta harritzar baten gainean kokatuta zegoen. Normalean sukalde nagusiko edo atalondoko lurzoruan finkatuta egon ohi zen. Torlojo hau bigarren solairuraino heltzen zen. Behealdetik eskuz eragiten zitzaion torlojoari, biraderaren bidez bere ardatzean biratuz. Torlojoari birak emanez, beraz, dolare haga mugiarazten zuten, jaitsi edo igo, momentuko beharraren arabera. Zeharkako dolare haga honek egurrezko egiturarengan presioa egiten zuen, eta aldiberean honek patsarengan. Habe handi honek jaisterakoan, bere pisuaz sagarra estutu egiten zuen. Altxagarriak ipintzen zizkioten goian dolare hagari eusteko. Gero, dolare haga hori bere pisuarengatik jaisten zen, patsarengan presioa eginez. Pixkanaka altxagarriak kenduz zihoazen. Hortik ateratako muztioa dolare askaren zulo batetik beheko solairuko upategiko ontzi batera jaisten zen, tinara, alegia. Upategia baserriaren albo batean egon ohi zen, erabilera horretarako prestatutako sotoan, hain zuzen.
Sagar aska egurrezkoa izan ohi zen. Sagardoa egiteko garaian bakarrik edukitzen zuten estutzeko erabiltzen zuten egurrezko egitura. Gero, urtean zehar, kendu egiten zuten eta aska hori aprobetxatzen zuten beste gauza batzuk gordetzeko. Sagardoa egin aurretik irakindako ura botatzen zen askara. Horrela, egurra hazi egiten zen eta zirrikituak itxi egiten ziren.
Sagarrak oso-osorik jartzen ziren askan. Pisoiarekin txikitzen ziren eta gero, erdialdera eramaten ziren sagar puska horiek. Hala, taula gainean jarri eta dolare hagaren pisuarekin sagar puskak estutu egiten ziren.
3.500 kilo sagar txikitzeko gaitasuna du dolare honek. 2.000 litro pasatxo sagardo ateratzen da hortik. Baserriko bizilagunek egunean litro bat sagardo edaten zutela uste da.
Aspalditik egiten zuten euskaldunek sagardoa baserriko habeetan oinarrituta, 1394ko Debako Udal Ordenantza honek adierazten duen bezalaxe: "Otrosi hordenamos que cualquier persona que cortare árboles (...) para alguna ni algunas cosas salvo para maste e verga e quilla para narros e vigas de lagar". Urnietako Aierdi eta Lizartzako Etxeaundi dira esate baterako garai honetako dolaretxeak. Sagarra txikitzetik muztioa ateratzen den arte burutzen den ekintzari joaldia deitzen zaio. Joaldi bakoitzean zazpi tonako indarra egin eta hiru tona sagar txikitzen zirela uste da. Joaldi batek astebete irauten zuen. Gaur egun, oso-osorik ikus daitekeen horrelako tresna bakarra Igartubeitikoa da.
Donostiako Iribar baserrian 1908 arte egin zuten sagardoa dolare sistema honekin. Hango nagusia orain dela bi urte hil zen. Hark hil arteraino gogoan izan zuen sagardoa egiten zuteneko unea. Berak dioenez, "baserria negar egiten hasten zen". Baserriaren egitura guztia dantzan jartzen omen zen dolarea funzionamenduan hasten zenean. Baserritik ihes egiten omen zuen Iribarko nagusiak.
Sagardoa, eguneroko edari.
Garai bateko euskaldunek eguneroko edaria zuten sagardoa. Igartubeitin ere halaxe zen. Horren erakusle garbia da bertako baserriaren egitura, dolare egitura alegia. Urtean behin egiten zuten sagardoa. Urte osorako edaria izaten zen. Astebete ematen zuten sagardoa egiten. Beraz, astebete horretan urte osoko edaria jokoan zegoen. Etxekoen arreta eta indar guztiak eskatzen zituen sagardoa egiteak. Litekeena da sagardoa egiten ari ziren egun haietan dolarearen inguruan lo egin izana.