EL PAIS VASCO Y LA AUTODETER-MINACION
Luis Sanzo
EREIN239 orrialde
15,03 euro
EUSKAL HERRIA ETA AUTODETERMINAZIOA
Luis Sanzok Erein argitaletxearen bidez kaleratu duen saiakera da "El Pueblo Vasco y la Autodeterminación". Bertan, bere garaian EEko partaide, eta egun, inongo alderdirekin loturarik ez izan arren, sozialismo europarrarekin lerratzen den gizon hau Euskal Herriak jasaten duen bortxa egoerari irtenbide errealista eta bidezkoa eskaintzen saiatzen da. Horretarako, euskal alderdi abertzale guztiek burujabetasunaren inguruan dauzkaten ikuspuntuak ohartasunez begiratu eta gero, planteamendu hauei Espainiako konstituzioak zein nazioarteko zuzenbideak ezartzen dizkien mugak azpimarratzen ditu, SESB eta Yugoslavia ohiko federazioen banaketa, edota Belgika, Irlanda eta Quebeceko prozesuak aztertuz. Arazoari konponbidea bilatzeko, euskal alderdi abertzaleen eta Espainiaren arteko elkarrizketaren alde agertzen da Luis Sanzo. Hala ere, bere iritziz, elkarrizketa hori gertatzeko indarkeria bertan behera utzi beharko litzateke, eta hasieran, negoziaketaren oinarria ez litzateke autodeterminazio eskubidea izango, Konstituzio espaniarra aldatzeko erakunde autonomikoek legitimitate demokratikoan martxan jarritako ahalegina baizik.
BITARTEAN HELDU ESKUTIK
Kirmen Uribe
SUSA100 orrialde
9,02 euro
KIRMEN URIBEREN LEHEN POEMA BILDUMA
Kirmen Uriberen lehen poema bilduma da Susa argitaletxearen eskutik plazaratu duen "Bitartean heldu eskutik", non jaiotzetik heriotzaraino doan pasartean gizon-emakumeok aurkitzen ditugun une gozagarri eta ilunetan jartzen duen bere arreta, maitasun keinu bat eskatuz, denok dugulako barruan uhola dakarren ibai estali bat, ez badira beldurrak, damuak dira, ez badira zalantzak, ezinak. Unerik zoriontsuenak ere etorkizun tristeago baten iragarpena izan dezakeelako, gerizondo baten ihartzeak maite zuenaren heriotza gogora ekar dakiokeelako, bonbardaketak hasteak supermerkatuan sortu ez duen zalaparta bi magrebiar agertze hutsarekin piztu daitekeelako, gerrako haurren gurasoek, etsiturik, nahiago izan dezaketelako beren umeak auto-istripu batean galtzea eguneroko bonbek urratzen duten hirian baino...
FILOSOFIA APAINGELAN
Donatien Sade
TXALAPARTA305 orrialde
13,22 euro
SADE, SEXU HEZIKETA BURGESA HANKAZ GORA JARRIZ
Bego Montorio eta Juan Martin Elexpuruk euskaratua izan da Txalaparta argiteletxeak plazaratu duen "Filosofia apaingelan", Sadeko markesak 1795ean kaleratu zuen liburua. Eta bere bizitzako hainbeste urte espetxeraturik igaro behar izan zituen Donatien Sade libertinoaren irudimenak buruturiko sexu fantasia mugagabea da, bertan agertzen diren pertsonaiak, emakumezkoak edo gizonezkoak izan, lizuntasun osoz masturbatu egiten dira, bakarka zein batak besteari, eta elkarri miaztu, zupatu, txortan egin, sodomizatu egiten diote, inongo traba moralik gabe. Izan ere, Luis Elberdinek idatzitako hitzaurre argigarriak agerian uzten duen bezala, Sadeko markesak liburu probokatzaile hau idatzi zuenean, bere garaiko gizartea eskandalizatzea eta orduko sexu heziketa burgesa hankaz gora jartzea baitzuen helburu.
BASQUE
Xabi Otero
EUSKO JAURLARITZA164 orrialde
30,05 euro
XABI OTERO ETA EGUNGO EUSKAL HERRIA
Xabi Otero argazkilari ospetsuaren lan bikainaz horniturik agertzen den liburu eder honek, gaur egungo Euskal Herria munduari aurkeztea du xedetzat. Sustraietako lehiakortasuna, bioaniztasuna, nortasuna, habitata, azpiegiturak, formakuntza, produkzioa, kultura eta aisia gai dauzkaten testuak, euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez emanak daude, beti ere Xabi Oteroren argazki liluragarriak lagun dituztela. "Basque", Eusko Jaurlaritzak argitaratua izan da, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak idatzitako lana darama hitzaurre gisa. Dena den, Euskal Herriaren zazpi lurraldeetaz dihardu, hau da, eurosiberiar kontinentearen gune epelean, Ozeano Atlantikoaren magalean, Bizkaiko golkoan, Pirineoen mendebaleko bazterraren bi aldeetan kokaturik dagoen euskal zonalde osoaren errealitatea agertzen du.
KARRAMARRO UHARTEA. BALEAREKIN KANTUAN
Batzuen artean
TTARTTALO
34 orrialde
4,15 euro
KARRAMARRO UHARTEAN, BALEAREKIN KANTUAN
Dimitri kapitaina eta bere lagun piraten abenturak liburuan eta bideoan lor daitezke orain, Ttarttalo argitaletxea eta Irusoinen bidez. Duela hilabete batzuk Goya saria eskuratu zuen "Karramarro Uhartea" filmaren asmatzaile berberek idatzi eta marraztu dituzte, hots, Inazio Mugika Iraolak, Joxean Muñoz Otaegik eta Jose Angel Lopetegik. "Balearekin kantuan" aipatu bilduma horretako lehen ipuina da. Hemen hasten dira Dimitri kapitaina, Ton-Ton, Folder, loroa, Akeita, Sam katua... eta Walker gaiztoaren gorabeherak, itsas txakur batek izotz arteko uretara eramaten dituenean, euskaldunen altxor baten bila. Dimitri kapitaina pirata ausarta dugu, odol beroa, festa zalea, gaiztoei beti gailentzen zaiena baina bihotz onekoa. Akats bakar bat du gizonak, kantari traketsa izatea, eta makina bat buruhauste ekarriko dio horrek.
OSASUNAZ
Batzuen artean
EUSKO IKASKUNTZA263 orrialde
13,82 euro
EUSKO IKASKUNTZAREN "OSASUNAZ, 4"
Eusko Ikaskuntzak plazaratutako "Osasunaz. Cuadernos de Ciencias Médicas, 4" aldizkariak, hasteko, duela ez asko galtzea egokitu zitzaion German Tamayo Salaberria bazkidea oroitzen du. Horrez gain, Osasuna eta Gizartea jardunaldietan aurkeztu ziren bi txosten plazaratzen ditu: "Doping, kirola eta osasuna, Ignacio Maria Ibarrola bazkideari omenaldia" izenburua duena, eta "Drogazaletasunaren arazoa gizartean". Bestalde, honako bost lan hauek ere aztertuak izan dira bere orrialdeetan: "Gasteizko hilkortasuna", "Giza haziaren emankortasunean zerikusirik duten faktoreak", "Opiazeoen menpekotasunaren eragina metabolismo opioide endogenoan", "Klonazioaren eta zelula-kultiboen alderdi etiko eta juridikoak" eta "Egungo medikuntza-praktikan mintzairak daukan garrantzia".
XIX. SALBATORE MITXELENA
LITERATUR LEHIAKETA. 2000KO SARIA
Batzuen artean
ZARAUZKO UDALA186 orrialde
XIX. SALBATORE MITXELENA LITERATUR SARIAK
Zarauzko Udalak, bertako haur eta gazteengan idazteko eta irakurtzeko zaletasuna bultzatu asmoz, antolatutako 2.000. urteko Salbatore Mitxelena literatur lehiaketan saridun gertatu ziren ipuin eta olerkiak kaleratu ditu liburu honetan. Hau da, "Kaioa", "Ipurdi automatikoa", "Arkatz", "Patxi gezurtia", "Nire lagun gantxoa", "Beltx", "Nerearen letagina", "Leireren lepokoa", "Hiritik mendira", "Itzaleko baserria", "Baserria", "Tximista", "Pali eta Poxpo", "Oporretako ezustea", "Bakardadearen indarra", "Gure auto zaharra", "Nire kalea", "Sentimendu eza", "Kaixo laztana", "Egun berean...", "Gibraltargo itsasartea", "Bizitza melodia bat", "Hipokresia", "Ai zahartzaro!", "Ion-en ahalmen ezkutua", "Ba ote etorkizunik?", "Agur mundu krudel", "Otso gauak", "Egunak argitu zain" eta "Veneziako estazioan, zain".