«ANTZERKIA DESAGERTUKO BALITZ EZ LITZATEKE GREBARIK EGINGO»


2021eko uztailaren 20an
Urtean zehar eginiko lana saritzeko iazko urrian eman zioten Arriola saria ilusio handiz jaso zuen Julio Perugorriak, "batez ere itzalean lan egiten dugunok gutxitan jasotzen ditugulako halako txaloak". Durangoko bulegoko ateak zabaldu dizkigu eta, bertan, esperientziak ematen duen lasaitasun eta segurantziaz batzuetan gazi eta bestetan gozo zaion lanbideaz mintzatu zaigu.

Zerk sortzen dizu buruhauste gehiago antzez produktu bat ekoizteak ala banatzeak?
Antzerkigintzaren edozein arlotan jardutea da zaila gaur egun. Nire iritziz, oso gutxi aurreratu da azken urteotan. Nahiz eta teorian antzoki gehiago dauden eta askoz ere ikuskizun gehiago programatzen den, oraindik ere aurrera egiteak buruhauste handiak sortzen ditu. Niri dagokidanez, banaketa da gustuen egiten dudan lana. Euskal Herrian oso jende gutxik egiten du lan soilik banaketan eta, hortaz, bidea xamurragoa da. Nik mugitzen ditudan konpainiak jada ezagunak izateak ere asko errazten dit egin beharrekoa.

Zergatik diozu orokorrean gutxi aurreratu dela?
Maila artistikoan asko aurreratu badugu ere emanaldiak egiteko zirkuituetan ez dugu ia pausorik eman. Gaur egun ekoizten diren muntaien kopurua eskaintzen diren emanaldi kopurua baino askoz ere altuagoa da. Antzoki askok urtean zortzi funtzio baino ez dituzte antolatzen. Nire ustez gakoa aurrekontuetan dago; izan ere, antzez produktuen ekoizpen kostua etengabe gora doan bitartean antzerkiari zuzendutako aurrekontuak Kontsumo Prezioen Indizearen arabera igotzen dira. Hori dela-eta, euskal antzokiek ez dute izaten gustuko dituzten antzezlanak kontratatzeko behar besteko aurrekonturik.

Sarea-ren (Hego Euskal Herriko antzoki sarea) sorrerak ez al du arazo hau konpontzeko bidean jarri?
Ez. Oraingoz Sarea zerrenda bat besterik ez da. Inork ez dizu bermatzen estreinaldia egin osteko bi hilabetetan hogei emanaldi egin ahal izango dituzunik. Sarea ez da gai izan birarik antolatzeko. Dudarik gabe halako sare batek diru laguntza publikoa jaso duten proiektuak bultzatu beharko lituzke lehendabizi. Gaur egun, ordea, lehenengo programatzaileek ikusi behar izaten dute antzezlana eta orduan, agian, estreinaldia eta hiruzpalau hilabetera egingo duzu lehen emanaldia. Nik, enpresari gisa, kanpoko taldeekin birak antolatu ditut Euskal Herrian, eta ziurtatzen dizut hamabost egunetan hamabi emanaldi antola daitezkeela. Sarean, nahi izanez gero, birak ekimen pribatuak baino errazago antolatzeko aukera dute. Horrek ikuskizunen banaketari mesede handia egingo lioke.

Zein da zure ustez antzerkiaren lekua gaurko gizartean?
Garbi dago egun antzerkia ez dela jendearentzat lehen mailako behar bat. Ikuslegoa zabaltzeak lan handia ematen du, orokorrean oso jende gutxi joaten baita antzerkia ikustera. Hedabideek ere ez diote antzerkiari ia tarterik eskaintzen. Estreinaldietan aktore ezagunek parte hartzen duten lanetan izaten dute soilik interesa komunikabideek. Antzerkia bera ez da gaur egun protagonista. Antzerkia desagertuko balitz, herri honetako antzoki guztiak itxi eta ez balira emankizun gehiago egingo, ez litzateke greba orokorrik ez eta manifestaziorik antolatuko. Futbola desagertuz gero, ordea, ziur nago protestaldi izugarriak antolatuko liratekeela.

Zein da, hortaz, gaur egun antzerkiaren funtzioa?
Antzerkiaren helburua ikuslea kilikatzea da, hunkitzea. Ikuskizunaren arabera, gainera, mezuak, ideiak eta bizitza filosofiak plazaratzeko funtzioa eduki dezake. Antzerkiak egungo gizartean betebehar oso garrantzitsua du. Gizakien arteko komunikazioa gero eta urriagoa den garai honetan gizabanakoa indibidualista eta lehiakorra bilakatzen ari da. Gauzak ugari eta azkar kontsumitzen dira, eta beraz, ia ez dugu betarik izaten parez pare dugunaren proposamena jasotzeko. Batetik, garrantzitsua da jendeari lantzean behin barruak nahastea, sentsazio berriak proposatzea. Bestetik, ikuslea arrazoi ezberdinengatik joaten da antzerkira, baina, finean, taldean sentitzeko edo gogoeta egiteko biltzen da. Beraz, ekitaldi sozial bat ere bada antzerkia oraindik ere.

Lehengo antzezlanak oraingoak baino kritikoagoak al ziren?
Ez dut uste. Egia da, ordea, euskal antzerkiak azken urteotan sekulako egitura aldaketa jasan duela. Euskal Herrian azken hogei urteotan urrats handiak eman dira, antzerkia profesionalizatu egin baita. Lan esparruak bereizi egin dira eta bakoitza horietako batean espezializatu gara. Antzinako talde egitura ia desagertzear dago. Nire ustez aldaketa honi esker antzerkiko jendea gero eta jakitunagoa da eta, honenbestez, gero eta lan txukunagoa egiten da. Garapen honen ondorioz antzerkia egiten duten subjektuekin batera antzez hizkuntza ere aldatu egin da. Hala ere, gaur egungo euskal antzerkia eduki eta mezu asko duen antzerkia dela deritzot.

Publikoari gustuko duena ematea da jomuga?
Nik ez dut uste publikoarengan pentsatuz egiten direnik gaurko ikuskizunak. Publikoak eskaintzen zaiona nahi izaten du. Kontatzen ari zarena sinestea, ahal den hoberen egitea eta komunikatzeko grina edukitzea da funtsezkoena. Nire ustez horiek dira gaur egun hemen egiten den antzerkiaren ezaugarriak. Benetan dirua irabazi nahi izango bagenu Imanol Arias, Juan Echanove eta Ana Obregón kontratatuko genituzke egoera-komedia bat egiteko. Madrilen, esaterako, formula hori erabiltzen dute antzerki komertziala egiteko. Euskal Herrian halakorik egin duen inor ez dut ezagutzen.

Askotan suertatu al zaizu egitasmo bat garestiegia izateagatik alboratu behar izatea?
Bai, tamalez diruari begira gabiltza gehienetan. Banaketari dagokionean antzokiek aurrekontu eskasa izaten dutelako. Ekoizpenetan, berriz, Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzen arabera jokatzen dugu gehienetan. Edozein ekoizpenetan jartzen dute konpainiek dirua euren poltsikotik, baina gauza da arriskatzen duzun horrek errealitatearekin bat egin behar duela. Tanttakaren «Errudun Jaioak», adibidez, ohiko ikuskizunak baino askoz ere garestiagoa da, bertan parte hartzen duen aktore kopurua izugarria delako. Horregatik ohiko muntaiek bospasei aktore baino gehiago ez dute izaten. Oso ondo kalkulatu beharra dago zer nolako muntaia egingo duzun, zein lekutan erakutsiko duzun eta abar.

Ezinbestekoa da, orduan, diru publikoa antzerkiak biziraun dezan...
Guztiz. Antzerkia administrazioak ordaintzen du, guztiok kontratatzen gaitu. Administrazioarekiko dependentzia erabatekoa da eta horrexegatik aldaketa politiko batek antzerkiaren egoera goitik behera alda dezake, beste arlo askotan bezala. Nire ustez, gainera, beste formularik aurkitu ezean "ama administrazioak" urte luzeetan jarraituko du antzerkiari titia ematen.

Diru laguntza horren beharrak bultzatzen al ditu talde asko euskarazko bertsioa egitera?
Baita zera ere. Gaur egun euskarazko bertsioak muntatzen badira konpainiek egiten duten esfortzuari esker da. Denbora laburrean administrazioak ez badu ezer egiten konpainiek ezingo diote euskarazko bertsioak dakarren kostuari aurre egin. Bi arazo daude batez ere: batetik gaztelerazko ikuskizunak besterik hautatzen ez dituzten programatzaile mordoa dago, gaztelerazko emanaldietara ikusle gehiago joaten denaren aitzakian. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak bertsio bikoitza egiteagatik ematen dituen diru laguntzak irrigarriak dira. Bertsio bikoitza egiteak lan bikoitza dakar gehienetan: publizitate bikoitza, entsegu bikoitza, askotan aktore ezberdinak kontratatu beharra, itzulpena egitea... eta gehienez sei mila euroko diru laguntza, ematen dizute. Egoera ez bada aldatzen, euskarazko bertsioa ez egitearen hautua har dezakete zenbait konpainiek.

Badira sei urte antzerki munduko zenbait enpresa ekoizlek Eskena sortu zenutela, funtzionala al da?
Bai. Nire ustez elkarte gisa oso erabilgarria da. Gainera elkartea bide batez Espainiar Estatu mailan federatua dagoenez, Europako Enpresa Ekoizleen Federazioan ere bagaude. Antzerki ekoizpenean badira hainbat arazo Espainian eta Europan ere komunak direnak, eta beraz, arazoei errazago egin diezaiekegu aurre. Eskenari esker, hainbat erabaki guneetan egoteko aukera dugu, eta horrela lanbidea hobetu. Adibidez Euskal Aktoreen Batasunak aktoreen lan baldintzak hobetzeko akordio bat sinatzeko proposamena luzatu digu. Eskenako batzorde berezi bat gai hori lantzen ari da orain akordio bat sinatzeari garrantzitsua dela deritzogulako. Orain, beraz, aukerak aztertzen gabiltza.

Antzerki ekoizpenaren eta banaketaren bidea erraztuko al da datozen urteetan?
Hala espero dut. Dena den, lanbideak horrela jarraituz gero, haztea ezinezkoa izango dugula iritzi diot. Nire aburuz, ekoizpenerako baino banaketarako behar du diru laguntza antzerkiak. Izan ere, 120.202 euroko aurrekontua izanda ere, non kontratatuko zaituzte emanaldia egiteko? Ditxosozko sare hori benetan erabilgarri bilakatzea litzateke hoberena, eta udalei antzerkia, musika edo dantza kontratatzeko aurrekontua handitzea. Gauza da gaur egun programazioa jatetxeetan menua bezala aukeratzen dela: lehenengo prezioari begiratuta.
Ekoizpena eta banaketa errazteko beste bide bat ere honakoa litzateke: pabiloi handi bat eraikitzea, honetan antzerki ekoizpenerako beharrezkoak diren hainbat zerbitzu eta material jartzeko. Bertan fokuak, kamioiak, tailerrak... egongo lirateke bazkide diren guztien artean erabili ahal izateko. Horrela guztiok ditugun gastuak murriztuko genituzke eta profesionalek ere aukera gehiago izango lituzkete lan egiteko

Urrats berria
J.P Producciones 1992an sortu zen eta ekoizle bakar gisa antzezlan bat estreinatu berri du lehenengoz: Samuel Becketten «Los días felices», hain zuzen ere. Fernando Bernuesen zuzendaritzapean, Ana Lucía Billate eta Fernando Mikelajauregi aktoreek existentziaren hutsalkeria azaltzen duen obraren moldaketa eszenaratu dute. Orain arteko ekoizpenak beste ekoizpen etxeekin koprodukzioan gauzatu ditu.

Denboraldi honetan euskal talde hauen lanak banatuko ditu J.P Produccionesek: Tanttakaren «Novecento, ozeanoko pianista», «Errudun jaioak» eta «Hor dago koxka»; Tentazioaren «Ez da hain erraza» eta «Anarkista baten ustekabeko heriotza»; Markeliñeren «Underground»; Tal para Cualen «Tal para cual» eta Gorakadaren «Aitonaren kontuak»


Azkenak
Baztango aroztegiko zazpi auzipetuek dei egin dute otsailaren 1eko manifestaziora joateko

“Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak egin izana” egozten diete Espainiako fiskaltzak eta obraren enpresa arduradunak. Zehazki, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi herritar horientzat.


2025-01-21 | Julene Flamarique
2024. urtean biolentziak “areagotu” direla ondorioztatu du Talaia Feministak

Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]


50 urte Potasaseko grebatik

Gaur, urtarrilak 21, gure oraintsuko historiaren efemeride interesgarri bat gogora ekartzeko eta hari buruz hausnartzeko eguna dugu. 50 urte bete dira Potasas de Navarra enpresako 47 langilek itxialdia amaitu zutenetik. Hamabost egun iraun zuen itxialdi horrek eta greba orokorra... [+]


Industria militarraren konbertsioa, behar etikoa

Duela aste pare bat Norvegiako zenbait datu plazaratu ziren. Ipar Europako herrialde hartan auto elektrikoak nagusitu dira, eta Tesla marka dute salduena; energia birziklagarriaz sortutakoa omen da han kontsumitzen denaren %90. Aldiz, Norvegiako enpresa publikoek ez dute inolako... [+]


Oibarko ikastetxe publikoak D eredua izango du

Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.


2025-01-21 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Joe Biden eta Marcus Garvey: barkamenak barkatzailea itsusten duenean

Bere agintaldiaren azken egunetan Joe Biden AEBetako presidenteak egikaritu duen barkamen-zaparrada historikoak zeresanik eman behar luke, halakoen onuradun ezagunenetako batzuen kasuan behintzat ezinbestez egin beharko litzatekeen irakurketagatik. Edo ez al da justiziaren... [+]


2025-01-21 | Hala Bedi
Ekaitz Samaniego (All In Da Haus): “Hemen irabazle bakarrak preso politikoak dira”

Joan dira All In Da Hauseko hiru final aurrekoak. Oñati, Gernika eta Hendaiako Gaztetxeetaraino iritsi da freestyle txapelketaren bederatzigarren edizioa. Orain arte egindako bide honen balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek, "Euskal Herriko txoko hauetan,... [+]


Moriartitarrek ere badute Urrezko Danborra

Aitor Arregik, Jon Garañok, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak osatzen dute ekoiztetxe donostiarra, eta euren lana aitortu nahi izan du Donostiako Udalak.


Umeek debekatuta dute Debako liburutegian egotea, denboraren zati handienean

6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]


Depresioarekin lotutako hainbat gene identifikatu dira lehenengoz, mundu osoko populazioetan

Dibertsitate genetikoaren ikuspegitik inoizko metaanalisi zabalena egin dute, depresioaren arriskuarekin lotutako geneak identifikatzeko. Horri esker, aurrez ezagutzen ez zituzten 700 aldaera eta 300 gene inguru aurkitu dituzte.


Larrialdi egoera Mexikorekin mugan: migratzaileen aurkako ehiza abiatu du Trumpek

"Ameriketako Estatu Batuen gainbehera aldia amaitu da", esanez abiatu du kargu hartze ekitaldiko diskurtsoa Donald Trumpek. Besteak beste, trans eta pertsona ez-bitarren eskubideak deuseztatuko dituela promestu du, baita energia berriztagarrien aldeko politikekin... [+]


2025-01-20 | ARGIA
Otegi buru, “belaunaldi berri batek” hartuko du EH Bilduren gidaritza

EH Bilduk astelehen honetan abian ipini du mahai politikoa berritzeko barne prozesua. Zuzendaritzak zerrenda proposatu du. Arnaldo Otegik buruzagi izaten segituko du.


Eguneraketa berriak daude