Mikel Hernández Abaituak plazaratu duen azken nobela dugu "Ohe bat ozeanoaren erdian". ETAk mehatxatu duen unibertsitateko irakasle bat dauka protagonistatzat. Gizon honek Euskal Herria utzi eta Bolognako unibertsitatean lan egitera joatea erabakitzen du, eta nobelan zehar kontatzen zaiguna, hiri italiarrera egiten duen bidaia fisikoaz gainera, horretarako dauzkan arrazoien inguruan bidaiariak egiten dituen gogoetak dira. Protagonistak errepaso bat ematen dio bere bizitzari, eta bere familiaren historiari, aitonak egin ez zuen ihesaldia burutzen ari den bitartean. Berak ihes egiten du, ETAz aspertuta dagoelako, eta Gerra Zibilari buruzko istorioez, eta praktika faxistez, eta edozein egunetan lagunen bat hil dezaketela pentsatzeaz, bera ere hil dezaketela pentsatzeaz. Eta hori guztia utzi nahiko luke atzean. Izan ere, faxistek fusilatu zuten bere aitona eta horren eragina ez du sekula erabat gainditu, ez bere familia abertzaleak, ez berak ere. Dena dela, bada bere ihesean, egoera politikoaz aparteko arrazoi garrantzitsu bat, bere buruari ere garbi aitortzera ausartzen ez dena: maitasun harremanetan izan dituen bi porrot gogoangarriren arrazoi samina.
Jadanik irakurtzen hasi diren sei-zazpi urteko neska-mutikoei zuzendurik dago "Mintzo naiz isilik...", Juan Kruz Igerabidek Elkarlanean argitaletxearen eskutik kaleratu duen igarkizun liburu polita. Bertan agertzen diren marrazki koloretsuak, berriz, Lorena Martínez Oronozek eginak dira. 150 inguru igarkizun bildu ditu Juan Kruz Igerabidek "Mintzo naiz isilik..."en sartzeko. Igarkizun horiek, gaien arabera sailkaturik daude: zerukoak izan daitezke, edota janariak, tresnak, animaliak, jantziak ezkutatu. Badira, gainera, igarkizun filosofikoagoak ere, haurrei pentsaraztea bilatzen dutenak. Eta kontrapuntu gisa, ipuin tibetar bat dago, zazpi ataletan banatua. Atal bakoitzak hiru jarraipen ditu, eta zuzena zein den asmatu behar da. Liburuaren bukaeran datoz erantzunak, baina jolas moduan asmatu behar dira hauek ere.
TXOMIN PEILLENEN INTRIGAZKO NOBELA
Diasporako semea da Txomin Peillen, eta erbesteko pertsonaia asko agertzen da bere nobeletan. "Alarguntsa beltza"ko protagonista ere horrelakoxea dugu, Ceaucescuren diktaduratik Parisera ihesean datorren errumaniarra. Behin ustezko askatasunaren lurraldean, ordea, norbait bere kotxe aurretik axolagabe pasa eta ezustean harrapatzen duenean, ohartuko da, justizia eza ez dela Errumaniako arazoa bakarrik, Frantzia askean ere badela horrelakorik. Baina erbesteratu gizarajoaren arazoak ez dira hor bukatuko. Izan ere, istripuaren ondorio tamalgarriak alarguntsa beltza ezagutzera eramango du, emakume aztoragarri eta erakargarria, elkar ezagutza horrek amesgaizto batean murgilduko duelarik. Intrigazko nobela hau, duela hamabost bat urte idatzi zuen Txomin Peillenek, eta garai hartan, antikomunistatzat joa izan omen zen.
MIKELA LOTSATIA DA
Mercé Aránega
IBAIZABAL 32 orrialde
4,51 euro
MIKELA IGELAREN ABENTURAK, JADA EUSKARATUTA
Mercé Aránegaren irudimenetik sortuak dira Mikela igela txiki pertxentaren abenturak, eta baita ipuina edertzen duten koloretako marrazkiak ere. Patxi Zubizarretak euskaratu duen "Mikela lotsatia", bi urtetik hasi eta sei urte bitarteko neska-mutikoei zuzendurik dagoen bilduma zabalago baten lehen atala baino ez da. Mikela izeneko igel txiki hori azkarra da, baina lotsati samarra ere bai, eta jakina, horrek baditu bere desabantailak. Adibidez, abestea izugarri gustatzen zaio gure igeltxoari, baina hain lotsatia denez, ez du inork bere kantua entzuterik nahi, eta ezkutatu egiten da bere gelan, krokrokro aritzeko. Gauza da, berak hori uste ez izan arren, etxekoek ederki entzuten dutela kanta eta kanta, eta kokoteraino dauzkala kantu etengabe harekin. Eta halako batean, Mikelaren amak zelaira bidaliko du kantatzera.
ESKLABOTZA-REN HISTORIA Basandere Taldea
GAIAK
313 orrialde
15,03 euro
ESKLABOTZA, GIZARTE ASKOREN FUNTSEZKO PIEZA
Basandere Taldeak "Esklabotzaren historia" liburua kaleratu du, Eduardo Arrayet, Ramon Iriondo eta Alizia Stürtze mintegikide dituelarik. Lan honetan aztertzen diren gaien artean, besteak beste, honako hauek daude: esklabotza zergatik sortu zen, Grezian zein Erroman emandako esklabotza mota, Afrika Mendebaldeko esklaboen salerosketa, Mendebaldeko Indietako esklabotza, kotoia eta Ipar Amerikan gertatutako esklabotza, Britainia Handiko abolizioaren aldeko mugimendua, Ameriketako Estatu Batuak deiturikoan sortu zen abolizioaren aldeko mugimendua, sexismoa eta emakumezko esklaboen bizipen gogorrak, beltzak sezesio gerran, jabe ohien eta esklabo ohien arteko harreman zailak, esklaboen salerosketa arabiarren esku, "Arazo beltza" AEBetan eta esklabotza gaur egun.
GAZTE IDEALISTAK
Gorka Torre
GATUZAIN218 orrialde
9,92 euro
LAPURDIKO GAZTE BATEN BILAKAERA NOBELATUA
Gaztea dugu Gorka Torre, eta gaztea da ere Gatuzain argitaletxearen bidez plazaratzen digun bere opera priman agertzen duen protagonista, Arixo, 1970eko hamarkadan sortutako donibandarra. Eta hain zuzen ere, Arixoren bilakaera da Gorka Torrek "Gazte idealistak" nobelan kontatzen duena, haurtzaroko bihurrikerietatik hasita. Poliki-poliki joango gara ezagutzen Arixoren etxeko giroa, ikastolako une ederrak, nerabezaroan bizitzen dituen abenturak, unibertsitatera joaten denekoa, bertan egiten dituzten grebak, zenbait ikasleren jokaeratik sumatzen dituenak, jende helduarekin egiten dituen harremanak, bizitzea egokitzen zaizkion maitasun istorio gazi-gozoak, kontzientzia abertzalea nola pizten zaion, politikan hezitzeko beharra, irakasle fin batekin dauzkan elkarrizketa filosofikoak, eta nonbaiten militatzeko daukan beharra.
JOXE LIZASO. NIRE ALDIKO KRONIKA
Joxe Mari Iriondo
AUSPOA
419 orrialde
18,03 euro
JOXE LIZASOREN NONDIK NORAKOAK ETA BERTSOAK
Joxe Mari Iriondok Auspoa argitaletxerako osatu duen liburu honen mamia, Joxe Lizasoren bizitzan zehar gertaturiko bizipoz eta ezbeharren kronika bat da. Joxe Lizasoren ehunka bertso biltzeaz gainera, bere etxean behin ere bertsorik kantatzen ez omen duen bertsolari honen gaztetako kontuak, nola kalean aurkitu zituen propaganda paper batzuengatik Donostiako Ondarretako gartzelan denboralditxo bat giltzaperatua pasa behar izan zuen, eta abar jasorik daude bertan. Hala nola, Txapel, Basarri, Uztapide, Zepai, Xalbador, Mattin, Arozamena, Lazkao Txiki, Lazkano, Gorrotxategi, Lopategi eta beste ezagutu zituen moduak, eta beraiekin bizi izan zituen gorabeherak. Adibidez, Manuel Lasarte osasunez larri zebilela-eta, Lizasok hura hizpide hartu zuenean, Uztapidek nola jarraitu zion, bertso batean negarrez amaitzeraino.