argia.eus
INPRIMATU
«Elkarrizketa zorrotzak egiten saiatu naiz»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Nola sortu zitzaizun horrelako nobela bat idazteko ideia?
Hammet, Chandler eta horrelakoak irakurtzen hasi nintzenean, hau da, nobela beltza klasikoa, neure buruari halako erronka bat bota nion: nik halako ezaugarri beltzak zituen nobela bat idatziko nuen euskaraz, eta Euskal Herrian gertatzen zena.

Eta zeintzuk dira «Sei lore»ren ezaugarriak?
Nobela beltz edo poliziako batenak. Bizia da, estilo arinekoa, elkarrizketa askorekin (zorrotzak egiten saiatu naiz; badakit horretan estatubatuarrak direla maisu, guk ez dugula hainbesterainoko ohiturarik horrelako elkarrizketa zorrotzak egiten, baina saiatu egin naiz behintzat). Nolanahi ere, nobela zuzena da, nahiz argumentua pixka bat korapilotsua izan, genero beltzak eskatzen duen bezala, nire ustez. Bilbon gertatzen da, nobelari sinesgarritasuna emateko ezin baitzitekeen Euskal Herriko beste hiririk izan.

Baina hasi, Afganistanen hasten da...
Kasualitate hutsez, eh! Azkenengo gatazka hau hasi baino dezente lehenago idatzi nuen! Baina bai, arkeologo batzuek formula oso garrantzitsu bat topatzen dute Afaganistanen, eta taliban eta tadjiken arteko gataztak direla-eta handik ihes egin behar izaten dutenez, formula zati bana banatzen dute denen artean, Bilbon formula berrosatzeko asmoarekin. Eta hori egitera doazenean sortzen dira nobelaren ardatz diren hilketak, lapurretak eta abarrak.

Pertsonaia asko ditu. Zein duzu gustukoen?
Detektibea! Oso gustura gelditu naiz detektibe horrekin. Beharbada beste nobela batean ere erabili egingo dut, uste dut jarraipena merezi duela. Izaera konplexua du. Samurra da, eta era berean harroa ere bai, krudela eta joko zikina gustatzen zaiona.

.
Hau izan da idatzi dudan helduentzako lehengo nobela.
Orain arte gazteentzako idatzi izan dut, misteriozko nobelak eta abenturazkoak. Generohau batzuei gustatzen zaie eta beste batzuei, berriz, ez zaie askorik gustatzen. Nik uste dut liburua hartuz gero irakurlea aspertu ez dela egingo, horretaz behintzat seguru nago.