Bertsolari Txapelketaren atzean elkarte bat dago. «Beste proiektu bat gehiago» da Txapelketa Bertsozale Elkartearentzat, gizarteari begira ekitaldi hori den arren ohiartzun handiena duena.
Kontsentsua
da Elkartearen filosofia bereizten duena. Aurreko Txapelketa bukatu orduko, gogoeta bat antolatu zuen Elkarteak Orion. Bertsolariak, epaileak, gai jartzaileak eta antolatzaileak bildu ziren bertan, eta denen artean eztabaidatu eta arautu zuten aurtengo Txapelketa. Zer ariketa jarriko ziren, zenbat ordezkari izango zituen herrialde bakoitzak... dena adostu zen. Aurten bertsolariek txapelketa antolatzen parte hartu dute, beraz.
Egina bildu.
Txapelketako bertsorik onenak, uneko keinuak, tentsioa... eternalak izan daitezen, Elkarteak bideo bat, liburua eta 2 CD aterako ditu. Bideoa abenduaren 22rako egongo da kalean, eta finaleko 90 minutu intentsoenak bilduko ditu. Liburua, berriz, 2 CDk lagunduko dute. Txapelketa osoko bertso antologikoenak enbasatzeaz gain, lehen aldiz saio denen kronika, azterketa eta iritziekin ornituko ditu.
Egina zabaldu.
Elkarteak darabilen asmo nagusietako bat da egindakoa gizarte osora zabaltzea. Erdal komunitatearekin topo egitean bertsolaritzak muga handi bat jotzen du. Erdaldun batek «Zer da bertsolaritza?» galdetzean, leize bat zabaltzen zaio edonori. Hain oinarrizkoa da galdera, hain nabarmena, ez dela beti asmatzen nola erantzun. Txapelketa erdal komunitatera zabaltzeko aukera oso ona da, gizartean duen oihartzunagatik. Aurten, esaterako, Cadena SER eta Radio 3 irrati kate espainiarretan elkarrizketatu dute Bertsozale Elkartea. Erdaldunak euskararen putzura inguratu eta egarritzeko tentagarria da bertsolaritza.
Mundu mailako zubia eraikitzeko, berriz, lau liburu kaleratuko ditu Elkarteak. Euskaraz, ingelesez, frantsesez, eta gazteleraz, bertsolaritza azalduko dute, ikuspegi ezberdinetatik: Zer da bertsolaritza gizartean? Nola egiten ditu bertsoak Egañak? Nola aztertu?