argia.eus
INPRIMATU
«ARGI DAGO, BORTXA POLITIKOA GERO ETA GAIZKIAGO IKUSTEN DA»
Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 19a
Aurrekontu garaia da, UPNk eta CDNk Legebiltzarrean aurkeztutako aurrekontuak atzera botatzeko aukerarik ba al da?
Abenduaren 12ko osoko bilkuran zaila izango da, baina UPNri ematen dion sostengu honekin CDN bere harakiri politikoa egiten ari da. Dena den, abenduaren amaierako osoko bilkuran 26 boto behar dituzte eta hori ez dute lortuko. Ez dakit izen eta guzti ala koalizioan-, baina CDN pixkanaka aitaren etxeranzko itzulera prestatzen ari da. PSNren jarrera da berrikuntza aurtengoan, eta hori ulertzeko bi eragile dira: bat, hor dira 2003ko foru hauteskundeak eta UPNtik aldendu behar da; bi, UPNren aurrekontuak onartezinak dira beren ikuspuntu guztietatik, eta azken urteetan gertatzen ari den gisa, berriz azpimarratuko nuke euskararen diru kopuruen jaitsiera portzentuala.

Orduan aurrekontuak luzatuko dira.
Bai, horrek dauzkan inplikazio guztiekin. UPNk 22 boto dauzka eta Batasunaren ustez badira aukerak gainerako indarren artean aurrekontu bat adosteko, baina CDNk eta PSNk ukatzen dute aukera hori, azken finean lerro nagusietan bat egiten dutelako UPNrekin.

PSN-n jarrera desberdinak ikusten direla aipatzen da, baina ez dirudi oso baikor zaudenik.
Baikorrak izan beharra daukagu. Aurreko hauteskundeek esan zuten UPN zela alderdi nagusia, baina baita ere eskuina ez diren gainerako alderdien artean osa daitekeela gobernu alternatiba bat. Hauteskundeetan, herritarrek kontuan hartuko dute UPN Gobernutik kanporatzeko indar politikoek duten jarrera.

Zer beharko litzateke abertzaleen eta PSNren arteko gutxieneko akordio bat lortzeko?
Argi dago hori ez dela posible egungo PSNrekin. Giro politiko orokorrak lagundu beharko luke eta egun gertatzen da ezker abertzaleak ez duela inongo konfiantzarik PSNn eta alderantziz. Beraz, aldaketa esanguratsu bat beharko litzateke. Batetik, arlo politikoan mahaiaren gainean jarri beharko litzateke ea Nafarroako instituzioek zer egin lezaketen gatazkarekin behin-betiko bukatzeko; eta bestetik, ezker alderako irauli bat beharko litzateke kudeaketan.

Ezinezko ezer ez dago, baina hori guztia ia ezinezkoa da.
Ez dut uste, 98ko iraila hor dago eta nork esango zigun guri 97ko apirilean hura etorriko zenik.

Aldi baterako behintzat, oso bestelako ziklo batean gaudela dirudi.
Ez dut uste. Egun errazagoa da 98ko irailera joatea, 1997aren hasieran 1998ko irailera joatea izan zitekeena baino.

Batek daki ezkutuan zer ibiliko ote den, baina bestela, ikusten denagatik ez da izango.
Ikusten den eboluzioa nahiko kezkagarria eta gordina da, baina 98an hasi zen zikloa ez da itxi. 98an markatu ziren klabe nagusiak hor daude eta oraingo erronka hori berreskuratzea dugu. Akats handiak egin ziren -ezker abertzaleak ere bai- eta, beraz, gauzak ondo egiteko eskarmentua izango dugu.

Aralarrek bakea eta normalizaziorako bere proposamena aurkeztu du. Zer iruditu zaizu?
Begirunez hartzekoa da, baina ez zitzaidan iruditu ezer berririk zegoenik. Aralarrek koktelera batean sartu ditu gatazkaren inguruan dauden parametro guztiak eta astindu ondoren, nahiko koktel ezohikoa atera da. Edukien aldetik ez hainbeste, baina jarrera aldetik Ibarretxek erabiltzen duen jarrera horretarantz jo du: guztiok gara onak eta ia-ia beatifikoak izan behar dugu, baina funtsean eduki sinesgarririk gabe. Inor iraindu nahi gabe, halako proposamen potoloak egiterakoan, eraginkorrak izatea nahi badugu, benetan egoera politikoa aldarazteko ahalmena duen eragile batetik egin behar dira, eta argi dago Aralar ez dela hori.

Segi erakundearen pegata batek honakoa dio gutxi gorabehera: Aralarrek ezker abertzalea zatitzen du eta, beraz, Aralar ezker abertzalearen etsaia da. Zer iruditzen zaizu?
Etsai ez da, lehiakidea bai. Aralarrek esan zuen ezker abertzaleari hauteskunde lehiaketa ere egingo diola eta, beraz, ezker abertzalea zatitu eta ondorioz kaltetzen du.

Lehia Batasunari egingo dio.
Ezker abertzalea Batasuna baino askoz gehiago da, eta Aralarrek erabaki hori hartu zuenetik bere burua ezker abertzaletik kanpo kokatzen du.

Beraiek diote ezker abertzalekoak direla.
Beraiek esan dezakete nahi dutena, hori ezisionistaren manualaren lehenengo puntuan dago, zure burua aldarrikatzea zatitu duzun taldearen esentzien ordezkari gisa. Ezker abertzalea jende, erakunde eta taldeen antolakunde bat da, estrategia politiko bat eta kultura politiko bat partekatzen duena. Aralarrek militantzia eta erakunde horiek guztiekiko leialtasun eza ikaragarria erakutsi du; eta bigarrenik, ez dator bat ezker abertzalearen estrategiarekin. Bere kideak ezkerrekoak eta abertzaleak izan daitezke, baina ez ezker abertzalekoak. Sabin Intxaurragak ere askotan esaten dit Euskadi Irratiko tertulian, bera ere ezker abertzalekoa dela, abertzalea delako eta ezkerreko sentimendua duelako. Ni ere euskalduna naiz eta elkartasun handia erakusten dut, baina ez naiz Eusko Alkartasunakoa. Izendapen politikoak etimologia zehatzetik askoz haratago doaz.

Hau da, zuk ezker abertzalekoa eta NAEMekoa izatea parekatzen duzu.
Jakina, sinonimoak dira, hori bistan da; bestela Euskal Herriaren erdia baino gehiago litzateke ezker abertzalekoa, eta hori zoritxarrez ez da horrela.

Abertzaleen Batasuna eta ANV ezker abertzalekoak dira?
Biak ez dira konparagarriak. ANV ez dago Batasunaren sorrera prozesuan izan zen komunikazio faltagatik. ANVk konpartitzen du Batasunaren proiektua, eta hemendik gutxira barrutik konpartituko du. ABri dagokionez, bere burua ezkerrekotzat eta abertzaletzat jo dezake bere burua, baina une honetan ez dute ezker abertzalearen estrategia konpartitzen eta, beraz, antolamenduaren aldetik ezin da esan AB ezker abertzaleko partaide denik.

Ezker abertzalean batzuek Batasunaren hautuaren alde egin dute eta beste batzuek Aralar sortzea edo AB alderdi egitearen aldekoa.
Hori ez da horrela. Ezker abertzalearen pertsonak eta erakundeak urte eta erdiko prozesua egin zuten, non jarri ziren oinarriak aurrera jotzeko erakunde, lan molde eta estrategia berri batekin, eta horrekin egin zuen bat %85-90k. Beste batzuek beste ildo bat abiatzea proposatu, joko arauak apurtu eta ezisio bat egin zuten, eta hori izan zen Aralar.

Ezker abertzaleak ez, prozesu hori HBk bideratu zuen.
Ez, ezker abertzaleak bideratu zuen prozesua, eta ez zen bakarrik HBko militanteentzat, guztiz irekia baizik, horren adibide da, orain gutxi arte Batzarren edo Zutiken ziren batzuk Batasunan direla. Batasunak ez du lortu helburu zuen jende asko erakartzea, baina beste asko bai.

Gainditzen al doaz Batasunaren hasierako zailtasunak?
Gainditzen doaz bai. Nazio mailako erakundea sortzea eta ezkerreko eta abertzale den jendea erakunde berri baten antolatzea ziren helburu nagusiak eta, nazio mailako izaerari dagokionez gauzak ondo doaz. Beste helburuari dagokionez, helburua ez da bete eta egoera politiko gogorrak ere eragina izan du horretan, desilusioa eta noraeza sortu izan direlako. Hor du bere erronka Batasunak.

Esaten da ETAk Batasunaren joko politikoa mugatzen duela. Hala al da?
Argi dago bortxa politikoaren erabilpena gero eta erasotuagoa dagoela eta gero eta gaizkiago ikusten dela, jendeak normala denez duelako egoera bortitz batek dakartzan ondorioekin bizi nahi. 98ko prozesuak erakutsi egin du posiblea dela irtenbide demokratikoan zein eraikuntza nazionalean aurrera egitea biolentzia politikoa erabili gabe konfrontazio demokratikoaren areagotzearen bidez. Hori irakaspen handia izan da. Beraz, noski ETAren ekiteak praktikan mugatzen duela Batasunaren ekimen politikoa, jende askok lotu egiten duelako Batasunak duen ekimena ETAk une bakoitzean egin edo esaten duenarekin. Baina Batasunak berak erabakitzen duena aurrera eraman behar du autonomia osoz eta hori iniziatiba politiko zehatza planteatzen duenean agerian geratzen da.

ETAk ertzain arrunten aurka jotzearekin eta jendarmeen aurkako tiroketekin borroka armatuaren torlojuari beste itzuli bat eman diola aipatzen da. Zuk nola ikusten duzu?
Zaila da ETAren ekinbideaz azterketa zehatzak kanpotik egitea. Ertzainak eta jendarmeen kasuak guztiz desberdinak dira. Ez dut uste Paue inguruan izandako bi tiroketa horiek jarrera aldaketarik ekarri dutenik Frantziako segurtasun indarrekiko. Ertzaintzaren kasuan bai, begibistakoa da. Hori oso egoera mingarria da, eta inondik ere desiragarria ez den egoera sortzen du, heriotza beti mingarria bada ere, are mingarriagoa da hildakoak edozein kolore edo jantzitako euskal herritarrak direnean. Baina beste hau ere esan beharra dago: Ertzaintza oso zeregin arriskutsua betetzen ari da Euskal Herriaren interesen aurka, Guardia Zibilak edo Polizia Nazionalak izan duten eta oraindik ere baduten zeregina betetzen ari delako. ETAren aurka jotzea uler liteke egungo ordenamendu juridikoaren barruan eta beraien ikusmoldetik, baina Ertzaintzaren hainbat operaziok bultzada politiko bat izaten ari dira, batzuetan Barne Sailetik bultzatuta eta beste batzuetan Garzon epailearengandik, adibidez. Ertzaintza ez zen horretarako sortu.

Baina sortu zenetik agerikoa zen ETAren aurka egingo zuela.
Gaztea naiz eta ez nituen bizi izan garai haiek, baina ez dut uste EAEko herritarrek Ertzaintza ETAren aurka eta ezker abertzalearen aurka jotzeko nahi zutenik. Enfrentamendu horretan, batean ertzainek etakideak hiltzen dituzte eta hurrengoan alderantziz, tira-bira horrek laburbiltzen du gainditu behar den egoera tamalgarria.

Batasuna, Europako talde terroristen zerrendan egoteaz libratu da, baina agian beste gauza askotarako baldintzak prestatu dira.
Espainiar estatuan daude joera faxista horiek Europara eramaten direnean guztiz tokitik at geratzen dira. Espainia une honetan turkiar erako demokrazia planteatzen ari da, baina Europako Batasunetik atzera botatzen dira. Euroagindu judizialaren txosten-ekimena daraman Watson jaunak argi adierazi zuen ez zegoela bat erakunde politikoak «terroristen zerrendetan» sartzearekin, hain zuzen iruditzen zaiolako hemen arazo politiko bat dagoela eta irtenbide politikoa behar dela. Hori bakarrik jada garaipen bat da. Zerrendaren inguruko guztiak eltzea berotzen du, komeni denean ezker abertzalearen aurkako neurriak hartzeko, eta Espainiak urtarrilaren 1etik aurrera Europako Batasuneko lehendakaritza hartzen duenez, uste du orduan libreago eta politikoki babestuago egongo dela nahi duen astakeria egiteko