argia.eus
INPRIMATU
«UNIBERTSITATE LEGEA ZENTRALISTA DA... IA-IA FRANKISTA»
Mikel Asurmendi @masurmendi Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko uztailaren 19a
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 0-3 urte bitarteko heziketa osoa hartuko omen du. Irakaskuntzako sindikatuek bere ezadostasuna azaldu dute, berria ez delako zuzena eta gainera berauekin kontatu gabe zabaldu delako prentsa bidez. Zer dago egitasmo honi buruz?

0-3 urteko hezkuntza egitasmoaren inguruan gaizki ulertze bat egon da. Susmo txarrak-edo izan dira, baina gaizki ulertze horiek argitzen joan ahala, konpromiso bat hartu dugu 0-3 urte bitarteko hezkuntzari buruzko dekretu bat arautzeko. Gure sailak sindikatu eta gurasoen plataformarekin mahai bat osatu du eta lan egiteko batzorde tekniko bat eskaini dugu gure aldetik. Egistasmoaren aldeko baiezko erantzun bat jasoko dugulakoan gaude.
Hezkuntza Sailak adin horretarako hezkuntza, heziketa eta gizarte-laguntza bezala jotzen du; hezkuntza zentzu zabalenean ulertuta. Gainera, hasiera batean Hezkuntza, Lan eta Gizarte, Nekazaritza eta Lehendakaritza Sailak ari gara egitasmoan, baita Udalak eta Foru Aldundiak ere. Izan ere, 0-3 arteko hezkuntza oso garestia da eta diru mugak izango ditugu. Ez da erraza baina legealdi honetan dugun erronketako bat da.

Espainiako Estatuan derrigorrezkoa da 6 urtetik gorako haurren eskolaratzea. Semea etxean hezitzen ari den kasu bat ekarri genuen orriotara. Zein da zure iritzia?
Ezin da inor behartu eskola joatera, nire iritziz. Familia batek umea etxean hezi nahi baldin badu, eta baldintza onak baldin badauzka, zergatik ez etxean hezi umea? Guk ez diogu begiratu behar Espainiako legeari, Europako beste herrialdeetako legeei baizik. Beraz, seme-alabak etxean hezi nahi dituzten familiei bere horretan utzi behar zaie eta ahal bada lagundu ere bai. ARGIAko artikuluak harritu ninduen eta gaiari nola heldu zaion ustekabean harrapatu ere. Familia horren kasua epaiketara eraman nahi izan dute, baina gu guraso horiekin harremanetan jarri gara modu aurrerakoian jokatu behar baitugu.

Aurreko legealdian DBH (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) eta batxilergoaren erreforma iragarri zuen Espainiako Hezkuntza Ministerioak. Zertan dago erreforma?
Oraindik ez dugu berririk, baina erreforma honek -Unibertsitatearen kasuan bezala- beste lege inposaketa bat ez ekartzea espero dugu. Datorrena datorrela ere, hezkuntza eremu osoan eskumen osoak dauzkagu eta dirua ere gurea da, hori ere ez da beste Erkidegoetan gertatzen. Oinarrizko legeak garatzea ez dago gure esku, baina gure planak gara ditzakegu; orain arte behintzat guztiz autonomoak izan gara. Oraingo etapa berri honetan baina, hasiak dira oinarrizko lege basati batzuk jartzen. Unibertsitate legea, esaterako. Estatutuaren kontra doazen oinarrizko legeak dira. Madrileko gobernuaren oraingo estrategia oinarrizko lege batzuk jartzea da -izen horiekin jarri, nahiz hori baino askoz ere gehiago den- eta Estatutuaren aurkako legeak bihurtu. Orain arte gure autonomia izan dugu eta oinarrizko printzipioa errespetatzen genuen. Esate baterako, LOGSE ez da hain lege txarra, aldeak alde, lege aurrerakoia izan da, gure herrira, eskema eta beharretara egokitzen jakin dugu. Baina, oinarrizko lege hauek gainean jartzen badizkigute eta gure Estatutuarekin bat ez badatoz, bada guk gurea egin beharko dugu.

Zer-nolako harremanak dituzue Madrilgo Hezkuntza Ministerioarekin, Pilar del Castillo ministroarekin?
Harreman pertsonalak badaude, baina harreman instituzional askorik ez, bi Hezkuntza Saileko teknikariek landuak, beste gai askotan bezala gure lehentasunak ez daude hor. Beste harreman batzuk sortu behar ditugu, batez ere Euroapa mailan.

n LOU (Ley Orgánica Universitaria) Zergatik da organikoa? Zergatik jarraitu du Espainiako lege honek jarraitu duen prozedura?
Oinarrizko legea da. Estatuak horretarako eskumena dauka, baina oinarrizko gauzak arautzeko. LOU legearekin zera egin dute: oinarrizkoa ez dena oinarrizko bihurtu eta prozedura horren bitartez arautu. LOU legearekin gure eskumen politikoetan barruraino sartu dira.

n Hasi errektoreetatik eta ikasleak, irakasleak... denak kexatu dira lege berria dela-eta. Zerk haserretu ditu hainbeste sektore hauek?
Lege hau hainbat puntutan txarra da guretzat, baina batez ere egiteko modua izan da oso txarra. Legea aprobatu bitartean ez du inork beraren berri izan, ez dute inoren aholkurik eskatu eta mahai gainean jarri dute gero. Inposatu egin dute. Eta gainera unibertsitate bizitzan barru-barruraino sartzen da. Unibertsitatearen autonomiaren kontra joan dira. Oso arautzailea da. Ez dago inolako ereduetan oinarrituta, ez dute inolako diagnostikorik egin unibertsitateetan beharrak-eta aztertzeko. Duela 30 urte egin zitekeen lege hau. Eta beste gauza bat, politikoki erkidegoen kontra joan da. Duela 25 urteko Espainia izan dute gogoan. Legea zentralista da... ia frankista.

Unibertsitate autonomoaz ari garenean zertaz ari gara?
Gainerako hezkuntzarekin konparatuta unibertsitatea esparru autonomoa da. Esparru autonomoa da, baina gizarteak ordaintzen du, urtero 35.000 milioi pezeta (210,8 milioi euro). Beraz, arauak eta oinarrizko gauzak Eusko Jaurlaritzako sail batetik bideratzen dira, baina kudeaketa, antolamendua eta barruko bizitza beraiena da. Ardura parekatua da. Eusko Jaurlaritza diru publikoa delako sartzen da.

Bazen unibertsitate lege bat (83ko LRU) eta orain beste bat (LOU), onartze bidean dena. Pedro Larrea Gizarte Kontseiluko lehendakariak bi legeen arteko alde handirik ez dagoela dio. Zer ez du lege honek lehengoak zuenik?
1998ko LOU legean gauza batzuk zehaztu ziren, baina bi gauza geratu zitzaizkigun zintzilik: irakasleria kontratatzeko erak eta ebaluatzeko sistema. Orain Espainiako legearen (LRUren) erreforma egin behar zenez pentsatu genuen agian ate gehiago izango genituela irekita bi gai hauek lantzeko. Zer gertatu zaigu? Lege berria (LOU) Espainian onartze bidean da eta irakasleak kontratatzeko gure sistemarekin eta ebaluazio sitemarekin ezin dugu aurrera egin. Beraz, gure lege berria egin behar dugu bi gai hauek guk nahi bezala egin daitezen.

LOU legeak irakasleen kontrataziorako aukera berriak eskaintzen omen ditu.
Irakasle propioarentzat portzentajea igo egin da. Irakasle kontratatuak oso figura marjinaltzat jo ditu. Zirrikitu bat geratu da ordea, unibertsitateak berak irakasleak kontratatzeko, eta hori baliatu behar dugu irakasle kontratatuen gaia bideratzeko.

Europari begira zer itxura du lege honek.
Testuingurua Europa da. Espainiako unibertsitatean endogamia asko erabiltzen dute. Izan daiteke lurraldeko endogamia edo klanetakoa, baina klanetako endogamia erabiltzen dute. Endogamia espainiarra da eta gaiak ez dira Espainia mailan tratatu behar, Europa mailan baizik.

Unibertsitatearen finantzazioa erkidegoen esku dago eta kudeaketa berriz Madrilen esku. Nola da posible?
Hori da kontua. Dirua hemen dago eta gure beharrentzako unibertsitatea egin nahi dugu. Baina Madriletik antolatu nahi digute dena. Hala ere, dirua guk daukagu eta hemen adostasun batera iristen bagara, zergatik ez dugu gure proiektua egingo?

Legea nola egingo litzateke?
Eskumenak dauzkagu. Lege horretan bilduko diren gaiak hauek lirateke: unibertsitate planak, finantzazio irizpideak, irakasleen kontratazioa eta ebaluazio sistema. Gai hauen inguruko adostasuna lortuta, badugu gure unibertsitate proiektua izatea, gure legea, alegia.

Ez al da etorriko Madriletik Konstituzioaren mamua?
Gure legeko gai guztiak ez lirateke Madrilekoekin aurrez aurre jarriko. Batzuk bai. Horiek beharbada Auzitegi Konstituzionalera iritsiko dira, baina bitartean guk gainerako puntuen onarpena izanda aurrera egingo dugu.
Gure legean Iparraldea eta Nafarroa ere kontuan hartu beharko ditugu. Adibidez, Iparraldeko ikasleek EAEko unibertsitatean sartzeko Parisko enbaxadan egin behar dute selektibitatea. Noski, euskarak ez die ezertarako balio eta azterketako gaiak ere Espainiakoak dira. Hau datorren ikasturterako konpondu behar dugu. Gaia konponbidean dago, legearen zirrikituak baliatu baititugu.

EAEn lege berria egiteko asmoa agertu zenean PPko Carlos Iturgaitzek hori desobedientzia zibilaren alorrean sartzen zela esan zuen. Zer diozu honi buruz eta zer iritzi duzu desobendientzia zibilari buruz?
Desobendientzia zibila, konfrontazio demokratikoa... horrelakoak esango dizkigute, baina ez diogu horrelakoei beldurrik izan behar. Era demokratikoan eta gizartearen babesarekin ari bagara, zergatik ez? Herri honetan desobedientzia zibilaren bidetik gauza onak egin dira. Intsumisioaren gaia horrela konpondu da, ikastolak nola atera dira aurrera? Nik bide horietan sinesten dut. Ez dugu beldurrik izan behar, alderantziz, agian bide bakarra da.

Manuel Montero EHUko errektoreak esan du unibertsitate legeak ez duela euskara bermatzen. Eusko Jaurlaritza euskara bermatzeko dago, unibertsitatea ere bai, euskaraz ikasi nahi dutenak ere badira... Donostiako Arkitekturako Fakultatekoek azkena, arazo larriak izan dituzte. Zer gertatzen da?
Arkitekturako kasuan deskoordinazio handia egon da, baina arazoa konponbidean jarri dugu. Euskaratze plana urtebete aurreratuko da. Aurtengoa bertako irakasleen eta ikasleen borondate onari esker konpondu da. Hurrengo urterako euskalduntze plana aztertu nahi dugu. Gaia bide onean doa, baina egoera larria izan da.

LOU legeak nola eragingo du euskararen garapenean?
Guztiz kaltegarria da lege berria. Irakasle poltsak egingo dira Espainia mailan, epaimahai espainiarrarekin. Poltsa horretatik hartu behar ditugu guk ere irakasleak. Noski irakasleak aukeratzeko euskarak ez du ezertarako balioko.

Irakasle euskaldunek asko sufrituko dute.
Funtzionario bidea aukeratzen duen irakasle euskaldunak bidea oso zaila dauka. Ea guk gure legearekin zein irtenbide ematen diogun irakasleen gai honi, bestela bide oso gogorra daukate

Hitzen adieraren peskizan
- Gizartea: Berarentzat egiten dut lan; pertsonez osatutako taldea.
- Herria: Niretzat Euskal Herria.
- Unibertsitatea: Sorketarako gune gazte eta bizia.
- Administrazioa: Gizartearen beharrei gertutik erantzuteko tresna.
- Gobernua: Euskal Herria bake bidean jartzeko obligazioa daukana.
- Agintea: Ardura eta erantzukizun soziala.
- Boterea: Errealitatea hobetzeko ahalmena.
- Burujabetza: Gure oraina eta geroaren gidari eta jabe izatea.
- Independentzia:Euskal Herriarentzat nahi dudana.
- Sozialismoa: Solidaritatea giza ikuspegitik gauzatzea egunero.
- Askatasuna: Erabakiak lasaitasunez hartzeko ahalmena.
- Elkartasuna: Besteekin bihotzez bat egitea.
- Militantismoa: EAren proiektuarekin dudan konpromisoa.
- Lana: Gustura eginez gero, ordu askotako gozamena.
- Matematika: Lengoaia unibertsala eta sujerentea, bizitzeko filosofia bat.
- Estatistika: Gizartea deskribatzeko tresna egokienetakoa.
- Metodologia: Efikazia, organizazioa, antolakuntza.
- Ikerketa: Sormena, plazerra.
- Mendia: Natura sentitzeko lekurik aproposena.
- Literatura: Ametsen iturria.
- Adiskidetasuna: Askatasunean norbera izateko laguntza eta babesa.
- Maitasuna: Bizitzeko motor nagusia, energia iturri izugarria.
- Sexua: Konfiantza, hurbiltasuna, desioa, naturaren zati garen seinalea

«Gizon eta emakumeen arteko bizitza mistoan sinesten dut»
Hezkuntza sailburua zaren aldetik zer iritzi duzu emakumeak gizartean eta lan munduan hartu duen lekuaz?

Egon naizen tokietan eta nire betebeharretan emakume izaten saiatu naiz, emakumeok ditugun balore ezberdinak lotsagabe aurrera eramaten, alegia. Emakumeak eta gizonak ezberdinak gara gai askotan, lan egiteko eran eta harremanetan, esaterako. Emakumeok beste sentimenduak erakusten ditugu gure egitekoetan. Emakumearen izaera aurretik jarri badut ere, ez naiz inoiz ezeren aurka izan, ezeren alde baizik.

Nola baloratzen duzu feminismoa?
Feminismoa emakumearen alde lan egitea bada, honen aldekoa naiz. Ismoek beldurra ematen badute ere, emakumeok gizarte eredu berri bat sortzen ari gara. Gure belaunaldira arte gizonezkoak nahiz emakumezkoak kultura markatu batek heziak izan gara, gure arteko harremanak beste era batez antolatzen ari gara orain. Gizon eta emakumeen arteko bizitza mistoan sinesten dut, kultura misto berri hau biok egin behar dugu modu baketsuan. Eskema berrietara ohitzen eta egokitzen ari gara, eta gizartea pixkanaka aldatuko dugu denok irabazle izateko, elkarbizitza berri honetatik sortzen ari garen esparruetan denok irabazten dugu.

Etorkizunari begira baikor agertzen zara, beraz?
Bai. Baina oraindik ere balore asko lantzeko geratzen zaigu emakumeoi nahiz gizonei. Elkarren ondoan lasai eta normaltasunez bizitzeko oraindik urte batzuk pasa beharko dira. Oso denbora gutxian aldaketa izugarriak izan dira eta egokitze horrek denbora behar du. Emakumeek ama izan nahi dugu, etxetik kanpo lan egin eta bikote bizitza garatu ere bai, eta denak ondo eramatea ez da erraza betiere. Bikotearen lehenengo eredua eta oraingoa ezberdinak dira, bikotea ez da lehenengo bera eta egokitze horrek denok ukituta gaude. Gure belaunaldikook hemezortzi urtera arte ez ginen mutilekin elkartzen, alde bakoitzak bere klixeak zituen. Gauzak pixkanaka aldatzen ari gara eta aldaketa hauen ondorio are nabarmenagoak gure seme-alabek jasoko dituztela desio dugu.

Nolako jarrera agertzen duzu txiste matxista baten aurrean?
Ulertzen ditut egoerak, klixez osaturiko kultura batetik gatozelako. Txiste matxista horiek hortxetan kokatzen ditut, baina ez naiz ernegatzen. Ea eskemak aldatzen diren esaten diot nire buruari. Ez naiz txiste zale, hala ere.

Eusko Jaurlaritzan 3 emakumezko eta 7 gizonezko zarete. Zer moduz moldatzen zarete emakumeak proportzio horretan?
Oso ondo sentitzen eta ulertzen gara. Denetariko elkarrizketak izaten ditugu gure artean, ni oso eroso sentitzen naiz. Belaunaldi berekoak gara eta gizonak berauek aldatu direla sentitzen da, gizonak ikuspegi zabalekoak dira. Gizon eta emakumeen arteko harremanak aldatzen hasi ziren belaunaldi bateko pertsonak gaude Jaurlaritza honetan.

Politikako karguetan emakume eta gizonezkoen arteko kuoten aldeko al zara? Eusko Legebiltzarrean, kasu?
Ez zait dekretu bidezko kuota sistema jartzea gustatzen. Baina alderdietan, esaterako, zaindu beharreko neurria iruditzen zait. Eusko Alkartasunean ez dugu kuota sistema, baina emakumearen presentzia inportantea da. EAko Batzorde Eragilean emakumearen presentzia antzematen da, buruan dugun «neurri» bat da.

Jaurlaritzan zein proportzioan ikusi nahiko zenuke emakume eta gizonen kopurua?
Bost eta bostekoan, adibidez. Europako iparraldearen herrialdeetan proportzio hori izaten da, modu natural batez gainera. Hori iritsiko da, baina ez dekretu legez.

Europako iparraldeko herrialdeak dituzu gustuko, antza.
Bai, herri sozialdemokratak gustatzen zaizkit, herri lasaiak eta demokratikoak; Danimarka, esaterako. Solidaritatea lantzen den gizarteak dira, dimentsioaren aldetik txikiak dira, Euskal Herria baina handixeagoak, baina txikiak. Bertako gizartean gizon eta emakumearen arteko parekotasuna, baita haurren nahiz pertsona helduen zainketan gizarteak hartzen duen ardura gustatzen zait. Euskal Herrian ere gizarte eredu hori lantzea gustatuko litzaidake. Esaterako, haiek guk baino bost aldiz gutxiago gastatzen dute eraikuntzan, pertsonen beharretan gastatzen dute aldiz. Pertsonak hemen ez duen balioa du iparraldeko herrialdeetan. Hemen eraikin erraldoiak eta sendoak behar ditugu, antza. Gizonen klixe bat ez ote den nago, iraun behar duten eraikinak altxatu behar ditugu nonbait, iraupen luzeko eraikinak