argia.eus
INPRIMATU
PUNTALAKURLOENTZAT
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Landareen zaintza artea da, batzuetan. Lorategi, sagasti, balkoi eta abar batzuk ikusi besterik ez dago tarteka-tarteka artista anonimoen kasta bat badela jabetzeko. Landare ezezagunak, urrutitik ekarritako teknikak, ongarriketa zehatzak, heresiazko kimaketa eta mentaketak, dena ikasgai dute, dugu, batzuk landarezaintzan ere zapaltzailea den ortodoxiaren putzuan. Putzu honetan zintzurreraino sartuta dabiltzanentzako gaurko proposamen hau heresia latza izango da; bera motza ez izanagatik ere mundua horrelaxe, ia itoan, dakusan euskaldun batek "munduari su eman eta Frantziara noa bizitzera" zioen...

Baratzean urteko landareak diren batzuk datorren urterako jaso eta bigarren uzta inork baino azkarrago nola jaso probatzera animatu nahi dut bateren bat. Gernikakoa ez bada Ezpeletakoa, edo Lodosakoa, edo mina, edo txorizeroa, piperren bat izaten da baratze gehienetan. Udazkenean uzta amaitzean landare hauek ohi bezala ipurditik atera gabe bere horretan lagako ditugu. Adar muturrak kimatu eta edozein inorkin bueltan jarriz, behetik goraino estaliko dugu. Belar ondua, garoa edo ira edo orbela bera erabili daiteke harro-harro jarrita. Piper landareak negua gozo-gozo igaroko du eta udaberrian laster jantzi eta loratuko da, auzokoaren landare berrien aldean goiz asko. Puntalakurlo dotorearen lana