argia.eus
INPRIMATU
LANGILEGOA GREBAN
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 28a
Gabonak gerturatzen zihoazen heinean, dena ari zen igotzen… beren lanetik ogibidea irabazten zutenen soldata ez ezik. Gauzak horrela, langileek zeukaten arma bakarra erabiltzea erabaki zuten, greba, orduantxe sinatzekotan zeuden hitzarmen kolektiboetatik zer edo zer lortzeko esperantzan. Egun bat, eta beste bat, eta astebete edo oraindik denbora gehiago greban irauten bazuten, enpresarien irabaziak murriztuko ziren seguru, baina beren etxeko egoera izugarri larrituko zen, polizien zigorra jaso beharko zuten, kalera bota zitzaketen eta garai hartako komunikabideetan beren borrokaren aztarnarik apenas agertuko zen, baita ere. Halaz guztiz, egin beharra zegoen, eta egin egiten zuten.


NAFARROAN BAKERIK EZ...

Horrelako izenburua zeraman 1971ko abenduaren erdialde hartan Mikel Ugaldek ZERUKO ARGIAn argitaratzen zuen lanak. Arrazoia? Hasieratik adierazten zuen huraxe: "Nafarroaren egoerak zer esana franko sortarazi du azken hilabete hauetan. Azken urte honetan zehar sortutako huelga, istilu eta burrukak egoeraren larria erakutsi digute, etorkizunaren iluna, bakerik ezaren garratza... Eaton Iberica, Potasas de Navarra, Imenasa, El Pamplonica S.A. eta abar ez dira guretzat hain ezezagunak, bertan gertatua dala merio...".
Alegia, berak aipatzen zituen enpresa horien guztien langileek epealdi luzea zeramatela greban. "Nagusiek diotenez, hamar dira huelgapean egon diran lantegiak, 172 egun bertan galduak, handia huelgen bidez leporatu zaioten kaltea. Baina, zerk sortarazi du gaur egungo egoera? Ez ahal dira bidezkoak langileen eskariak? Zergatik elkarrizketari ez zaio behar hainbateko jarraipenik eman?", galdetzen zuen Mikel Ugaldek.
Gero, apika ez zitzaiola behar bezala ulertu eta, esandakoaren adibide bat eskaintzen zuen. "Imenasan gertatuaren berri badakizute, noski. Prezioak goruntz jotzen dutela oharturik igazko konbenioa eraberritzea erabakitzen dute. Ofizinistek ez beste langilek burrukari ekiten diote. Lantegiko arazoa konpontzen ez delarik, kanpoan ere agerkunde eta haserrerik ez da falta... Urte txarra oso aurtengoa, eta batipat nafarrentzat. Hainbeste lantegi itxierazteko arrisku bizian, etxegintza eta konstruzioa erabat motel eta geldia, onean gauzak konpontzeko biderik gabe. Ez, ez da bakerik sumatzen, ez nagusien buru bihotzetan, ez eta langileen sakela eta familietan. Are gutxiago lanik gabe aurkitzen diren hainbeste etxetan".
Egoeraren larria leuntzeko, iraupen-kutxak izaten ziren, elkartasunez aberats Gabonak gerturatzen ari ziren eta ospakizun tristeak izango zirela iragartzen zuen Mikel Ugaldek garai hartako alean, langileen egoera larria baitzen.
Langilegoa greban
bezain txanponez urri izaten ziren iraupen-kutxa haiek. Eta Mikel Ugalde ez zen oso baikor agertzen:
"Aurrerantzean ere ez dira gauzak nolanahi aldatuko, ez dirudi luzaroan bere onera etorriko direnik. Egin izan diren diru eskeak ere ez dute ezer konpontzen, zauriak gozatu baino. Baina erabaki nagusiak hartzen ez diren bitartean... Igaz eguberri triste eta ilunak izan genituen. Aurten ere gauzak lehenean daudelarik, ez da alaitasun handirik izango zenbait euskal sukaldetan. Nafarroan, langabetuen etxeetan ez da abestirik entzungo, umetxoek ez dute erregetan amets egiterik izango, ez da egiazko bakerik izanen. Aurten, Eguberri jaia, norentzat alaia?".


LANGILEEN EGOERA AZTORATUA

Nolakoa izango ote zen egoera, aldizkariak ere gai arriskutsu hari eskaintzeko bere editoriala: Zigorra ekidin nahian, "Langilleen egoera aztoratua" jarri zion izenburutzat, eta noski, irakurleei azalpenak eman behar gero:
"Ez gera azken aldian izan diren opor-deietaz mintzatzen. Susmo txar baten eragiñez uzkur eta entzungogor egin bai zaie toki askotan. Lantokietako egoeraz eta langilleen ezin biziaz ari gara. Gero eta gehiago estuarazten zaio langilleari gerrikoa. Gauzak gora. Soldatak lehenean. Ordu-sartzeko lanik gabe. Diru-aurreratuari erantzun beharrak. Kalera saltatzeko zorian... Sei illabeterako kendutako lege-eskubideak itzultzen zaizkio Erriari Ekainaren 14'an, ‘azpi-laneko talde eta elkarte gehienak desegiñak bai dira'. Alaz guziz ere, andik iru illabetera lan-oporketei ekiten zaie Peninsulako errialde batzuetan. Etxegintzako larogei milla langillek lehenik. Asturias'ko Hunosa'koek geroxeago. Seat'ekoek oraindik-orain".
Espainia osoan greba zabaldurik zegoela, beraz. Eta etxean bertan ere horrelakorik falta ez. "Ezagunak dira Nafarroa zaharreko gorabehera larriak ere. Agirian daudenak Bizkaia eta Gipuzkoako ondoezak. Usterik gutxienean lertu ditekean langille egoeran bizi gara, beraz. ‘Itota gaude. Baiña nere etxekoek goseak ikusi baiño lehenago egingo dut zirt edo zart. Tristea litzake odol-isurtze bat berriro, baiña eziñak ez du kupidarik’ , zioen bere andaluz doñuz langille batek lehengo batean. Eta langille soil-soil bat zen. Iñongo talde batek tajutu eta adoretu gabea. Azkenengo puntako langille eskubideak eskatzen ez zituena. Langille otzana, paketsua...".
Eta hala ere, greban. Arrazoiak? Editorialgileak eskaintzen zituenak: "Zail zaio langilleari kalera ertetea, ateak itxirik arki bai dezazke ostera barrura sartu nahi duenean. Edo gutxienik soldatarik gabe, segurorik gabe, iñongo babesik gabe opor-aldi guzian. Onela gure langillea elgartzeko, kalera ateratzeko eta bere iritziak eta jokabideak agertzeko egokierarik gabe gertatzen da". Eta jakina, geroxeago agertzen zuenaren arabera, "onek azkenean nora-ara lertzea dakar"

EUSKALTZAINDIKO BATZARREA
Joan den azaroko 26an Euskaltzaindiak bere hileroko batzarrea egin zuen Donostian, Diputazioko jauregian. Hona hemen batzarrean erabilitako gaien mamia: Sagarzazu jaun olerkari eta euskaltzain laguntzailearen hilberria jakinarazi zuen euskaltzainburu jaunak. (...) Euskaltzaindia berak eratutako Saiaera Sariketa-ren irabazle Ibon Sarasola jauna gertatu da, "Euskal Literaturaren Historia" deritzaion lanarengatik. Saria 25.000 pezetakoa da, Bizkaiko Aurrezki Kutxak bere urrezko ezteien oroitzapenetan jarria. (...) "Bait" eta "Ba"-ren idazkerari buruz euskaltzain oso diren guztiei iskribuz egindako galderen eta jasotako erantzunen berri eman zen. Hona hemen erantzun hoien ondorioak: "Ba" beti aditzari loturik idatziko da. "Bait" aurrizkiaren idazkera oraingoz erabaki gabe gelditzen da, eta libre izango da nahiz loturik nahiz aparte idaztea. (…) Euskal aditz batuari buruz Hegosa argitaldariak jarritako sariaren epaia emana izan da. Krutwig jaun euskaltzaina gertatu da irabazle. Sari hau 75.000 pezetakoa da (...) (1971-XII-12)

EUSKAL ERRIKO ARTE ERRIKOIA
Liburu bat det eskuetan: Luis Pedro Peña Santiagoren "Arte Popular Vasco". Gai zailla eta era bat atsegiña, Peña jaunak bere gain artu duana. Baiña ibiltari aundia eta idazle saiatua danez, liburu bikaiña atera zaio. Irugarren edizioa agertu berria da. Gure erriak zenbat sailletan erakutsi du bere eskua arte saillean, eder-saillean. Izenburu orrek alde askotara azter dezake euskaldunon arte berezia. Gure lanak badu bere erakutsian koska bat baiño geiago lanbide guzietan. Eta liburua argitaratzerakoan, gogoan du, gure erri, auzo, bidexka ta mendi eta zelaietan bere galderei erantzun dien jendea. (…) Eder-sailla zabala da errialde guzietan, eta gizonok, arteari geron aalegiña ezarri diogu. Peña adiskideak sail ortan zerbait aukeratu bear bere lana ornitzeko, eta leenbizi aukeratzen duan gaia "Etxea" da. Euskal-etxea. Euskal sendiak, or, emen eta an, ez du berdin jokatu bere etxea jasotzerakoan. Euskal-familiak, bere kezka eta egonlekutzat milla eratara jaso ditu aterpetzat artu dituan etxeak. Alderdi bakoitzean, bertako giro, eguraldia, diru-mailla, gizarte-aidea, eta politika begiratzekoak izaten dira, bertako etxeak, ala naiz onela egiteko (...) (1971-XII-12)

ARGITASUNAK
Azaroaren 28ko Z. ARGIAn, inprentaren erruz, izenpetu gabe azaldu zan lan bat: "Zarauzko erri arazoa" dalakoari argitasun zerbait ondotik. Jakin beza, bada, irakurleak, lan ori "Errikide batek" firmarekin artu genduela eta ala argitaratzea zala gure asmoa. Beti bezala, ez-izenakin azaldu nahi duenak, guri bere izen jatorra eman beharra dauka eta ala egiten dugu beti, nahiz eta gero, profesioko gorde beharra dala-ta, guk, idazlearen baimenik gabe, ezin izen ori azaldu iñori. (1971-XII-12)