EZTABAIDA HANKAMOTZ

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ohi denez, zenbat buru hainbat aburu aurki daiteke gai honen gainean ere. Hala, entzute handiena izan duten entseguen egileek kezka handiagoa dute zenbaitetan, eta ustez horrenbeste oihartzun erdietsi ez dutenek osasun ona ere antzeman diote kontuari. Hortik aurrera, egoera politikoak, gatazkak, kulturak (edo kultura faltak), gai eta iritzien atomizazioak zein eztabaidarako lekurik ezak zailtasunak gehitzen dizkiote debateari.

Edozelan ere, badirudi fikziozko literatur lanek baino harrera hobea egiten diola irakurleriak entsegu-liburuotako zenbaiti. Aitzitik, lanok plazaratutako kezka eta arduren gainean eztabaida aberatsa nekez pizten da.
Ramon Saizarbitoriak «Aberriaren alde (eta kontra)» argitaratu zuelarik, eztabaida gutxi piztu zuela esan zuen. "Zalantza dut ihes egiten ote zaion eztabaidari, gure egoera aztertzeak beldurra eta pena ematen digulako", zioen ordurantxe egindako elkarrizketa batean. Baina denboraren poderioz-edo, beste esparru batzuek ere euskararen inguruan egindako bide horri buruz plazaratutako zalantzak eztabaidatzen dabiltzala ikusi du: "Sabino Arana Fundazioan, Kintanari, Salabururi... oraintsu antzeko kezkak entzun dizkiet, eta ikusten dut gehienok ditugula ardura horiek, bidea ez dugula oso ondo egin eta abar. Hausnarketa denok egin dugu eta harritu egin nau denok puntu batera heltzea, abertzaleak ere planteatuz nazionalismoak mesede egin ote dion euskarari. Baina erantzunak falta dira eta, hori oso zaila da. Unibertsitatetik saiatu beharko lukete, guk intuizioz botatakoa ordenatu eta erantzun soziologikoa ematen, baina politikoki ez da erraza".
Ildo beretik jotzen du Andu Lertxundik ere politikoki eztabaidarako dauden arazoak aipatzean. Aurrekoarekin batera aurkeztu zuen «Gogoa Zubi» 1999an, eta ordurantxe legez, "asmo handiak baina egiazki askorik ez dutela egiten ikusten dut, zer nahi dugun asmatu ezinik gabiltzala". Eta eztabaidarako bokazio falta dela uste du, "bestearengana hurbiltzeko ezinbesteko borondaterik ez dago, eta gaur hori norberarekiko ukaziotzat hartzen da. Jarrera defentsibo horrekin ezin da debaterik izan".


Baldintza egokirik ez?

Eztabaidarako oinarri horren falta sumatzen du Ramon Saizarbitoriak ere, "libertatea ere falta da, esaten duzunarekin min egiten duzu, kritikatu egiten zaituzte... hausnarketarako beste eragozpen bat autozentsura ere bada: Unamunoren galdera bera da, gaizki interpretatuko ote gaituzte? Itxuratiak gara, nahi eta ezinean beti". Eta hori, euskal kulturan oro har kezka beretsuak izanik, baina zenbait galdera orain hasi omen dira planteatzen.
Batzuek medio egokirik ez ote dagoen aipatu izan dute. Euskal liburugintza nabarmen hazi da lan kopuruan -ez horrenbeste aletan- eta «Euskaldunon Egunkaria» da oro har erreseina eta kritika gehienak biltzen dituena. Baina egunerokotasunaren muga nabarmenak ditu; aitzitik, egoera okerragoan ere eztabaida ugari egon ei da. Durangora dakartzan kontuen artetik -»Mentura dugun artean» literaturari buruzko entsegua eta «Koldo Mitxelena gure artean» Koldo Mitxelenaren gaineko beste lan bat- Andu Lertxundik sasoi hobeak ditu gogoan: «Orain hogeita hamar urte, eztabaidak egiten ziren, ideien inguruan oso eztabaida gogorrak zeuden. Baina ez gaurko polarizazioa, gaur alderdi pertsonalak dauka pisua, nork dioen eta zein alderditan dagoen».
Iñigo Aranbarrik ere inbidia hitza dauka gerra-aurreko idazleen eztabaidak aipatzen dituenean, baina egungo eztabaidaren gakoa, baliabide gabezia baino, atomizazio gisakoa litzateke. "Egon badaude foroak, beste kontu bat da egokiak ote diren. Eta denera heltzen ote garen: ‘Egunkaria’z gain, ‘Jakin’, ‘Ostiela’, ‘Putz’... ez dakit ados jartzen garen zein lekutan gauden. ‘Bazkak’ -Susa argitaletxearen inguruan hainbat gogoeta plazaratu zituen aldizkariak- ere hori izan nahi zuen. Agian beharko dira beste foro batzuk, baina herri txikia gara, ‘Egunkaria’k lauzpabost gai diferenteri buruzko artikuluak izan ohi ditu, gero ‘Ostiela’, ‘Jakin’, ‘Putz’... jende asko behar da zerbait mamitsua idazteko".
Andu Lertxundiren aburuz, "hor nonbait interbenitzen duen anaia handiaren itzala dagoen artean, ezingo da eztabaidarik izan; eta argi eta garbi ETAz ari naiz, diskurtso osoa distortsionatzen baitu itzal ilun horren pean eta ez dugu asmatzen eztabaidan". Oso ezkorra da oriotarra, eta su-eten sasoian zabalkundea sentitu bazuen, orain eztabaidarako oso baldintza ahula dagoela uste du, "norbere jarrera politikoetara leialtasunez irmo egon beharra eragiten baitu".


Foro berriak?

Aipatu baldintzoz gain, eztabaida zein plazatan bideratu beharko litzatekeen ere ez dago argi. Iñigo Aranbarrik ez du uste horren gutxi dagoenik ere, baina eztabaidaren kultura falta bai: "Orain arte ohituta gaude aldizkariak elkarrizketa-elkarrizketa-elkarrizketa izatera, hiru folio bete eta kitto. Ez dakit sakabanaketa dugun, oinarri bat falta dugun edo zer, baina, gero ‘Jakin’en adibidez, oso gauza interesanteak datoz. Orain ez dakit bada nork irakurtzen ote dituen".
Teknologiak ahalbidetzen du plaza berriak sortzea, Interneten adibidez, baina gauzok ere tentuz hartu behar direla uste du Aranbarrik, bidean bertan gal daitezkeelako: "Ez daukat argi foro horiena. Batzuetan berrehun harpidedun egon arren, endogamia itxura dauka, bizpahiruk egunero idatzi eta pertsonalizatu egiten dute. Gero moderatzailearen figura badago, baina ez dakit nola funtzionatu beharko lukeen".
Figura horren gaineko polemika izan da hain zuzen ere orain bost urte sortu zen Interneteko euskarazko lehen foroa bertan behera uztera eragin duena. EKBk abiarazitako EuskaraZ zerrenda UEUk hartu zuen bere gain, baina bertan behera utzi zuten lana joan den irailean, moderatzailearen lana zela-eta sortu zen polemika medio. Alberto de Abajo eta Iñaki Alegria izan dira zerrendako arduradunak, hastapenetik egon den Luistxo Fernandez ere tartean zela sarri.
Denboraren joanean, euskara oinarri izan behar zuen foroak, kirolak edo gastronomiak ere lekua hartu eta moderatu gabeko zerrenda bihurtu zela jabetuta, moderatzailearen esku hartzeari zentsura iritzi zion EuskaraZ zerrendako zenbaitek.
Zerrenda moderatua ala ez moderatua behar ote zen egindako bozketan, "UEUn gauza bat irten zen eta parte hartzaileek beste bat hautatu zuten, moderatu gabeko zerrenda gisa jarraitzeko. UEUn egotekotan moderatua beharko litzatekeela izan uste dugu", dio Alberto de Abajok; horrela amaitu zen behin-behinekoz kontua. Eztabaidaren ostean hartutako erabakia izan zen eta moderatu gabeko zerrenda horren arduradunen bila hasi ziren.
Oraintsu ekin diote berriz ere Udako Euskal Unibertsitatekoek zerrenda moderatua antolatzeari, arduradunen eta EuskaraZ zerrenda idatzi ohi zuten zenbait partaideri iritzia eskatu ostean. Ez omen dute izenaren monopolioa gorde gura eta ez moderatuak ere euskarazko lehen foro horren izena erabiltzerik ba ei dauka de Abajoren hitzetan, "baina ez dugu nahi Udalbiltza I eta II bezala EuskaraZ zerrenda I eta II egotea. Hainbat ohiko zerrenda kideri eta besteri iritzia eskatu diegu, ea gure esparrua hezkuntzara mugatu beharko ote litzatekeen".
Jasotako erantzunen arabera ordea, moderatua izanagatik, plaza zabalagoa izango da, aurretiaz ezarritako gaiei lekua eginez eta ez zuzenean UEU edo hezkuntzara mugaturik. Denbora kontua ere izan liteke gauzak txukun eta bere onean egitea: "Foroetan hasi berriak gara oraindik baina erabilerarekin agian gai bakoitzak berea izan dezake, literaturarako bakar bat eta abar izan ditzakegu, baina ohitura behar da aurretik". Oraingoz, gaia bertan gelditzen ari zitzaiela ikusi eta zerrenda moderatu berria ahalik eta lasterren egiteko asmotan daude.
Beste kontu bat izango da eztabaidarako kultura hori gureganatzea, teknologia berrietan edo ohiko foroak izan. Irakurleria entsegu eta iritzion zain dago nonbait, eta komertzialki ere, euskal liburuaren mugapenetan, osasuna ei dauka pentsamenduzkoak. Baina merkatal eremu horretatik haratago, lanok sortu beharreko eztabaida oraindik ere oso ezkutukoa ohi da, eta ez dirudi berehalakoan gauzak aldatuko direnik.


Saio-liburu zenbait

Azken urteotan hainbat liburu eman dituzte argitara. Alberdania eta Erein argitaletxeek beren beregi sail berezia sortu dute lanok biltzeko, beste argitaletxe batzuek ohikoan -fikziozko literaturakoan eskuharki - egin diete tartea.
Oraindik ere, gogoeton gai nagusia euskara da gehienetan. Zeresanik ez filologoek egindako liburuetan, Ibon Sarasolaren «Euskara Batuaren Ajeak« edo Koldo Zuazoren «Euskararen Sendabelarrak», hiztun arruntengan eta hedabideetan antzemandako akatsik usuenak plazaratu eta erabilera zuzenagoa proposatzeaz gain, Zuazok adibidez euskalkien gaiari ere heltzen dio. Liburua idazteaz gain, zenbait artikulu eta elkarrizketatan gai bera plazaratu du eta Euskaltzaindiaren batzarrean ere bere esanek hainbat eztabaida sortu zuten.
Beste euskaltzain batek, Juan San Martinek, 1998an eman zuen argitara «Euskararen Ostarteak», Ereinen Saiopaperak sailean. Pentsamendu-entseguari egindako tarte horretan San Martinena ez beste lan guztiak erdaraz dira, euskal kultura, gizartea eta gatazkaren aurpegien gainean oro har.
Bestelako entsegu liburuek ez dute horrenbeste akatsik behinenetan erreparatzen, eta xede zuzentzailea are ezkutuagoa da, baina euskara bera jarraitzen dute ardatz nagusi izaten. Hizkuntzaren erabilera, hizkuntza politika, hezkuntza edo kultura, gehienetan hizkuntzaren prisma horretatik aztertzen dira.
Zerberri sailaren barnean 1999ko abenduan euskal idazle irakurrienetako biren gogoetak aurkeztu zituzten: «Gogoa Zubi» zekarren Andu Lertxundik eta «Aberriaren alde (eta kontra)» Ramon Saizarbitoriak. Lehenak urtetan idatzitako lan batzuk biltzen zituen, eta haren gainean ere han-hemenka berba egin arren, Saizarbitoriaren gogoetak zeresan handiagoa piztu zuen. Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroetan egindako hitzaldia papereratu zuen funtsean, eta ordura arte eramandako hizkuntza politikan ikusten zituen hutsuneak plazaratu zituen, giro politiko nahasian eztabaidarako beste urrats bat emanez.
Geroztik beste zenbait ale ere utzi digute euskal idazleek: Petxo Idoyagak, EAEko maiatzeko hauteskundeak baino lehenxeago, euskal gatazkan hedabideek zeukaten papera aztertzen zuen «Euskal Gatazkaren begiak» eman zuen argitara, Mariano Ferrer kazetariaren hitzaurre eta guzti. Giro politikoa tentsiorik gorenean zegoela kaleratu zen eta berehalakoan ikusmina eta zeresana piztu arren, zurrunbilo hartako gai handiek beste kultur adierazpide asko bezala irentsi zuten.
Euskal gatazkarekin lotu-lotutako lana da halaber Julen Zabaloren «Abertzaleak eta Ezkertiarrak» Elkarlaneanen Eztabaida saileko lehen liburua. Zabalok plazaratutako galdera eta kezkei hedabideetan baino gehiago, han-hemenkako aurkezpen eta mahai-inguruetan saiatu zaizkie erantzuten. Argitaletxeak berriz, "ideien joan-etorria" bultzatzeko asmoz dakar bilduma: "saio arinak edo mamitsuak, gizartean interesa piztuko dutenak, iritziak trukatzen nahiz sendotzen lagunduko dutenak".
Iñigo Aranbarriren «Hitzak eta Giltzak» liburuxkari hainbat idazlek erreparatu dio. Besteak beste, Igor Estankonak, Felipe Juaristik eta Xabier Gantzarainek idatzi du lan horren gaineko bere iruzkina, eta uda aurretik zeresan handieneko liburuen artean dago euskaraz ez eze, komunikazioaz eta horren guztian dagoen ideologiaz diharduen lana.
Aurtengo azokarako plazaratu diren artean, Jon Alonsok egindako rapsodiak, «Euskal Karmak», asko dauka zirikatzailetik, eta Alonsoren entsegu fikzionatu garratzen artean beste urrats bat gorago doala ematen du. Andu Lertxundik berriz, «Mentura dugun artean» entsegu literariora paratu du. Bere hitzetan, idazle baten perspektibatik egindako hausnarketa da. «Nire talaiatik, bai irakurle, bai idazle lana, euskal literatura eta idazle bezala arduratzen nauten zenbait gaiez dihardut».

Inazio Mujika
Inazio Mujika
INAZIO Mujika idazlea ez eze Alberdania argitaletxeko editore ere bada. Orain urte bi ekin zioten Zerberri sailari, hainbat entsegu txiki argitaratzeko asmoz. Jadanik hogei liburuxkatik gora atera dituzte kalera, ez denak pentsamenduari dagozkionak, baina horren barruko asko bai.

Zer nolako harrera daukate irakurleen artean gogoeta liburuek?

Zerberri sailean ondoen funtzionatu dutenak testimonio edo lekukotzak izan dira batetik, Arantxa Iturberen «Ai, ama!» edo Iñigo Lamarkaren «Gay nauzu», eta gero entsegu txikiek ere, politika, hizkuntza edo kulturari buruzkoek ere harrera ona daukate.


Baina gero entseguok sortu beharreko oihartzun eta eztabaidari buruz zein irakurketa egiten duzue?
Zerberri sailetik kanpo, Ibon Sarasolaren «Euskara batuaren ajeak» liburuak adibidez, eta ez nabil salmenta datuez, oihartzunari begira baizik, dezentekoa dauka. Artxiboari begira horri buruzko karpeta zabala daukagu. Beste kontu bat da, Ibonek nahi zuen eztabaida baino, alegia esaten zituenen gainean baino, nola esaten zituen bideratu zela eztabaida. Karpeta potoloa daukagu, baina asko «nola» horri buruz da «zer» horri buruz izan beharrean. Ramon Saizarbitoriarenak ere oihartzun handia izan zuen. Besteak ondo saldu ziren baina oihartzuna apalagoa izan zuten.

Non kokatuko zenuke bataren arrakasta edo oihartzuna?
Beharbada Ibonek asmatu zuen probokazioan, esateko era zakarrean. Koldo Zuazo adibidez, alde horretatik eskisitoa da. Eta badakizu eztabaida hor dagoela, oihartzuna heltzen zaizu, baina oso jende gutxik idazten du.

Eta zer falta da orduan?
Gaia gehiegi aztertu gabe, plaza egokiaren falta ikusten dut. Ez soilik gogoeta non argitaratu, horri buruz nork zirikatu ere bai. Oso haserretuek edo oso konbentzituek idazten dute, ez gauza batzuekin ados eta besteekin bat ez datorrenak. Beraz, zirikatzailea, benetako kritikaria falta da. Gehientsuenak gainera «Euskaldunon Egunkaria»n datoz eta ez dut uste medio egokiena denik. Zoriontzekoa da noski «Egunkaria»ren lana, baina muga ezagunak ditu eta inpresio hori daukat, foro egokirik ez dagoenez hortik gehiegi ezin dela irten. «Larrun»en agian...

Iñigo Aranbarri
Iñigo Aranbarri
IÑIGO Aranbarrik uda aurretik eman zituen argitara aspaldion bildutako hainbat gogoeta «Hitzak eta Giltzak» liburuan, Alberdaniako Zerberri sailean. Euskal liburugintzaren eremu urrirako gainera, oihartzun handia lortu du, horren adibide han-hemenka, kazeta gehienetan, idatzi diren iruzkin eta kritikak. Literatura hutsezko aurretiazko lanez gain, Susa argitaletxearen magalean sortu zen Bazkako artikuluetako bultzatzaileetakoa ere izan zen.

Aurten mintzagai izan diren liburu apurren artean dago zurea.
«Hitzak eta Giltzak»en asmoa ez da polemika. Ahoz gora egindako gogoeta da, hiztunak bere hizkuntzarekin daukana, oso plano subjektiboan. Egia da ondoren, irakurri dudanez eta heldu zaizkidan komentarioengatik, idatzi ditudan beste liburuez baino gehiago hitz egin dela. Eta horrek kezkatu egiten nau.

Zergatik?
Gaur egun badagoelako genero bat, literarioa ez dena, saio-gogoeta dena eta literaturak berak baino irakurle gehiago dituena, alderdi estetikoari horrenbeste erreparatu gabe.

Orduan zure iritzian, bizirik dago gaur egun eztabaida intelektuala?
Bai, baina beti da hizkuntzaren inguruan. Arazoa beti hizkuntzaz dihardugula da, eta nik liburuan haratagoko beste plano batzuk ere aipatzen nituen, komunikazioaz eta abar eta hizkuntza zuzenari buruz. Hor uste dut dagoela lan handia, eta ez nabil zuzentasunaz, ideologiaz baizik.

Zein litzateke beraz, euskaraz haratagoko gaietarako urratsa?
Agian eztabaida zentratzea eta eztabaidaren kultura bera falta da, hizkuntzaz haratago adibidez. Gerra aurrean oso lagun onak izan arren, kalean bertan oso eztabaida gogorrak izaten zituzten Lizardik, Lauaxetak, Orixek edo Aitzolek. Alderdi berekoak ziren, boto bera ematen zuten baina oso planteamendu estetiko desberdina zeukaten. orduan bazegoen eztabaida hori. Batzutan inbidia sentitzen dut haiekiko.


Azkenak
2024-11-19 | Leire Ibar
Langile bat hil da Petronorren konortea galdu ostean

Astelehen honetan zendu da langilea Muskizeko enpresan, mantentze lanak egiten zituen bitartean. Zerbitzu medikuek berehala esku hartu bazuten ere, ez zuten lortu suspertzea. UGT sindikatuak lan istripu honen arrazoiak ikertzea exijitu du.


2024-11-19 | Leire Ibar
Palestinako genozidioa salatuko du ikasturte honetan ere Gure Haurrak Ere Badira mugimenduak

Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Ijito herria ikusarazteko programazio didaktiko bat prestatu du Hezkuntza Sailak

“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Justizia Errestauratiboko Titulua eskainiko du 2025ean

Bitartekaritzaren eta pertsonen arteko komunikazio zuzenaren bidez, izaera penaleko gatazka bati konponbidea aurkitzea da Justizia Errestauratiboaren helburua. NUPek eskainiko duen prestakuntza 100 ordukoa izango da eta ikasleei titulazioaren gastuen %90 ordainduko zaie. 


2024-11-19 | Pau Lluc i Pérez
Hainbaten artean, bat

Vicent Andrés Estellés poetaren hitzak harturik, bat naiz hainbat eta hainbat kasuren artean, eta ez kasu bakan, arraro edo ezohiko bat. Zoritxarrez, ez. Hainbaten artean, bat. Zehazki, Europako Kontseiluaren arabera, eta ibilbide handiko beste erakunde batzuen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


2024-11-19 | Mikel Aramendi
G20ko protokoloa eta Txinaren lau marra gorri

Argazkia bai, ala argazkia ez? Oraintxe bertan, ez dago argi Rio de Janeiron hasi berri-berria den G20aren goi bileran argazkia izango ote dugun ala ez. Bertaratu diren agintari gorenen “familia-argazkia”, alegia. Horrelakoetan arauzkoa bihurtu dena: turista... [+]


Jaurlaritzak pobreenak berriro lotu ditu iruzurrarekin, dirulaguntzetan salaketak egiteko postontzi anonimoa jarrita

Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


2024-11-19 | Gedar
Kartzelatik irtetean ematen zen diru-laguntza apurra desagerrarazi dute Espainiako Estatuan

Nafarroako Salhaketak jakinarazi duenez, laguntza hori ezinbestekoa zen preso egondako pertsonek "gutxieneko oinarri ekonomiko bat" eduki zezaten, "askatasunean bizitzen hastera igarotzean". 480 eurokoa baino ez zen subsidioa.


2024-11-18 | Euskal Irratiak
Palestinar herriari elkartasuna helarazi diote Makeatik

Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez.


2024-11-18 | Uriola.eus
Bilboko Higiezinen Azokan protesta egin dute asteburuan Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek

Asteburu honetan Euskalduna Jauregian Euskadiko Etxebizitza eta Dekorazio Higiezinen-aretoa egon da. Sustatzaile eta higiezinen agentziek eraikuntza berriko promozioak eta bigarren eskuko etxebizitzak eskaini dituzte partikular eta profesionalen erosketa eta inbertsiorako... [+]


Eguneraketa berriak daude