Munduko bost kontinenteetan zehar bidaiatzen duenak edozein tokitan aurkituko ditu Euskal Herriko trenak eta autobusak, euskal izenekin, duten kalitateagatik hain ezagunak diren Gipuzkoako CAF eta Irizar enpresek eginak baitira. Horrela, enpresa horiek eta bertako langileak euskal herriko teknologia gorenaren eta kalitate profesionalaren ordezkari paregabeak dira.
Bi enpresa horiek, CAFek (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) eta Irizarrek, duela oso gutxi, hamabost urte, oso krisialdi sakonak izan zituzten eta hondoa jotzeko arrisku bizian egon ziren. Baina biek ala biek, ehundik gora urteko lanaren ondoren, arazoak gainditzen eta bere lanari eusten asmatu dute; hasiera batean artisau eran egiten zena gaur egun goren mailako teknologiarekin eginez, beren arloko munduko enpresarik handienekin lehian aritzeko adinako gaitasuna bereganatu dute giza baliabideetan nahiz alderdi profesionalean eta teknologikoan. Horren adierazgarri ezin argiagoak dira CAFen izena daramaten bagoiak, trenak eta metroak, eta Irizar izena daramaten luxuzko autobusak.
CAF 1860AN SORTU ZEN.
Enpresa honen ibilbidea 1860. urtean hasi zen, nahiz eta bere oraingo CAF izena 1917koa izan. Gipuzkoan eratu zen lehen sozietate anonimoa izan zen, eta gaur egun bere egoitza eta instalazioak Beasainen, Zaragozan eta Irunen dauzka. Bere esportaziorako grina ez da oraingotxea. I Mundu Gerran urre gorrizko garaia bizi izan zuen borrokan zeuden herrialdeei bagoiak salduz. Ulertzekoa denez, enpresa honek era guztietako gorabeherak izan ditu bere ibilbide luzean. Laurogeiko hamarkadan, duela hamabost urte, hondoa jotzeko arriskuan egon zen jasan behar izan zuen krisialdiak eraginda. Garai hartan RENFE zen bere bezero nagusia eta honek nabarmen jaitsi zituen bere kontratuak, enpresa krisi sakonean sartuz. Garai hartan %50 murriztu zuen bere langile kopurua, eta Madrileko lantegiak itxi zituen.
CAFek zuen etorkizun handiaz jabeturik EAEko aurrezki kutxek, gaur egungo BBK, KUTXA eta VITAL finantza erakundeek, enpresa honen aldeko apustua egin zuten eta kapital garrantzitsua sartu zuten bertan, haren %30 bereganatuz eta konpainiaren sendotasuna finkatuz. Kapitalaren gainerako zatia langileen esku (%18) eta Burtsan (%52) dago. Azken urteotan, teknologiaren alde egin den apustuarekin, CAFek lortu duen hazkundea eta errentagarritasuna garairik onenen parekoa izan da. Une honetan, eskaeren kartera 200.000 milioi pezetatik (8.000 milioi libera) gorakoa da, eta horko %62 esportaziorako izango da (121.000 milioi pezeta).
Ekainaren amaieran CAFek Espainiako Estatuko enpresa baten ekipo-ondasunak Italian saltzeko kontratua bereganatu zuen, eta horrelako emaitzek garbi erakusten dute CAFek munduan zehar duen garrantzia. Bestalde, Erromako Udalak 33 tren eta ordezko piezen sorta garrantzitsu bat egiteko eskatu dio, 38.400 milioi pezetako aurrekontuarekin. Enpresa honek lortu duen kalitatearen eta lehiakortasunaren adierazgarri ezin hobea da kontratu horretan lehiatu ziren enpresen izenak ikustea: Alstom-Fiat, Ansaldo Breda eta Firema. Beasaingo enpresa honek, azken urteotan, 116.000 milioi pezetatik gorako gaiak saldu ditu Estatu Batuetan.
Estatu Batuetan, agindu zaien eskariaren zati bat herrialde hartan bertan egiteko araua ezartzen zaie atzerriko enpresei, eta arau hori bete ahal izateko CAFek hiru lantegi eratu ditu Maryland-en eta New Yorken, eta beste bat oraintxe bertan irekitzekotan dago Sacramenton. Washingtoneko metroak egin dion eskaria bakarrik 65.000 milioi pezetakoa da. CAFek Amerikako beste inguru batzuetan ere baditu mantentze lanetarako lantegiak, hala nola Rio de Janeiron, Sao Paulon eta Buenos Airesen.
RENFEk ere Beasaingo enpresa aukeratu du bere unitate erregionaletarako 21 diesel tren egiteko eta haien mantentze lanez arduratzeko. Horko bagoiek CAFen garapen teknologiko bat eramango dute, hau da, ibilbide bihurgunetsuetan bidaiarien erosotasuna bermatzen duen Sibi baskulazio sistema. Azken asteotan CAF Siemensekin negoziatzen ari zen Madril-Bartzelona linea estaliko duen AVEren kontratuan sartzeko; proiektu hori 132.000 milioi pezetakoa da.
Teknologia erronka hori garatzeko, azken 6 urteetan, 120 ingeniari sartu dira CAFen plantilan. Enpresa, mila milioi inguruko inbertsioa eginez, 3.800 metro koadroko beste lantegi bat eraikitzen ari da Beasainen, ingeniaritza guztia eta produktuaren garapena biltzeko.
LUXUZKO 1.000 AUTOBUSETIK GORA URTERO.
IRIZAR luxuzko autobusen egilea Mondragon Korporazio Kooperatiboaren (MCC) erakundeko kide da, eta Ormaiztegin ditu bere instalazioak. Bere artisau erako jatorria duela 112 urtekoa da, eta zalgurdiak eta autobusak egiten hasi ziren. Baina, nolanahi ere, nazioartean hain ezaguna den gaur egungo Irizar enpresa indartsuak azken hamarkada honetan ekin dio bere ibilbide berriari. Izan ere, 1991. urtearen amaieran, Irizar krisialdi larrian murgildurik eta hondoa jotzeko zorian zegoen, 1.000 milioi pezetako galerak zituen, eta MCC osatzen zuten 100 kooperatiben arteko okerrena zen une horretan. Garai hartan, Irizarrek 226 autobus baino gehiago ez zituen egiten urtean, bost herrialdetan zuen bere merkatua, eta 273 langile zituen.
Gaur egun, Irizarrek 634 langile ditu Ormaiztegin, eta luxuzko 1.000 autobusetik gora egiten ditu urtean. Nagusi da Espainiako Estatuko merkatuan eta, Europan bigarrena da ekoizpen kopuruari dagokionez. Pentsaezina zen errentagarritasun maila bikaina lortu du. Aurtengo lehen seihilekoan, dagoeneko, 20.000 milioi pezetako fakturazioa egin du, hau da, joan den urtean garai honetan egindakoa baino %22 handiagoa.
Irizar taldea, joan den urtean Irizarrek izan zuen elkartze estrategiaren ondorioz osatua, 44 herrialdetan ari da lanean. Honakoek osatzen dute: Irizar Tainjin (Txina, 1995), Irizar Magreb (Maroko, 1997), Irizar Brasil (1998), Irizar Mexiko (1999), International Hispacold (Sevilla, 1997) eta Irizar TVS Ltd (India, 2001). Leku horietan Irizarrek bere lantegi propioak ditu, guztira 2.200 langile bilduz. Lantegi guztiek Ormaiztegin prestatutako pertsonen buruzagitza dute, eta horietako bakoitzean Irizarren filosofia ezartzen ahalegintzen dira. Filosofia kooperatibista hori antolamenduko pertsona guztien lankidetzan eta partaidetzan oinarritzen da, eta guztiei ematen zaie enpresako alderdi on eta txarren berri, eta enpresak epe labur, ertain eta luzerako dituen proiektuak ezagutarazten zaizkie, kudeaketaren protagonista gisa esku har dezaten.
Irizarren merkaturako eskaintza bezeroekiko malgutasunean eta sentiberatasunean oinarritzen da. Besteak beste, diseinuko berrikuntzetarako talentua eta bezeroen beharretarako egokitutako autobus pertsonalizatuak egiteko ingeniaritza gaitasuna dira bere bi ezaugarri garrantzitsu, betiere herrialde ugari horietako arau ezberdinak betez eta xasis ezberdin ugaritara egokiturik.
BERRINGENIARITZA. BERRASMATU ETA BERRITU.
Bada hitz bat Gipuzkoako enpresa honen bilakaera aztertu duten behatzaileei deigarri gertatu zaiena: "berringeniaritza". Koldo Saratxagak berak, Irizarren aldaketaren arduradun nagusietakoa denak, hainbat elkarrizketatan adierazi izan du horren esanahia. Azalpen horietako batean, aurtengo udan «Zazpika» igandeko gehigarrian, honela zioen Saratxagak: «Kontzeptu horri loturik ezagutzen gaituzte, 1994an erabiltzen hasi ginenean, hemen ez zuelako beste inork horrelakorik aipatzen, nahiz eta Estatu Batuetan zabalduago egon. Prozesuen berringeniaritza zegoen, hau da, ekoizpenerako prozesuak aztertu eta alferrikako galerak ezabatzea, eta hori, berez, ondo dago. Irizarren taldea-linea-bezeroa harremana, hau da, bezero bat eta eskaera bat gureganatzen dugun unetik autobusaren bizitza amaitzen den arteko prozesua hobetzen saiatu gara. Berez orri zuri bat den berringeniaritzatik abiaturik talde autonomoak eta autogestionatuak eratu ditugu, bezeroari begira daudenak gauza hurbil eta bizi bat bezala. Berringeniaritzak berrasmatzea eta berritzea esan nahi du. Horren alde jokatzen jarraitzen dugu, beti suhiltzaile lanak egiten eta adabakiak jartzen ibili ordez. Irizarrek arazoak aukera bihurtu nahi ditu, hau da, talde autonomo eta autogestionatuek zerbait berria egiteko aukera. Berringeniaritza erabateko aldaketa da, ez da etengabeko aldaketa».
Inolako zalantzarik gabe, filosofia horren emaitza da MCCren euskal enpresa hau lortzen ari den arrakasta, eta horrela adierazten dute munduan zehar eman dizkioten sariek. Irizarrek egindako autobusek industri sari garrantzitsuak jaso dituzte Europa osoan, bere kalitate eta berrikuntzagatik. Joan den urtean "Century" modeloa Espainiako Estatuko "Ehun urteko sorkuntza eta berrikuntza" izeneko erakusketan agertu zen industri diseinuaren arloan. Halaber, France 98 Munduko Futbol Txapelketan parte hartzen zuten taldeak garraiatzeko aukeratu zuten. Bestalde, 2000. urtean, Europako beste hiru enpresarekin batera, Enpresa Bikaintasunaren Europako Saria jaso zuen enpresa handien eremuan. Euskal Herrian ere hainbat sari jaso izan ditu, besteak beste, Urteko Enpresaburuaren saria, Koldo Saratxagari emana
DANIEL UDALAITZ