argia.eus
INPRIMATU
"NOBELA MOTA HONEK ERLOJUGILE IZATEN IRAKATSI DIT"
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21a
Nolatan animatu zinen nobela hau idaztera?
Nik ipuinak-eta aspalditik idatzi izan ditut, baina sekula ausartu gabe nengoen gauza potoloago bat egitera, iruditzen zitzaidalako nobela bat idazteko derrigorrez idazlea izan behar zuela batek, eta ni gehiago naiz irakurle... Baina azkenean ohartu naiz nobelari errespetoa eduki behar zaiola, bai, baina ipuin on bat idaztea ez ote den zailago nobela bat idaztea baino. Norbaitek esaten zuen ipuina gezi bat dela, diana batera botatzen duzuna, eta ez baduzu erdian jotzen kale egin duela. Horrela bada, ipuina oso zaila da, eta nobelan beste askatasun batekin jokatzen duzu.

Nori zuzendua dago "Ordaina zor nizun"?
Beno, behin hamalau-hamabost urtetik aurrera oso ondo irakur daitekeelakoan nago.

Zure ahalegin honetatik ateratako ondorio zuzenena?
Nobela mota honek, era batean, erlojugile izaten erakutsi dit, zeren hasieran ez nuen pentsatzen horrelako konplikaziorik izango zuenik, baina hau idazteko, erlojugile baten modura pieza guztiak eduki behar dira, lehendabizi, eta gero jakin egin behar da non ezarri bakoitza. Horrek, jakina, buruhauste asko eman dit.

Baina gainditu dituzu...
Esperientzia bikaina izan da. Atsegina da mundu bat asmatzea. Justo Badiola pertsonaia moldatu ondoren, karakterizatu eta bizia hartu duenean, ez dakit normala den baina oso gauza bitxia gertatu zitzaidan: ezagutzen ditudan haragizkoak baino hobe ezagutu nuela. Ipuinak, berriz, bertsoen modura idatzi ditut, lehendabizi azken puntua edukiz, eta gero gezi hori bideratuz. Orohar, sorkuntza gazia eta gozoa izan da, beti izango den modura.