argia.eus
INPRIMATU
BIKOTE MUNDIALA
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 15
Landareen erresuman ezagutzen dugun familia zabalena orkideena da. Hogeita bost mila eta hogeita hamabost mila arteko barietate izan daitezkeela esan ohi da. Munduko lurralde hotzenak -poloak eta lau mila eta bostehun metrotik gorako mendi gailurrak- kenduta, era guztietako lur eta klima baldintzatan bizitzeko gaitasuna garatu duten orkideak aurki daitezke.

Familia oparo hau landareen eboluzioan aurreratuenatzat jotzen da. Orkidea askok intsektu jakinak behar dituzte loreak ernaldu eta haziak emateko. Intsektu emearen antza duen petalo bat garatzen du orkideak, bera ernalduko duen beste lore baten polena soinean daraman arra erakarri araziz. Ernalketa honen ondorioz sortzen diren haziak ttiki-ttikiak dira eta landare berria ernetu eta hazteko adina janaririk ez du. Hementxe dauka orkideak, aurreratuenetan puntakoak, bikotearen premia. Rhizoctonia generoko onttotxo batek kolonizatu behar du hazia. Kontratuak dioenez onttoak orkidea landareño berriari ernetu eta hazteko behar dituen elikagaiak eman truke, gero orkideak hostoetan sortuko dituen jaki batzuk bueltan emango dizkio. Komenentziak komenentzi... bikotea pozik!