argia.eus
INPRIMATU
ARTUROREN KAIERA
2021eko uztailaren 19a

NAFARREN BILTZARRAREN EGUNA

Datorren abenduaren 3an, Xabierko San Frantzisko egunean, Nafarren Biltzarraren Eguna burutuko da Iruñean, Orreaga Kultur Elkarteak antolatuta. Nafarroaren identitate propioa, eta honen barruan bereziki euskara, izango dira egun horretako protagonista nagusiak, baina ez bakarrak. Besteak beste, etorkinei hitza eman nahi diete eta Xabierko Frantziskoren irudia lantzeko asmoa ere badute.


PP-REN UNIBERTSITATE LEGEA EZBAIAN

Arabako Langraizko espetxean egunotan ekin diote euskarazko ikastaroak emateari. Orotara 53 presok eman dute izena ikastaro hauetan eta IKAk kudeatuko du zerbitzu hau. Lehen hiruhilekoa finantzatzeko Arabako Foru Aldundiak 1,4 milioi pezeta (56.000 libera) inguruko diru laguntza eskaini du. Ekimen hau ez da berria ordea, AEK-k bi urte zeramatzan espetxe honetan euskarazko eskolak eskaintzen. Aurten, ordea, kartzelako zuzendaritzak, ikastaroak beste modu batera antolatu behar zirela argudiatuz, albo batera utzi zuen AEKren kudeaketa.


BANKUETAKO LANGILEAK EUSKARAZ LANA

UZEI eta HABEk banku eta finantza erakundeetako langileek lanean euskaraz egin dezaten «Dirukiak» material didaktikoa prestatu dute. Euskadiko Kutxak eskatu zuen materiala, Euskara Biziberritzeko Planean barnean. Euskadiko Kutxa materiala erabiltzen hasi da dagoeneko eta hemendik aurrera eskura izango dute beste finantza erakundeek. Euskadiko Kutxako 800 bazkidek erabiliko dute materiala, lanean euskaraz egin dezaten. Bi urtez arituko dira materiala lantzen, 114 ikastordu guztira.


URRUÑA ETA ZIBURUKO IKASTOLEN ALDE

Hazia elkarteak eta Goierriko ikastolak azaroaren 24 eta 25erako jaialdia antolatu dute, Urruñako ikastola eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa diruz lagundu asmoz. Hala, azaroaren 24an kontzertua izango da Ordizian eta 25ean Urruñan. Besteak beste, Kepa Junkera eta Ruper Ordorikak emanaldia eskainiko dute.