argia.eus
INPRIMATU
DEBAGOIENEKO ASTEKARIA
2021eko uztailaren 19a
Iazko abenduaren lehenengoan «Goienkaria» jaio zen, Debagoieneko euskararen aldeko taldeen eta Goiena komunikazio kooperatibaren ekimenez. Euskara hutsez Debagoiena eskualdean astean zehar kulturan, politikan, gizartean eta ekonomian gertatutakoen berri ematen du. Ostiralero hogeita bat mila ale doan zabaltzen ditu Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza, Antzuola, Elgeta, Aramaio eta Leintz Gatzagan barrena. Astekaria izan arren, «Goienkaria»k egunkari formatoa du, eta erredakzio nagusia Bergaran dago.

Azken hamaika hilabeteetan bailarako biztanleek «Goienkaria» jaso dute astero, baita herri bakoitzean bertako aldizkaria ere (maiztasun ezberdineko aldizkariak egon dira oraino: astekariak, hamabostekariak...). Baina urriaren 18an «Goienkaria» berria jaio zen, tokian tokiko ia aldizkari guztiek berarekin bat egin baitzuten. «Goienkaria»k bere horretan darrai, bailara osorako komuna den zatiak ez baitu aldaketa handirik izan. Bai, ordea, herri aldizkariek, «Goienkaria»n sartzerakoan oro har eduki gehiago landu eta egunkari formatora egokitu behar izan dutelako. Hala, urriaren 19tik herri aldizkariak «Goienkaria»ren barruan doaz.
48 orrialde ditu aldizkariak, erdia «Goienkaria» komunarentzat eta beste erdia hiru herri aldizkariendako dira. Astekari berrituak hiru edizio kaleratzen ditu, edizio bakoitzak herri aldizkari zehatz batzuk bereganatzen dituelarik. Horrela, Bergarako edizioak «Kontuola» (Antzuola), «Goibekokale» (Elgeta) eta «Berrigara» aldizkariak batzen ditu. Arrasateko edizioak orrialde kopuru bera du, baina kasuon «Arrasate Press»ek hogeita bi bere gain hartzen ditu, eta Aramaioko «Txirritola»k bi. Aretxabaletako edizioa, berriz, hogeita hamasei orrialderen jabe da, horietarik hamabi «Aretxagazeta» eta «Ze Barri?» (Eskoriatza eta Leintz Gatzagako albisteak biltzen dituena) agerkariek hartzen dituzte bere gain. Beraz, nolabait esateko herri aldizkariek «Goienkaria» potolotu dute.


ARRAZOI EKONOMIKOAK.

«Goienkaria»ko zuzendari Eneko Azkaratek azaldu duenez, "bat-egitearen arrazoietako bat ekonomikoa da; errotatiban aurrezten den dirua edukietan eta lan taldean inbertituko dugu, produktu hobea lortzeko". Bestalde, aipatu beharra dago Debagoiena bailara subjektu bezala aintzat hartzen zuen aldizkari baten beharra sumatu zutela zenbait euskara talde eta komunikabidek.

Proiektuak aurrera egin du, eta egun kazetariek Aretxabaleta nahiz Arrasateko erredakzioetan dihardute, baina baita Bergarako ordezkaritza nagusian ere.
Hizkuntzari dagokionez, «Goienkaria»ko orrialdeetan euskara batuak nagusi izaten darrai, eta, era berean, tokian tokiko euskarak presentzia handiagoa du herri aldizkari berrituetan.
"Urte luzetan herri aldizkari bakoitzak bere aldetik jo du, eta bat-egitea ez da samurra izan, baina denontzat hobea izango zela erabaki genuen", dio «Goienkaria»ko zuzendari Eneko Azkaratek. Dena den, herri aldizkarien birmoldaketaren aurkakoak ere egon dira, jende askok pena handia hartu baitu ohiko aldizkariak gehiago ikusiko ez dituelako.
Iker Barandiaran «Arrasate Press»eko zuzendari eta koordinatzaileren ustez, "herri txikiak izango dira bat-egiteari esker gehien irabaziko dutenak", maiztasun txikiko aldizkariak edukitzetik astero-astero «Goienkaria»n lekua izatera igaroko baitira. Halaber, "herriotako erakundeak, taldeak eta herritarrak ez daude kazetarien galderei erantzutera ohituta, eta horrek kazetariaren lana zailtzen du", gaineratu du Barandiaranek.
Edizioei dagokienez, ez da ezberdintasun handirik, hirurek gai beretsuak jorratzen dituztelako, eta atalak ere antzekoak direlako. Erakargarriagoak eta irakurterrazagoak izateko asmoz, argazkien tamaina handitu eta testuen pisua txikitu dute herri aldizkari berrituetan.

Urte bukaerako Internetera egingo du jauzi Goienak eta horrenbestez «Goienkariak». Erronkarik nagusiena, ordea, «Goienkaria» egunkari bihurtzea izango da, eta zentzu honetan Eneko Azkaratek zera adierazi du: "Edizio lokalak dituzten egunkariak gero eta kezkatuago daude, konpetentzia gogorra izan gaitezkeelako"

Zortzi agerkari eskualde berean
Debagoienan agerkari eta herri aldizkari ugari egon dira. 1988an Arrasate Euskaldun Dezagun taldeko lagunek abian jarritako «Arrasate Press» Euskal Herriko herri aldizkarien aitzindarietako bat dugu. Astekari honek bere gorenean 6.400 aletako tirada izan du. «Berrigara» astekariak eta «Antzuolako Kontuola» hamabostekariak bien artean, berriz, 5.400 ale banatu dituzte oraino. Era berean, Aretxabaletako berrietaz arduratzen zen «Aretxagazeta» hamabostekari zaharrak 1.500 ale kaleratzen zituen. «Ze Barri?»k Eskoriatza eta Leintz Gatzagako berri hilabetean behin ematen zuen eta 1.700eko tirada zuen. Elgetako «Goibekokale» hilabetekariak 650 ale banatzen zituen. «Txirritola» orri informatiboa hiru hilabetean behin argitaratzen zen Aramaion izen bereko euskara taldearen eskutik. «Kontzejupetik» hilabetekari oñatiarra «Goienkaria» berrian sartu ez den herri aldizkari bakarra dugu. Izan ere, ez du Goiena bere kudeaketaz arduratzea nahi, eta bertako udalaren eskuetan darrai. Dena den, oñatiarrek Goienkaria jasotzen dute ostiralero beren gutunontzietan. «Kontzejupetik» aldizkariak 4.500 ale banatzen ditu