Resurreccion Maria Azkue Aberasturi Bizkaiko kostaldean jaio zen, hain zuzen ere, eta Otxandioko Bittor Kapanagari kasu eginez, oraindik "sartalderaz" bizi den Lekeitio herrian. Idazlea, ikerlaria, hizkuntzalaria, lehendabiziko urteetako bizimodua, betiko baliagarri tinkoa izan zitzaion, arrantzale munduak utziriko hondarra pisu handikoa izan baitzen bere bizian. Funtsean, horrela islatu baita bere euskal senan ez ezik, ama hizkuntzaren inguruko idazkietan ere.
1864an sortu zen, erran nahi baita bi guda karlista handien arteko sasi eten eskasean, haurtzaroaren amaieran guda ikaragarriak, garai garratzak bete-betean harrapatuz. Bizitza luzean ordea, gatazka krudelagoa ezagutuko zuen. Urte hartan, baina, literatur belaunaldi oparoa eskaini zuen Euskal Herriak: Txomin Agirre, Jose Artola, Sabino Arana, Karmelo Etxegarai, Migel Unamuno...
Unamuno jaunarekin izan zuen harremana. Eta are gehiago, bata bertzearen "alter ego" izan zela erraiten ahal dugu. Izan ere, biak 1864an jaio ziren, foruak eta guda karlisten eragin zuzenapean. Biak bizkaitarrak, euskaldunak, idazleak, bakezaleak ziren. Bilboko euskal katedrak nahiz 1936ak bereiziarazi zituen. Bertzalde, Azkuek apaizbidea hartu bazuen ere, Unamuno Jaungoikoarekin beti gerra irekian aritu zela dirudi. Ez dezagun ahantz, hondarrean, Azkue euskaltzalea zela, Unamuno erdaltzalearengandik bertze lubakian kokaturik zegoena.
Bada, eta ohiturari jarrikiz, Azkuek itsas ikasketak burutu zituen sorterrian. Handik Bilborat jo zuen, orduko batxilergoa egiterat, liburuek aginduriko inda Gasteizen ez amaitzeko. Izan ere, Salamankan doktoretza gainditu eta Rhin ibaiaren ertzeko Kolonia hiri alemaniarrean nahiz Brussela belgiarrean musikaz zekiena findu nahi izan zuen.
Nahikoa pasadizo ezaguna delarik, bertzalde, Bilboko institutuan jarririko euskara katedra bere egin zuen, oposaketa horretarako lehiakide ezin ezagunagoak elkartuz: Sabino Arana eta Migel Unamuno. Berak irabazi eta Sabinok, buru-belarri, euskara aberasten jarraitu zuen. Unamuno jaunak, baina, emaitza ezin onartu eta urte batzuk beranduago hoberena euskara hiltzea zela aldarrikatuko zuen, duela mende bateko euskaltzaleen harridurarako, bertako hizkuntza suspertu ahal izaiteko egiten ziren ahalegin miresgarrienak ere bere jarrerak zokoratzen zituelakotz. Edonola ere, Azkuek katedra horri eutsi zion, 1936ko gerrak hura ere, Unamunoren gisa, desagerrarazi arte.
Azkuek euskal kulturan lan eskerga egin zuen, herrikoia nahiz eliteen artekoa. Irakur, bertzenaz, "Cuentos y Leyendas" izeneko bilduma, non Euskal Herriko geografian barna 1935 eta 1947 bitarte ehundaka eta ehundaka ipuin, ohitura edota sinesmen jaso baitzuen. Euskal jaietan ere parte hartu zuen. Erraite baterako, 1899ko irailaren 9 eta 10ean ospaturiko Arabako Aramaioko euskal jaietan, antolaketari zegozkion ordainketa agiriak Azkuek kudeatu zituen, Virginie de Saint-Bonnet (1828-1901), Anttoine Abadiaren alargunarekin baterat.
Lekeitiarrak Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarrean parte hartu zuen, bere laguntzaz 1918an Euskaltzaindia sorraraziz. Hauek izan ziren, irailaren 5ean, aukeraturiko lehen euskaltzainak: R.M. Azkue, Luis Eleizalde, Julio Urkijo eta Arturo Kanpion. Handik gutirat, 1919an, euskaltzain kopurua hamabi izanen zela idatzi zuten, hots, egun dagoen multzo erdia. Lekeitiarraren zuzendaritzapean honako hauek ziren lehenengo hamabi euskaltzain osoak: aipaturiko Eleizalde, Urkijo eta Kanpion iruinsemeaz landa Txomin Agirre, Jose Agerre, Pierre Bruzain, J. Blaise Adema, Raimundo Olabide, Ramon Intzagarai, Juan Bautista Eguzkitza eta Pierre Lhande. Euskaltzainburu hautatu eta biziki estimaturiko betebeharrean hil arte aritu zen, belaunaldi berriak ezagutuz (Mitxelena, Villasante, Krutwig, Txillardegi).
1936ko gerrak goibeldu zuen jadanik adinekoa, zaharkiturik zegoen Azkue. Bera izan zen Euskaltzaindiaren burua eta gorputza, jarraipena, lotura hil arte. Bilbon itzali zen bere bihotzeko argia, 1951. urtean, hagitz era txarrean. Guziz kutsaturik zegoen ibairat erori eta bertan amaitu baitzuen bizitza, horrenbertze estimatzen zuen Txillardegiren erranetan "itota baino, pozoinduta".
Azkueren hiztegia.
Azkueren lan garrantzitsuenetarikoa 1905. urtean argitaratu zen: "Diccionario Vasco-Español-Francés". Bertan tokiz-toki bilduriko herri jakintza ageri da, erran nahi baita denetarik jaso zuela, baita egungo ikuspegitik aspaldi euskalduna ez den hainbat populazio guneko altxor galdua ere, arabarra kasu. Hori dela medio, zenbait ikerlari edota idazlek bertan ediren du bere liburuak aberasteko iturri agorrezina.
Adibide gisa, Nafarroako Zizur edota Gipuzkoako Zizurkil herri izenen jatorriaz galde eginez gero, aipaturiko lan mardulean, duela mende bateko hiztegian "ile zizurra, kizkurra" zela kausituko du irakurle kuriosoak.
Baina hiztegi horretan aurkitzen ahal duguna ez dagokie hitzei bakarrik, zeren eta orduko euskal mamiak, izaerak, nortasunak azaltzen zituen esamoldeak, erranahi sakoneko hausnarketak ere Azkuek gauzaturiko mirari horri esker guregana heldu baitira. Hau da, euskararena ez ezik, euskal kulturaren isla gardena ere bada.
Ildo horretatik, aipagarria zaigu "koko" hitzaren zentzua, antza denez euskal etnian ongi erroturiko sustraiak zituena. Horrela, hiztegiari jarraikiz eta Ipar Euskal Herriko biztanleen arabera, espainiarrak "kokoak" ziren, hain zuzen ere "surnom que l'on donne aux Espagnols". Baztandarrek, halaber, mespretxu handiz "kokoak" deitzen zieten erdalduntzeko zorian zeuden ultzamarrei; sakandarrek Lizarrerriko biztanleei eta leitzarrek Tafalla aldekoei, "koko herria" ere jaso delarik. Bizkaiko euskaraz, era berean, "kokoa" hitzaren erranahia "leloa" omen zen: "sinisten ezteutsuna da kokoa", hots, "celui qui ne vous croit point est un sot". Bizkaiko Lemoan, bertzalde, "kokoa" deitzen zioten "al jugador a quien otros tres en connivencia le engañan, en una partida de a dos". Herrialde berean ere mozorratzea "koko jantzi" omen zen.
Hitz batez, "kokoa" arrotzaren parekoa dugu, kanpotarra, mespretxagarria, leloa, mami gutikoa, funts gabekoa, desitxurosoa, erdaldundu berria, erdalduntzen ari zena edo, Iparraldekoen erranetan, espainiarra. Euskal harrotasuna agerian, alegia, zeren eta "koko" izeneko kontzeptu sinboliko hau herrialde guzietan ezagutu eta erabiltzen ohi baitzen. Hauek dira Jose Maria Satrustegik jaso zituen Basaburuko Aizarotz alderdiko Luzia Goñiren bertsoak, Iruñea eta Tafalla arteko eskualdeez mintzo direnak: "Jendea ere oso harroa/ Gainera diruzaleak/ Pikuak baino zimurragoak:/ Holaxe dira kokoak./ Hitza gozoa euskaldunari/ Gero atzetik kontuak,/ Baino hemengo lur guztiek/ Dituzte izen euskaldunak"