Bai, baina hasieran sozio bakoitzak bestelako diru iturriak genituen. Proiektu berri hau aparteko gauza bezala hartu genuen, tontamentean. Ez genuen aurreikusten gerora hainbeste lankide izatera helduko ginenik, ez honetan bete-betean ariko ginenik ere. Bagenekien nahaspila txiki batean sartzen ari ginela. Izatez, hasieran 700.000 pezeta jarri genuen bakoitzak geure poltsikotik. Inguruko lagunei ere proposatu genien, nahi zuena sar zedin proiektu honetan (gaur lagun batzuk damutzen dira…ji, ji).
Hasi ginen hiru kideok. Ez dugu elkarren antzik batere, ezertan gainera. Baina gauza batean bat gatoz, eta asko esaten du: hiruok eroak izateagatik libratu ginen soldadutzatik!
Hiru lagun hasi zineten. Gaur marrazkien fabrikak filosofia bera jarraitzen du?
Lagun artean enpresa bat sortzeak arazo gehiago dakartzala diote. Guk ez dugu edozein lagun hartzen, baina postuan enkajatzen duen lagunik badugu, lehentasuna eman izan diogu beti. Enpresa gero eta konplikatuagoa da, arazo gehiago sortzen dira handitu ahala, baina era berean oinarri sendo bat ematen dizu gauza berriak sortzeko. Egun departamentu asko ditugu. Nik sormen arloa daramat, Koldo Aiestaranek gerentzia, eta Txomin Domingo de Bidaurretak arlo ekonomikoa. Giroa sortzen saiatu gara. Estatuan zabaldu ditugun dendak ere enpresa honetako parte dira, eta irabaziak kide guztien artean banatzen dira.
Zergatik gustatzen zaizu hainbeste animaliak marraztea?
Beti gustatu izan zaigu hiru anaioi, eta beti marraztu izan ditugu animaliak gizakien egoeratan. Kukuxumusu barruan esparru hori da gehien ustiatu duguna. Erridikuluaz gehien jabetzen zara animali bat gizakiaren ohizko egoera batean jartzen duzunean: esaterako, bi zakur kalean hizketan, eta batek gizaki bat katean lotuta darama, hanka altxata zuhaitzari pisa egiten ari zaiola.
Nola produzitzen dira ideiak?
Gero eta jende gehiago dago ideiak jartzen dituena. Kukuxumusu taldeko proiektu bat da, eta nik beti jendearekin lan egin behar dut, bakarrik desastre hutsa naizelako!
Sormenerako informazioa saltzaileek eta zuzendari komertzialek ematen didate: "Bilbon, Guggenheimi buruzko kamisetak eskatzen ari dira" esaterako. Emandako ideietan, nik zer egin eta zer baztertu erabakitzen dut. Behin ideia berri bat egiten dudanean, lankideei erakusten diet (beti oso ondo dagoela esaten didate, eta alerik saltzen ez denean "esan genizun!» salatzen naute...). Saltsa horri, gauza berriak sortzeko irrika horri eusten saiatzen gara, hainbeste urte eta gero ez nuke jasango proiektu hau txorixo fabrika bat bihurtzea.
Zuri gehien gustatzen zaizkizun kamisetak egiten dituzu, edo salmentek eskatzen dutena?
Niretzat propio egingo nituzkeen kamisetak, ez nituzke alerik ere salduko. Ez nago prostituituta ere, baina Kukuxumusuk egun gainditu egin nau. Osagai asko nahasten dira: saltzaileen proposamenak, kolore batzuk asko saltzea eta zuri gehien gustatzen zaizuna ez saltzea… Nahi gabe zurrunbilo artistiko enpresarialean sartzen zara, eta merkatuak eskatzen dizuna egiten duzu, beti ere zure filosofia eta estiloaren barruan.
Zein da zure gustukoa litzatekeen kamiseta, eta merkatuan batere salduko ez litzatekeena?
Kukuxumusuko estiloa berezia da, oso markatua, infantila, espresiboa. Bestelako nire marrazkiak gustatzen zaizkit neronek janzteko: estilo beretsua da, baina hainbeste zaindu gabea, zirriborroagoa, kolore gama iluna, marroi-gris-urdinez betea.
Marrazkien %90 nireak dira. Asisko anaiak eta Txema Sanzek egiten dituzte besteak. Soinean eramaten ditudan Kukuxumusuko kamisetak Txema edo anaiarenak izaten dira gehienak. Eurak, enpresan hain sartuak ez daudenez, askeagoak dira arlo komertzialetik, eta gauzak euren modura egiten dituzte gehiago, baina era berean ez dira hainbeste saltzen. Sorgin gurpil bat da azkenean. Oraintxe soinean dudan honek txoratzen nau: "Kakaxumusu" diona. Grazia egiten dit horrexegatik, neure markaz barre egiten dudalako.
Moda kontua da? Denborarekin gantxoa galtzeko beldur zarete?
Bai. Hala ere, gure marrazki mota oso herrikoia dela uste dut. Batzuk oso jende jakinak erosten ditu, eta guri interesatzen zaigu gutxiengo hori, eta gero badira gehiengo handiak erosteko moduko kamisetak. Hain zabaldua egonda, oraingoz zaila da goizetik gauera dena pikutara joatea. Baina gu geu konturatu gara, hasi ginenetik 10 urtetan izugarri eboluzionatu dutela gure marrazkiek, eta denborarekin batera eraldatzen ez badoa Kukuxumusuk porrot egingo du. Ez dugu modaren zurrunbiloan sartu nahi, baina egia da oso gertutik jarraitzen dugula ze kamiseta mota janzten diren, koloreekiko joera, eta baita marrazkiena ere.
Zein dira zuen marrazki erreferentziak?
Konpetentzia zertan dabilen begiratzen dugu. Zoritxarrez, konpetentziak kopiatu egiten gaitu, eta erreferentea geronek jartzen dugu. Pena da, lehenago marka ezberdin asko baikeunden merkatu berean, produktu ezberdina eskaintzen. Baina jendeak, bere estilo propioa sortu beharrean, fusilatu egiten gaitu, eta goragalea ematen du horrek! Konpetentziak baino gehiago, azkenean jendeak esaten dizu nondik jo. Urte bukaeran salmenten errepasoa egiten dugu. Bilduma berrietan, marrazki herrikoiez gain beti sartzen ditut hamar bat marrazki arraro, probatzeko.
New Yorken bizi izan zara 5 urtez. Zergatik New York?
Hiru txanponekin joan nintzen 18 urte nituela. Hanka lurrean jarri orduko buruan sekulako pelotazoa ematen dizun hiri horietakoa da. Han sei hilabetetan ikasi nuen hemen 5 urtean ikasi gabeko dena.1988an itzuli nintzen zinea ikastera, eta berriz maitemindu nintzen hiriarekin. Euskal Herrira etorrita, Kukuxumusuko proiektuarekin hasi nintzen, eta New Yorkera lanez betetako maletina eraman nuen, aldi berean aisialdiko bizitza egin eta kaletik ikasteko asmotan.
Hiri handiak gustatzen zaizkit; baina ez hiri zainduegi horiek, lurreko pipa azalek atentzioa deitzen duten hiri korrektoak. Kaosa gustatzen zait, eta New York horixe da: luxua eta pobrezia nahasten dira, arrazak, kulturak… Espaloi beretik 30 aldiz igarota ere, beti harritzen zaitu zerbait berriak. Eta aldi berean, galduta ez zaudenaren sentsazioa duzu, erraza baita hiriaren egitura menperatzea. Artea bonbazo bat da. Ni artearen kontzeptu batekin joan nintzen bertara, eta 5 galeria ikusita eskema guztiak hautsi zitzaizkidan. Mundua mugitzen duen hiria da.
Bi hegazkinen «dorreartzeak» zer inpakto egin zizun?
Pena izugarria eman zidan. Ez hildakoengatik bakarrik (egia esan, heriotzak ez ditugu benetan sentitzen gertukoak ez direnean). Atentatua dorre bikien aurka egiteak berak eman zidan amorrua: sinboloa botatzera joan dira, baina sinboloarekin batera kultura ezberdinetako jendea da erori dena.
Eraikin erraldoi horiek espeltakularrak ziren benetan. Nire anaia New Yorkera joan zenean, lerdokeria tipikoa egin nion: Iruñean betaurreko itsuak jarri, eta non zegoen ez zekiela, hegazkinetik jaistean dorre bikien aurrera eraman nuen. Betaurrekoak kenduta, handitasunaren aurrean shock galanta hartu zuen.
Errepublika Dominikarra ere gogoko duzu. New Yorkekin alderatuta, ez al da kontraste handia?
Bai, emozioz negar egiteko modukoa da kontrastea. Santo Domingo hiri dibertigarria da, alaia, jendea gauza gutxirekin bizi da inor baino zoriontsuago. Eta lekua bera da paradisua. Niri palmerek sekulako bizia ematen didate. Lau sosetan erosi genuen lur zati bat, eta etxola bat jarri. Orduan ez zen batere turistikoa (bi urte ziren argia jarri zutela hirian), laster xarma kenduko diote baina.
Bertako kale nagusiak beti gogorarazten dit New York, aulki batean eserita kaleari begira orduak eman ditzakezulako: ume bat oiloekin pasako da, gizon bat builaka, atsoa erruloekin… hiri ero horiek gozamena dira.
Parrandazale profesionala zara.
37 urte ditut, egia esanda dagoeneko amona bat naiz! Baina ezin dut kaleko giroa utzi. Asteburuak, festak... maite ditut. Droga guztiak legeztatzearen alde nago, eta barregura ematen dit tabernan patxaranarekin atxurtuta dagoen jendeak, bestelako drogak kontsumitzen dituen jendeari begirada salatzaileak botatzen dizkietenean. Betikoa da, hipokresia. Jende batentzat ilegala den droga nazkagarria da, eta legeztatua dutena bikaina.
Bihar zer?
Kukuxumusu proiektuarekin hasi nintzenean argazkigintza eta pintura albora utzi nituen. Egun, Kukuxumusuko departamenduak ondo egituratzen goazen neurrian, nire asmoa laster New Yorkera itzultzea da denboraldi luze baterako, eta utziak ditudan argazkigintza, kartelgintza eta halakotan hastea berriz ere