IZARA ZURIAREN AZPIAN EZKUTATUA

  • Datorren ostegunean, azaroak 1, hilerriak lorez beteko dira urteroko hildakoentzako omenaldi zabalean eta iluntzean animak lurrera jaitsiko dira. Baina hurrengo egunetik aurrera, gizarteak bere ezkutalekura bidaliko du berriro heriotza. Hildakoak bizion begiradetatik aseptikoki babestuko dituzte eta, dena makilatzen den garaiotan, gorpuak makilatuta aurkeztuko zaizkigu soilik. Haurrei aitona bidaia luze batean dela esango zaie, lehen haurrak Paristik zetozela esaten zitzaien modura; Eros eta Tanatosen ezkutaketa jokoa. Gizarte industrializatuan heriotza tabu bihurtu da. Gauzak asko aldatu dira bizitza eta heriotza bat ziren garaietatik.
Historiaurreko trikuharrietatik hasi eta hildakoen errautsak gordetzeko urna berrietaraino, hamaika izan dira hildakoak gordetzeko erabilitakoak. Heriotza beti heriotz. Baina hilobiek ez ezik, heriotzarekiko jarrerak ere aldaketa handia jasan du historian zehar. Nabarmenena, gertuen dugulako beharbada, egun bizi dugun aldaketa da, XVIII-XIX. mendetik hona gertatu dena.

Heriotza atsekabea da, bizitzan gainditu beharreko trauma. Amaiera izan daiteke, baina baita beste zerbaiten abiapuntu ere. Norberarenari ez ezik, ingurukoen heriotzari ere beldurra eta errespetua diogu. Horregatik gizakiak milaka urtetan hildakoei agur esan die, omendu egin ditu eta beste mundu baterako prestatu ditu. Sarritan mundu honetara itzul ez daitezen bitartekoak ipini ditu. Eta sarritan, hildakoari agur esanda, bera oraindik bizirik dagoela gogorarazi dio.
Modu horretan, eta heriotzarekiko jarrera desberdinen arabera, ohitura eta errito andana sortu da toki eta garai bakoitzean.


Agoniatik parrandara.

Euskal Herria preindustrialean, beste toki askotan bezala, hilzorian zegoenari ez zitzaion bere egoera larria ezkutatzen. Alderantziz, behar-beharrezkoa zen hari gauzak garbi adieraztea, une horretarako presta zedin. Etxeko heriotza zen hura, senitartekoz inguratuta. Eliza katolikoa bizitzako esparru guztietan sartuta zegoen garaian (eta heriotza bere esparru indartsuenetakoa zen, zalantzarik gabe), hiltzera zihoanak damutzeko eta sakramentuak hartzeko aukera behar zuen, bere arima salbatuko bazuen. Hura zen ondo hiltzeko bidea. Heriotza txarrak, istripu batean edo bihotzekoak jota bat-batean gertatutakoak, betiko kondena zezakeen hildakoaren arima. Europako literatura erlijiosoak ederki azaltzen du hauxe eta Euskal Herrian ere badugu gaiaren inguruko hainbat idazle: Kardaberaz, Palacios, Mendiburu, Tartas bera...
Behin heriotza gertatutakoan, egin beharreko lehenengo gauza gertakaria jakinaraztea zen. Horretarako elizako kanpaiak jotzen ziren. Euskal Herriko hainbat tokitan erleei esaten edo kantatzen zitzaien heriotzaren berri. Beste toki batzuetan ganaduari ere esan behar zitzaion. Ondoren, gorpua prestatu behar zen: auzoko etxekoandreak jazten zuen berau, beti ere hildakoaren begiak itxi ondoren (ez zen komeni hildakoari begietara zuzen begiratzea, heriotz batek atzetik bestea ekar baizezakeen). Gorpua ohean edo, beranduago, hilkutxan ipini eta gurutze bat jartzen zitzaion esku tartean, bularrean. Hildakoari hankak lotzen zitzaizkion batzutan, dirudienez bizien mundura itzul ez zedin. Kandelak piztuta, gaubeilari ekiten zitzaion: auzoko guztiak hurbildu ohi ziren hildakoaren etxera, iluntzetik egunsentira. Hurrengo egunean, gorpua elizara eramaten zen, elizbide edo hilbide finkotik. Ezin zen besterik erabili. Elizan hiletak burututa, gorpua ehorzteko ordua iristen zen. Dena ez zen ordea katolikoki «zuzena» eta duela gutxi arte hainbat ohitura «pagano» gorde da Euskal Herrian: txanponak eta bestelako objektuak zerraldoan uztea, animaliak eskaintzea...
Hilobia eliza barruan bertan izaten zen, eta, tokirik ezean, inguruan. Beste mundura iristeko erraztasunak jarri izan zaizkio betitik hildakoari. Historiaurrean toki altu eta irekietan eraiki ohi ziren trikuharriak, zerutik edo dena delakotik gertu. Erdi Aroko eguzki formako hilarriak ekialdera begira ipintzen zituzten. Eta kristaua izanik, infernua saihesteko zer zen hobea Jainkoaren Etxean ehortzia izatea baino?
Hildakoa lur azpian, lur gainekoek hileta-bazkari garesti eta jendetsuak egiten zituzten, etxekoen ekonomiaren kalterako, baina egoera animikoaren onerako. Jakiez gain, edaria ere ugari izaten baitzen bazkari hauetan. Heriotzaren atsekabea gainditzeko lagungarri zen bazkari itxurako «carpe diem» hura.
Euskal Herria barrokoko heriotzaren inguruko ohituren deskribapen hau orokorra da, noski, eta tokian tokiko ezaugarri bereizi mordoa jaso dute etnografoek. Esan beharra dago, gainera, mendebaldeko gainerako herrialdeetan ere ohiturak oso antzekoak zirela garai horretan.
Bizitza eta heriotzaren arteko lotura egun baino estuagoa zela esan genezake. Heriotza onartuagoa zegoen. Halabeharrez, heriotza tasa askoz ere altuagoa baitzen garai hartan, haurrei dagokienean batik bat.


Heriotza tabu.

Gaur egun, ordea, gauzak oso bestelakoak dira. Hasteko, hilzorian dagoenaren aurrean disimulua nagusitu da. Asko eta asko ospitalean hiltzen dira eta handik zuzenean beilatokira eraman ohi dira gorpuak. Heriotza etxetik bidali dugu.
Hilbide sakratuek ez dute jada zentzurik eta elizetan aspaldi ez dago tokirik zerraldoak bertan ehorzteko. XVIII. mendetik aurrera hilerriak eraiki ziren herrien kanpoaldean (garbitasun eta toki arazoengatik, besteak beste). Baina kanposantuak berak desagertzeko joera datorrela ere pentsa daiteke, gorpuak erraustea gero eta ohitura zabalagoa baita.
Beraz, egun etxetik kanpo hiltzen gara eta gorpua profesionalen esku utzi eta desagertu egiten da. Berragertuz gero, ederki makilatuta erakutsiko digute, bizirik balego bezala. Ez dadila begi aurrean heriotzaren arrastorik ageri. Fikzioa odolez gainezka eskaintzen diguten bitartean, Dorre Bikietako biktimen irudiak debekaturik daude. Heriotza ukatu nahi dugu eta tabu bihurtu dugu.



Eros eta Tanatos.

Sexua eta heriotzaren arteko harremana bitxia da aspalditik. «Orgasmoa eta heriotza bi neska adeitsu dira» zioen Baudelaire-k. Bernini eskultoreak Santa Teresa Jainkoarekin harreman mistikoan irudikatu zuenean ere, haren aurpegiak ez zirudien orgasmotik urrun.

Egun, biek rolak aldatu dituzte. Sexuan, lehen ezkutatzen zena, orain gero eta gehiago ageri da. Heriotzari dagokionean aldiz, lehen erakusten zena ezkutatzera jotzen dugu orain. Phillippe Ariès-el «La mort inversée» lanean zera dio: «Heriotza tabu bihurtu da; aipatu ezineko zerbait, garai batean sexuarekin gertatu bezala. Orain heriotza jendaurrean aipatu ere ezin da egin. Umeak txiki-txikitatik maitasunaren eta jaiotzaren psikologian hezitzen dira, baina aitonarik gabe geratzen direnean zergatik galdetu eta hainbat erantzun ematen zaie. Oso bidaia luzea egitera joan dela erantzuten zaie edo lorategi eder batean atseden hartzen ari dela edo atxaparrak hazten ari dela. Umeak ez dira aza artean jaiotzen; hildakoak lore artean desagertzen dira».
J. Baudrillard-ek, aldiz, horrela azaltzen du fenomeno hau: «Heriotzaz hitz egiteak barrea eragiten du, barre ernegatu eta lizuna. Sexuaz hitz egiteak ez du erreakzio hori ere eragiten; sexua legala da, heriotza bakarrik da pornografikoa. Azkenean, gizarte «historiko» guztiek lortzen dute sexua eta heriotza disoziatzea eta bataren liberazioa bestearen aurka lortu denaren itxura egitea. Modu horretan biak neutralizatzen dira».
Finean, heriotza ez da fenomeno biologiko hutsa, bizirik gaudenok bere aurrean dugun jarrera ere bada. Juan Madariaga historialariak dioen modura, heriotzaren historia, «heriotzaren aurrean dauden bizidunen historia da»

Herioren gertutasuna: haurren heriotza tasa
Iraultza Industrialaren aurretik heriotza, nolabait, onartuagoa bazegoen, gertuagotik bizi zelako zen, neurri handi batean. Heriotza ona eta txarra bereizten ziren moduan, bazen beste bereizketa bat: haurren eta helduen heriotza.

Sistema demografiko tradizionalean haurtzaroa zen heriotzak gehien erasotzen zuen talde demografikoa. Jaiotzak baldintza eskasetan izaten ziren, garaiko baldintza higienikoek infekzioak eragiten zituzten, elikadura ere ez zen egokiena... 1726-1850 epean Oñatin jasotako datuak aski esanguratsuak dira («Una Noble Señora: Herio Anderea», Juan Madariaga): bataiatutako mila haurretatik 257 zazpi urteak bete baino lehen hil ziren. Urte batzuetan kopuru horiek are larriagoak dira. 1776-1780 urteetan esaterako, 778 haur izan ziren bataiatuak eta horietatik 311 hil ziren zazpi urteak bete bitarte, milako 400 beraz.
Kontuan hartu behar dugu, gainera, hilda jaiotzen ziren haurrak edota erditzean hiltzen zirenak sarritan ez zirela dokumentuetan jasotzen. Horrela bada, bizitzaren lehen urteetan haurren erdia inguru hiltzen zela esan genezake.
Egoera horretan, gizarteak onartu egiten zituen «esperotako» heriotza hauek. Insensibilizatuak zeuden nolabait. Elizgizon eta gurasoen kezka bakarra haurra bataiatzea izaten zen, hildakoak beste munduan kristauen abantailaz gozatzeko aukera izan zezan. Linboa ez zen infernua, noski, baina aukeran zerua nahiago


Azkenak
2025-01-30 | Ahotsa.info
KarKarCar, mugikortasun kooperatiboko proposamen berria Iruñerrian

Kar Kar Car auto elektrikoen erabiltzaileen kooperatiba ibilgailuen flota handitzen eta bere zerbitzua Iruñerriara zabaltzen ari da.


Guardianeko langileek mobilizazioekin jarraituko dute, instituzioen “promesa faltsuen” aurrean

Asteazkenean ekin zion Laudioko enpresak labea hozteko prozesuari, Eusko Jaurlaritzako teknikarien bermearekin. Langileak haserre eta "engainatuta" azaldu dira erakundeen jarrerarekin: "Gu babestera joan eta langileen ondoan egon behar zuena, ez da egon"... [+]


2025-01-30 | Gedar
Otsailaren 12an epaituko dute Raimundo El Canastero taldea

Lizarrako Udalaren jarrera autoritarioa salatzeko sortu zuten Beef D'Alda abestia, eta horren harira auzipetu dituzte. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeaz gain, otsailaren 8rako egitarau bat antolatzen ari dela jakinarazi du musika taldeak.


Etorkizuneko belaunaldiak gurpil gainean eramanez Gasteizen

Bizieskola ekimenaren bitartez Gasteizko Eraman kooperatiba ikastetxeetako umeak trebatzen hasi da ikasturte honetan, hirian bizikletaz segurtasunez eta modu independentean ibiltzeko. Gasteizko Udalarekin batera parte hartzen du ekimenean, eta kooperatibako kideek ikastetxeetako... [+]


Mendebaldeak Kongon dituen hainbat enbaxada jo-mugan hartu dituzte M23ren kontrako protestetan

Kongoko Ipar-Kivuko Goma hiriburura sartu eta bereganatu du Martxoak 23 talde armatuak. Zabalpena aitzina doa eta Bukavu Hego-Kivuko hiriburua dute orain xede. Herritarrak karrikara atera dira, M23aren aurka eta Ruandak eta Mendebaldeak erakunde armatu horri erakutsitako... [+]


2025-01-30 | Axier Lopez
Mugikorrik gabeko eskolak Brasilen

Gure bizitzetan pantailen inbasioa azkartu da azken urteotan. Euskal Herrian, alde batetik, “pantailak euskaraz” nahi ditugula diogu ikus-entzunezkoen eskaintza handitzeko, eta bestetik, antolatzen gara eskoletan askotariko pantailek irabazi dituzten eremuak... [+]


2025-01-29 | Julene Flamarique
Greba mugagabea hasiko dute Trapagarango MFS enpresaren 104 langileen kanporatzearen aurka

ELAk eta LABek EREa baztertu eta berau erretiratzea galdegin dute. Sindikatu biek gogoratu dute 2023an antzeko neurriak geldiaraztea lortu zutela mobilizazioen bitartez


2025-01-29 | Julene Flamarique
Marokok “inolako azalpenik eman gabe” El Aaiunen sartzea eragotzi die Eusko Legebiltzarreko ordezkariei

Mendebaldeko Saharako giza-eskubideen egoeraren azterketa egiteko bidaia egin dute Euskal Fondoko eta Eusko Legebiltzarreko kide batzuek. Hegazkinetik ezin izan dute jaitsi ere egin. Legebiltzarkideek Marokoren jarrera “lotsagarria eta onartezina” dela adierazi dute.


2025-01-29 | Leire Ibar
Urriaren 7ra atzeratu dute Korrikan migratzaileei muga zeharkatzen laguntzea egotzi zietenen epaiketa

Astearte honetan Baionan egitekoa zen zazpi herritarren aurkako epaiketa zortzi hilabetez atzeratu dute. Iazko Korrikan, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia zeharkatuz, 36 migratzaileri Ipar Euskal Herrian sartzen lagundu izana egotzi die Frantziako Justiziak. Defentsak... [+]


2025-01-29 | Aramaixo Bizirik
“Itsaraz” zentral eolikoaren kontrako ingurumen txostenaren balorazioa

Urtarrilaren 16an, Madrilgo administrazioko Trantsizio Energetikorako Ministerioak irrikaz eta kezkaz itxaroten genuen “Itsaraz” proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktu adierazpena argitaratu zuen. Ebazpenak makroproiektu honen aurkako erabaki irmoa bezain argia... [+]


Teknologia
Estetikoa

Asteburu honetan 'estetikoa' hitzaren inguruan pentsatzen aritu naiz, lagun batek esandako esaldi baten harira: “Lan hau estetikoa da”. Estetikoa hitzaren etimologia aztertu dut, badirudi jatorrian zentzumenen bidez hautematea zela bere esanahia, eta gerora... [+]


Eguneraketa berriak daude