argia.eus
INPRIMATU
«Gure bizitza ipuinetakoa zen»
  • Joxe Arratibel, ipuinzaina atera zaigu agurtzera. Inprentan lan egin nahi zuelako sartu zen fraide, baina sekula ez omen da liburuen misterio hori argitzera iritsi...Bezperetako kanpaiak jo artean, bere umetako udazkena biziberritu dugu: Neska txikiok isil-isilik eta zur eta lur entzun ditugu Aitak keinuz eta hizkera biziz kontatutako ipuin zaharrak. Juan Mari Arzaken ama, Joxeren izeba omen zen. Monasterioko pastekin eta eltzeko kafearekin goxatu dugu eztarria. Izebaren errezetak bezain onak zeuden pastak.
Estitxu Eizagirre @eeizagirre Ixiar Eizagirre 2021eko uztailaren 19a
Zuk idatzita jarri dituzun ipuinak, etxean entzundakoak omen dira. Nolakoak izaten ziren kontaketa saio haiek?
Hori izaten zen batez ere udazken aldera. Oraintxe da garaia kontuak kontatzeko. Artoa ebakitzen zen makila eta guzti. Gero soroan utzi metak eginda, eta ihartzen zenean barrura sartu. Ganbarak ez ziren handiak izaten eta hurrengo egunerako tokia egin behar zen, eta auzokoei deitu eta arto hura garbitzen zen. Hurrengo batean berdin egiten zen beste baten etxean, auzo lanean. Gauerdira arte edo irauten zuen lan horrek, gero errosarioa errezatu denon artean, afaldu, eta bakoitza bere etxera.

Nork kontatzen zituen ipuinak?
Txandakatu egiten ziren istorioak kontatzen zituztenak, baina batzuk bereziak ziren. Gure aita zena berezia zen kontuak kontatzen.
Ipuina batek kontatu edo beste batek kontatu, asko aldatzen zen. Lanean ari zirenean ez hainbeste, baina kontatzera bakarrik jartzen zirenean, espresioak asko egiten zuen: aurpegiak, begiak, keinuak... Udazkenetan, seietan erdi iluna, bederatzietan afaria, eta bitartean umeak eduki egin behar, eta kontatzen zuenak espresio handiarekin kontatzen zuen, umeen atentzioa deitzeko. Kontatzaile onak ziren, oso onak. Kontuaren haria hartu, eta ondo eramaten zuten, ez "nola zen, ahaztu egin zait...".

Ipuinak denak asmatuak ziren, edo bazuten egi puntu bat?
Baziren orduko esaerak. Esate baterako denek barre egiten zioten emakumea bazen, babarruna biltzera joaten zena euria ari zuenean. Segan denak batera ibiltzen ziren, auzokoak belarra ebakitzen. Joan zen emakume hura gosaria ematera, taloa eta esnea, pixontzian! Besteek ez jan nahi, eta "atzo erositakoa da, eta garbi-garbia dago-eta!".
Ataunen mutil bat ba omen zen, pikardia handikoa, gaiztoa ez zen izango, baina denak nahasten zituena. Gau hartan bat hil zen. Mutil harro hau aritu omen zen esaten, «ez dago ez jainko eta ez ezer, zerutik ez duzue ezer jango...» Atera dira bera eta beste mutil bat gau erdian tabernatik, eta biek hilerritik pasatu behar zuten. Mutil hau hasten da deiadarka, "aingeru goardakoa, baldin ba haiz, azaldu hadi!". Bestea aurreraxeago omen zioan, eta "orain ikusiko duk" esan omen zuen. Joan hilerrira, kendu gaineko arropak, zuri-zuri jarri, kantzontzilo eta kamisetekin, eta gurutzera igota: "Zer behar duk aingeru goardakoarengandik!". Besteak saltatu sasi tartera, eta han joan zen! Zortzi egunean gaizki egon omen zen.

Kontalariek bat-batean ere asmatzen zituzten ipuinak?
Ez dut uste ipuinak bat-batean asmatzen zituztenik. Gehienak ziren lehendik zetozenak. Ama zenak-eta kontatzen zituzten berari gertatutakoak, edo beren garaikoak: gizon bat, emakume batekin zebilena, eta mutilari kezka jarri, "ez da bada sorgina izango hau...". Eta neskak esan zion, "beno, eta sorgina banintz ezkonduko zinateke nirekin?". "Bai, bai, ezkonduko nintzateke. Baina jakin nahi dut benetan sorgina zaren edo ez". Besteak esan omen zion "zoaz gaur gauean, halako etxean haurra izango du halako emakumek" (etxean ez ziguten baserriaren izena esaten...). Mutila kezkatan. Neskak zer egin zuen? Bere gurasoekin eta auzokoekin-eta esan "hau ta hau galdetu dit, eta zer egin behar dut?". "Erraza, neska! Jarri hadi gaur gauean, eta armiarma bezala jaitsi hadi umearen burura eta umea ukitzen denanean, hila izango den". Hortarako neskak mutilari esan zion "baina kontuz ibili, e! Ur bedeinkaturik-eta ez eraman". Mutila joan zen apaizaren etxera, eta ur bedeinkatua hartu zuen. Haurra jaio zenean ikusi zuen emakumea jaisten, eta ur bedeinkatua hartu, eta rast, igurtzi zuen. Hurrengo egunean joan zen etxera, eta neska hori, lurrean luze, hila.

Zuen bizilekua ipuinetako paisaia zen.
Etxe inguruan-eta baziren han toki batzuk, "Osinbeltza" esaterako: oraindik niri gauez handik pasatzeak, halako gauza bat ematen dit. Han azaltzen ziren mirabeak, pertsonai a mitologikoak. Nahi zuenean gizona bezala ateratzen zen, nahi zuenean erbia bezala, nahi zuenean zizarea bezala... Eta, kontxo, handik joan zaitez gero! Gure bizitza erabat ipuinetakoa zen. Erreka bat pasatzen da gure etxe ondotik. Hango hots hura, bizirik dago. Bere musika bat du, ura joaten. Ilunpetan eta, isilik pasatzen ginen "sorginak ari dituk, lixiba jotzen!" esaten genuen.

Zertarako kontatzen ziren, zertarako balio zuten?
Umeak geldi egoteko. Bestela, batek ikuilura jaitsi, eta behia zirikatuko zuen, edo auskalo!

Egungo umeek ipuina aditu ez, irakurri egiten dute.
Ikastoletan eta, uste dut kontatzen zaiela. Baina ez horrelako bizitasunarekin. Irakasleek liburutik irakurri, eta berak jan ez duten zerbait, nola transmitituko diete besteri?

Lazkaoko komentura hamar urterekin sartu zinen, barnetegira.
Nik ez dakit zer nintzen, baina etxetik kanpo etxean bezala moldatzen nintzen. Batez ere zaila izan zen janera ohitzea. Zortzi egun egon nintzen jan gabe. Abade batek «filosofoa» deitzen zidan, jan gabe bizi nintzelako! Urte hartan, hemen Arabako batzuek baziren, eta haiekin gazteleraz egiten nuen. Baina fraideak Frantzian bizitakoak ziren, eta dena frantsesez egiten zen. Gaztelera eta frantsesa ikasi nituen, eta euskara ahaztu.

Fraide sartzeko erabakia, nola hartu zenuen?
Kolegioan nire lehengusu bat zegoen. Joan nintzen ikustera, eta inprenta erakutsi zidaten. Ni txoratuta gelditu nintzen inprentarekin. "Hau da niretzako lana, bertan bizitza guztia pasatzeko konforme!" Ni fraide sartuko naiz, erabaki nuen.
Inprentan lan egiteko sartu nintzen. Nagusi zegoenak esan zidan "pixka bat ikasi ere egin beharko duzu..." "Eskolan ibili nintzen, eta ni hona lanera etorri naiz, e, ez zera..." "Baina inprentan aritzeko ere, jakin egin behar duzu zerbait, enkargua hartu beharko duzu, eta kontuak egin..." Ikasten hasi, eta ez nuen inprentan sekula lanik egin.

Etxean nola hartu zuten zure erabakia?
Gure etxean ez zeuden gauzak batere ondo: nire anaia zaharrena soldadu, arreba bat -ni baino zaharragoa hura ere-, neskame. Aitajauna oso zaharra, laurogei urte. Ama, gaixo. Beste senideak ni baino 10 eta 12 urte gazteagoak... Aitak esan zidan, agurtzerakoan: "Hik ikusi, etxean beharrezkoa haiz orain, baina bihar edo etzi etxetik joango haiz, eta han ongi hartzen bahaute, han izango haiz. Baina (eta nik gogoan izan dut beti hori) han ondo hartzen ez bahaute, edo herorrek nahi ez baduk han egon, etxeko ateak zabalik zeudek". Asko balio izan zidan horrek bizitzan.

Francoren garaia nola oroitzen duzu?
Herrian denetatik zegoen. Baziren igandero elizara joaten zirenak, euskaldunak eta baserritarrak, esaten zutenak "oraindik orrazia estuago pasatu beharra dago". Ez dakit zer ikusi zuten Francorengan, oraindik ezin dut ulertu. Gure osaba bat oso nazionalista zen. Gerra aurretik gogoratzen dut mitinak izan zirela, eta San Gregorio auzoan gure osabak hitz egin zuen. Etxera etortzen ziren aitarekin hitz egin eta botoa eskatzera. Horretaz gerora konturatzen zara, orduan txikiak ginen.
Gerra bukatuta sartu nintzen fraide. Fraideon artean erdaraz egitera behartu gintuzten. Nagusietako bat nazionalista zen eta zaindaria jarri zioten. Bera ez zen konturatu. Donostiara joan behar bazuen, bestea atzetik joaten zitzaion. Billetea hartzen bazuen "Nora joateko hartu duzu billetea?" kontu hartzen zion. Azkenean zigortu eta Estibalizera eraman zuten.

Fraide artean noiz hasi zineten euskaraz?
1950az geroztik hasi ginen. Orixe gurekin izan zen alditxo batean, 5-6 hilabetez, Lazkaon. Bere testuak irakurtzen hasi ginen, ez genuen ulertzen ezer ere, baina berak esplikatzen zigun. Hura euskalduna zen, baina zainetaraino. Hark esaten zigun, "euskara behar dugu, behar dugu landu, bizitzeko". Orduan latinez izaten zen meza, baina beste batek herrikoei bere hizkeran esplikatzen zien. Behin ari nintzen meza ematen, eta bota nuen "esan ziotsan". Meza bukatutakoan Orixek galdetu zidan "zer esan duzu hor, esan 'ziotsan' edo 'diotsa', edo...?" "Guk horrela erabiltzen dugu" erantzun nion, "ez nuen behin ere aditu" esan zidan.

Meza ematea ez da lan erraza izango...
Gaur egun erraztasun gehiago dago. Lehen, apaizak gauerditik baraurik egon behar zuen meza emateko. Ur pixka bat sartzen bazenuen, galdu zenuen baraua. Gertatu izan ziren, Lazkaon esaterako, kotxez Donostiaraino joatea apaiz bila. Bertakoak ezkontza bat zuen, eta gosaldu, eta meza ematerik ez. Batek meza eman, eta besteak ezkondu egin zituen.
Sermoia izaten zen aurrena sarrera bat, gero gorputz bat, eta gero bukaera bat. Jainkoari eskerrak, horiek bukatu ziren. Badakizu zer lan zen hori prestatzea, eta gero auditorio baten aurrean azaltzea, mitina balitz bezala! Sermoiak egiten-eta erakusten da, eta badira sermoigile onak, argi eta ondo eramaten dutenak haria. Prestatzen dituzte, edo berez dute erraztasuna hitz egiterakoan. Bietatik, seguruena.

Caracasen misiolari zinela ezagutu zenuen Jose Antonio Agirre lehendakaria...
Agirre etorri zen konferentzi bat ematera, hango euskal etxera. Oso sermoigile ona zen. Gero komentura etorri zen, bi euskaldun han ginela jakin zuen-eta. Bukaeran esan nion, "aizu, Agirre jauna, zurekin fotografi bat ateratzea ez litzake gaizki etorriko!" "A, nire aldetik nahi duzuen guztia, orain, zuek, Espainiara joaten bazarete, eta argazki horrekin harrapatu, kartzelara joango zarete!".

Caracasen, komentuko nagusia berriz, ez zen alde berekoa.
Hango nagusia alemaniarra zen, Hitleren aldekoa. Ez zituen kontzentrazio esparruak ikusi, eta hark handitasuna ikusten zuen, eta handitasunak denak itsutzen ditu. Nagusiak nahi zuen gu Caracasen gelditzea. Laguntza handia egiten genuen guk han. Baina gu hona gentozela eta, esan zigun, "Zer iruditzen zaizue bidaiatxo bat egiten baduzue, New Yorkera, Parisera eta Erromara joaten bazarete? Gu gelditu ginen, itsututa. Gure ametsak, berak eskaini, guk ezer eskatu aurretik!

New Yorkez zer inpresio jaso zenuen?
Amerikarrak lotsagabeak dira! Aireportuan sartzeko, euliak bagina bezala, fumigatu gintuzten! Kutsatuta egon gintezkeela. Egia, baina, egin zezaketen beste modu batera, ezta? Hego Amerikako 36 gradutatik, New Yorkeko 12 gradu zero azpitara pasatu ginen. Aireportuan, eskailera automatikoak ikusi genituen, lehen aldiz: jendea, mugitu gabe, gora igotzen zela. Jolasean aritu ginen, eskailera haietan igo, jaitsi, eta berriro igoz. Irteera gero. Inguratu, eta... berak atea zabaldu. Sartu-atera ibili ginen. New Yersey, zubiak... dena ikusi genuen. Etxe orratz batera igo ere bai. Hona oraindik ez dira iritsi hain igogailu azkarrak.

New Yorketik Parisera joan, eta Agirrerekin elkartu zineten berriro.
Turbo 707 batean joan ginen Parisera, guk estreinatu genuen. Agirrerengana joan ginen bisitan. Agirre gizon jatorra zen, arrunt-arrunta, bere aurrean esan zitekeen edozer gauza. Francotaz ere hitz egin genuen. Esan nion: "zer irizten diozu, zer irudipen duzu zuk Francotaz?" "Zer esango dizut? Guretzako ez da ona izan, euskaldun bezala...". Eta nik: "baina barkatzen diozu?" "Bai, bai, barkatuta diot aspaldi, kristau naizen aldetik". Eta gero esan zuen "Franco, lehenbailehen Jainkoak berarekin hartu dezala, geuk geure batasunarekin geure ohiturak hartzeko!"

Erroman Aita Santua ikusi al zenuen?
Aita santua ikusi nuen, zuek orain ikusten zaituztedan distantziara. Ponentzia bat eman zuen, eta han geunden elizgizon denak bildu eta aurretik pasatu zen, eskua emateko moduan. Joan XXIII.a zen. Bukaeran esan zigun: "Badakit denek nahi zenuketela nirekin hitz egin, eta niretzat ere mesedegarri litzateke. Baina hori ezinezkoa da, eta nire aingeru goardakoari esango diot hemengo aingeru goardako denekin hitz egiteko." Jendea negarrez. Orduan Aita Santua Aita Santua zen. Gaur ez gaude mentalidade itxi hartan. Gaur ez gara ohartu ere egiten, batera eta bestera bidaiak egiten dituela bai, baina... Zaharra da, erretiratu dadila, gazteago bati bidea uzteko.

Itzuleran nahiko abentura izan zenuten...
Itzultzerakoan, Bilboko emakume zorioneko bat sartu zitzaigun trenera, kontrabandoarekin. Etxeko gauzak, sukaldekoak... denetik zeraman. Denetik! Mugan eskatu zigun "Zuek maleta hau eutsiko duzue?", "Tira, hori besterik ez bada..." Espainiako poliziak ez zigun utzi sartzen, ez Espainiara ez Portugalera. Berriro itzuli, Frantziako postu batera, eta maleta ireki zidaten. "Aita abadearentzako zapatak!" esan nion, emakumezkoenak ziren, baina! Handik hiru egunera, maleta hartu sotana azpian, eta kotxez pasatu ginen. Irungo aduanan, apaiz jantzita ikusi nindutenean, niri pasatzen utzi zidaten. Hanka sartu zuten, hantxe baitzioan kontrabando guztia, eta eurek atzeko kotxea geratu zuten!

Gaur ere jende asko joaten da mezatara. Baina apaizak esanari zenbaterainoko arreta jartzen zaio?
Hemen gero eta gehiago etortzen da jendea. Gasteiz asko hazi baita. Baina apaizak duen txarra hori da, ez dakizu aurrean zer jende daukazun, eta horiengana nola iritsi. Ez dakizu zer girokoak diren, pasokoak diren, urtean behin elizara doazenak... Ebanjelioa azaldu bai, baina hortik zer hartuko dute? «Mezatan izan gara. Gaur apaiza lasai aritu da» esaten da. Hori inpresio bat da, baina zer esan du? Ardura handia dute gaurko apaizek, lan gogorra.

Nola lortu daiteke mezak jendearengana iristea?
Nik uste mezak aldatu beharra dagoela. Apaingarriak eta horiek denak, jada sobran daude. Zer esan nahi dute? Onena litzateke afari batean bildu, ez jende sail handia, baizik 20 bat lagun, eta esatea "gaur erlijioaz hitz egin behar dugu". Eta interesatzen den jendearekin elkartu, ez kunplitzeagatik bakarrik joaten denarekin

- Jaio: Ataunen, Ergoiena auzoko «Sariarte» baserrian, 1923. urtean.
- Elizgizon eta ipuin idazlea.
- Elizgizon: 1940an sartu zen Lazkaoko komentura eta 1950ean apaiztu. 1964ra arte Lazkaon aritu zen apaiz lanetan. Geroztik Estibalizko monasterioan bizi da.
- Misiolari: 1956tik 1959ra eskolak eman zituen, Venezuelan.
- Idatzitako ipuinak: »Kontu zaharrak» (La Gran Enciclopedia Vasca, 1980); «Mari Xor eta beste» (Erein, 1986); «Dirua neurtzeko ontzia» (Erein, 1986); «Erramun eta Mirentxu»; «Etsai zaharra eta mendiko lehoia»; «Sorgina eta emakume ederra»; «Txomin ipurdi»; «Sorginen urrezko maindirea». Itzulpena: «Ispilu Urdinak» (Erein, 1990).

«Gure aitajauna zenak esaten zuen, behin bakarrik joan zela eskolara, zer izaten zen ikustera. Egun hartan, berealdiko jipoia eman zion maisuak 'motiko' bati. Beregan esan omen zuen: 'Hau al da eskola? Zuentzako!'. Eta ez omen zen gehiago hara azaldu".

Kontu zaharrak, 13. orr.
«Nire ikaskuntzak, euskaraz ez baina beste giro batean izan ziren. Kontu zaharrak han entzun nituen bezala jarri behar banituen, hamar edo hamabi urte izatera behartuta nengoen. Gero ikasitako hitzak eta hizkera bazter utzi, hutsune bat egin, eta kontu horiek entzuten haur bat bezala jarri».

Kontu zaharrak, 23. orr.
« Ondo ikusten dut euskara batua. Pena gehiago ematen dit 'hika' ez erakustea ikastoletan. Niri ez dit batere ondo jotzen zortzi-hamar urteko haurrak beren artean zuka».

Kontu zaharrak, 27.orr.
«Orain ez dut aurkitzen nire garaiko udazkenik eta negurik. Ez dago lehenagoko iluntze luze hura, denak etxera biltzen ziren hura. Etxean jende gutxi egoten da, eta norbait etxean gelditzen bada, izango da telebisio, radio… Ez da ikusten kontuak esateko betarik eta girorik".

Kontu zaharrak, 25. orr.

Fraide eta mojen bizimoduan, zailena, elkarrekin bizitzen asmatzea da. Beste dena? Pobrezia, pasatzen da, beharra dagoenean eskatu, eta gehiegizkoa ez bada, ematen dizute. Kastitatea? Munduan egin behar da. Baina jatea elkarrekin, lana denen artean orekatzea... Bi egun bizi behar, eta haiek borrokan bizi beharra... Urteek ere asko erakusten dute. Jada ez zaie garrantziarik ematen gauza askori; ez dute berez. Ikusten dituzu bi lagun elkarrekin hizketan, eta pentsatu "nigatik ari ote dira? Bai, nor ariko da zugatik hizketan!» Ez diot horri begiratzen.

Doinua: Misiolari baten moduan
Irakasgai bat fantasiaren
koloreekin janztean,
ipuin berri bat, ipuin bizi bat
bihurtzen da bapatean,
Denaren eta zitekeenaren
arteko jolas batean
aritu zera literatura
sortu duzun bitartean,
atezain izan zera bi mundu
hoien arteko atean.