Mustafa Abdelrmongim egipziarra da. «Turismo» aldizkari aurrerakoi eta herritarrean idazten du, baita «El diplomatico Mundial» egunkarian ere. Etorkin gehienek bezala, Europako amets eroak ekarri zuen hona, orain hamar urte, eta errealitateak zapuztu: «Denok espero duguna da aukera berri bat, etorkizuna... Neska polit bat ezagutzea, diruduna, eta etxera itzultzea kotxe berri batean... Iritsitakoan, aurkakoa aurkitu nuen!» Asto lana egitea tokatu zaio berari ere: «Zertan ez ote dut lanik egin! Zaldiak zaintzen, zabortegian, nekazaritzan, eraikuntzan, iturgintzan...» 4 urte pasa zituen lanerako eta bizitzeko «paper» bila. Bizitakoak bizita, ziur dago: «Denborak atzera egingo balu, ez nintzake itzuliko».
Euskal Herrira iritsi aurretik, El Ejidon (Almeria) ibili zen. Hango tratua ez zen hobea izan «Lana baino langile gehiago geunden. Nire lagun bati, 1992an gertatu zitzaiona ez da makala: nekazariak etorri ziren morroi bila, eta denen artean aukera egiteko giharreak eta eskuak miatu zizkieten, noraino zailduta zeuden ikusteko. Ondoren, zaldiei bezala ahoa zabaldu eta hortzak arakatu zizkieten. Ezta esklabuak bagina ere!»
Euskaldunekiko tratua
. Euskal Herriak etorkinen artean fama ona omen du. Mustafaren esanetan, euskaldunok ongi ulertzen dugu zer den besteren menpe egotea eta elkartasun gehiago adierazten dugu beste gutxiengoekiko. Txima luze eta krestek ez dute Alemania edo Ingalaterra aldeko kazkamotzek adina izutzen. Baina ondotxo daki hemengo neska gazte batengana hurbiltzen bada, ez dela «geroarte»tik urrutira iritsiko. Zabaldi teterian bertan, «kultura ezberdinetakoek elkarrekin nola ligatu» ikastaroko iragarkiak daude eskegita.
Ezezaguna eta ezberdina denak beldurtzen gaitu. Mustafari oso astuna egiten zaio beti jendearen begirada soinean eraman beharra: «Supermerkatuetan zaindariak askotan atzetik etortzen zaizkit, lapurtzen dudan behatzera. Lehengo egunean, berriz, gizon bat erori egin zen, eta altxatzen laguntzera joan nintzaion. Eskua patrikara eraman zuen, eta bakean uzteko eskatu zidan. Min handia egin zidan.» Baina azkenerako ohitu egin da, eta bere buruari errepikatzen dio «badakit ni ni naizela, eta ez dudala eurek nahi dutenerantz aldatu behar, nik nahi dudana izan behar dut».
Lana bide
. Lanak asetzen du Mustafaren gogoa. Gizarte langilea delako gustatzen zaio hemengo bizitza. «Atzerritar batek hemen sustraitu nahi badu, lana gogor egin behar du, eta sufritu. Baina ordaina jasoko du; berak ez bada, gure ondorengoek. Nire herrian, berriz, lan egiteak ez du esan nahi miseriatik aterako zarenik. Zerbait egiten duenari bidea mozten diote, ustelkeria asko dago.»
Egiptoko eta hemengo enbaxadore.
Seme-alabarik gabe etorri da. Ez omen du bere ondorengoak hemen hezitzerik nahi. «Ez zait hemengo gazteen jarrera gustatzen. Ez naiz ohituko seme-alabek gurasoei ‘Hi, zaharra’ deitzen dietela entzuten. Gure herrian zaharrei errespetua zor zaie, esperientzia estimatzen da. Orain arte gurasoei eskua musukatu zaie.»
Berak ere ez du bere jatorria ahazten. Antena parabolikoa du jarria etxean, Egiptoko berri izateko. Ez da Mendebaldeak islamari egiten dion aurkako propagandaz batere fio. Hemen Egiptoko herriaren ordezkari da, baina Egipton Euskal Herriko enbaxadore dela gogorarazten digu, gu konturatu ez arren: «Nire herrikoek Euskal Herria nire begien bidez ikusten dute. ETAri buruz eztabaidan hasitakoan, isiltzeko eskatzen diet. Gauzak iristen zaien informazioak dioen bezalakoak ez direla esaten diet. Hori alde bateko propaganda dela, eta herriari galdetu behar zaiola zuzenean, bitartekorik gabe. Elkar ezagutzeko besterik ez bada ere.»
Azpi hiri bat sortuz.
Bere erlijioaren aurka ez dagoen dena onartzen omen dute musulmanek. Gizakien arteko harremanetan, hemengo bizimoduan... integratzeko prest daude. Baina bere kultura galdu gabe. Iruñeko islamdar komunitatean, bakoitzak ahal duena egiten du bere eguneroko bizitzari eusteko; errezoak antolatu, jendea ezkondu eta hileta elizkizunak egin, jende ikasiak jakintzarik gabe datozenei eskolak ematen dizkie...: «Komunitate oso batek egiten duena pertsona gutxiren artean betetzen dugu. Nork egingo du bestela? Bi aukera ditugu: egin edo ez egin; izan edo ez izan». Musulman eskola bat, hilerri bat... proiektu asko dituzte buruan, baina mugak ere bai: «Opus Deik agintzen du Nafarroan, itzaleko gobernua da. Eta musulmanen aurka dago, erabat. Guk azpi hiri bat eraiki nahi dugu: mezkita, eskola, abokatuak, harategi berezitua... Eta zubiak eraiki bi kulturen artean». Bi komunitateen arteko zubia, errespetua da: «Ez dizut eskatzen nire kultura praktikatzeko, errespetatzeko baizik». Euskal gizartea lotuta dagoen bezala, beste gutxiengoei ere (tartean musulmanak) garatzen utzi behar zaiela aldarrikatzen du. «Utzi jendeari sortzen, utzi lan egiten, eta probatu ondoren, juzgatuko dugu zuzen edo oker zeuden».
Azken errezoa.
Mustafa agurtu dugu, ganbeluko gida baimena ateratakoan Egiptora bisitan joango gatzaizkiola aginduta. Ibañeta Mendia kaleko mezkitara abiatu gara. Errezoa bukatu denean, oinetakoak erantzi, eta tunika eta palestinar zapia soinean, sartu gara mezkitara.
Bertan zain dugu Abdelkader Belkalai aljeriarra. 1989an iritsi zen Iruñera. Bere aurpegiera oso markatua ez bada ere, emazteak beloa jazten du eta kalean doazenean ingurukoen begiradak jasan behar izaten ditu. Emaztea eta koinata Tuterakoak ditu, eta ezkondu eta gerora musulmandartu ziren.
Tuterako emaztea izan, 12 urtez Iruñean bizi... Eta hala ere ez omen du integratzerik lortu: «Atzerritarra beti atzerritarra da, mila urte pasa eta beste hainbeste ahalegin egin arren. Beti ixten dizkigute ateak gure koloreagatik»