argia.eus
INPRIMATU
JUANIKOTEEN AURREAN KIRURGIA
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 15
Kirurgia da joanikoteen tratamenduan aukera edo alternatibarik eraginkorrena". Horrelaxe mintzatu zen Carlos Villas doktorea, Nafarroako Klinika Unibertsitarioko Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako espezialista, Iruñean duela hilabete batzuk gai horren inguruan egin ziren jardunaldietan.

Joanikotea (hallux valgas ere esaten diogu medikuek), behatz lodiak bere metatartso hezurrarekin duen deformazioa da, behatz hori gainerako behatzen aldera desbideratzen delarik. Zer gertatzen da deformazio horretan? Pertsona horiek behatz potoloa beste behatzen tamaina berekoa izaten dute (edo baita luzeagoa ere), laburragoa izan ordez. Eta gainera arazoa areagotu egin ohi da oinetako desegokiak erabiltzeagatik.
Pertsona gazteengan izan ezik, joanikotea ez da bakarrik behatz lodiaren oinaldean (basean) agertzen den konkor edo bultoa, zoritxarrez beste hainbat ondorio ere izaten baititu. Villas doktoreak azpimarratu zuenez, "50 urtetik gorako pertsonetan artrosia agertu ohi da lehenengo behatzaren artikulazioetan, eta aldameneko behatzak erpe moduan uzkurtuak edo lokatuak egoten dira, eta oinzola edo oinazpian mina sentitzen da".
Printzipioz gizonezko eta emakumezkoek joanikoteak edukitzeko joera bera dugun arren, emakumeen oinetakoak estuagoak izaten direnez, behatz lodia, luzeagoa, gehiago estutu eta behartzen da. Horregatik mina eta deformazioa areagotu egiten dira urteekin. Eta konponbidea zein da? Kirurgia, bi aukerarekin: behatz lodiaren kanpoko aldeko konkorra limatzea batetik, edota arazoaren sustraira jotzea eta deformitatea konpontzen saiatzea bestetik