argia.eus
INPRIMATU
«HAMALAU URTEREN FRUITUA ORAIN ARI DA JASOTZEN"
2021eko uztailaren 12a
Nafarroa Oinez Lodosa eta Sartagudan, Ebro ertzeetan. Zein da arrazoia bertan Nafarroako euskal jairik handiena ospatzeko? Zein helburu duzue?
Arrazoina da behar handia dagoela. Euskararen garapena eskualde horretan bereziki zaila da. Alde batetik legeak berak ezartzen dituen oztopoak gainditzea ez da erraza. Bestalde, kontuan hartuta duela urte pila galdu zela hor, euskal sena mantentzea zaila da.
Ikastola hauek hasi ziren Sartagudan eta Lodosan duela hamalau urte, eta tarte honetan oso baldintza txarretan eutsi zioten amets horri, bazekiten noizbait aldatuko zela errealitate hori eta aldatzeko iraun behar zutela. Orduan, hamalau urte horien fruitua orain ari dira jasotzen. Nafarroa Oinez egitearen arrazoina hori da, fruitua ondu da. Ikastolak egonkortasuna adierazten du eta horregatik animatzen da hainbeste jende proiektu berrian dirua inbertitzera. Posiblea dela frogatu dute.Tuteran Oinez egin zutenetik hazkunde handia gertatu da. Hemen ere nabarituko da, jende gehiago matrikulatuko baita baldintza egokiagoak lortutakoan. Hazkundea izanen da seguru.

Gertatuko den hazkundeaz ari garela, ezin dugu ahantzi Errioxako herrietatik ere jendeak seme-alabak egunero ekarri eta matrikulatu egiten dituela, ezta?
Bai, bai. Alcanadretik, esaterako, gainera bertako alkatearen semea da ikaslea. Eta ez dira guraso soilak, nabarmen ikastolaren alde lan egiten duten horietakoak baizik. Horregatik proiektu komarkalaz ari gara, inguruko herrietarako: Mendabia, Urantzia... Zerbitzua zabalduko dugu.

Bertzalde, Lodosa eta Sartaguda herriak direla eta, zer nolako giroa dago?
Jendeak ez daki Nafarroa Oinez zer den ere. Ezezagutza handia da, bertan ez da inoiz egin eta jendeak, oro har, ez du horrelakoetan parte hartu. Nafarroa Oinezek, baina, gauza positiboa ekarri du, harremanak zabaldu ditu. Orain ikastola beste era batera ikusten dute, ez lehen bezain ghettizatua, orain irekiagoa, aurreritziak desagertu dira elkar ezagutzarekin. Iritzi aldaketa inportantea gertatu da. Nabarituko da etorkizunean. Dena den, esan behar da hasieratik Sartaguda beroagoa izan dela Lodosa baino, inplikazio handiagoa egon da bertan.

Beraz orain ari dira gauzak aldatzen, ikastola eta Nafarroa Oinezi esker, alegia. Zergatik ez lehenago? Indarrean dagoen legeak baldintzatu du eskualdeko euskararen egoera?
Legeak hegoak mozten dizkio euskarari. Euskarak normaltasuna behar du, eta normaltasuna ez da irakaskuntza bakarrik, bizitza osoan euskaraz aritzeko eskubideez ari gara. Gure neska-mutiko hauek euskaldunak dira, bertakoak, Erriberakoak, eta euskaraz bizi nahi dute, baina legeak ez die aukerarik ematen, ez errotulazioan, ez administrazioarekin izan beharreko harremanetan,... Normalizazioa ez dago, eta normaltasunez ez da ikusten. Eskubideak ez dira ikusten. Ikastola alegala da, euskaldunek ez dute eskubiderik, hizkuntza politikarekin nahasten dute,... Lege aldaketa behar da normalizazioa lortzeko, eta aldaketa soziala, bideak ireki behar dira euskaldunek bertan euskaraz egin ahal izateko. Eskolan ere ezin da euskaraz ikasi, bakarrik ikasgaia moduan, behintzat pixka bat ikasi eta ez dute hain arraroa ikusiko. Ikastolaren lana hor dago, zorionez, AEKrena ere bai.

Zein da bertako haur euskaldun horien ikas prozesua?
Haur hezkuntza eta Lehen Hezkuntza Lodosan eta Sartagudan egiten dute, orain fusionatuko dira. DBH, berriz, Lizarran egiten dute.

DBH bertan egitea aztertu duzue?
Bai, baina hori urrun dago. Orain dagoena kontsolidatu behar dugu, etorkizunean beharbada.

Eraikuntza berria noizko bukaturik?
Datorren udaberrirako. Bi ikastolak desagertuko dira eta bat eginen dute. Batzar bakarra, talde jendetsuagoak... Eta hori egin behar dute eraikuntza bukatu baino lehenago. Zonalde osoari zerbitzua emanen dio eraikuntza berriak. 12 urterekin Lizarrara joaten jarraituko dute

«Errioxa hemen dago eta gure eredu pedagogikoa gustatzen zaie»
Duela hamar bat urte hasi zen bere ibilbidea jorratzen Lodosako "Muskaria" ikastola, nola alderatzen duzu garai hura eta egungoa?

Hiru ume hasi ziren Ane Santxez andereñoarekin. Gela txiki batean, errepide ondoan. Gero hazi eta toki aldaketak eman ziren, etxez etxe, oraino. 42 ikasle dugu, tokirik gabe gaude. Horregatik fusionatuko gara Sartagudakoekin, eskualdeko proiektua sortzeko.
Lehendabiziko urtetik Olentzero ospatu dugu, baita "Lodosako Euskararen Eguna" ere. Haurrek euskaraz egiten dute karriketan, duela zortzi urte pentsaezina zena. Santa Ageda ere egiten dugu. Inauteriak ere bai: joaldunak, zaldikoak, ziripot, sorginak... Horrelako jaietan bi herrietakoak elkartzen gara eta karrikak betetzen ditugu gure giroarekin. Herrietan, txandaka, txokolate janarekin amaitzen ditugu ospakizunak. Eta, kasu, olerkigintzan haurrek lehen sariak ere lortu baitituzte euskaraz! Ikastolatik ateratako gazteek, halaber, arraunean estatu mailako lehen saria eskuratu dute, eta argazkirako, saria jasotzeko unean Nafarroa Oinezeko atorrak jantzi zituzten.

Giro aldaketa nabaritu duzu?
Bai. Erabat onartuak gaude. Santa Agedan eskolakoek ere parte hartu izan dute batzuetan. Lodosako ikastolakoak, dena den, euskaldunagoak dira Sartagudakoak baino, Lodosa handiagoa da eta koadrila egiten dute, euskaraz egiten jarraitzen dute. Sartaguda, berriz, txikiagoa da eta bertze haurrekin harreman estuagoa dute. Bietan ongi egiten dute euskaraz, gero Lizarran ez dute arazorik izaten DBH ikasterakoan. Baina Lodosan, adibidez, ikusten ahal duzu karrikan hirukote bat solasean. Bi ikastolakoak eta bat eskolakoa. Bada, batzuetan, hizketan ari direnean, ikastolakoek euskaraz egiten dute haien artean, eta erdaraz bertze lagunari. Harrigarria benetan. Naturaltasun guztia dute euskaraz, ikaragarria.

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Tuteran berdin zeuden eta gora egin dute. Guk eraikuntza berria, kalitatea eskaini eta etorriko dira. Gaur, baldintza hauetan eta makina bat kilometro eginez badatoz Sesmatik, Karkartik, San Adrianetik eta Errioxako Tudelilla eta Alcanadretik. Ikastetxe berriak zerbitzu guztiak emanen ditu. Errioxa hemen dago, eta gure eredu pedagogikoa gustatzen zaie. Tudelillako umea 17 kilometrora bizi da. Eta egunero etortzen da. Nafarroako San Adrian ere tokitan dago, 12, 14 kilometro, eta ekartzen dituzte. Lauzpabortz urteetan berrehun ikasle baietz!