argia.eus
INPRIMATU
"GURASOEI BEGIRUNE HANDIA ZOR DIEGU, EGOERA TXARREAN ERE EKARTZEN DITUZTE"
2021eko uztailaren 20a
Deikaztelu , Lizarrerriko bertze herri baten izena du Sartagudako ikastolak. Nondik datorkio?
1978an sortu zen Deikaztelu herrian ikastola txiki bat. Hor Haur Hezkuntza bakarrik zen, eta gero Lizarrara joaten ziren, 12 kilometro egiten zuten egunero orduko OHO ikasteko. 1985ean jaiotze tasa jaitsi zen eta nafar gobernuak hiru urtekoak eskolatzeko legea atera zuen. Horregatik ikastola umerik gabe gelditu eta ixtear zegoela, Juan Luis Larrazak, orduko federakuntzako buruak Nafarroan, Sartagudako eta Deikazteluko guraso batzuk elkartu zituen. Sartagudan guraso asko prest zegoen, baina ez zekiten ikastola bat zer zen. Adin ezberdineko hogeita bi ume ekarri zuten, eta lehenengo elkarrizketan azaldu behar izan genien bilakaera bat behar zela, bakarrik txikienak hasiko zirela. Eta kooperatiba, izena, materiala, dirua eta langilea, ni, Deikaztelutik hona etorri zen.

Eta, hondarrean, Sartagudan hasi zinen...
Bost umerekin hasi ginen. Bi gela, bost eta zazpi metro koadrokoak, ilunak, zaharrak, tristeak, surrealismoa zirudien. Nik, benetan, pentsatzen nuen: "hemen ez dut iraungo". Kalean ere begiratzen zuen jendeak, "ésta es la de vasco", baina oso babestuta, mimatuta sentitzen nintzen. Lehenengo urtean Olentzero atera genuen, oso harrera ona izan zuen. Santa Ageda ere atera genuen, oso erantzun onarekin.
Bi urte pasa eta gero ez genuen tokirik gela txiki horietan. Udalarekin harremanetan jarri eta toki hobea eman ziguten. Hogeita hamar bat metro koadrokoa, pentsa zer zen hori guretzat. Baina iluna, leiho txiki batekin, kaskarra ere. Komuna gelatik jaitsi, patioa zeharkatu eta han zegoen. Euria egiten zuenean umeak busti egiten ziren komunera joateko. Hor sei bat hilabete egon ginen.

Baina laster egoera hobetu zen...
Pleno bat egin eta etxe berria eman ziguten, kultur etxea izango zena. Hura amets bat zen. Gure matrikula igo zen. Zazpi ume ziren eskolatzeko urte hartan eta bost etorri ziren ikastolara, eskola publikora bakarrik bi. Ikuskatzailea kezkatu eta bisita egin zigun, ea haurtzandegia ote zen hori. Eta guk ezetz. Bi urtez egon ginen.
Kultur etxea martxan jarri eta handik atera behar izan genuen. Harrezkero hemen gaude. Matrikula poliki gora joan da. Eskoletan urtebeterekin hartzen hasi dira, gu alegalak gara baina haiek ere egiten dutena... Ikuskatzaileek bestaldera begiratzen dute horrelakoetan. Gaur egun jaiotze tasa hemen ere behera doa. Dena den, ikastolan sartzen dena geratzen da, lehen batzuetan eskolara joaten ziren, ja ez.

Nola duzue antolaturik ikas prozesua?
Txikienetik seigarren maila arte dugu, gero Lizarrara joaten dira DBH egitera, 37 kilometro gora eta 37 behera. Gurasoei begirune handia zor diegu, egoera txarrean ere ekartzen dituzte. Urte-betetik hiru urte arte irakasle bat dute, lautik seira beste bat, zazpitik bederatzi arte beste bat eta hamar hamaikarekin beste bat. Ingeles irakaslea ere badugu, bosgarren mailan frantsesa ikasten dute.

Bertzalde, nola hasi zen Lodosakoekin duzuen harreman estua?
Ikastola sortu eta handik bost urtera Lodosako guraso talde batekin elkartu ginen. Poliki Lodosako ikastola sortu zen, "Muskaria" izenekoa. Ane Santxez, Lodosako lehenengo andereñoa gure kooperatibakoa izan zen, hiru urtez. Gero haiek kooperatiba egin zuten eta haien langile bihurtu zen.

Baina euskararen legeak hazkundea baldintzatu du...
1987an legea sortu eta diru laguntzak moztu zizkiguten, ikastola ixtear egon zen. Lodosako ikastola sortu zenez, poz handia hartu genuen, baina ez genuen dirurik. Baina orain ikastola berria izango dugu... Bizipoza!