argia.eus
INPRIMATU
APAKISTAN
Andoni EgaƱa 2007ko otsailaren 21
Gurean, osaba-izebak adarra jotzen ari ziren gure mutikoari, azken aldiko berririk nagusienak zenbateraino ulertzen zituen jakin nahian.
- Ikusi al huen hegazkinek dorreak nola jo zituzten?
- Bai -erantzun zuen mutikoak-.
- Eta ba al dakik nork jo zituen?
- Bai, gaiztoek -ez zuen dudarik egin umeak-.
- Eta nor dira ba, gaiztoak? -segi zuten osaba-izebek xaxati-.
- Bin Landen!
- Eta ba al dakik nola izena duen Bin Landenen ezkutalekuak?
- Apakistan! -erantzun zuen mutikoak lasai ederrean-.
Bai erantzunen logika eta bai herrialdearen izen nahasia, ulergarri dira ume batentzat. Ez da hori kezkatzen nauena. Kezkatzen nauena da, lagun baten arabera, estatu batuarren batez besteko adimen-adina hamar bat urtekoa dela, eta agintariena zazpi-zortzikoa. Hain zuzen ere gure mutikoaren adin berbera!
Uste dut gainera, gaiztoak bereizterakoan, gaiztoari izen jakin bat egokitzerakoan eta herrialdearen izena asmatze orduan... elkarren parean dabiltzala. Zer axola zaio Bushi Afganistan izan, izan Pakistan, edota Apakistan izatea? Bidania, Goiatz edota Bidegoian bonbardeatzea adinaxe. Batere ez. Mendekua hartzea zen kontua. Zenbat eta larriagoa, orduan eta hobe.
Ez dut filosofia handiegitan sartu nahi. Askotxo eta berdintsu idatzi izan da gai honen inguruan. Baina gerra piztu den honetan (munduan zehar ematen ari den gerratariko bat zuzenago esanda) teknologiak harritu nau. Misilek, zehazki. Iaioa da pertsona gero! Irla batetik jaurtitzen dituzte edo itsasontzi batetik. Behe behetik joaten dira radarrek suma ez ditzaten. Beren kabuz egiten dituzte terrenoak baldintzaturiko gorabeherak. Eta ezustekoren bat tartekatzen bada, unean unean hura gainditzeko gai dira beren inprobisazio sistema garatuez. Eta nik uste nuen pertsona ona izatea iaioa izatea baino samurragoa zela! Oker nengoen.
GPSena ere orain jakin dut, gerraren kariaz. Mendizale, itsagizon, telebista eta gainerakoek hainbeste erabiltzen duten tramankulu hori, zibila denean ez omen da sekula zeharo zehatza. Oker txikiren bat ba omen du beti. Legez. Militarrek behartuta. Zehatzak, Armadenak baino ez omen dira. Badaezpada.
Gerraren honek beste gogoeta bat ere erantsi dio nire buruari. Kirolak bizi gaitu gaur egun. Akaso halaxe egokituko zen, baina Irakeko gerra piztu zenean, gauerdia pasatxo zen, eta irratiz entzun ahal izan genituen lehen danbatekoak, Jose Maria Garciaren programaren etenaldi batean. New Yorkekoa gertatu zelarik, Julian Retegik eman zigun albistea, Eratsunen bazkalondoan bertsotan ari ginela. Eta joan zen jaian ere, ordenagailuan eten bat egin eta irratian futbola jartzea pentsatu nuen, Erreala nola ari zen jakiteko.
A zer sorpresa hartu nuen! Bi eta zero Erreala aurretik. Bushena, tamalez, espero nuen