argia.eus
INPRIMATU
«BEASAINEK MEREZI DU OPARI ON BAT»
2021eko uztailaren 28a
Lehenengo Kilometroak festan nolako esperientzia bizi izan zenuten antolaketari dagokionez?
Antolaketan gehienbat Ikastolaren Batzordean zebilen jendea inplikatu zen. Guretzako dena berria zen. Inork ez genekien oso zehatz nola izan behar zen. Gipuzkoa plazan sarrera nagusia izango zen, eta han izena eman behar zen. Helburua ahalik eta kilometrorik gehiena egitea zen. Jendeak harriduraz galdetzen zuen: "Baina nola? Kilometroak egin behar ditut eta gainera ordaindu egin behar dut kilometroko?". Eta hala zen. Dirua ateratzeko modua hori zen.
Aurrez, prezio bat jarrita zegoen kilometroko eta norberak bilatzen zituen bere patrozinatzaileak. Norbera egiten zen diru hori ematearen arduradun. Gerta zitekeen norberak jartzea, edo koadrilan, lagun artean edo herrian norbaitek hori patrozinatzea.
Uste dut preziorik normalena 25 pezeta kilometroko zela. Gero noski, erakunde batzuek, pertsonaia famatuei ez dakit zenbat mila pezeta ordaindu zieten kilometro bakoitzeko. Esate baterako Joxe Miel Barandiarani.
Zenbait korrikalarik buelta piloa eman zion zirkuituari. Oinez zebiltzenak aldiz, 6 edo 7 egiten zituzten… Ibilbidean zehar zeuden kontroletan, zigilua jartzen zen, zenbat kilometro egiten ziren jakin ahal izateko.
Ni egun guztian Gipuzkoa plazako sarreran egon nintzen izenak hartzen. Bakoitzari galdetzen genion zenbat ordainduko zuen kilometroko eta txarteltxo bat ematen genion, gero ibilbide osoan zeuden 6 kontroletan zigilua jartzeko.

Lehenengo Kilometroak Alkartasuna Lizeoari laguntzeko antolatu zen. Zein zen ikastolaren egoera?
Lizeoa egoitza desberdinetan sakabanatuta zegoen. Ikastola hazten ari zen, txikia geratzen ari zen. Beharrak kontuan hartuta, Lizeo berri bat eraikitzea erabaki zen eta horretan laguntzeko egin zen lehenengo Kilometroak.

Urriaren 16an izan zen lehen Kilometroak. Egun hura nola gogoratzen duzu?
Eguraldiari dagokionean, lanbro pixka bat egin zuen goizean, baina gero eguzki izpiak irten eta nahiko ateri izan zen. Gu behintzat inongo babesik gabe, arbol azpian egon ginen Gipuzkoa plazan. Gogoratzen dut egun guztian eserita egon ginela, zetorren jendeari txartelak betetzen eta gutxi gora behera nondik nora jo behar zuten azaltzen. Bai herriko eta Goierriko jendeak eta baita kanpotik etorritakoak ere ondo erantzun zuen.

Ibilaldiaren amaieran, 15.000 pertsona inguru bildu zirela kalkulatu zuten antolatzaileek. Espero zenuten halako partaidetza izatea?
Nik uste dut inork ez zuela aurreikuspen zehatzik egin. Agian bakarren batek. Lehenengo aldia izateko eta kontuan hartuta jendeak ez zekiela oso ondo zer zen hura guztia, jende asko etorri zen. Jendea harrituta zetorren. Aurrez ikastolaz ikastola ibili ziren azaltzen, baina guztiontzat zen berria eta harrigarria egiten zitzaien.
Herrian ere izugarrizko ikusmina sortu zen. Edadeko jende asko inguratu zen "zer ote da hau?" galdetuz. Eta nahiz eta ibilbide osoa ez egin, gutxienez Lazkaoraino edo joaten ziren. Bitxia zen benetan.

Zein aldaketa somatu duzu 25 urte hauetan?
Gaur egun jendeak egun pasa bat bezala planteatzen du. Askok gutxienez zirkuituari buelta bat ematea du helburu, dirulaguntza bat emanez, bertan janez eta ekitaldiak ikusiz. Batez ere familia mailan. Gazte mailan berriz, egun pasa bat bada ere, beharbada, kontrol pixka bat gehiago beharko luke. Gaur egun, helburua ez da bira asko ematea eta beste espiritu batekin joaten da jendea.
Lehenengo Kilometroetako espiritu hura berreskuratu nahi dugu. Ikastolen proiektuak behar du dirulaguntza hori. Inbertsio handietan sartuta gaude eta ikastola txikia gara.

Nolakoa izatea espero duzu aurtengo Kilometroak?
Nik nahi nuke jendeak ikus dezala hemen sortutako jaialdi edo festa bat dela ikastolen festa. Gainera, gero Euskal Herri osora zabaldu dena. Nire ustez, Beasainek merezi du opari on bat, sari on bat. Jendea etor dadila eta ondo pasa dezala. Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko ikastolen jaialdi honen izaera, nolabait hemendik sortu zen. Nik espero dut jendeak, Gipuzkoa guztitik eta Gipuzkoatik kanpo ere, erantzungo duela