BAMBULO ETA HISTORIA EZKUTUA


2021eko uztailaren 19an
Egoskorra, ahoberoa eta oso alferra izan daitekeen arren, Bambulo abenturazaleak badu jendearen ikusmina sortzen duen zerbait. Ez da beste kanidoen gisakoa eta horregatik maiz txakur berde bat baino arraroagoa dela ere esan izan diote. Bilboko bizileku erosoa utzi eta bidai luze batean murgiltzea erabaki zuen egun batean txakur intelektual honek. Virginia Imaz aktoreak gorpuzten duen animaliak bidaia honekin Historia ofizialeko hainbat memento garrantzitsutan txakurrek jokatutako papera ezagutaraztea du helburu: "Historialari izango naiz. Okerrak konpontzeko, noski. Nire idazkietan beti izango da tartea txakurrentzat baita bestelako banakotasun marjinalentzat ere". Nahiz eta erabaki hura hartu zuenetik urte asko igaro, Bambuloren idazkariari esker ezagutu ditzakegu orain arratoi-txakur eszentriko honen memoriak.

Txalok atondutako lan honetan, beraz, Historia hankaz gora jartzeko proposamena luzatzen zaigu. Xabier Agirre aktoreak antzezlanak nolabaiteko kritika bat ere mahaigaineratzen duela uste du: "Historiagileei zuzendutako kritika da batez ere. Azken finean Historia beti irabazleen ikuspegitik kontatzen da. ‘Bambulo’n garbi gelditzen da, ordea, prismaren arabera gertaera bera hamaika modutan uler daitekeela".
Testuen moldaketa egiteaz eta ikuskizuna zuzentzeaz arduratu den Ramon Bareak aspalditik zuen asteasuarraren istorio baten gainean lan egiteko gogoa: "Oso gogoko dut Atxaga. Gainera, nobelagile ospetsu izan aurretik idatzi zituen lehen antzezlanak elkarrekin landu genituen, kale antzerki bidez bere testuak erabiltzen baikenituen".

Atxagaren konfiantza OSOA.

Bere idazlanak oholtza gainean ikusten ohituta dagoen idazleak ez zuen ideia honen aurrean inolako baldintza edo oztoporik jarri. "Hasieratik bertsio honengan konfiantza zuela adierazi zigun". Ikuskizunean agertzen diren hainbat bideo zatitan parte hartzea ere onartu zuen idazleak, beste pertsonaia ezagun batzuekin batera (Alex de la Iglesia, Santiago Segura eta Alex Angulo horien artean).
Bareak Atxagak argitaratutako hiru liburuetatik lehenengo biak aukeratu zituen nolabaiteko hasiera eta amaiera zuen istorio bat osatzen zutelakoan, Bambuloren lehen urratsak eta krisia hizpide dituztenak, alegia.
Zuzendariaren aburuz oinarrizko testuak elkarrizketa ugari dituenez testuen antzerkirako moldaketa nahiko erraza izan da. Era berean, nobelaren egitura narratiboa mantentzeko ahalegin berezia egin du Txalok: "Testu originaletan kontakizunak sekulako jauziak ematen ditu bai denboran eta baita espazioan ere. Hori horrela mantendu nahi genuen eta horregatik du antzezlanak halako kutsu zinematografikoa". Pascal Gaignek espreski lan honetarako konposatutako musikak areagotu egiten du kontakizunaren film kutsua.

BERROGEI eszena aldaketa BAINO GEHIAGO.

Bambulio, Bambulus edo Bambulides arbasoen izena Historiako liburuetatik desagertu izanak bultzatzen du Bambulo egiaren bila. Nola uler daiteke Hego Poloa Amundsenek aurkitu zuela zabaltzea, finean txakurrez bultzatako trineo batean iritsi bazen? Ikerketek aurrera egin ahala Salomon erregeari bi amen arteko hautaketan Bambuloren arbaso batek lagundu ziola deskubrituko du, besteak beste.
Leku eta memento ezberdinak irudikatzeko Jose Ibarrolaren ikonografia eta espazio eszenikoaren bidez panel erraldoi batzuk kokatu dituzte eszenategian. Hauen gainean hainbat bideo eta irudi proiekzio egiten da, eta beharrezkoa denean aldeetara ere mugitzen dira panelak. Barearen hitzetan, "muntaia oso korapilotsua izan da. Azken finean paisaia irudikatuak eratu behar izan genituen eta gero guztiari halako bizitasun bat eman. Hasieran mugimendudun irudi gehiago sartu nahi genituen baina lehen entsegutan protagonismo larregi zutela ohartu eta ia irudi gehienak estatiko bilakatzea erabaki genuen".

Muturreko pertsonaiak NAGUSI.

Txaloren azken lana ikuslego zabal bati zuzendutako komedia bat da, taldeko kideek azaltzen duten moduan, "umore zuriz zipriztindutako komedia bat". Bambulok "kontinenteko txakurrik inteligenteena" dela iritzi badio ere, funtsean oso bihozbera den animalia da. Pertsonaia nagusiaren izaerak pailazo batenarekin parekotasun handia izan zezakeela eta Virginia Imazi proposatu zioten Bambuloren larruan sartzea. Sudur gorria txakur baten muturrarekin ordezkatuta fikziozko pertsonaia sinesgarri bilakatzen du Imazek, nahiz eta testu kopuruak sarri bere antzezlanari mugak jarri: "Clown ikuskizunean testua ez da %50 baino gehiago izaten. Gainontzekoa azpi-testuek, jolasek... osatzen dute. Hemen ordea, testuak karga handia du". Imazek inguruan dituen pertsonaia guztiak sei aktorek gorpuzten dituzte: Loli Astorekak, Begoña Bilbaok, Itziar Rekaldek, Carmelo Muñozek eta Xabier Agirrek, hain zuzen ere. Jose Kruz Gurrutxaga Muñozen ordezkari izango da euskarazko bertsioan. Bambulo bezala, antzerki obraren gainontzeko pertsonaiak ere karikaturizatuta daude: "Niretzat ikuskizunak komiki mundutik puntu bat ere badu, pertsonaiak marrazki bizidunen modura azaltzen zaizkigu. Horregatik da hain dibertigarria", dio Agirrek.
«Commedia dell' Arte» edo fartsatik oso gertu dauden antzezpenek hein batean aldrebeskeriaren bidez ikusleari irribarrea lapurtzen diote: "Txantxatik edo ironiatik oso gertu dagoen barrea dela uste dut, azken finean mundu guztiak daki Amerika ez zuela txakur batek deskubritu. Baina jolaserako gonbite bat da: zergatik ez pentsatu Colonen txakurra izan zela lehen zaunka egin zuena?".
Bilboko estreinaldiaren ondoren Bambulok Gernika, Iruñea, Villabona, Alacant, Donostia eta Gasteiz bisitatuko ditu

Erritmo falta
Estreinaldi guztien ondoren antzerki taldeei dardarak eragiten dizkien kritikak heltzen dira. Adituaren luma zorrotzak gutxitan uzten du akats bat aipatu gabe. «Bambulo»ren kasuan ere lehen emanaldiaren osteko kritikak nahiko gordinak izan dira. «Euskaldunon Egunkaria»n Agus Perezek zera dio: "Teatroak betidanik izan dituen baliabide eszenikoen falta gorria nabarmentzen da eta zenbait unetan jatorrizko testuari darion poesia itota geratzen da bideo proiekzioen larregizko erabileragatik". Carlos Gilek «Gara»n argitaratutakoaren arabera, berriz, "bideoak leku aldaketak errazten ditu, baina ez du oinarrizkoa lortzen: erritmoa". Era berean, kritikak aktoreen maila ona dela nabarmendu badu ere, lehen emanaldietan taldeari oraindik gutxi aritu dela nabari zaiola dio

Virginia Imaz: «Umorea eta poesia falta da gure bizitzetan»
Duela hogei urte hasi zen Virginia Imazentzat sudur gorriaren abentura. Orduraino bere burua aktore tragikotzat bazuen ere udako clown ikastaro batek aldatu zuen aurrerantzean donostiarrak taula gainean izango zuen eginkizuna. "Oso gaizki pasa nuen ikastaro hartan, izan ere orduan egun baino askoz ere kritikoagoa nintzen nire buruarekin eta nire baldartasun guztiekin adiskidetzen ikasi behar izan nuen". Jose Antonio de Marcos antropologoak pailazoek gizakion eguneroko dramak hankaz gora jartzeko duten erantzukizunaz ohartarazi zuen beranduago, eta hala, Oihulari Klown taldea sortu eta emozioak lanabes gisa hartuta herriz herri adieraz betetako ikuskizunak eskaintzeari ekin zion. Jendeari barrea eragiteko konpromiso pertsonala hartu zuen orduan eta egun ere horretan dihardu...

Zergatik sortzen du pailazoak halako hunkidura?
Bi motako emozioak daude: kulturalak batzuk eta biologikoak besteak. Emozio kulturalak jaiotako lekuaren arabera sentitzen irakasten dizkigutenak dira. Biologikoak, berriz, munduko gizaki guztiongan komunak dira. Emozio biologikoak gutxi batzuk dira, sei bat nire iritziz, eta horien artean leudeke errabia, tristura, beldurra... Pailazoek azken hauekin egiten dugu lan. Ikusleak gure pertsonaiarekin identifikatu egiten dira guztiz, esan bezala, denontzat berak diren sentimenduak ukitzen ditugulako. Horixe da gure sekretua.

Edozein aktorek balio du pailazo lanerako?
Niretzat lanbidez pailazo izateak zure buruaz barre egitera behartzen zaitu etengabe. Norberaren ahuldadeekin lan egitea eskatzen duenez adore handia behar da, eta ondorioz, ez dut uste mundu guztia gai denik horri aurre egiteko. Dena den, guztiok dugu gure barruko pailazoa aurkitzeko ahalmena, gure bizitzari komikotasun puntua bilatzeko. Niretzat bizitzak hiru tonu ditu: komikoa, dramatikoa eta tragikoa. Usuenik azkeneko biak erabiltzen ditugu, edozein gertaerari guk nahi dugun tonua eman diezaiokegula kontuan izan gabe.

«Cirque du Soleil»en ia hiru urtez aritua zara. Nolako esperientzia izan zen?
Orlandoko «Cirque du Soleil»en egin nuen lana oso xumea izan zen. Bertan ziharduten akrobata eta kirolari olinpikoen artean ni ahate itsusia bezala nintzen, ikuskizunaren zati batean segundu gutxitan publikoaren irribarrea lortzea helburu zuena. Baina eskaintzen genuen muntaia oso konplexua zen eta lana zorroztasun handiarekin eta inongo akatsik gabe egin beharra zegoen.

Itzultzea erabaki zenuen ordea...
Bai, batez ere herriminarengatik. Izan ere, nahiz eta maiz inon baino arazo gehiago izan hemen, nire bizi proiektua Euskal Herrian dagoela uste dut. Hemen oraindik ere asko falta zaigu gure buruaz barre egiten ikasteko. Gure bizitzetan hainbat sentimendu eta emozioei tarte bat eman behar zaie, beldurrik gabe. Umorea eta poesia falta dira gure bizitzetan


Azkenak
Gazteen soldata %10 igo den bitartean, prezioak %31 garestitu dira 2010etik

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadunen hileko batez bestekoak lehenbiziko aldiz gainditu du 1.500 euroko langa. 2010arekin alderatuta, ordea, 142 euro besterik ez da igo.


2025-01-07 | Leire Ibar
‘Behin betiko’ lelopean egingo du Sarek urtarrilaren 11n Bilboko manifestazio nazionala

Konponbide prozesuari eta etxeratze prozesuari behin betiko amaiera emateko aldarrikatuko dute, eta euskal preso behin betiko etxean nahi dituztela. Laguntza ekonomikoa jasotzeko Bizumkada Nazionala ekimena jarri dute martxan.


2025-01-07 | ARGIA
Robert Hirigoien hil da, Herri Urratsen sortzaileetakoa

Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarrarena, Kanboko ikastolarena eta euskara eta euskal... [+]


2025-01-07 | Leire Ibar
Baztango Batzar Nagusiak elkartasuna adierazi die Aroztegiko obra gelditzeagatik auzipetutako zazpi herritarrei

Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazi eta absoluzioa eskatzeko mozio bat onartu du Baztango Batzar Nagusiak. Urtarrilaren 2an egindako bileran, mozioaren aldeko bozketan aldeko 25 bozka, kontrako bi eta hiru abstentzio izan dira.


Ultraeskuinari proposatu diote gobernua osatzeko Austrian, hesia ezarri ziezaioketen arren

Irailean egin ziren hauteskundeak eta aise nagusitu zen FPÖ alderdia, botoen ia %30 eskuratuta. Bazen aukera ultraeskuinari hesia ipintzeko, baina ez dira ados ipini demokristauak eta sozialdemokratak.


Laborantza bozen usaina

Berriz hasi dira laborarien manifestaldiak frantses estatu guzian. Sindikatu desberdinek aldarrikapenak hedatzen badituzte ere, entzun den lehena eta komunikabide nagusietan gomit izan dena, FNSEA "nagusia" izan da. Zer du saltzeko? Gezur andana bat ahal bezainbat boz... [+]


2025-01-07 | Jon Torner Zabala
Autobus zerbitzua zabaldu dute Ipar Euskal Herrian, mugikortasuna hobetzea helburu

Urtarrilaren 6az geroztik autobus linea berriak daude Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Halaber, zerbitzuen maiztasuna ere hobetu da, Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasun Sindikatuak eta RATP konpainiak elkarlanean bultzatutako egitasmoari esker. Bestetik, 12 urtez... [+]


2025-01-07 | Leire Ibar
Barakaldoko hilketa matxista salatzeko asteartean mobilizazioak antolatu dituzte

84 urteko andrea erail zuen bere semeak urtarrilaren 3an euren etxebizitzan. Kolpeka hil zuela azaldu dute zenbait iturrik. Astearte arratsaldean egingo dira elkarretaratzeak Barakaldon eta Euskal Herriko lau hiriburutan.


2025-01-07 | Gedar
Beste eraso arrazista bat Miarritzen

 Uber gidari batek jasan zuen erasoa: bortizki jo eta irain arrazistak egin zizkion bezero gazte batek. Baionan eta Arrigorriagan ere izan dira eraso arrazistak berriki.


2025-01-07 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Itsasontzigintzaren itzal luzea ageri da Hego Koreako krisian

Hego Koreako krisia autoktonoa ala inportatua ote zen galdetzen nion neure buruari duela hilabete hura sutu zenean. Baretu ez baizik mindu egin denez auzia, batere argi ez dudan erantzunaren bila jarraitu beharko dugu. Geografikoki urrutiko kontua bada ere, oso gertuko ondorioak... [+]


Errege Magoen desfilean zati lasaiak tartekatu dituzte, autisten elkarteek aldarrikatuta

Dezibelio eta argiztapen muturrekoak ohiko diren makro-ikuskizunen eta makro-estimuluen garaiotan, autismodun haurren bueltako elkarteek aspalditik egindako eskaera zabaltzen ari da pixkanaka, baita Errege Magoen desfileetan ere: ez musika, ez argiztapen, ez abiadura... [+]


2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]


Eguneraketa berriak daude