argia.eus
INPRIMATU
TXANPONAREN TXULOA
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a
Hostoa galtzeko ohitura duten zuhaitzen ezkutuko izaeren margoak azaleratzen dira orain, udazken aldera. Ezki antzezleen horia, astigar zanpatuen gorria, ametz okerren arrea…

Beltza da, hala ere, aspaldiko urte hauetan gure paisaiaren udazkeneko margo agintaria. Udazkenekoa soilik ez, urte guztikoa. Pinudiaren txanponen zaleok bizitza zurbilaren margoaz jantzia dugu paisaia, gure buelta. Txanponak, ordea, bi aurpegi omen ditu. Bi aurpegi, kantoia eta txuloa ere bai diot nik, eta txulotxo horretatik amildu eta galtzen ari da pinudien dirutza. Barrualdeko goiko mendi hotzetan hor nonbait, baina itsasaldeko mendimagal goxo eta errekazulo epeletako pinudiak gorritzen ari dira. Eta pinudiak gorritu ahala bateren batzuen kopetak eta patrikak belzten.
Lurrean, lur epel eta hezeetan pagotxa aurkitu duen Fusarium generoko ontto baten eraginez alferrik galtzen ari omen dira pinuak. Bere aurkako borroka zaila da, pinudi guztietako lurra tratatu beharko bailitzateke. Elorrio dugu, beraz. Basogintzan ari den sektorea aztoratuta dabil, behin udazkenduko pinua eta orduan etorkizuna pinutu, belztu...