argia.eus
INPRIMATU
Izturitze eta Otsozelaiako harpeak
2021eko uztailaren 26a
Donamartiriko (St. Martin D'Arberoue) udalerrian kokatuak, Hego Euskal Herrian ezagunegiak ez diren kobazulo hauek Europako hegoaldeko santutegi paleolitikorik garrantzitsuenetakoa osatzen dute. Bisitatzen duzuenean erabat txundituta utziko zaituzten ikaragarrizko mirari hau azken 50.000 urtetan populatua izan da, eta sekulako forma bitxiak erakusten ditu.
Haitzuloak hiru dira: Izturitze (lehenbiziko mailan), Otsozelaia (harantzago), eta Erburua (1975ean aurkitua eta izen bereko ibaiak zeharkatzen duena). Lehenbiziko biak turismorako prestatuak daude, zubi, eskailera eta abarrekin, baina hirugarrena zientzilarientzat erreserbatua dago.
Izturitzekoan, betidanik ezaguna eta populatua, aintzinako gizakiek egindako animalien margoak ikus ditzakegu. Otsozelaiako haitzuloan berriz, pinturak eskuratu eta behatzeko gaitzagoak dira, baina era berean, estalaktita-estalagmitek sortutako itxurak are ikusgarri eta harrigarriagoak agertzen zaizkigu: "Amatxi laminen egoitzan", "Buda-ren tenplua", "Pagoda txinarra", "Aita Noel", "Antzoki apaindura"... izeneko forma harrigarri bezain ederrek aho zabalik utziko zaituztete.
Barruan 14°ko tenperatura mantentzen duen harpeako bisitaldi gidatuak (gidariak frantsesez eta euskaraz gain gaztelera pixka bat ere badaki) 40 minutu inguru irauten du.
Bitartean, kanpoaldeko museo-kafetegian, zeozer hartzen dugun bitartean, kobazulo barruko postalak erosi (barruan ezin da argazkirik egin, beraz hauxe izango da lagunei kontatuko diezuena sinestarazteko froga bakarra) eta mamut baten izterrezurra edo horzdura moduko bitxikeriak ikus ditzakegu.
Harpeak martxoaren 15etik azaroaren 15era bitartean egoten dira zabalik: martxo, apiril, maiatz, urri eta azaroan bisita gidatuak 14:30, 16:00 eta 17:00 orduetan dira. Gainera, igande eta eskola-jaiegunetan 11:00etan ere bai. Ekain eta irailean 11:00, 12:00, 14:00, 15:00, 16:00 eta 17:00etan. Uztaila eta abuztuan, aldiz, ordutegia 10:00etatik 18:00etara da, orduerdiro, 12:00-13:00 arteko atsedena ezik. Sarrera helduentzat 34 libera, umeentzat 16 libera.