argia.eus
INPRIMATU
Eriz Zapirain: «Jendea musikariekin batera heltzen joan da»
2021eko uztailaren 19a
Zergatik aukeratu zenuen euskal rockaren gaia dokumentala egiterakoan? Nondik eta noiztik duzu honi buruzko materiala pilatua?

Aspalditik buruan nuen proiektu bat da. Karrera garaian Euskal Rock Erradikalari buruzko lan bat egin nuen eta hura abiapuntu hartuta, garaiko protagonistekin elkarrizketa batzuk grabatzen hasi nintzen. Guztira 22 elkarrizketa egin nituen, baina orduan ez nuen hura aurrera ateratzeko aukerarik izan eta hortxe utzi nuen, gordeta, alboratuta. Hiru urteren buruan, berriz gaiari heltzea pentsatu nuen.

Orain zenbaitzuk diote garai hori denboraren poderioz puztu egin dugula, mitifikatu. Zer deritzozu? Horrenbesteko salda zegoen?
Ez dut uste puztu dugunik, benetan indar handiko mugimendua izan zela uste dut eta horren ondorioz sortu da sortu den musika talde uholdea Euskal Herrian. Gainera, eta dokumentalean hori nolabait islatzen saiatu gara, ez zen mugimendu musikala izan soilik. Gaztetxeak, irrati libreak, fanzineak... mota guztietako mugimendu alternatiboak sortu ziren.

Dokumentalean agertzen direnen iritzia entzun ondotik, egoki ikusten duzu "Euskal Rock Erradikala»ren etiketa?
Garai bat definitzeko balio duen neurrian, bai, egoki ikusten dut. Era askotako iritziak zueden honi buruz, erabat kontra azaldu zirenak eta onartzen zutenak. Garai bat izendatzeko balio digu eta alde horretatik aproposa dela uste dut, hiru hitz horiek ez baitute inongo gezurrik esaten.

Ordutik hona zertan aldatu dira gauzak?
Ez naiz musikan aditua, baina argi ikusten dena da profesionalizatze bat egon dela; argi da egungo musikariak ordukoak baino hagitzez prestatuagoak daudela, musika estilo gehiago ezagutzen dituztela, iturri askotatik edaten dutela... Ordukoek freskotasun hura zuten, apenas hiru akorde jotzen jakiteak balio zien esan nahi zutena ozen eta modu erakargarri batean esateko, indar berezia zuten eta hura zen jendeak eskertzen zuena... Jendeak ez zuen birtuosismorik bilatzen, hiru akorde haiek eta hitz eta jarrera konprometitu haiek bilatzen zituen. Eta jendea, urteen poderioz, musikariekin batera, heltzen joan da, musika mota gehiago ezagutzen