argia.eus
INPRIMATU
TERMOMETROA
2021eko uztailaren 16a

IU-EB, AZKENEAN JAURLARITZAN

AURREAKORDIOA sinatuta jada, asteburuan ofizialduko da Ezker Batuak EAJ eta EArekin lortutako akordioa. Akordio koalitatiboa lortu du Jaurlaritza berriko hirukoteak, Jaurlaritzaren izaera ia ukitu gabe, bakegintza eta autogobernuaren eremuan ekarpen garrantzitsua egiten du Ezker Batuak. Horrela, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak maiatzaren 13ko garaipena biribildu du. Duela hiru urte egoera larrian zegoen Ezker Batuak, ordea, pentsaezineko protagonismoa hartzen du. Eta arriskua, batez ere bere ezkerreko izaerari begira, bere baitako zenbaitzuek ondo aprobetxa dezaketena.


BATASUNAREN EGOITZA ZENTRALA IRUÑEAN IZANGO DA

IRAILAREN erdialdetik bukaera bitartean, Batasunaren egoitza zentrala Iruñean izango da. Aldi berean, erakunde berrian nazio mailako karguak betetzen dituzten arduradunek, Iruñean burutu beharko dute beren eguneroko beharra eta horrek zenbait buruzagi euskal hiriburu historikoan izatera behartuko du.


EGUNKARI BERRIA IPARRALDEAN

URRIAREN erdi aldean "Euskal Herriko kazeta-Le journal du Pays Basque" izeneko egunkaria zabalduko Ipar Euskal Herrian. Astelehenetik larunbata bitarte zabalduko da eta Hur Gorostiaga kazetari ezaguna izanen da zuzendaria. 5.000 ale karrikaratu du hasieran, frantsesez -nagusiki- eta euskaraz. Egunkari berri honek EKHEren (Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea) sostengu eta bermea izan du orainokoan.


UDAZKEN BEROA EUSKO LEGEBILTZARREAN

EUSKO Legebiltzarrak jardun handiz ekin dio ikasturte berriari, eta Espainiako legebiltzarre autonomikoen bilkurarekin hasi bazen ere, ondoren bakegintza eta autogobernuaren eztabaida monografikoak izango dira, hurrenez hurren irailean, 28an seguruenik, eta urrian. Eztabaida hauetan legebiltzarreko talde guztiek parte hartuko dute eta maiatzaren 13aren geroztik taldeen planteamenduetan izan den garapena ikusi ahal izango da, nagusiki PSE-EErena.


SOZIALISTAK PP-RENGANDIK ALDENDUZ APURKA

MAIATZEKO hauteskundeetako emaitza harrigarrien ondoren, PSE-EEko ahots askori entzun zaio sozialistek beren jokoa egin beharko luketela euskal politikagintzan, PPrengandik aldenduz. Bide horren aztarnaren batzuk ageri dira apurka: esate batera, PSE-EE autonomia historikoek Europan ordezkaritza zuzena izan dezatenalde agertu da, federalismoaren ereduaren aldeko ahotsak biderkatzen ari dira eta autodeterminazio eskubideaz eztabaidatzeko prestutasuna agertu du Gemma Zabaletaren bidez. Estatutua guztiz garatzeko batzorde berezia eratzearen alde agertu da, baina horretarako jeltzaleei independentziari uko egin diezaioten eskatu die.