Helbidea Madrilen duen Gescartera balore agentziak inbertsio egile txiki ugariren diruekin batera, Armada, Eliza eta GKE handiak bezalako erakunde sentikorren diruak biltzen zituen, agentzia kontrolatzen zutenak PPren gobernuaren ingurune hurbilekoak zirela pentsatzeak ematen zien ustezko segurtasunak eraginda. Agentzia horrek 2.000 aurreztaileren 18.000 milioi (720 milioi libera) pezetatik gora desagerrarazi ditu. Diru hori jarri zuten gehienak inbertitzaile partikular txikiak ziren, agindu zitzaizkien errentagarritasun liluragarriek erakarrita, hau da, zentzu pixka bat duen inolako agentziak eskaini ezinezko errentagarritasunek itsututa. Gainera, diru beltzez osatutako milaka milioi pezeta jarri dira jokoan, zerga paradisuen bitartez. Gobernuaren eta PPren inguruko jendea dago kontu honetan sarturik, eta horregatik PPren gobernuko eskandalu politikoa eta finantzarioa bihurtu da dagoeneko. Hil honetan ikerketa batzorde bat osatzekoa da Espainiako Parlamentuan, hasiera batean gobernuak aurkako jarrera hartu bazuen ere.
Eskandalu honen ondorioz dimisio bat izan da, Ogasuneko Estatuko idazkari Enrique Gimenez Reynarena. Bere arreba zen Gescarterako lehendakaria, eta beste bi anaiak besteen aurrezkiak inbertitzen zituzten bertan. Baina ezagutzen ari garenaren arabera, pentsa genezake eskandalu honen inguruko gorabeharak eta ondorioak ezagutzen hasi besterik ez dugula egin oraindik. PPko pertsonen eskutan dauden erakunde ugarik izan dezake, egitez edo ez-egitez, nolabaiteko zerikusia eskandalu honekin: Ekonomiako Ministerioak, Rato buru duelarik; Ogasunaren Ministerioak, Montoro buru duelarik; Defentsa Ministerioak, Trillo buru duelarik; Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak (CNMV); Zergei buruzko Agentziak.
Oraingoz pertsona bakarra dago atxiloturik: Antonio Camacho, Gescarterako arduradun exekutibo gorena.
BOTERE POLITIKOAREN HURBILEKO INBERTITZAILEAK.
Gescarteran ez zuten errentagarritasun liluragarriek itsuturiko inbertitzaile txikiek soilik inbertitzen, aldiz, boteretik oso hurbil zeuden hainbat inbertitzaile "instituzionalek" ere kapital handiak zituzten bertan jarriak: Armadak, Elizak, sozietate publikoak, ONCEk, GKE garrantzitsuek eta abar. Beren konfiantza eta diruak sozietate honen esku jarri bazituzten hark eskainitako errentagarritasun handiak (%10etik gora) erakarrita izango zen, baina baita ere haren buru zeudenak PPko goi karguekin zuten lotura estuak emandako konfiantzagatik ere. Horregatik, eskandalu honen eraginpean dauden inbertsio egileen kopuru garrantzitsu bat PPren ingurune hurbileko pertsonak eta erakundeak dira.
Horrela, Gescarterako inbertitzaile handienetakoa Espainiako Polizia Nazionala zen. 28.000 milioi pezeta erabiltzen dituen poliziaren mutualitate batek 1.500 milioi pezeta jarri zituen. Espainiako Armadak 300 milioi erabili zituen, bertako langile zibilen Gizarte Segurantzaren zerbitzuari zegozkienak. Guardia Zibilak ere arriskatu zituen bere diruak sozietate horretan. Guardia Zibilen Umezurtzen aldeko Fundazioak 400 milioi pezeta jarri zituen. Inolako zalantzarik gabe, Guardia Zibilak Gercarterarekiko erakusten zuen konfiantza horren oinarria Jose Gimenez Reyna koronela Gescarterako lehendakari Pilar Gimenez Reynaren anaia izatean datza.
PPren inguruko pertsonen eskutan dauden enpresa publiko batzuk ere arriskatu dituzte beren diruak Gescarteran. Honela, SAESek, garai batean estatuarena zen Indra enpresari eta Izar ontzigintzako talde berriari atxikitako enpresak, 591 milioi pezeta galdu ditu eskandalu honekin. Halaber, Cetarsa enpresa publikoak (Tabako zotzaren Espainiako Konpainia) 150 milioi pezeta arriskatu zituen.
Guztiz deigarri gertatzen da Espainiako Eliza Katolikoak ere diru kopuru handia inbertitu izana sozietate honetan, eta, gainera, bertako inbertsio egilerik handienetako bat izatea. Izan ere, 2.500 milioi pezetatik gora inbertitu zituen. Honela, Gescarteran inbertitu duten elizaren inguruko erakundeen artean honako hauek aurkitzen dira: Valladolideko apezpikutegia (500 milioi pezeta), Valladolideko La Salleko Anaiak (50 milioi pezeta), probintzi horretako Huelgas Realeseko Monasterioko mojak (3 milioi pezeta), Valladolideko apezpikuaren lehendakaritzapean dagoen Emilio Alvarez Fundazioa, Astorgako apezpikutegia (Leon); Sevillako Salesianoak (80 milioi pezeta).
GKE garrantzitsu batzuk ere erori dira sozietate honen iruzurraren sareetan. Esate baterako, Manos Unidas eta Fundación Banco de Alimentos. Azken honen ohorezko lehendakaria, hain zuzen, Ana Botella da, José María Aznar Espainiako Gobernuko presidentearen emaztea.
HOGEI SOZIETATE DESEGINDA 1995AZ GEROZTIK.
Espainiako Estatuko Burtsako Iruzurraren aurkako Taldeak 20 sozietate desegin ditu 1995az geroztik, denen artean 50.000 milioi pezetako iruzurra egin ondoren 12.000 pertsona ingururi. Honelako enpresei "finantza txiringito" deitu ohi zaie, eta errentagarritasun oso handiak eskainiz beraganatzen zituzten kapitalak. Desegindako sozietate horietako batek, AVA-k (Balore Aholkularia), eragin handia izan zuen Hego Euskal Herrian, Araban bereziki.
Horien aurkako prozesuak betikotu egiten dira epaitegietan, delituak penalak ala zibilak diren eztabaidan jarriz. Eta kasurik gehienetan, honelako iruzurren eraginpean erortzen direnak kalte handiekin ateratzen dira