argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Eki-Erdialdea. Nafarroako erdigune espirituala
  • baita Nafarroako patroiaren jaiotetxe eta gaztelua ere, eta Erresuma Zaharreko errege-erreginak hilobiraturik dauden Leireko monasterioaz ere gozatuko dugu, hau guztia herrialde honetako herririk interesgarrienetakoa den Zangoza inguruan.
2007ko otsailaren 21
Leire Mendizerra igotzen ari garela, haizkiz, haitzez eta zuhaitzez txikiz osatutako inguru eder honetaz gozatzen hasiko gara. Azkenik, 4,5 kilometro igo ostean Leireko San Salvador monasterioaren osotasun zabala gure begiradapean daukagu. Zalantzarik gabeko interes artistikoaz gain, bertan, ez dezagun ahaz, Nafarroako lehenbiziko Errege-erreginen gorpuzkinak gordetzen dituzte.
Errepide orokorrean berriz, ezkerrean Esa herria daukagu, eta pixka bat aurrerago herriaren izena daraman (nahiz eta ia osorik Aragoin egon) urtegi luzea. Luzeran 11 kilometro eta zabaleran kilometro bat inguru izateak oso egokia bihurtzen du bela, windsurfina, ur-eskia edota ur-motorrean ibiltzeko.
Esara itzuli eta bertan ezkerrera eginez, Zangozarantz abiatuko gara. Hara iritsi aurretik, Esatik bost kilometrora ezkerrera hartuta, Xabierko gaztelua topatuko dugu, Nafarroako patroi eta misiolarien zaindari den San Frantzisko Xabierkoaren jaiotetxe eta Xabierraldien helmuga.
Laborantza lurrak nagusi diren lautada bat zeharkatuz, 8 kilometrora Zangozako erdialdean sartuko gara. Berau Santiago Bideko atsedenleku garrantzitsu izateak eta mugan kokatua egoteak hiriaren garapenean eragina izan dute, ondare historiko-artistiko aberatsa sortuz.

Erdi Aroko gotorleku-herriak
Zangozako Turismo Bulegotik zuzen eta zezen plaza inguratuz Sos del Rey Catolicorako bidea hartuko dugu. Onsella ibaia gurutzatzean aldiz, eskumara joko dugu, Zarrakastelura.
Laborantza lurren artean doan bide estuago batetik goaz, eta hortik aurrera Casedarako seinaleak jarraituko ditugu. Hau azken bidegurutzetik 9 bat kilometrora aurkituko dugu. Pare bat gehiago eta Casedako erdigunean sartuko gara. Hurrengo herriak bezalaxe, hau ere mendixka baten maldan gora eraikia dago, ibaiaren meandro batean. Ondorioz, bere kaleak estu eta irregularrak dira.
Casedako zubi luze eta dotorea zeharkatu eta ezkerrera eginez, pare bat kilometrora urrunean Galipentzu ikusten hasiko gara. Gure helmuga herri zaharra da, beraz ez nahastu. Herri berria lehenago geratzen da. Galipentzu zaharra izateaz gain, izenak dioen moduan, herritxo lasai eta atsegina da, eta elizaldetik lautada zabalaren ikuspegi ederrak daude. XII. eta XV. mendeko San Salvador parrokiak berriz, antzinako kripta erromanikoa gordetzen du. San Pedro parrokiak ere merezi du bisitatxo bat.
Errepide bera jarraituz, Tafallarako norabidean, han urrunean Gerindako Parke Eolikoa ikusiko dugu. Izan ere, lautada honetan haizea da errege. Gure hurrengo geldialdia, pare bat kilometrora, Eslaba izan daiteke, edota bestela lauzpabost kilometrora dugun Lerga. Biak lehorreko laborantzaz (zerealak, mahastiak) eta ardo-ekoizpenaz arduratzen diren nekazal herritxo lasaiak dira. Lergan gainera, Lehen eta bigarren mendeko hilarri erromatarrak daude.

ZANGOZA
Aragoiko mugaren ondoan egoteak eta bereziki Santiago Bidean atsedenleku garrantzitsu izateak Zangoza merindadeburu izateraino (XIII. mendean) garatzea ekarri zuen. Gaur ikus dezakeguna garrantzi historiko horren ondarea da: tenplu erlijioso eta eraikin zibil ederrez josita ageri zaigun Erdi Aroko hiria.

Ikustekoak
Zangozak Iruñetik datorren bisitariari ongi etorria emateko Aragoi ibaia, zeharkatu behar duen zubi metalikoa eta atzean Santa Maria La real eliza monumentala agertzen dizkio; hiriaren edertasunaz ohartzen has dadin.
Eliza erromanikoa XII-XIV. mendeen artean eraiki zen, eta bere elementurik ikusgarrienen artean dorre oktogonala eta barruko Rocamador-eko Andra Mariren irudi gotiko eta ekisaindu prozesional handia azpimarratuko ditugu; baina batez ere, ziurrenik Erdi Aroko lanik zailenetakoa izango zen itzelezko ataldea (XII. mendea), eskulturez gainezka dagoen harrizko erretaula izugarria.
Kale Nagusiari jarraikiz, segituan Anues (XV.eko gotikoa) eta Iñigez Abarka (XVII. mendeko Berpizkundekoa) jauregiak pasatuko ditugu; kalearen bestaldean arkupedun udaletxea, eta laster, berriz ere eskuinaldean eta bata bestearen kontra, Sebastianen (XV.eko gotiko berantiarra, Enrique Labrit azken Bianako Printzearen jaiotetxea) eta Paris Iñigez Abarkatarren (XVI. mendeko Berpizkundekoa) jauregiak.
Amaieran, Foruen Plazan Asisko San Frantzisko komentu gotikoa ageri zaigu, 1266ko elizaren ostean eraikia. Barruan Klaustroa eta Erdi Aroko hilarri diskoidal bilduma interesgarria ikus ditzakegu.
Bide beretik itzultzen hasi eta segituan eskuinera joz, laster Bianako Printzearen jauregi-gaztelu luzearekin topo egingo dugu, XII. eta XIII. mendeetan Nafarroako errege-erreginen egoitza izandakoa. Gaur gorputz zentrala eta alboetako bi dorreak geratzen dira.
Bideak elizara itzuliko gaitu eta oraingoan Kale Nagusiaren eskuinalderantz zuzentzen den Alfontso Borrokalaria (geroago Enrike Labrit bihurtzen dena) kalea hartuko dugu, gainontzeko monumentuak honen inguruan antolatzen baitira.
Horrela, Ongai-Vallesantoro jauregi (Turismo Bulegoa) barrokoan elementu kolonialak eta batik bat zurez landutako hegal ikusgarria miretsiko ditugu. Bere aurrean Amadores kalea irteten da, Santiago eliza erromaniko-gotikoraino eramango gaituena, almenadun dorre eta atalde ikusgarriekin.
Borrokalariaren kalea segituz, hurrengo plazatxoan XIII. mendeko San Salvador eliza gotikoa ageri zaigu, eta hurrengo kale-ahoan Iñigez Medrano jauregia (XVI. mendea). Eskuinera joanez berriz, Karmengo Andra Mariaren komentua. Gotikoa, XIV. mendeko klaustro polita eta eliz dorreetako erlojuen museo bitxi bat gordetzen ditu.


Leireko monasterioa

Izen bereko mendizerran eta Esako urtegia ederki dominatuz, Leireko San Salvador monasterioa Nafarroako monumentu historiko-artistiko garrantzitsuenetakoa osatzen du.
Jatorriz Behe Erdi Arokoa, (lehen berria 842. urtekoa da), gorentasuna XI. eta XII. mendeetan lortu zuen Antso III. Nagusiak berreraiki, eta Erresuma Zaharreko erdigune espirituala bihurtu zenean. Nafar errege-erreginen mausoleoa ere bertan egoteak ospea handitzen lagundu zion.
Monumentu erromaniko handioso honetan (penintsulako iparraldeko lehena) bereziki azpimarratu beharreko elementuak ditugu: sarrerako hiru absideak, kripta harrigarria bere kapitel baxu eta itzelekin (denak ezberdinak), XII. mendeko "Porta Speciosa" atalde erromanikoa (aberastasun artistiko handiko eskultura-bilduma zabala tinpanoaren inguruan), eta eliza erromaniko-gotikoaren barrualdea (Leireko Andra Mariren eta San Salvadorren tailuak eta Nafarroako errege-erreginen panteoia erakusten ditu besteak beste).
Zabalik: Astelehenetik larunbatera 10:15-14:00 eta 15:30-19:00 artean; igandetan 10:15-14:00 eta 16:00-19:00 artean. Sarrera helduentzat 225 pezeta; umeentzat 50 pezeta.


Xabierko Gaztelua

Aragoirekiko muga dominatzen duen mendiska batean, Xabierko San Frantsizko (1506) nafar zaindariaren jaiotetxe-gaztelua dago, urteroko martxoko Xabierraldien helmuga.
Jatorriz XI. mendeko talaia soila, geroago dorre eta gune berriak hartu zituen, eta 1952an berriztatua izan zen. Gazteluaren barruan jada, altxor bat baino gehiago topatuko dugu: ate eta harresien osteko Ate Nagusiaren armarria, Arma-Etxaldea, Kristo Sainduaren kapera (sainduaren heriotz-egunean odol-izerdia isuri omen zuen tailuarekin), Omenaldi-Dorrea (Sainduaren Gela eta San Migel kapera), Kaperauen Gela (Erlijio eta gazteluaren historiaren inguruko gauzak erakusgai), Gazteluko Terraza, Gela Handia (sukalde-janleku-egongela), Pinakoteka erlijiosoa... Honi atxikirik basilika ere miretsi dezakegu. Zabalik: Asteartetik igande goizera 9:00-13:00 eta 16:00-19:00. Sarrera borondatezkoa da.
Informazio Praktikoa
ESA
Jatorduan:
Yamaguchi-2 Jatetxea- Xabierrerako bidean.
El Jabalí Jatetxea- Jakarako bidean, 48. km.
La Boya Jatetxea- Jakara bidea, 49. km.
Jan eta lo egiteko:
***Hostal El jabali- Jakarako bidean, 49. km.
% 948- 88 40 42. Log. bikoitza 4.900-5.500 pzta.
ZANGOZA
Turismo Bulegoa: Kale Nagusia 2. % 948- 87 14 11.
Udaletxea: % 948- 87 00 05.
Udaltzaingoa: % 948- 43 00 04.
Gurutze Gorria: % 948- 87 05 27.
Jatorduan:
Acuario Jatetxea- Santiago 9.
Bodega de Vinos Jatetxea- Santiago 21.
La Bodega Jatetxea- Kale Nagusia 57.
Jan eta lo egiteko:
**Hotel Yamaguchi- Xabierrera bidea. % 948- 87 01 27. Logela bikoitza 9.400.
**Pensión Las Navas- Alfontso Borrokalaria 7.
% 948- 87 00 77. Logela bikoitza 5.000 pzta.
Lo egiteko:
Camping Cantolagua- Cantolagua bidea (ibai ondoan). % 948- 43 03 52.
LEIRE
Jan eta lo egiteko:
**Hotel Hospederia Leyre- Leireko Monasterioa.
% 948- 88 41 00. Logela bikoitza 7.000-8.500.
XABIER
Jan eta lo egiteko:
***Hotel Xabier- Santuaren Plaza. % 948- 88 40 06. Log. bikoitza 7.900.
*Hotel El Mesón- Xabierreko Plaza. % 948- 88 40 35. Log.ela bikoitza 6.000.