LIBURUAK


2021eko uztailaren 20an
SEXO, PECADOS Y MIEDO
Batzuen artean
ONGARRI
112 orrialde
1.500 pzta/ 60 lib.


EDOZEINEK DAUZKAN GRINA ETA AJEEN IRUDIAK

Pilar Albajar eta Antonio Altarribaren argazkilaritza du erakusgai Elgoibarko Ongarri kultur elkarteak oraingoan kaleratu duen "Sexo, pecados y miedo" liburuak. Eta hain zuzen, edozein kristauk senti ditzakeen grinak eta haien ondorengo ahulezia hauek hartu ditu bere lanaren ardatz gisa, izatez aragoiarra bada ere duela hogei urtetik hona Gasteizen bizi den bikote honek. Elgoibarko Ongarri, berriz, 1956an sortu zen, Euskal Herriko kultura bultzatzeko asmoz. Besteak beste, antzerkiari, zinemari, eta baita argazkilaritzari ere eskaintzen zion bere tartea. Ahalegin horren uzta da egungo "Elgoibarko Izarra". Ongarri, bestalde, 80ko hamarkadaz geroztik Euskal Herriko egungo argazkilaritza bultzatzen ari da, hots, erakusketen bidez bai Elgoibarren bertan kanpotarrek egindako argazkilaritza eta bai hemengo argazkilariek egindako lana beste zirkuitu zabalago batzuetan azaltzen. Horrez gain, lan horiek jasotzen dituzten liburuak plazaratzeari ere ekin zion duela lau urte, orain "Sexo, pecados y miedo" bezala, aurretik Roberto Batijaren "Alusión a una sombra", eta Nicolás Lópezen "Album de viaje" liburuak kaleratuak dituelarik.

XX.MENDEKO POESIA KAIERAK: OMAR NABARRO
Antologia egilea,
Koldo Izagirre
SUSA
61 orrialde
700 pzta/ 28 lib.


KRESAL EGARRI BATEAN BIZI DEN POETAREN MEZUA

Jakina denez, Omar Nabarro, Edorta Jimenez idazleak poesian murgildu den bakoitzean erabili izan duen izengoitia da -berak idatzitako "Itsastxorien bindikapena", "Egutegi esperimentala", "Gaua zulatzen duten ahausietan" edota "Odoleko eskifaia" bezalako poema liburuak ditugu horren lekuko-. Koldo Izagirrek, "XX. mendeko poesia kaierak" bildumarako eginiko antologian, Omar Nabarroren hogeita hamar poema eskaintzen dizkigu, Bilbo hiriaren gogortasuna zein bizipoza bere poemen oinarri dauzkan olerkari mundakar honen lanaren ezaugarri gisa. Izagirrek berak dioenez, kresal egarri handi batean bizi den poeta dugu Omar Nabarro. Eta Bilbo espazio poetiko bezala hautatu arren, berarentzat hiri hau ez da paisaje hutsa, maitasunezko istripuen ibilbidea eta porrot kolektiboen kontzientzia ere bada.

IRUÑA HIRIA EUSKARAZKO KOMIKIEN LEHIAKETA
1900-2000
Batzuen artean
IRUÑEKO UDALA
60 orrialde
1.000 pezeta
40 libera


EUSKAL KOMIKIEN LEHIAKETAKO IRABAZLEAK

Egile berriei bultzada sendo bat eman nahiz antolatu ohi du Iruñeko Udalak "Iruña Hiria Euskarazko Komikien Lehiaketa". Eta hain zuzen, 1999 eta 2000. urteetan lehiaketa horretan irabazle suertatu zirenen lanak argitaratzen ditu orain, komiki itxurako liburu honetan. Hau da, aipatu bi urte horietan txapeldun izandako Jose Angel Labari Ilundainen "Naroa" eta "Gure aita" lanak; 1999an bigarren saria eta 2000.ean hirugarrena eskuratu zuen Gorka Espinosa Urraren "Telefilme" eta "Azkena"; duela bi urte hirugarren suertatu arren iazkoan bigarren postua lortu zuen Imanol Larunbe Goñiren "Ilargiaren beste aldean" eta "Barkaiztegi eroa", eta 1999. urteko lehiaketan epaimahaiaren argitaratzeko gomendioa bere egin zuen Idoia Iturri Martureten "Oroit" lana. Komiki guztiei gaztelerazko itzulpena gehitu zaie.

ARRAZISMOA NIRE ALABARI AZALDUA
Tahar Ben Jelloun
TXALAPARTA
87 orrialde
1.200 pezeta
48 libera


HAMAR URTETIK AURRERAKO IRAKURLEENTZAT

Xabier Aranburu "Artzai"k euskaratua da Tahar Ben Jellounek arrazakeria gaitzat harturik idatzitako lan hau, "Arrazismoa nire alabari azaldua". Frantziako Estatuan irakasle gisa lanean ari den jatorri magrebiarreko idazlea dugu Tahar Ben Jelloun. Txalaparta argitaletxeak kaleratutako liburu honetan, goseak behartuta, halabeharrez sorlekua utzi eta beste herrialde aberatsago batzuetara lan bila doazen etorkinek lurralde horietan jasan behar izaten dituzten portaerak eta horiek beraiengan dituzten ondorioak azaltzen ditu, bere hamar urteko alabak egindako galderei erantzunez. Arrazismoaren jokabidea nahikoa hedaturik dagoelako nonahi, hezkuntzaren garrantziaz jabeturik, haurrak eta gurasoak hezi nahian idatzi du Tahar Ben Jellounek kolore guztien eta elkarrenganako errespetuaren aldarri bizia den lan hau.

JULENE AZPEITIA 12-13. IPUIN LEHIAKETAK
Batzuen artean
ZUMAIAKO UDALA
127 orrialde


JULENE AZPEITIA LEHIAKETAKO AZKEN IRABAZLEAK

Hamairu urte badira jada Zumaiako Udalak Julene Azpeitia deitu ipuin lehiaketa antolatzen hasi zela. Eta oraingoan, udal horrek hamabigarren eta hamairugarren edizioetan irabazle suertatu zirenen ipuinak jasotzen dituen liburua kaleratu du. Hau da, 1999. urteari dagokionean, lehen saria eskuratu zuen Joseba Ossaren "Arrantzalearen mendeku, mendekuaren lasaitu" ipuina; bigarren saria bereganatu zuen Xabier Aldayren "Gezurra" eta zumaiarren saria jaso zuen Imanol Azkueren "Futbola, telebista eta auto beltzak". 2000. urtean, berriz, Pedro Alberdik eskuratu zuen lehen saria, "Gabriel Aresti Eibarren" ipuinarekin, eta Fernando Morillok bigarrena, "Orion" lanarekin. Eta zumaiarren saria beste behin Imanol Azkuek bereganatu zuen, kasu honetan "Nik gutxi-gutxi" izenburua zeukan ipuinarekin.

IPUIN-ENTZULEA
Aitor Arana
IBAIZABAL
139 orrialde
1.450 pezeta
58 libera


MUNDUKO IPUIN ONENA ENTZUN NAHI ZUEN GIZONA

Ibazabal argitaletxearen eskutik plazaratu du Aitor Aranak "Ipuin-entzulea" eleberria, non kontatzen zaigun idazle ospetsu bati gertatzen zaion ezbeharra. Gazteek bere literatura asko atsegin dutela-eta, pozik dabil gure idazle hori, halako batean miresle bitxi samar bat agertzen zaion artean. Miresle hori, adinean sartutako gizona da, eta oso aberatsa gainera. Bizitzan nahi duena egiten ohituta dago, eta oraingoan idazle bat berarentzat bakarrik sortzen aritzea nahi du. Munduko ipuinik onena entzutea nahi luke, eta Itziarrek idatzitakoak izugarri gustatzen zaizkionez, hura bahitu eta munduko ipuinik onena kontatu artean bere etxean gordeta edukitzea baino ez zaio bururatu. Idazlea laster ohartuko da gizon ero horri kontatzen dizkion ipuinetan agertuko zaiola heriotzera edo askatasunera eramango duen bidea.

MUSU LAPURRA
Xabier Etxaniz Erle/ Jokin Mitxelena
AIZKORRI
35 orrialde
695 pezeta
27 libera


GURASO BATEK ISILEAN GORDETAKO KONTUTXOAK

Hamaika kontu gorde ohi dituzte isilean gurasoek. Gehiegitxo, askotan. Izan ere, zenbait kontu ezkutuan gordetzea konprenitzekoa den arren, esate baterako beren seme-alabak ez kezkatzea baldin badute helburu, maiz haur horiek poz-pozik jarriko zituen sentimenduak ere aitortu gabe gelditzen dira, eta hori beste upel bateko sagardoa da. Xabier Etxaniz Erlek idatzi eta Jokin Mitxelenak ilustratu duen
"Musu lapurra" liburuak azken hauetaz dihardu. Bertan, aita batek banan-banan azaltzen dizkio bere alabari zenbait jende zoriontsu egiten dituen gorabeherak. Gero, beren arteko harremanari lotu, eta bera noiz sentitzen den ondo agertzen dio: haurra pozik dagoela somatzerakoan, elkarrekin kaleetan barrena gora eta behera ibiltzean... Azkenean, ordea, aita erabat zoriontsu egiten duen unea aitortzen dio.


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude