argia.eus
INPRIMATU
LIBURUAK
2021eko uztailaren 20a
KOILARAZ BETE HITZ
JOSETXO AZKONA
ALBERDANIA
71 orrialde
1.900 pzta/76 lib.


JANARIA OINARRI DUEN METAFORA HEDATU HANDIA

Janaria, edota jateko orduan gozagarri gisa erabili ohi ditugun gaiak hartu ditu Josetxo Azkonak oinarri, bere bizipoz eta minak adierazteko, Alberdania argitaletxearen eskutik plazaratu duen «Koilara bete hitz» poema liburuan. Metafora hedatu handi bat osatu du poeta nafar honek, bere buruari jarritako desafioan: bera hunkitzen, beldurtzen, liluratzen zein ernegarazten duten horiek guztiak azaltzea, jana eta jatearekin lotuta dauden usaina eta dastamena bezalako zentzumenen esparruan kokatzen diren hitzezko irudien bidez. Irabazi du erronka, berrogeita zortzi poemetan zehar garbi uzten duen

XX. MENDEKO POESIA KAIERAK:
JOXE AUSTIN ARRIETA
Antologia egilea,
Koldo Izagirre
SUSA
62 orrialde
700 pzta/ 28 lib.


JOXE AUSTIN ARRIETAREN POESIA BEREZIA

Joxe Austin Arrietak idatzitako poemen antologia eskaintzen du oraingoan Koldo Izagirrek, Susa argitaletxearen «XX. mendeko poesia kaierak» bilduman. Joxe Austin Arrietaren olerkiek, poetaren mundu propioa agertzeaz gain -nerabearen tristura, zapalduekiko atxikimendua, maite-poza, abertzaletasunaren mindurak...-, txertaturik dauzkate idazle donostiarrak euskal tradiziotik bereganatu dituen poeta zahar eta garaikideen edertasunak ere. Beraz, Koldo Izagirrek oso ondo arakatu behar izan ditu Joxe Austin Arrietak gaur arte kaleratutako poesia liburuak -alegia «Arrotzarena / Neurtitz neurgabeak», «Bertso-paper printzatuak», «Mintzoen mintzak» eta «Graffitien ganbara» poema bildumak-, hori baitzen poeta honen estiloa hobekien adierazten duten hogeita zortzi poemen aukera egiteko era bakarra.

LURRAREN TAUPADAK
JON ARRETXE
ALFAGUAR/ZUBIA
91 orrialde
1.025 pezeta/41 lib.


AMAZONIAKO TRIBU BATEN GAINBEHERA

Zubia, euskal gazte literaturari Alfaguara argitaletxe espainiarrak eskaintzen dion saila da. Eta bertan plazaratu du Jon Arretxek «Lurraren taupadak», Amazoniako mukaxi tribuaren gainbehera kontatzen duen nobela hunkigarria. Aturi deritza narrazioko protagonista nagusia. Brasilgo oihanean, ibai baten bazterrean bizi zen mukaxi tribuko kidea da, eta bere ahotik izango dugu aipatu tribu horren bizimoduaren berri: bere haurtzaroan mukaxiek zeuzkaten sinesmen eta ohiturak, zertaz elikatzen eta nola moldatzen ziren elikagai horiek lortzeko, zernolako harremanak zituzten inguruko tribuekin, gerlari bilakatzeko pasa behar izan zituenprobak, bere aitaren heriotza eta hark izango zituen ondorioak... Okerrena, ordea, beraientzat iristear zegoen: azal zuri nahiz beltzeko jende arrotza paraje haietan agertu zenean jasan beharko zituzten.

CONSUMMATUM EST
JONA MARI IRIGOIEN
TTARTTALO
272 orrialde
2.900 pzta/116lib.


JOAN MARI IRIGOIENEN NOBELA, GAZTELERAZ

Gazteleraz plazaratu du Ttarttalo argitaletxeak Joan Mari Irigoienen «Consummatum est» nobela. Berorren itzulpena, egileak berak egin du, Antonio Pérez Esclarin, Esther Sastre eta Maite Puignauren laguntzarekin. Gaiztakeriak gugan izan dezakeen eraginak kezkatzen du Joan Mari Irigoien. Haatik, ez dosi txikitan mindu gaitzakeen horrek -geure burua hobetzeko orduan akuilagarri ere izan baitaiteke-, erarik ankerrenean sofritu behar izaten den gaiztakeriak baizik. Eta hain zuzen egoera hori hartu du oinarri «Consummatum est» idazterakoan, arazoa aztertzeko garaian bi pertsonaia mota kontrajarriz: txikitan bereak eta bost jasan behar izan zituen militar espaniar handinahi eta sadikoa, alde batetik, eta haurtzaro ezin erromantikoago, oparo eta zoriontsua bizi ahal izan zuen moja alemana, bestetik.

EUSKAL LITERATURA IDATZIA
Batzuen artean
IKASTOLEN ELKARTEA
5.000 pezeta
200 libera


ENTZIKLOPEDIA GISA ERATURIKO CD-ROMA

Euskal literatura idatziari buruzko informazioa jaso eta entziklopedia gisa eraturiko CD-ROM bat plazaratu du Ikastolen Elkarteak, «gurean idatzitakoak ezagutu eta ezagutuz gozatzeko» helburuarekin. Aipatu CD-ROMak, gure literatur tradizioa ezagutu, aztertu eta gozatzeko aurkera ugari eskaintzen du, bertan baitaude jasoak, zeharbide kronologikoa eta tematikoa, batetik, eta mugimendu literarioak, autoreak eta obrak, bestetik. Eta horrez gain, garai historiko desberdinen ezaugarri kultural, politiko eta ekonomikoek literatur idazlanetan izan duten eragina. Euskal literatura idatziaren ikuspegi orokorra ematen duen lan honetan, era txukun eta erakargarrian, testuak, argazkiak, marrazkiak, kantuak eta bideo-lanak ere jaso dira. Bestalde, barruan doan CD-ROMa nola instalatu xehetasun guztiz agertzen duen liburuska.

ALDI JOANA, JOANA
Karlos del Olmo Serra
EUSKALTZAINDIA/
BBK FUNDAZIOA
131 orrialde
800 pezeta
32 libera


TORIBIO ALTZAGA SARIA IRABAZI DUEN ANTZERKIA


Euskaltzaindiak eta BBKk antolatu ohi duten «Antzerkia» Toribio Altzaga saria, 2000. urtean, Karlos del Olmo Sernak idatzitako «Aldi joana, Joana» lanak irabazi du, non, ikusleen aurrean, antzerki talde batek Joana Albretekoaren gaineko antzezlana prestatzen diharduen. XVI. mendean kokatu behar dira, Nafarroako erresuma zaharra bi zatitan bortxaz banaturik zegoen hartan, Joana Albretekoaren bizitza eta heriotza agertu behar dituztelako, eta hau frantsez eta espainol erresuma papistez inguratuta zegoen Nafarroa Behereko erreinu txiki protestante eta euskaldunaren agintaria zelako. Nola hil ote zen, benetan, Joana Albret: pozoiturik ala tisiak jota? Tartean, Leizarraga eta Bibliaren lehen euskal itzulpena; Nostradamusek Joanaren semeari iragarri zion etorkizuna, San Bartolome gauean eraildako protestanteak...

ADI SEINALEARI
Paco Capdevila
AIZKORRI
24 orrialde
395 pezeta
15 libera


HAURRAK AURKITUKO DITUEN SEINALEEN ESANAHIA


Hamaika seinale aurkituko ditu haurrak nonahi, baina zer esan nahi ote du bakoitzak? Jone, Jon eta Txintxon horien guztien berri ikasten dihardute Paco Capdevilak idatzi eta Josu Lartategik euskaratu duen ipuin moduko honetan. Kaleak nola zeharkatu behar diren kotxe batek harrapa ez zaitzan, lurrean margotuta dauden marra horiek zertarako diren, semaforoa gorrian dagonenean berdea jartzen den arte geldi egon beharra duela batek; non ezin den erre, ez txakur batekin sartu; larrialdietako irteera zein den; gizonezkoentzako eta emakumeentzako komunak nola bereizi; hondartzan noiz bainua har dezaketen lasai, noiz kontu handiz, eta bandera gorria badago ezin izango dutela bainatu... Eta hainbeste debekuren artean, irakaspen polit bat: zer jarri zure gelako atean, bateren bat hara sartzerik nahi ez baduzu.